hurrengo geltokia,  teknologia berriak

Euskal Herria 2.0 | abiapuntu bat

Euskal Herria 2.0Jardunaldiak bi egunetan burutu ditugu. Zenbait hilabete pasa dira hasierako asmoaren berri Donostiako itsasertzean izan nuenetik. Eta egia esan, ez nuke lortu duguna hasiera horretan horrela imajinatuko. Baina olatuaren gainean gaude orain.

Nora heldu nahi genuen? Zer bilatzen zuen EH 2.0 egitasmo honek? Nik uste, iragan ostegunean Donostiako Artelekun batu ginenon artean sortu zen giroak ondo islatzen duela gure orduko asmoa. Abiapuntu bat daukagu, aurrerantzean Euskal Herria eta Internet batuago ikusteko, gauzatzeko, plazaratzeko. Herrigintzan, euskagintzan, edukietan, software librearen inguruan, Interneten, komunikabideetan aritzen garen jendea batu gara bi egunez. Eta oinarri bat jarri dugu, eztabaidarako, gogoetarako, ekimenarako, auzolanerako. Eta alde horretatik pozik egoteko motiboak dauzkagu.

Euskal Herriko domeinuaren beharra azaleratu dute EH 2.0 jardunaldiek irakurtzen genuen Berrian, jardunaldiaren biharamunean. Eta bai, horra ere heldu behar ginen. Modu naturalean, eztabaida piztu da. Vicent Partal gomitatzeak, .cat adibidea gertutik ezagutzeak, gurean gaiarekiko interesa piztu du. Eta besteak beste ondorio horretara heldu gara. Antzeko kontuak adierazi zituzten Josu Landak eta Josu Amezagak. Edukiak, nortasuna, kultur ondarearen bahiketa, lizentziak, ikurrak…. izan zituzten hizpide bi hitzaldi ezin argigarriagoetan –Info 7 irratiak zintzilikatu ditu sarean – eta ostean Partalek ekitaldia biribildu zuen. Argi eta garbi.

Orain, Partalen bloga irakurtzen dugunean, oraindik flipatuta jarraitzen dugu. Tipo argia, adibideak ematen azkarra, umorea galdu barik, eta bere nortasunari uko egin barik, besteona begirunez ikusten duena. Komunikabide berrien eremuan aitzandari Europa mailan, eta euskaldunon lagun. Abiapuntu honetan bidaide izango dugu. Katalanak eredu zaizkigu Interneten, hizkuntzan, kulturan, digitalizazioaren aroan. Jarraitu egin behar ditugu, ezagutu, ulertu, begirunez beraiengandik ikasiz. Eta horretara goaz.

Ondorioak tag edo etiketetan bildu genituen, eta pantailaratu. Hemen ikusi daitezke. Gutako edonork badu zer egin nahikoa aurrerantzean: edukiak sortu, argitaratu; euskara eta gure kultura, gure nortasuna sarean erakutsi eta bultzatu; ikur berriak asmatu; software librea lokalizatu, sozializatu eta erabili. Asmo on guzti hauek gauzatzeko. Euskal Herria Interneten izan dadin. Eta Internet Euskal Herrian. Areago, gehiago. Abiapuntua.

EH 2.0 ondorioak