teknologia berriak
software librea | blogak | Internet | copyleft
-
bart gose, gaur ase
Asteburu intentsoa izan da hau. Pettirekin hasi ginen barikuan, eta jendea pozik. Kalean, ilargipean eta eskailera batzuk anfiteatro moduan baliatuta.
Zapatuan basquecamp, 30 lagun baino gehiago eta 15 hitzalditik gora. Giro ona, eta asmo berri ugari. Asko ikasi genuen danok.
Domekan larrabetzu 2.0 ekimenen barruan GOSE Arrasateko taldearen kontzertua gaztetxean. Irudietan ikusiko duzuen lez, adin guztietako lagunak HORi BAi gaztetxean. Gose izugarri ondo.
Gero gehiago.
basquecamp, kronika Sustatu eta larrabetzu.org
Bideoak eta argazkiak, Iñigo Urkulurenak dira. -
#basquecamp bat bi eta hiru
Izen bat asmatu genuen arren, bolo bolo dabil sarean. Bilatzaileetan ikustea besterik ez dago. basquecamp.
Eta wiki batean proposamenak egiten hasi, eta hitzaldi mordo bat izango dira zapatuan Hori Bai gaztetxean. Jendea batuko da, jende interesgarria. Hitzaldiak emotera batzuk, hitzaldiak entzutera besteak. Elkar ezagutzen. Elkar agurtzen.
Teknologia berrien inguruan lanean gabiltzanak batuko gara. Erabiltzaile, garatzaile, software librean dabilen jentea, Interneteko proiektuetakoak… denetarik.
Duela urte bi, blogs&beers bat egin genuen gaztetxean, sasoi antzekoan. Orain barcamp bat. Beti dago zeoer esateko, ikasteko, erakusteko… eta holango aukerak be ez dira asko izaten. Sponsor barik, dirulaguntza barik, komite antolatzilerik ez, famosorik ere ez… baina bilkura zabala eta arrakastatsua suertatuko dala emoten du. Sarean euki duen eraginari begira, behinik behin.
basquecamp sareanZita eginda dago. Ekainak 7, zapatua. Arrastiko 18:00etatik aurrera, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Erdu zeu be!
-
larrabetzu 2.0 herritarrak+teknologia
Bi urte egin ditu sarean gure komunitate txiki honek. Eta 24 hilabeteotan gure herriko berri sarean hedatzen saiatu gara. Gure herrian gertatu direnak, azaltzen egin dugu ahalegina. Albisteak, kultur ekitaldiak, blogak, argazkiak, zenbait bideo, kirola, politika egunerokoak dira gure arteko elkarrizketetan.Herri txikien erronka moduan ikusten dugu informazioaren aroa, eta apurka apurka ikasten eta garatzen hasi garela somatzen da.
Gogotsu ekin genion, eta indarberrituta atarako gara larrabetzu 2.0 jardueren ostean.
Larrabetzu sarean bada zeozer, aurrerantzean mapetan kokatu gura dugu, eta teknologia berrien alorrean urrats berriak eman gura ditugu. Wifi kalea, blog berriak, bideo albisteak…. asmo berriak ere baditugu.
Urteurrenaren karietara hainbat asmo ditugu egunotarako:
- mendi ibilbidea. gure auzo, baserri eta tontorrak geolokalizatzeko.
- Urko Lasarteren argazki erakusketa gaztetxean
- Politika 2.0 mahaingurua
- Goseren kontzertua
- #basquecamp barcamp euskalduna
Eta asteburuari, eta aurretik datorrenari gogotsu ekingo diogu. Nortasunez, euskaldun moduan, ikasteko gogoz, eta batez ere aurrera begira.
Larrabetzu 2.0 gure egitasmoa da informazioaren aroan. Partehartzea sustatuz, teknologia berriak sozializatuz eta informazioa eskuragarri jarriz, eta gainera euskaraz.
-
#basquecamp hizpide ARGIAn
ARGIA aldizkariko Eli Pombok elkarrizketa bat egin dit asteon, bertsio digitalerako. Hari@ buletinarekin be, banatu dute gainera. #basquecamp ekimena azaldu eta datorren ekainaren 7an Larrabetzun egin asmo dugunari buruzko xehetasun batzuk eman, eta Interneteko panoramaz iritzia eman dut. Titularra deigarria egin du gero!
Patxi Gaztelumendi: “Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta”
Elisabeth Pombo, 2008-05-28
Larrabetzu.org ekimeneko partaideak lehen Barcamp euskalduna ari dira antolatzen, Interneten eta euskaraz lan egiten dutenen artean esperientziak elkartrukatzeko. Ekainaren 7an (eta agian 8an ere bai) izango da, printzipioz Larrabetzuko Gaztetxean. Barcamp bat hainbat jenderen arteko elkargunea da. Ekitaldi irekiak dira eta kolektiboki antolatzen dira. Horrek esan nahi du edukiak parte hartzaileek beraiek prestatzen dituztela.
Patxi Gaztelumendi antolatzaileetako bat da eta berak eman dizkigu lehen Barcamp euskaldunari buruzko xehetasun gehiago. Gaur egun Internet euskaldunak bizi duen egoerari buruz ere galdetu diogu:
Lehenengo euskarazko Barcamp elkargunea ari zarete antolatzen. Nondik sortu da ideia? Zergatik orain?
Ideia Interneten trukatzen ditugun mezuetatik sortu zen. Nazioartean gero eta garrantzia gehiago hartzen ari dira horrelako hitzaldi sorta parte hartzaileak. Gai konkretuei zein orokorrei buruz berba egiteko ekitaldi irekiak dira.
Euskal Herrian ere, gauza asko ditugu komentatzeko. Tresna askoren berri daukagu sarean, baina batzuetan komeni da aurrez aurre ikustea, elkartzea, gauzak gertuagotik ezagutzea, eztabaidatzea, eta elkarrekin lanean jarraitzeko indarrak biltzea.
Eta orain, Interneten beti da orain. Gaur bizi dugu sarea. On line eta orain, sinonimoak dira. Atzo memoria da, eta biharkoa gaur asmatzen ari gara.
Izan al zarete inoiz Barcamp batean? Nolakoak izaten dira eta zertarako egiten dira? Interneti soilik lotuak daude?
Hemendik gertu ez da oraindik horrelakorik antolatu. Baina barcamp.org gunean, noiz eta nola antolatzen ari diren ikusten ari gara. Zuzenean. Eta gaiak, oro har teknologia berrien gainekoak dira. Baina Parisen aurki bookcamp antolatuko dute, liburugintzaren erronkak aztertzeko. Mota askotako Barcamp-ak daude une honetan antolaketa fasean.
Egitarau zehatzik finkatuko da edo inprobisaziorako gunea izango da?
Basquecamp hau antolatzen hasi, sarean iragarri, eta jendeak gaiak eta hitzaldiak proposatu ditu, wiki batean. Orain guztiari orden bat ematen saiatuko gara, jendearen iritzia kontuan edukiz. Eta egunean bertan, hitzalditxo sorta hau guztia denon artean erabakiko dugu. Bukatzeko presarik gabe ibiliko garenez, laburrak izan arren, sakontzeko aukera egongo da. Jendeak ere, zaletasunaren arabera, gauza batzuetan gehiago sakondu gura izango du, beharbada .
Euskaraz eta Interneten lanean gero eta gehiago garela diozue, zer iritzi duzu euskarazko Interneteko panoramaz? Zer azpimarratuko zenuke?
Baikorrak gara bizi dugunarekin.
- Komunitate aktiboa du euskarazko sareak. Sare bat da. Sare anitza, deszentralizatua. Gauzak egin egiten dira, sortu, garatu. Baina oraindik komunitate hori sendotu beharra dago. Euskaldunak bagarela konturatu, eta euskaldun moduan Internet sarean jarduteko.
- Tresnak ere behar ditugu, eta software librearekin asko aurreratu dugun arren, horren sozializazioan ahalegin handiago egin beharko dugu.
- Edukiei dagokionez, sarean biderkatu egin dira azken bolada honetan sortutakoak. Wikipedia, blogak, udal webgune ofizialak, ohiko komunikabideen bertsio digitalak…. asko sortzen ari dira. Eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Sortzen eta hedatzen.
Zer botatzen duzue faltan? Zer egin beharko genuke oraindik egin ez dugunik?
.eus domeinua eskuratzeak adibidez, ikusgarritasuna emango lioke gurea bezalako komunitate digitalari. Hizkuntza bizia da gurea, eta Katalunian bezala, horrek egoera guztia indartuko luke. Bultzada handia litzateke honetan ari garenontzat.
Software askearen sozializazioa lortu behar dugu, eta euskararentzat tresnarik eraginkorrena dela ulertarazi behar diegu aginte apurra duten guztiei. Irakasleei, ikastetxeetako arduradunei, elkarteetako liberatuei, formazioarekin kezka dutenei, agintariei, enpresa buruei…. guztiei. Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta. Alfabetatzea 2.0
-
eeepc eguna euskal erdian
Baionan aspaldi erosi daiteke eeepc ordenadore txikia. Euskal erdikoek ordea, gaur duzue dendetara hurbildu eta ikusteko aukera, erosteko gogoa piztuko dizue horrek. Prezioa ere txikia du. Ganorazko ordenadorea da, duda barik, eta merezi du.
Taiwanetik heldu zitzaidanak txundituta nauka. Egunero erabiltzen dut. Sukaldean, autobusean, ohean, lanean, autoan… edonon. Praketako poltsikoetan sartzeko modukoa da. Motxilan ere arina da. Arroz pakete batek baino gutxiago pisatzen du.
Ubuntu linux sistema eragile propioa dauka. Erabilterreza, ikasteko aproposa. Joko, lantresna ugari dakartza (nabigatzailea, openoffice pakete osoa, jokoak, ikasteko materiala, net_irratiak entzuko player berezi bat, webcam txiki bat, skype, bideoak ikusteko programak, musikarako.. zer dakit nik).
Egia esan, postariak pakete bat nuela esan zidanetik, poz pozik gabiltza etxeko guztiak tramankulu txiki berriarekin. Guztientzako da eta aproposa. Gurean wifia ere badagoenez, han hemenka izaten gara.
Público egunkarian ere irakurri dut gaurko albistea.
-
Gasteizen txakurrak zelatan
Goizean egunkaria erosi arren, zabaldu.com dugu albisteen iragazkailurik onena. Gasteizen txakurrak zelatan harrapatu dituzte.
Kontakizunak ere, kazetaritza interesgarria, badu misteriotik. Narrazioak albistea zehatz irakurtzera gonbidatzen gaitu. Datu guztiak gogoan gordetzera. Gertaerak, gertatutakoak ileak ere tente jarriko dizkizu. Eta azkenean irrifar maltzur bat, ezta?
Baina a ze pillada egin dieten tresnarik onenekin, Kutxi kaleko gazteak, biztanleak, herritarrak eta auzokideak zelatatzen ari ziren txakurrei.
Pentsatzekoa da, dagoeneko mota guztietak txakurrak erne ibiliko direla, baina badakite jakin kantea eman ezkero, jendea ez dagoela geldi egoteko.
Herri erantzuna, hori ere bada. Azkar, isilik eta zintzo jokatzea. Ardura handiarekin, eta sekulako marroia izan arren….. lan bikaina egin dute gasteiztar auzokide hauek. Biba zuek!
Bertsio ofizialen zain geratu beharko dugu.
Albistea GARA egunkariak eman du. -
Herri mugimendua 2.0
Zer eskaintzen dio Internetek herri-mugimenduei? Nolako garrantzia eta potentziala du? Zein etekin ateratzen zaio? Nahikoa ezagupen eta erabilpen al dago?
Joxemi Zumalabe Fundazioa galdera horiei erantzuten ibili ondoren, herri-mugimenduentzat honen inguruko tailerrak antolatzea erabaki zuen. Interneten ireki den aro berriak (Web 2.0 deiturikoa) mugimenduei eskaintzen diona edo eskaini dezakeenaz kontziente, eremu horretan trebatzeko lehen urratsa emateko tailerra eskainiko dugu.
Txoko honetan, tailerraren berri duzu; egitaraua, edukia, izen ematea… Zure zalantzak zuzenean guri bidaltzeko aukerarekin batera.
Tailerra doako da. Parte hartzeko baldintza bakarra, talde bateko partaide izatea eta Interneten aukeren inguruan zertxobait ikasten hasteko gogoa izatea da.
-
lost in bilbao
Dagoeneko euskal munduan, behin baino gehiago aipatu dugu lostinbilbao.tv proiektua. Ruben, Libe, Garazi, Cristina eta Aiora horretan ari dira buru belarri, astero. Hiri bat eta kultura bideoblog batean bilduak. Bilbon ez galtzeko. Bilbok eskaintzen dituen aukerak baliatzeko, ikusteko, entzuteko.
ARGIAk ere erreportaia egin du, hiru orri oso koloretan. Bideoa ere egin dute. Eta eskaini. Eta nik ere bideoa hemen jartzea pentsatu. Erreportaia polita egin dute; nahiz eta zenbait unetan, kamarak gorputz batzuk mozten dituen. Hala ere, ARGIAk aurrerapausu itzela eman du bideogintzaren alorrean. -
kerobia
Info7 irratiko Talaiatik tartean Kerobiaren doinuak entzun ditugu. Libre banatzeko kantuak dira, beraien Materia organikoa eta gainerakoak azken diskokoak. Egia esan, aspaldi honetan oso Kerobiazalea bilakatu naiz. Lehen ere gustuko nituen, baina gutxiago entzungo nituen ziurrenik. Jarrera argia erakutsi dute, harremana euki dugu azken asteotan, eta asko gustatzen ari zaizkit.I like it. laket ditut. Gustuko ditut, laket zaizkit. Eta horrela nabarmendu dut Info7ko irrati kolaborazioan.
Entzun gura baduzue:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/05/20080513_939.mp3]
Azken laneko bideoklipa ere ederra egin du Lohitzune errealizadoreak. Ez da ohikoa horrelako lanik ikustea gure musikarien artean. Zinematik badu, argiztapena itzela, gidoia oso ona eta musikariak instrumentu barik agertzen dira. Biba zuek! Youtube garaian, bideo txar asko ikustera behartuak gaude, txispa dutelako, mezua garrantzitsua delako, edo auskalo zergatik, oraingo hau, ikusteko modukoa dela iruditzen zait.
Hilabete bakarrean 3.500 bisita baino gehiago izan ditu lanak, ez da broma! Eta lana zelan grabatu zuten ikusteko, making off berezia paratu dute beraien kanalean, minutu bateko lana.
A ze jendetza behar den, horrelako lan baten egiteko.120 ordu libre
Tira, kontua da irratia.com emankizunean ere, elkarrizketa egin genuela beraiekin, musikaz, diskoaz, bideoaz.. gauza askotaz mintzatu ginen. Aurretik Ruper Ordorika elkarrizketatu genuen -Zugarramurdin zen mugalaria- eta Kerobiarrak, Iruñeatik irratia.com entzun zuenez, Ruperrek errandakoak aipatu zituen, interakzioa.
Horrenbeste gustatuta, orain kontzertua ere antolatu dugu Kerobiarekin. Datorren ekainaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta eskenatokia partekatuko dute Donostiako Lauroba talderarekin. Guk entzuleak batu gura ditugu ostegun horretan, ikasturteaz mintzatu, gaiak proposatzeko aukera eskaini, kritikak jaso, eta proiektu berrien barri eman, ahal bada. Aste horretan bertan, gauzak ondo doazela, 120. saioa eginda izango dugu Bilbo Hiria irratian. 120 ordu musika eta eduki libreak sortzen eta entzuten.
Beraz, badakizue; gonbidatuta zaudete. #e12 -
podcastingaz bi hitz eta zenbait irudi
Ulertzeko moduan, ingelesezko berbak eta euskaraz azpititulatuta. Podcasting-a zer den, ondo ulertzeko moduan.
Interesgarri egin zitzaidan Benitoren rss laburra jaso nuenean, eta uste dut podcastingzale naizen heinean, irakurleei eskaintzea. Entzule bilakatuko badira.
Podcasting euskara errazean
Euskaraz podcast gutxi daukagu oraindik, lehenago blog gutti genuen bezala. Espero dezagun, denboraren orratzak ugertu aurretik, gure mp3 entzungailuak euskal berba doinu eta ahotsez mukuru betetzea.