• gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Kezkaz

    Maiz ematen du, blogean ez duzulako idatzi ez dela ezer gertatu.

    Lagunek mezua bidali ohi dute halangoetan… ea zer pasatzen dan. Eta lanpetuta zaudela ez dute sinesten, beste zeregin batzuetan be bazabiltzala. Beste blog edo webgune batzuk be elikatzen dituzula. Sarean zaudela, adi adi… eta ahal dela zerbaitetan. Ahalean.

    Hala ere, norberaren rss-ak martxan. Mezuak badatozela, baina ostantzeko jantziekin egindakoek ez dute norberaren oihartzunik hartzen, antza. Sareak hori dauka… eta horretan ari gara.

    Azken asteak topera doaz. Badago zeregin franko, non ibili, zertan aritu. Eta adi adi jarraitzen ditut jokaldiak.

    • Webgune berria daukagu lantokian. Kanpaina horrek buruhauste zenbait eman dizkit, ondo atera zaigu, eta halako oihartzun bat lortu du inguruan. Ez dugu amaitu oraindik. Horretan jarraitzen dugu.
    • Herrian skate eskola bat sortu dute gaztetxoek. Irudian eta blogean lagundu diet, baina gu baino blogeroago eta youtubeago ikusten ditut 12 urtekoak. Skate gainean duten trebeziarekin ari dira jauzika eta saltoka sarean be. Azalpen gutxi eta begirune handia herriko mutikoei. Laster hasiko dira eskola kontuekaz…. eta gustura ikusten ditut. Herria kartelez josi dute, eta sarea edukiz hornituko dute. Flip batzuk egiteko moduan gu be laster.
    • Dinamika polita piztu dute Euskal Herriko futbol jokalariek ere. Sarean ari gara hori mugitzen, laguntzen. Euskal Herria eta selekzio ofizialak aldarrikatzen. Hainbat lagun gabiltza, eta dinamika polita pizten ari da.
    • irratia.com be ondo egokitu da sare sozialen eremura. Gurea osatzen ari gara, laister ditugu ehun kide facebook sarean. Entzuleekin harreman aktiboagoa sortze bidean, nazioartean ditugun entzule -eta lagun berriak- geolokalizatzen ari gara. Elkarrizketak prestatzen. Saioak emititzen. Eta aste honetan Fermin Muguruza izango da gurekin. Aurrerapena.
    • Bizkaiko bertsolari txapelketak be kanporaketak bukatu ditu, semifinalak datoz  orain. Iparraldeko saioak bertara joan barik jarraitu ditut. Ametsek ametsa bete du. Eta gurean entrenatzen den laukoteak eutsiko al dio erronkari? Polito ikusi nituen aurrekoan, afalosteko saioan. Xabi, Etxahun, Fredi eta Arkaitzegaz barriro afaldu eta gai batzuk prestatuko dizkiet. Bertso trainer txorrada bat iruditu eta afari giroko gaiak hobeak direlako. Baita entzuteko be!
    • Asteburuan herri mugimendua 2.0 ikastaro tailerra izan da Gasteizko Saregunen. 20 lagun batu gara, hausnarketa batzuk egin ditugu. Blogintzan sakondu eta herri mugimenduen sarea sarean zelan isladatu asmatzeko daukagu oraindik.
    • Eta bizitza aurrera doa, sarean, kalean, etxean, lanean, juergan eta ohean….

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskara sarean, mugak eta kezkak

    Oso artikulu interesgarria idatzi berri du Mikel Iturbek bere blogean. Zirriborroan zeukan uda aurretik, baina udazkena etortzearekin argitaratu du. Eta eztabaidarako ohiko galderetatik haratago doala iruditzen zait.

    Interneten euskararen kezka dugunok, kalean euskaltzale garenok, euskaldun moduan munduan agertu gura dugunok; Mikelek idatzitakotik haratago jo beharko genuke. Irakurri, minutu pare batez pentsatu, berriro irakurri eta ostean zirriborro batean ideia nagusiak bildu. Eta erantzun. Eta pentsatzen jarraitu.

    Udazken honetan ikusi dugu bai, zertan ari garen euskaldunok sarean. Pelikulak jeisten, hiztegiak sortzen, eta programa berriak euskaratzen. Euskaldun gehiago ari da modu pasiboan, noski. Aktiboan ari direnak dira gure kezka ordea. Asko gara? Zenbat gara? lau bat hiru bost zazpi? Hamaika garela sinetsita gaude eta … ez dakit ba.

    Internet modu aktiboan begiratuta, badago euskal komunitate bat, sortzen diharduena. Softwarea euskaratu, webguneak sortu eta elikatu. Eztabaidetan parte hartu eta bere erabiltzaile lanetan euskaldun moduan ageri dena. Blogosferaren garapenak, ikustezinak zirenak ageriago jarri ditu, eta sortutako tresnek oihartzun zabalagoa dute egun. Ez dute uste inoiz horrenbeste jendek idatzi duenik euskaraz. XXI. mendeko datu esanguratsua da hori. Euskara Interneteko hizkuntza ere badelako.
    euskara hizkuntza globala

    euskara hizkuntza globala
    Halan zioztan Vicent Partalek Euskal Herria 2.0 jardunaldietara etorri zenean. Horretaz konbentzitu beharra genuela. Beraiek-katalanek- hizkuntza global bezala hartua zutela beraiena, eta horrek onurak besterik ez ziela ekarri. Eta egia esan gure hizkuntzak, hedadura zabala du. Munduko hainbat bazterretan bizirik dirau, eta Interneten inoiz baino argiago ikusten ahal da hori. Euskal Herrikoak ez ezik, munduko hamaika txokotako guneetan kausituko duzu hizkuntza zahar hau. Euskalduna non, euskara han beharbada. Eta zorionez edo zorigaitzez, munduan sakabanatuak ere badira/bagara euskaldunak.
    Facebook bezalako sare sozialak ikustea besterik ez dago, munduan zenbat euskaldun den ikusteko. Itzela da dagoen masa. Facebook bera euskaratuta (%100) egotea da seinaleetako bat, besteak beste.

    Euskarazko bideoak edo irratsaioak nonahitik ikusi daitezke, gure herriari buruzko albisteak gure mugetatik kanpo ere arreta eta interesa pizten dute. Euskal Herria bada, hemendik at ere. Ez da gutxi. Eta gure hizkuntzari izaera hori emateak, onura ekarriko digu guri ere. Horren kontzientzia hartzea izan daiteke xedeetako bat. Horretan ahalegindu beharko dugu, blogari euskaltzaleok.

    aupatu.com | zabaldu.com

    Euskarazko edukietaz dihardu besteak beste Mikelek bere post horretan. Edukien bikoiztasunaz galdera pausatzen du. Wikipedia ez den beste entziklopedia libre baterako lekurik badago? Zenbat gune behar dira informazio lokalerako? Eta adibide ezin egokiagoa pantailaratzen digu. Zabaldu.com-eko erabiltzaileok, beldurrez hartu genuen Eitb-k aupatu.com sortu behar zuenaren albistea. Beldurrak ordea, indarrak batzera eroan gintuen. Aldez aurretik euskaraz zegoen tresna bat ordezkatzera/baldintzatzera zetorrelakoan. Eitb talde sendoa izanik, nahiz eta Interneterako oso estrategia eskasa izan azken urtetoan, pentsatzen genuen zabaldu.com ezerezean utzi zezakeela aupatu-ren sorrerak.

    zabaldu.com orduan baino sendoago eta partehartzaileago ikusten dugu egun. Aupatu.com -euskarazkoa behinik behin- hutsaren hurrengoa da euskarazko Internet erabailtzaileentzat. Eta argi dago, euskarazko erabiltzaileontzat ustezko aniztasun horrek ez dakarrela aparteko onurarik.

    Ezberdina da blog plataformen afera. Hiruzpalau beharrean gehiago bagenitu, hainbat hobeto. Blogari.net sortu zen lehenbizi, blogak.com gero, mundua.com, nireblog…. eta hoiek guztiek euskarazko komunitatea (aktiboa zein pasiboa) hedatzea ekarri dute. Plataformen sortzaileek gerora ez diote kasu askorik egin sortutako produktuei, baina eduki mordoa sortzen da oraindik blog hoietatik.

    wikipedia eredu

    Euskararen mugak aztertzerakoan, wikipedia izan daiteke ereduetako bat. Dena egiteko daukan hizkuntza bat izan da gurea. Hiztunei dena eginda emanda baino, egiteko eskaini zaizkio. Eta dena ez dakit, baina hiztun ekintzaileak ditu gure hizkuntzak. Entziklopedia librea eta Interneteko izarra den Wikipedia izan  daiteke auzolan telematikoaren paradigma. Komunitate txiki batek edukiak sortzen ditu, entziklopedia eguneratzen du, programak eta scriptak prestatu, argazkiak igo, herri izendegiak arakatu… eta normalizatu barik dagoen herri zahar hau, modurik ordenatu txukun eta entziklopedikoenean aurkezten du munduaren aurrean. Zein da euskararen muga Wikipedian? Noiz amaitzen da euskal jakintza? Normalizazioak ez du etenik. Artikuluak sortu eta sortzetik, eguneratze soilerako urratsa ez dugu oraindik ezagutuko. Baina belaunaldi gazte eta prestatu hau, sekulako lana egiten ari da. Musutruk baina sekulako onespenarekin.

    Ondorioztatzen
    Gutxi batzuen lana, erabiltzaile aktiboen jarduna, gure menua -euskarazko edukiak- dastatzen dutenen bazka, euskarazko softwarea deskargatzen dutenen kezka, ikusgarritasuna bermatzen duten webgune interesgarrien ardura… euskara ondo pasatzeko, ikasteko, ahalegintzeko, sortzeko, erakusteko, garatzeko, edozertarako darabiltenen komunitate anitz horrek bermatuko du hizkuntza. Euskarak ez du mugarik, jartzen ez bazaizkio, bederen.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Gaur Firefox 3, bihar ere bai

    Albiste hau, arratsaldeko 19:00ak arte egon da zain.

    mozilla Firefox 3Orain, orain jarri da mundu osoan eskuragai Firefox 3. Euskaraz daukagun nabigatzailerik onena. Software libre garatzaileek, mundu osoko auzolan telematiko batean sortutako azken emaitza. Aspalditxo jeitsi genuen 3 (Beta bertsioa) eta hobetuz atara dute gaurkoa. Eta euskarazko webgune ofizialean egingo dugu klik, dowload bat egin asmoz. Eta dauzkagun ordenadore guztietan jarriko dugu. Lantokian, etxean, eeepc-an, lagunei gomendatu, irratitik proposatu, mezuetan gogorarazi.
    Euskara da euskaldun egiten gaituena, baita sarean be. Makina bat euskaltzale dabil oraindik ESplorer eta antzekoekin. Zenbat enpresa BAI euskarari zigiludunak erderaz nabigatzen.
    Harro esan dezaket, lan egiten dudan lekuan mozilla firefox euskaraduna erabiltzen dutela ordenadore guztiek, baita publikoari jartzen zaizkionak ere. Arrasateko udalak, hor ere eredua markatzen du. Eta pozik konta dezaket hori. Euskalduntze bidean, tresna libreak erabiltzea laostia delako. Eta pentsatzen nago, lantokietan, bulegoetan hori baliatuko balitz… zer lortu genezakeen.
    Modu berean, hedabideek eta -euskaltzaleek batipat- bere ohiko lanean baliatuko balute. ETBko telebista pantailazoetan, lotsa eta guzti ematen didate gaztelaniazko ESplorer irudiek. Euskarazko prentsan be, oraindik MAC ordenadoreetako pantailazoak -diseinu grafiko saileko ordenadoreak, badakizue- ikusi behar izaten ditugu.
    GARA.net > firefox GARAk gaur lotura jarri du Firefox 3 deskargatzeko, baina GARA.net iragartzen duten iragarkietako nabigatzailea begiratzea besterik ez dago. Hori ere irudia da. Jarrera. Apurka apurka.
    Hala ere, bagoaz… erabiltzaileen %20a baino gehiago gara Europan. Gorantzko joera du honek.. eta bihar gehiago izango garelakoan.

    Nik Firefox, eta zuk?

  • info 7,  teknologia berriak

    Diaspora eta Internet

    info7 irratiaAspaldian hasi ziren euskaldunak atzerrirako bidea hartzen, herbestera, lan bila, Euskal Herritik ihes batzuk, ekonomiak bultzatuta, bidaia luzeak egitera, bestelako mundu berrien bila. Guztiek osatzen dute euskal diaspora. Eta badira diasporako partaide berriagoak ere, aspaldiko joandakoen belaunaldi berriak, aspaldi honetan joandako ikasle eta irakasleak, lan bila XXI. mendean alde egindakoak.

    Azken hauek izango zituen buruan Joseba Gabilondok, bere diasporako tresnen gabezia nabarmendu dituenean. Eta egia esan, gauza gutxi dago maila horretan. Facebook-en euskaldunak batzen dituen saretxoak badira, Euskosare ere badago, baina 2.0 izango den tresna berri eta erakargarri bat falta dela, dudarik ez.

    Gai hau jorratu gura izan dut aste honetako Info7 irratiko tartean. Gogoetarako, aitzaki bat kanpoan direnak gogoan hartzeko. Eta jakin dugunez, ari dira zerbaitetan dagoeneko mutilmediaren bat, japoniar_euskaldunen bat, eta beste… jarraitu gura izan ezkero danbolinerokua blogean galdetu.

    Diaspora eta Internet entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/03/20080311_563.mp3]