teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Ogi birrinak banatzen

    Euskalduna naizen arren, enaiz langileak bota eta Azkue izeneko baten omenez montatu duten aurkezpen partyra joan. Egia esan, enau inork gonbidatu, eta enaiz gonbidatua sentitu.
    Azkue fundazioa
    Josune Ariztondo buru izan dezakeen ezein fundazio etzait erakargarria egiten, aitortzen dizuet aldez aurretik. Ondarroa herri euskalduna datorkit burura… bazterkeria bultzatzen duen agintari politikoak ez ditut laket. Edo Rekalde aretoa datorkit burura, eta autoritarismoz kargudunak kentzen dituen politikaria…
    Azkue fundaziora batu dira botere faktikoak ere. Unibertsitate pribatu eta subentzionatuetakoak, Azkuna buru duen udala, Euskaltzaindia jainkotua…. eta ez ditut sobera maite, egiaren aitortzeko.
    Eta er nahi duzue esatea? Wikipedia lagunduko dutela diotenean, ez diet sinesten. Bapez.
    Orain arte ere wikipedia hor egon da, eta zer egin du UPVk, zer Euskaltzaindiak, zer Deustuko jesuitek, zer Azkunaren aginpekoek… zer Diputazioak?
    Sarea josi gura lukete euskaraz. Ba nik ez diet sinesten.

    Zergatik ez daude Fundazioan euskalgintzako bestelako elkarteak? Akorduan daukat Topagunea adibidez -Bizkaian horrenbeste elkarte eta herri aldizkari batzen dituena-, AEK -euskaltegi sare interesgarriarekin-, Euskaldunon Egunkaria -eduki mordoa sortu ditzekena euskaraz-, EITB -euskarak munduan duen multimedia talde eraginkorrena- Hamaika telebista, Bizkaiko bertsozale elkartea, Athletic bera… nork erabakitzen du nor dagoen eta nor ez? Ba, Josune Ariztondok, argi eta garbi. Ezagutzen dugunok badakigu zelango den.
    Sarea guai da. ONdo dago propagandarako. Behar da… eta horretarako dirutza bat bideratu dute. Dirutza itzela, (dagoeneko kendu dute saretik, zenbat milaka euro dituzten marketing eta publizitaterako soilik, gardentasunaren izenean). Dirutza itxura egiteko.
    Eta egia da sareak behar dituela ekimenak. Baina sarea ezin daiteke goitik behera egin, wikipedia ez da goitik behera egiten, euskara ez da normalizatzen goitik behera….

    Gure lagunak han
    Subentzioen politikaren menpe bizi direnak joan zaizkie Azkuerengana, ondo ari direla esaten, jarraituko dutela subentzioak banatzen, jasotzen; biziko direla elkarrekin, proiektuak partekatzen… baina ez dut politika horretan sinisten. Sentitzen dut.


    Ez dut ogi birrinen politika honetan sinesten

    Sarearekin baikorra naiz, euskararen etorkizuna begi onez ikusten dut, eta itxaropena jendearengan daukat. Ez fundazio, ez instituzio, ez pelotazo, eta pilotaka. Gutxiago euskararen izenean, ogi birrinak batu eta auzoko labeak ixten dituztenekin.
    Erlea soilik paperean argitaratzen duenak ze itxaropen sortuko dit.
    Bilboko euskarazko aldizkariei subentzioak murriztu eta euskara ikasteko gai ez den alkateak zer erakutsiko dit josteaz.
    Artea zentsuratzen duenak zer horizontaltasunaz.
    Eduki librerik sortzen ez duen unibertsitateak zer aipatuko jakintzaren sozializazioaz.
    Azkue fundazioa, jeltzaleen azken inbentoa da. Hor irauteko, egiten ari direla sinestarazteko… baina ez digute ziririk sartuko. Eta jarraituko dugu lanean, sarean, diskriminazio barik, egiten, ekiten, sortzen, asmatzen, eragiten….
    Ez dira kea saltzeko garaiak.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Mundua ikusteko moduak ez dira aldatu, kontatzekoak bai ordea

    Mundua aldatzen ari da, teknologiak ere bai, aldatu egin dute.
    Paperezko egunkariek, aldizkariek krisia bizi dute, baita gurean ere. Eta egokitu beharra dago.
    Gertutik ezagutzen dugu hori, eta erredakzio bilerak, finantziazio modu berrien bilkura bilakatzen dira.
    Hala ere, ez da etsitzeko garaia, guztia berrasmatzen jardun behar dugun arren.
    Gertukoa kontatzeko, jendearengana gehiago hurbildu beharra dago. Eta hori berez, ez da txarra.
    Iazkoa da bideo hau, gure blogosferan be izan zuen harrera ona. Joxe Aranzabalek euskaratu, eta Josu Mendikutek azpitituluak jarri zizkion bideoari.
    Gogoetarako aproposa da. Eta horretan murgildu beharra daukagu, paperarekin zeozelango harremana dugun guztiok.

    Aro digitala eta paperezko agerkariak

    Eztabaida irekia da, partehartzailea. Eztabaida ona da. Kriterio ekonomikoak eta informatiboak uztartu behar dira. Euskarri digitalek bat egin behar dute erredakzioko bilerarekin. Papera ez dago soberan, etxera heltzen delako. Eta jendeak gozo irakurtzen du. Sarean ere egon beharra dago, eta azkar jokatu. Uztartu egin behar dira, eta horretan asmatu beharra dago. Behar dugu. Ez, saiatu barik.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Soitu.es itxi dute, Indymediarekin ezingo lukete

    dont hate the media
    become the media


    Soituren itxiera izan zen atzoko albiste nagusia inguruko sarean. Espainiako albiste gune garrantzitsu eta ezberdinena itxi zuten, finantziazio arazoak tarteko. Gauza jakina da BBVA banketxeak diru mordoa zuela jarria Gumersindo Lafuenteren eduki digitalen proiektu honetan.
    Nik aitortzen dut, soitu.es eta bere sareko ekimenak asko gustatu zaizkit. Jarraitzailea izan naiz, artikulu asko irakurri eta ideia asko konpartitu ditut soitun. Informazioa lantzeko beste modu hori erakargarri egiten zitzaidan.

    Baina Interneten aspaldian berriz ere -batipat 2.0 aro berri honetan- negozioen inguruan dagoen eredu ustelak ez nau erakartzen. Ondo dago jendea partehartzen ikustea, oso ondo dago web sozialagoa egin gura izatea, ondo daude tresna guzti hauek… baina eredu ekonomikoa ustela dute askok eta askok. Pelotazoaren kultura (dotcom burbuila gogoan) ez da eten. Enprendedore eta CEO gazte eta ez hain gazte flipatu gehiegi somatzen da Interneti lotutako ekimen asko eta askotan.
    Eredu horrek porrot egitea, normala da. Gehiago kapitalismoaren eta finantza globalen krisi honen erdian.

    Indymediaren eredua
    Partehartzea, argitaratze irekia, jerarkiarik eza, erredakzio horizontala ez daude hain modan. Baina ez dute zertan porrot egin behar. Indymediarena izan zen, komunikazioaren aroan ezagutu dudan aurrerapausu handiena. Urrats garrantzitsuena kazetaritza eta komunikazio molde hiritar eta partehartzailean.
    Indymedia ezin du banketxe batek zarratu. Ez inbertsiogileen porrotak, ez krisi kapitalista batek. Agian polizia eta juezak saiatu daitezke Indymedia lokalen bati presio egiten. Baina sarea bera, globala da dagoeneko. Eta Indymediak hamaika gune ezberdin ditu. Ilusioa, borondatezko lana eta mundu libreago baten aldeko determinazioak egiten du, han hemenka ehundaka aktibistek informazio librearen alde jarraitzea.
    Indymediak ere behar ditu aldaketak, berrikuntzak, itxura modernoagoa, software azkarragoak…. baina ziurrenik lortuko du hori eta gehiago ere.
    Informazio librearen bidean urratsak emango ditu, emango ditugu.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  software librea,  teknologia berriak

    Pragatik bueltan #eumozcamp09 itzel baten ostean

    Mozillaren Europako bilkuratik etorri berria naiz. Garatzaile, lokalizatzaile, garapen eta marketing arduradun, kolaboratzaile eta beste askok bat egin dugu asteburu batez Txekiar errepublikako hiriburuan. Mozilla Camp 09.
    Asko ikasi, gauza interesgarriak ezagutu, eztabaidatu eta ekimen berriak proposatu ostean, orain nork bere komunitatean jarraitu beharko du lanean.


    Nik neuk hainbat gogoeta dakartzat handik, eta apurka apurka apunteetan botako ditut, Pragan twitter bidez aletu ditudanak. Apurka apurka, han jasotako guztia barneratu eta buruan argitzen joan ostean.

    Hitzaldi interesgarriak, Kaliforniatik etorritako arduradunen proposamenak, komunitate ezberdinetako kideen iritziak… denak batu dira mozillacamp honetan.

    Hitzaldi interesgarri bat: Drumbeat
    Drumbeat Mozilla fundazioak Web irekiaren alde abiatuko duen ekimena izango da. Sozializazioa, ezagupena, web irekiaren defentsa, ekitaldiak, newsletter ezberdinak… gurean ondo ulertzeko Zaindu maite duzun hori bat izango da, hirulau berbetan eta euskarazko adibide batekin azalduta.

    Mark Surman Mozillako arduradunetako batek oso hitzaldi polita eman zuen honen inguruan. Gero tailer batean garatzen jarraitu genuena, adibidez hornitzen, burua nekatzen… ariketak egiten. Hitzaldia sarean jarri du, mozcamp honetan emandako hitzaldiaren audioarekin batera.

    Firefox nabigatzaileak 5 urte
    5 urte egingo ditu aurki Mozilla Firefox nabigatzaileak, eta euskaldunok lehenengo bertsiotik daukagu euskaraz. Hori zelan ospatu pentsatzen hasi beharko genuke, besteak beste. Baina tira, komunitatea indartzeko neurria eta ezagutzera emateko ekimenak izango dira hoiek .

    Badakizue lagunok, ideiak ongi etorriak, asmoak gauzatzeko dira eta.

  • 18/98+,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    zenbat da asko euskaraz?

    Gaur, batetik eta bestetik euskarazko hiru webgune -nire ustez garrantzitsu- ezberdinen bisita datuak jaso ditugu.
    Kazeta.info agerkari digitalak albiste bat egin du goizean horren inguruan.
    Twitter saretxoan horretaz mintzatu garenean, Sustatuko datuak erakutsi dizkigute -berez publikoak dira- mezu batean.
    Eguerdian edo Berria.info guneak Zinemaldi sasoian izan duen hazkundearen berri izan dugu.
    Eta nire kezka, ondo ari dira/gara?

    • Zenbat da asko euskaraz?
    • Gehiago behar genuke, gutxiago…
    • Euskarazko webgintzak asetzen du euskaldun erabiltzailea?
    • Kioskoa behera doan heinean doaz gorantza euskal guneak?

    Galderak bota  ditut, guztion artean berba egiteko modukoak. Nik ez dut erantzun bakarra eta magikoa. Nik ere eztabaida horretan parte hartu nahiko nuke. Zuokin batera. Horra hor galdera.

    Zenbat da asko?

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  literatura,  musika,  teknologia berriak

    Palestinan Checkpoint Rock aurkezten izan da Fermin Muguruza

    EHZ jaialdian ikusi genuen dokumentala, euskarazko azpitituludun estrenaldian. Heletara hurbilduak ziren zenbait musikari ere.
    Lehenago Donostian izan ginen, diskoa aurkeztu zutenean. Filme dokumentalaren aurkezpenerako hainbat musikari hurbildu ziren orduan ere Gipuzkoako hiriburura.

    Baina hunkigarria da askoz ere, Palestinako aurkezpenaren irudiok ikustea. ETB3k beste erreportaia interesgarri bat damaigu oraingo honetan, sareratu eta guztion eskura jarri du. Ez dakigu telebistan noiz botako zuten, botako duten, dagoeneko bota duten… baina sarean jarri eta berehala ekarri dugu blogera.


    Mahmud Darwish omenduz hasten da Muguruzaren dokumentala, eta palestinarren lantzat du egileak ere sorkuntza hau. Musika eta historia, konpromezua eta sorkuntza, herriak eta harriak uztartzen dituen ikusentzunezkoa.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Gaztesarea beti aurrera

    Gaztesarea.net aurrera esan genuen Kaskagorri eta Gaztesarea Madrilera deitu zituztenean.
    Gaztesarea beti aurrera
    Orain etxeko atean jo dute, eta indarrez sartu dira gero. Surflari bat, webmaster bat, kazetari edo ikasle… berdin du. Sospetxoso izaten jarraitzen dugu.

    • Gaztesareak ETAren aldeko dirua batzeko gunearena egiten omen, eta gu jakin barik.
    • Gaztesarea zer den ondo ezagutzen dugu informazio librearen esparruan ari garenok.
    • Jaiak antolatu, kontzertuetara joan, argazkiak argitaratu, izarapeko aholkuak irakurri, kronikak idatzi, errepresioa salatu, mendian ibili, zuzeneko informazioa jan edo euskaraz irakurri eta argitaratu gura dugunok.

    Gaztesarea informazio libre proiektu bat da. Gazteek sortu eta kudeatutako eremu libre bat. Informazioa, irudimena, koloreak, pantailak, gogoa eta ilusioa sortu eta hedatzen duen proiektu xume baina eraginkor bat.
    Gaztesarea arriskutsua da, oso. Bagenekien lehendik ere, eta horregatik zaigu interesgarri. Horregatik nahi dugu, hain zuzen aurrera egitea, etenik gabe, militarren injerentziarik gabe… gazteek zer pentsatzen, zelan pasatzen, zer egiten duten jakin eta ezagutzera emateko eskubidea dutelako, besteak beste.
    Horregatik emango zioten agian ARGIA saria ez oso aspaldi, 2006an.

    Blogosferak zer dio?
    Gure euskal blogosferak, eguzkipeko beroari aurre egin, eta gerizpea eman behar dio gaztesarea bezalako proiektu bati. Gure eskuekin, gure teklatuekin defendatu eta jagon behar dugu horrelako euskarazko argitalpen digitala.

    Andoaingo argazkia: hitza.info

    Informazio jarraipena:
    Berria
    Sustatu
    GARA
    teketen.com
    indymedia eh
    zabaldu.com
    Basetxea gaztetxea
    UKberri.net
    Zu zeu
    Elomedia.com
    Judimendiko Gazte Asanblada
    etengabe
    Ttanttakun
    Txintxarriak
    Olabeagagorria
    Kazeta.info
    Koska irrati librea

    Beste lotura asko eta asko ere ari zaizkigu heltzen, batzuk pingback moduan, erantzunetan dituzue.
    Mila esker Zentik.info, teketen, dabid.net eta enparauok!

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    sarea elkarrizketa da

    #nickdutnik gogoeta xume bat

    Merkatuak, sareak, hedabideak, etxea, sukaldeak elkarrizketak dira. Ez dago dudarik. Kafea ez dugu twitter bidez eskatzen, maitasuna agian ez da 140 karakterretan sartzen ahal, irudi guztiak ezin daitezke hitzez deskribatu eta ametsek ez bide dute lekurik bit artean.

    Baina sarea elkarrizketa bilakatzen ari da. Erantzunak, iritziak, proposamenak, ideiak, kexuak, aldarriak, penak, eskaerak, salaketak… tokia dute gure elkarrizketa digitaletan. Gure erantzun eta mezuetan.
    nick dut nik

    Mezu labur zein programa konprimituetan.
    Bart, etb3ko Nickdutnik saioa tarteka ikusten egon denetakoa naiz neu ere. Parte hartzen zelanbait esateko, twitter bidez. Eta gure mezu laburrak, pantaila handian agertu dira, lurreko telebista digitalak aukera hori eman digu. etb3ko arduradunek onetsi dute proposamena eta #nickdutnik saioan zuzeneko mezuak pantailaratu ditugu, ordaindu barik eta nahiko libre.

    Aurrekariak gurean eta munduan


    irratia.com emankizunean aspaldian baliatu ditugu twitter eta facebook, edota zuzeneko txat elkarrizketa web bidez… sortu ginen egunetik bertatik.

    Greba orokorraren karietara, antolatu genuen telebista libre eta herritarrean, mezuak klikagarri zeuden Interneteko telebistaren pantailan.

    Orduan oso esperientzia interesgarria izan zen, duda barik. Asko ikasi genuen, eta telebista interaktiboago, partehartzaileago, libreago batekin hasi ginen pentsatzen. Gauzatzea posible zen, ezberdina, irekiagoa, libreagoa.

    etb3 bide onena, digitala

    Eta orain, telebista publikoak, hemengoak, bide hori hautatu du. Interesgarria da. Oso. Eta poztu egin gara, zergaitik ez esan. Eta parte hartu eta zoriondu egin ditugu. Bide berria erakusten duelako. Partehartzaileagoa, irekiagoa, sarekoagoa. Zelan adierazi bestela?

    2009ko uztailaren 1eko gaueko esperientziaren berri damaigu Ruben Sanchez (lostin.tv / factoria cross media) ia zuzenean prestatutako bideo honetan. Idatzizko post bat ere.

    <title> hack the debate </title>  ekimen interesgarria
    Twitter bidez jakin dugu, Current ekimeneko mediaktibistek antzeko zerbait plazaratu zutela AEBko hauteskundeetan. Beraz, bide berri eta interesgarria han bezala hemen ere. Hemen eta han, munduan alegia.


    iturria: current.com

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  info 7,  musika,  teknologia berriak

    Hatortxu rock: elkartasuna, musika eta Internet

    Bat baino gehiago harrituta geratuko zen asteburuan, Lakuntzara hurbildu ostean. Gazteak izan dira bertara hurbildutako gehienak, musika jarraitzaile sutsuak… baina igande bueltan adin guztietako euskaldunek egin zuten topo Beriain mendiaren magalean, elkartasun jaialdi koloretsu honetan.
    Hatortxu jaialdia, presoen dispertsioaren gastuei diruz aurre egiteko ez ezik, elkartasun festibala ere izan da. Eredugarria, antolakuntza aldetik bezala jendearen parte hartzetik ere. Milaka lagun eskenatoki bakoitzaren parean, milaka lagun kaleetan, milaka jarraitzaile hemen eta han.


    argazkia: hatortxurock.org (aeroplano batetik ateratako argazkia)

    Elkartasuna

    • Elkartasuna hitz handiz idatzi da egunotan Sakanan. Musikariek agertu duten prestutasuna (guztiak gutxieneko gastuak kobratu besterik ez dute egin, bidaia eta …) eredugarria izan da, 60 taldetik gora. Euskal Herrikoak asko, baina kanpotik etorritakoak ere bai batzuk. Alde horretatik, flipatzekoa musikarien jarrera.
    • Elkartasuna ere, herritarrek adierazi dutena. Lakuntza eta Sakana osoa inplikatu baita jaialdi honen antoLakuntzan.
    • Elkartasuna bertara joan zirenen partetik, han utzitako txanpon eta oihu bakoitza presoen alde izan zelako. Dispertsioaren kontra, dispertsioari aurre egiteko.

    Musika

    • Talde ugari, estilo asko, kontzertu mota ezberdinak, eskenatokiak ere aukerakoak, jendetza ikusten gozatzen dantzatzen abesten. Musika eta elkartasunak bat egiten dute askotan Euskal Herrian.
    • Gogotsu eta pasioz aritu ziren zuzenean. Aurretik elkartasuna agertu eta publikoki eskainiz, eta gero bertan, kontzertuetan. Talde berriak, talde handiak, talde ezagunak, talde ezezagunagoak, famatuak…. kausa batek batu eta zuzenean adieraziz.

    Internet

    • Hatortxu Rock jaialdi honek propaganda aldetik musika kontzertuetan ohikoa dena baino euskarri gehiago landu ditu. Paperezko propaganda Euskal Herriko txoko eta bazter guztietara heldu bada ere, bestelako asmakizun eta irudimenezko eskaintza izan du. Plastikozko milaka metro pankartetan, bide bazter, zubi eta kale artean ikusi ditugunak.
    • GARA, berria, eguzki irratia eta Infozazpi ere laguntzaile izan ditu. Eta jarraipena egin ez ezik, aldez aurretik iragarkiak jarri dituzte beraien medioetan. Elkarrizketak, kantuak, argibideak edo Internet bidez sarrerak saltzen.
    • Hatortxurock.org gunea izan da hala ere, nire iritzian bederen, jaialdi honetako izarra. Bideoak, Hatortxu telebista, zuzeneko irratia, argazkiak, bideoak… Sare sozialetan, #hatortxu etiketarekin, youtubeko bideoklipa, abeslari eta musikarien mezu eta elkarrizketak…. zer ez dagoen Hatortxu Rock gune multimedia horretan.
    • Borondatezko lana, sareko auzolana, multimedia ikuspegia, ekimen ezberdinen arteko elkarlana… Internet, sarea azken finean….

    Hatortxu rock irratia

    • Irratia ere izan zuen Hatortxuk. Zuzenean Lakuntzako elkarte batetik. Gela multimedia bat. Prentsa eta Interneteko gunea kudeatzen zutenak mahai baten bueltan, eskaileretan gora bideogileak, beraien lanak kapturatzen, bideoak editatzen…. Hatortxu telebista sortzen.
    • Euskal Herri osoan entzun daitekeen Infozazpi batetik, Sakanako Eztanda irrati librea, Zarauzko Arraio irratia, Iruñerrian entzuten den Eguzki…  guztiak sarean lanean. Programak egiten, uhinak astintzen, Internetetik eskaintzen… software librea, ordenadore portatilak, ADSL konexioa konpartitzen…
    • irratia.com ere bertan egin zen, irratsaio solidario bat egiteko gogotsu. Musika eta elkartasuna uztartuz, saio digital berezi batean.
    • Han egindako saioa entzun gura baduzue, klik baino ez. Elkartasun klik bat, besterik ez:
      [audio:http://www.arraio.net/deskargak/hatortxu/irratiapuntucom.mp3]