• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Euskal Herria

    euskal herria liburua

    Guk irakurri eta munduari
    erakusteko moduko liburua

    Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez plazaratu da Euskal Herria izeneko liburua, eta Hektor Ortega Prest! aldizkariko kazetariak ondu du, argazki ederren laguntzarekin.

    hektorEH
    Hektor Ortega historialari eta kazetaria Sua edizioak argitaletxean ari da aspaldion lanean, Euskal Herria liburuak izeneko atalean. Aldizkarigintzan orain arte, liburu tematikoak koordinatzen ditu aspaldi honetan, eta ziurrenik aspaldian jaso duen enkargurik ederrenak ikusi du argia duela gutxi: Euskal Herria liburua. Berak aipatu digunez, Elkar fundazioak “Euskal Herria jendaurrean aurkezteko liburu baten beharra sumatu zuen”. Eta Sua argitaletxean hausnarketarekin bat egin, eta ekin zioten lanari. “Eta egia esan, bazen garaia horrelako argitalpen bat kaleratzeko, Euskal Herria bere osotasunean azaltzeko: lurraldeak, herriak, natura, historia, kultura, kirola eta, jakina, gure hizkuntza, euskara”. Eta liburua gauzatzeko Elkar fundazioak eta Sua argitaletxeak indarrak batu zituzten.

    Duela zenbait urte, Sua argitaletxeak “Euskal Herria, herri bat” izeneko beste argazki liburu eder bat plazaratu zuen. Prest! aldizkariko kidea ere baden Hektor Ortegak gogorazi digunez “Liburu hori aspaldian agortu zen. Lan bikaina izan zen eta, hein handi batean, eredu izan da liburu berrirako. Esate baterako, Alex Ugaldek liburu hartarako idatzi zuen testua abiapuntu hartu dugu 2014koa idazteari ekiteko” . Urteak igaro dira ordutik, eta historia zertxobait luzatu da. Liburu modernoagoa eta edukiz hornituagoa da oraingo Euskal Herria.

    EH_26-27_INGLES

    Lainoak ezkutatzen dizkionean maite ditu maite poetak gure bazterrak, orduan, eta orduan baino ez, so egin lezakeelako bere buruaren baitan, horrela adierazi dute liburuaren argitaldariek, Mikel Laboaren Gure bazterrak kantua gogoraraziz. Eta gure bazterrak ezkutatzen duten hori bera da liburuan zehar aurkituko duguna.

    Liburu honetan gure herriari begiratuko diogu, zuzen eta garden, paisaiari, naturari, historiari eta kulturari erreparatuta. Eta hor azalduko zaigu Euskal Herria; bere horretan, guk ikusten dugun bezala. Lainoa izan zein oskarbi izan. Guk, eta beste askok. Hemengo eta hango.

    Atzerrian interesa dago
    Euskal Herriarekiko

    Lau hizkuntzatan kaleratu da liburua: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Lau liburu ezberdin dira. Lau argitalpen. “Euskal Herria zertan den azaldu nahi izan du lehenengo eta bat hemen bizi garenontzat eta horregatik euskaraz eta Euskal Herrian erabiltzen diren erdara nagusietan -gaztelaniaz eta frantsesez- argitaratu dugu”, eta ingelesez ere plazaratu dute beste edizio bat, nazioartean zabaldu edota bertora datozenei zuzenduta. Hektorrek ahopeka aitortu digunez, Durangoko azokan oso ondo saldu omen zen ingelesez plazaratutako liburua antza.

    Berton irakurri eta kanpoan erakusteko moduko liburua da beraz Euskal Herria liburua, eta kanpora begira zer egiten den galdetuta, kezka ageri du historialariak: “Oraindik lehenengo urratsetan gaudela iruditzen zait. Baina atzerrian interes handia dago Euskal Herriarekiko eta komeni da guk geuk ematea gure herriaren berri”.

    Euskal Herri fisikoa,
    historia eta kultura

    Argazki koloretsu ederrez hornitua hasieratik amaierara, diseinu zainduarekin, ikusgarritasuna irabazten du lan honek. Baina ez da diseinu eta argazki hutsa. Mamia ere badu bere baitan Euskal Herriak. Edukietan sakondu du Hektorrek berak: “Testuetan gure herria goitik behera korritu dugu, Euskal Herria bere aniztasunean agertzeko. Lehenengo gure herri fisikoa deskribatu dugu (mendiak, itsasoa, klima, naturaguneak…) eta ostean gure kultura eta historian murgildu gara: artea, euskara, kirolak, jaiak…”. Liburua begietatik sartzen da, egileak berak azpimarratzen duenez, baina testuak ere laguntzen du gure herria hobeto ezagutzen. Beti daude detaile berriak, datuak, eta guztiok daukagu zer ikasi bidaia horretan, izan bertoko, euskaldun ala kanpoko, atzerritar. Munduko herri izan nahi duen leku honen lekukotasuna ematen du, ezbairik gabe.

    Eta egilea bera ere, maiz harritu egin da ikasi dituenekin. “Gurea herri txikia izanagatik hamaika altxor eta harribitxi gordetzen ditu bere baitan” esanez abiatu du bere gogoeta Hektor Ortegak, “ondo ezagutzen dugula pentsatzen dugunean ere, ezustea hartuko dugu. Etengabe ikasten ari gara. Alde horretatik, Euskal Herria amaigabea da”. Liburu guztiek dute zerbait eskaintzeko alde horretatik. Idazten duen guztion kezka izaten da, zerbait gorde edo jaso izana irakurleak berau bukatutakoan. Ez da zaila lan honekin ordea.

    Liburua egin, idatzi, diseinatu, argitaratu ez da egun batetik bestera egiten. Ez da aldizkari bat edo egunkari bat argitaratzen den moduan sortzen. Bestelako lana eta ardura dago horrelako obra baten atzean. Baina pozik ageri da Hektor, nabari zaio hori. Alde horretatik zortekoa dela deritzo berak, “Zortekoa naiz, zalantzarik gabe, horrelako lanak egitea egokitu zaizkidalako. Niretzat Euskal Herria liburua idaztea erronka izan da, zalantza barik, baina baita egundoko gozatua ere”, eta poz bera hartuko du irakurleak ere, sekulako lanaren aurrean aurkituko delako. Gure historia, gure kultura, jaiak, paisaiak, ohiturak, hizkuntza eta zenbait txoko ezezagun topatuko dituelako bertan, Euskal Herrian.

    www.euskalherria-liburuak.eus

    Prest! aldizkarian Euskal Herria liburuko argazkiak.
    Prest! aldizkarian Euskal Herria liburuko argazkiak.

    Gure herria hobeto ezagutzeko
    aukerak zabaltzen

    Langile nekaezina da Hektor Ortega. Ezagutzen duenak aitortuko dizu. Prest! aldizkariaren proiektuan hasiera hasieratik dago. Bere izan zen lehen arduraduna Deustualeko aldizkari honetan, 1999ko udaberrian. Santutxualdeko Berton koordinatzen be hasi zen gero. Eta bi lanak batera egin izan ditu luzaroan. Eta irratietan ematen zuen gure auzoetako berri, gure berri beste auzoetan.

    Deustuko unibertsitatean Historia ikasi zuen arren, laster ekin zion prentsan idazteari. Karrera bukatu, eta Egin egunkarian hasi zen idazten. Bilboko kronikari aparta bilakatu zen. Hain zen zabala bere ezagupena, Bilbao a la deriva liburua be plazaratu zuela, Txalaparta argitaletxearekin. Bilboko trakimaneje ugariren berri eman zuen liburu horretan. Garzón epailearen aginduz Egin itxi zuen, eta lan barik geratu zen Hektor Ortega ere. Eta gogotsu hartu zuen Prest! kudeatzeko ardura. Eta berarekin lan egin dugunok, beti gogoratuko dugu batzarren animatzaile, arduratsu, zorrotz eta irizpide kritikoetan trebatua.

    Nora aldizkarirako fitxatu zuten gero. Bidaiak eta lantzen zituzten Berria egunkariarekin batera argitaratutako aldizkari berezian. Euskal Herria aldizkaria, El mundo de los Pirineos eta antzeko proiektuak kudeatu dituen Sua argitaletxearen muinean. Aldizkari batzuk desagertu egin dira, tartean Nora, baina Hektorrek jarraitu du abentura, historia, Euskal Herria, mendia, txangoak eta horrelako gidak, mapak, liburuxkak argitaratzen, koordinatzen, lantzen. Eta ezagupen hobetatik, guk geuk ere gure herria hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu horrelako lan bakoitzean. Eta gu, zelan ez, hori dena hobeto ezagutzeko prest. Mila esker.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Hemen BAQUEari #elkarrizketa esaten diogu

    kafearen epelean

    baque
    Kafe asko, eta leku askotan beharko dira benetako bakea ezagutu nahi badugu. Kafe asko, eta jende askorekin hartu eta jaso beharko dira, euskal bideren batek aurrera egitea gura badugu.
    Ezin imajinatu daitezke, munduan zehar lortu diren lagun guzti hauek erakartzeko, zenbat hitzordu, kafe, txosten, elkarrizketa eta hegaldi hartu dituzten hainbat eta hainbatek.
    Gure belaunaldiak, atzetik datozenei egingo dien ekarpen onena hauxe izango da gainera, bakegintzarena. Borroka askotatik gatoz, mila frente eta bataila, baina orain kafearen epelean… elkarrizketarako bideak ireki behar dira mila esparru eta txokotan. Bat-Bat harremanak gero eta garrantzia gehiago daukan une historiko honetan.

    Kanpotik dator berotasuna | bake prozesua

    Askatasuna eta bakea

    Gernika TXORIA
    Txoriak libre izan nahi du, herri honek ere bai. Guztion artean, apurka apurka lortuko dugulakoan. On egin deizuela kafeak, eta kalterik ez elkarrizketak.

  • #Patakon

    Bizkaitik Gipuzkoara

    Asteazkena. Abuztuak 6, MARKINA

    Goizean goiz esnatzen da hemen jendea. Erromesak egunsentiko oilarren batek esnatzen ditu antza. Arrapalada baten badoaz hurrengo etapa egitera, eta kontua da zeinek arinago egin orduan eta lehenago heltzen direla hurrengo aterpe irekira. Bide honek baditu antza oso oso merkeak diren aterpeak etapa bakoitzean. Eta horren bila abiatzen dira goizean goiz. Astrapala horrek esnatu nau ni ere. Izartu eta astoa atondu dut lehenengo. Markinako iturrian ura hartzen nagoela ezagutu dut hemengo kooperatibako nagusia be, Diba pentsu kooperatiba. Beragaz berbetan esan dit Etxebarriko euren lantegira joateko, eta nahi beste olo hartzeko Patakonentzat.

    Plazan gosaldu eta abiatu naiz Markinatik Etxebarrirantz, nahiko goiz. Dibara heltzean oraindik langileak ez dira heldu. Heldutakoan nagusiak esana zien zer behar genuen astoak eta biok. Olo baltza hartu dugu gure dana, eta erosketa batzuk ere egin ditut baserritarren kooperatiban. Eta Etxebarrirantz oinez gero. Eguzkia dakar gaurko egunak be… eta gaur Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko muga be gurutzatzekoak gara.
    pentsua
    Bidean desbideratu garen arren, Etxebarritik gora asmatuko dugu zelan baten egin erromesaldian datozenen bidearekin. Arno mendirako bide horretan, bat egingo dugu Santiagorako gezi horiekin.
    Etxebarri atzean itxi dogula denbora da… baina ibili eta ibili ari gara. Zaldiak hemen, noizean behin borda txiki bat, auzoren bat…. eta segi aurrera. Gelditu be egin barik.

    mutrikumanarria

     

     

     

    Halako baten, baserri mendiakpatakonbaten atarian ikusi dugu Elgoibar, Mutriku eta Markina bereizten dituen munarri bat. Baserriak batzen ditu hiru herriok. Mendaro somatzen da hor behean… beste aldean itsasoak behar du… eta atzean itxi dugun guzti hori da Markina.
    patakonjaten
    Guk helburua Olatzen daukagu jarrita. Eta Arno mendiaren magalotatik helduko gara bertara.

    Helduko bagara. Bertan lasai geratu, eta bazkaltzeko parada izango dugulakoan.

     

     

     

     

     

     

    Heldu gara Olatz auzora. Ederra da lekua. Mutrikuko eremuan, inguru geologiko berezia da. Taberna jatetxe polita dauka bertan. Baina heldutakoan itxita dagoela somatu eta kaguenka hasi naiz ni… gaur bazkaldu barik!
    Astoari prestatu diot goizean Etxebarrin hartutako olo baltz baldekada bat….. eta gustura ari da jaten.
    Nik lurrean etzanda, begiratzea besterik ez daukat. Afari on batekin konformatu beharko dut gaur.
    Olatzetik abiatu garenean, nahiko nekatuta geunden jadanik. Bai astoa, eta baita neu be. Elkarri somatu diogu.
    Laister topatu dugu Kalbario ondoko aterpea. Galdetu eta baietz esan digute. Badago guretzako lekua. Astoa landan eta ni aterpean. Lotarako lekua ez ezik, afaltzeko be badago hemen. Eta dutxa on baten ostean kanpoan hartu dut garagardoren bat.
    Une batez astoa etzanda ikusi dudanean, ikaratu egin naiz. Lehenengoz ikusten dut horrela lurrean botata. Hurbildu naiz… ea zelan ete dagoen gure Patakon. Eta atseden hartzen dabil. Lasaitu naiz.
    etzanda
    Inguruok Mutriku dira, eta hemendik hurbil daukagu Deba ere. Hori baina bihar izango da.
    Kataluniako neska batzuekin afaldu dut, eta gero Aiert etorri zait bisitan twitterreko mezuak ikusita. Kontu kontari ibili gara gauez… askotarako denbora barik. Gaur ohe baten egingo dut lo. Hirugarren gaua abiatu ginenetik.
    IMG_20140806_174422344

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Udan ez dago etenik

    • Ideiak sortzeak eta ideien garapenak udan ez du etenik. (i+g)
    • Komunikazioaren gerrilla freskotu egiten da hondartzan, pankarten brilloa nabarmentzen da eguzkitan… grafitiek kolore biziagoak behar dituzte egun eguzkitsu zein lainotuetan.

     

      • Harean margotzen dute gorputz biluziek, txoznetan pankartek estaltzen dituzte zuloak, irratietan saio freskoagoak egin nahi dituzten arren, berunezko gaiekin ari gara oraindik…
      • Ideia zoragarriak sortzen dira, gurean bezala munduko beste leku batzuetan: #yeswecanvies


    #yesWeCanvies

    Oporretan, lan barik, letra eta kantu artean jarraitzen dugu oraindik: bietan jarrai. Bitartean, Gazako gorputzen gainean suak darrai, lurra txikitu eta jendea erruz hiltzen ari dira. Eta munduaren beste erdiak erasoa gelditu ezinik, elkartasuna erakusten dio Palestinari, herriari, herri izan nahi eta uzten ez dioten horri. Hemen Urkullu bezalakoek txorradak esaten jarraitzen dute, txistua jotzen dute ekitaldi ofizialetan eta nazioarteko bakegileak atenditzeko astirik ez dute izaten.

    Eta guk irratian, horretaz guztiaz berba egiterik besterik ez daukagu, udako saio fresko izan nahi duen horretan. Karelean, info7 irratian.

    Hau guztia eta gehiago da uda, ez dago etenik. Ez ur etenik, ez su etenik. Atxiloketak hemen, bonbardaketak han.


    Bakegileak nazio artean bidaiatzen. Gu hondartzan etzanda. Tertulianoak oro jakile. Kazetariak galduta. Iparrorratzen garaia behar luke honek.

     
    udagiro
    Uda gerra da, beste modu batera, beste eguraldi batekin. Guztiontzat.

    breaakaway_1
    agit/prop 2.0

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Kultur eremu berriak

    berrikuntza soziala eta kultur eremuak

    Luzuriaga fabrika garbitzen ari dira antxotarrak, Astrak urtebeteko ibilibidearen balantzea aurkeztu du gernikarren aurrean, Sestaon labe garaien sasoiko bulegoetan kultur eremu librea osatu zuen Txirbeleneak, Iruñean Katakrak liburu denda baino zerbait gehiago da kale nagusian, antzerki obrak ikusten ahal ditugu asteburuetan Deustuko Erriberakok Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan, Bilboko alde zaharrean berriz Zirikak etengabeko dinamika sozio politikoa dauka, Donostiako Bidebietan eskola zahar batean zentru soziala egin gura dutela jakin berri dugu, Gasteizen Errekaleor auzoa berritzeari ekin zioten ikasleek, Iruñean Jaso ikastola zaharrean artistak batu dira, Baionan egurrezko etxeak okupatu dituzte, Donaixtin eskola kulturgune bilakatzeko lan izugarria egin zen aurretik….

    txirbelenea

    Euskal Herrian mapa berria osatzen ari da kulturgintzaren eremuan. Asanblada irekiak, parte hartze kolektiboa, berrikuntza eta kulturgintza eskutik ari dira lanean. Kultura ofizialetik landa, eremu eta gune berriak ari dira sortzen, eraikitzen, apurka apurka. Beste dinamika bat, beste prozesu batzuk, beste adibide berri eta berritzaileak orain arte izan dugun kultur panoramara.

    astra

    Merezi du gogoeta bat egiteak mugimendu berri guzti hauen inguruan.

    • zergaitik sortzen ari dira gazte mugimendua baino esparru sozial zabalagoetatik?
    • kulturari lotutako, sorkuntzarekin harremanetan diren espazioak dira… kulturgintza berrikuntza fase baten murgilduta?
    • maiz okupazioarekin lotura dute, orain arteko EHko okupazio mugimenduaren eskaerekin zerikusi handirik ez badute ere
    • Eremu lokaleko ekimenak dira, parte hartze irekia, ikuspegi alternatiboa eta antolatzeko modu berriak bere baitan ezaugarri moduan dituztenak: kooperatibak, asanbladak, bizitza, kultura, eraldaketa helburu

     
    Donaixtiko adibidea Kanaldude telebistan

    Erreka lehorra hondartza nahi dute Gasteizen

    gogoetarako ekintzarako garbiketarako antolaketarako uneak bizi ditugu. sorkuntza ez da eten, espazio berriak berreskuratzen ari da, bizi gara! biziko gara!

  • visca catalunya lliure!
    agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    visca zuek!

    #viacatalana

    #viacatalana
    Harridura eta miresmenenez gaude Kataluniara begira.
    Badira urte batzuk hango mugimenduak (hizkuntza eta kulturaren aldekoa, CAT dominioaren lorpena, mugimendu independentista eraberritua) jarraitzen ditudala. Beti izan ditugu loturak, eta azken 7 urteotan areagotu egin dira.
    Irailaren 11a data historikoa da bertan, Diada eguna. Eta iaz eztanda egindako mugimenduak, oraingoan are gorago joko du. Horren prestaketan aritu dira azken hilabeteotan, eta datorren asteazkenean izango da ikusgai, mundu osoan.

    lanketa etengabea

    Etengabeko lanketa egiten ari dira Katalunian. Independentziaren aldeko herri mugimendu zabal, sendo, anitz eta iraunkorra ari da saretzen, hedatzen, bultzatzen. Eta bat egin dute helburu horrekin milaka eta milaka pertsona eta eragilek. Modu espontaneo eta antolatuan, benetako mugimendua sortuz. Etengabea, eta etenik gabekoa. Helburua lortu artean, gelditzerik ez dagoena.
    Irudimena, partehartzea eta batez ere ikonografia eta diseinu oso landuekin. Mugimendu berritzailea eta irekia erabat. Bideotan nabari den moduan

    400 km independentzia eskatzeko

    Herrialde Katalanak zeharkatuko dituen katea eginen da datorren irailaren 11an, alderik alde. Milaka eta milaka pertsona independentista batuko dira Katalunia osoan, kalera, errepidera aterata. Ekintza ikusgarri, partehartzailea, edonorontzeko moduan…. orain arteko manifestazio guztiek txiki utzi duten Bartzelonatik haratago.

    Sarean ere sendo

    Beti izan da teknologia berrien zala katalana. Ausartak. Aurrerazaleak. Orain arte ondo profitatu dituzte hedabide, mugikor, diseinua eta teknologia oro. Orain ere trebe ari dira. Lekzio dira.
    #11s2013.cat
    Erabat txunditu nau, tresna sinple honek. Instagram argazkiak eta twitter sareko mezuak bere baitan batzen ditu 11s2013.cat guneak.

    Euskal Herrian elkartasuna baino gehiago

    Eta gurean, elkartasun keinuetatik haratago doan ekintzak izango dira, zorionez. Independentistak sareak, kalejirak dietu ditu herrialde ezberdinetan zapatu eguerdi eta iluntzerako. Hemengo hedabideak arretaz ari dira jarraitzen Kataluniako berri, eta jende uholdea hurbilduko da Kataluniara bertara hurrengo astean, herrialde ezberdinetatik antolatutako autobusetan.
    Elkartasuna baino gehiago, dudarik gabe. Lekzioak, elkarrekintza, elkartasuna, bide amankomunak…eta begirunea.
    DIADA-KARTELA-sarerako

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    korrika Euskal Herri osoan

    Andoainen hasi zen, duela hamar urteko Egunkariaren itxiera gogoratuz, atzo gurean, gaur beste nonbaiten, bihar han… eta domekan azkenik Baionan bukatzeko.
    Gaur denok horretaz mintzatu gara, pozik, alai. gogoan ditugu herriko uneak, irudiak, koloreak, giroa, gogoa eta ilusioa. Korrika hori dana delako. Eta gehiago. Korrika zazpi Euskal Herriak dira, hamaika herri, amets ugari…. emozioa.
    Txikienek, gazteagoek, guk, beraiek, denek parte hartzen dugu, dute…

    Larrabetzuko irudiak 11amaika Telebistan

     
    Teknologia berriak eta Korrika aspaldidanik eskutik

    Info 7 irratian gogoetatxo hau bota nuen, Korrika eta teknologia berrienen arteko harremanaz.

  • agit/prop,  Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Konprometitu gaitezen!

    Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
    Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
    Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
    Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
    Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
    Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
    Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
    Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA


    Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    irakurtzeko gogoa

    gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
    gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
    oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
    ikasitakoa.
    eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
    erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
    bizi garela adieraztea. bagarela.
    Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
    Euskal Herria.