• agit/prop

    Bidea beti Kataluniarekin

    Kursaal aretoan Ibarretxe eta Mas entzun osteko gogoeta batzu.

    Asteazkenean zita garrantzitsu bat bilakatu zen Donostiakoa. Hasieran hitzaldi xume bat izan behar zuena, ekitaldi erraldoia bilakatu zen. Ia 2000 lagun zuzenean bertan, eta beste asko eta asko streaming bidez etxetik jarraitzen. Hamaika telebista, info7 irratia, eitb.eus, naiz, berria… euskal hedabide askok eman zuten seinalea. Seinale ona da.

    Ibarretxe irakaslea

    Ibarretxe izan zen hitza hartzen lehenengoa. Mendi espedizioaren metaforarekin, hasierako kanpamenduetarako bidea ireki zuena. Saio akademikoa egin asmo zuen, baina txoko gastronomiko bateko afari baten traza hartu zuen azkenerako. Argi hitz egin zuen. Ondo azaldu zen. Euskara eta batez ere gaztelaniaz diskurtso ordenatu argia eta koherentea eman zuen. Edozein abertzalek bat egiteko modukoa. Agirre lehendakariaren “siempre con Cataluña” ideia hori errepikatu zuen behin eta berriz. Eta publikoarekin bat egin zuen.

    Mas maisua

    Pantailako aurkezpenik gabe, askoz hitzaldi jantziagoa eskaini zuen Generalitateko president izandakoak. Prozesua azaldu zuen. Gakoak. Oraingo klabeak. Eta etorkizuneko erronka. Diskurtso argia. Datu argigarriak. Umorea baliatu zuen, batez ere euskaldunoi zuzentzerako orduan. Eta datozen hilabeteetako panoramaren berri eman zigun.

    Euskal hedabideetako portadak

    berria

    deia

    garaIbarretxemas

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    Larrabetzu Eskura webapp eta Badok.info

    Informazioaren aroan bizi gara, baita herri txikietan ere.


    Larrabetzu eskura aplikazioaren azken bertsioak aurkeztu ditugu gaur. Orain arte mugikorretarako garatutakotik, pausu bat emon eta webapp be aurkeztu dugu jendaurrean. Sarean dago jada: larrabetzu.net/app< gunean.
    larrabetzuAPP
    Tresna honek berdin balio du FirefoxOS sistema eragiledun mugikorrentzat zein iOS edo Android telefonoentzat -iPhone eta beste guztiak…-.

    Aurrerantzean gure herriko berri, askoz modu eraginkorrean eskaintzeko aukera izango dugu: kultur agenda, elkarteen berri, herriko abisu eta mezuak, albisteak, blogetako informazioa….

    Badok.info


    Ekitaldi berean Badok.info euskal musikaren ataria ere aurkeztu du Jon Eskisabel kazetariak. Musika entzuteko eta bizitzeko sekulako tresna sortu du Berria egunkariak. Zorionak!
    barkatu, ama

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Kazetaritza berria, kazetaritza ona da @gara_isoto

    Iñaki Soto entzuteko parada izan dut, saretik.

    Ordu laurden inguruko elkarrizketatxoa da, xumea, baina eduki interesgarriz hornitua. Ezagutzen duenak, badaki mutil argia dela Soto. Azalpenetan bezala, lantzean behin botatzen dituen txinparta hoietan. Azkue fundazioak antolatutako mahaingurua jarraitzeko modurik ez dut izan. Lan ordutegia izateaz gain, ez dute zuzenean eskaini, edonondik entzuteko moduan. @filmatu egiten duen Alvarok behintzat, dagoneko bere iPhone mugikorrarekin egindako zenbait lan plazaratu ditu.

    Iñaki Sotok, kazetaritzaren inguruan bota dituen batzuk, interesa piztu didate. Entzun ostean, jarraitu dezakegu berbetan.

    naiz: kazetaritza berria eskura


    Barikutik aurrera naiz: ezagutuko dugu, teoria guzti hauek praktikan jartzeko gunea. Informazioa eta gauza gehiago (iritzia, agenda, informazioa eta komunitatea).
    Eta esan bakarrik ez, hedabideek eredu berriak bilatu beharko dituzte aurrerantzean. Interakziorako, ekonomikoki sustengarriak izateko, kioskoaren ordezkoak bilatzeko, belaunaldi berrietan informazioa hedatzeko, komunitatearen partehartzea ziztada ekonomikoetatik haratago eramateko, eztabaida politiko kulturalean parte aktibo izateko, bestelako eredu informatiboa eta ekonomikoak bultzatzeko. Gauza guzti hoiengatik ere, itxaropentsua naiz. Egiteko asko dagoelako.
    Bilbon da aurkezpena, ni ere han izango naiz:

     

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Jabetza industria

    Mikel Elorza | Berria

    Bolo-bolo ibili da gaia, Durangoko Azokan aurreneko aldiz liburu-e dei dezakeguna ikusgai zegoela. Eta atentzioa eman dit hainbat argitaldarik jabego intelektualaz azaldu duten kezka, eztabaidaren zurrunbiloan ene ustez astakeriak esateraino (lapurretarekin alderatuz artxibo baten deskarga…). Sortzaileen eskubideak errespetatu behar dira, horretan ados gaude guztiok, eta bilatu behar ditugu formulak horretarako; baina horrek ez du esan nahi beste batzuen negozioak errespetu maila bera behar duenik. Zeren eta batzuek negozioak egiten dituzte nekez aberasten diren sortzaileen eskubideen kontura, pentsua besteen pentzura maiz, eta negozioak negozio izaten jarrai dezan dute borroka latza. Eskubide, pirata eta antzeko hitzekin batera, esanguratsua da holakoetan azaltzen den beste bat: industria. Hori da indartu eta zaindu eta gorde behar dena, eta horri egiten dio, itxuraz, kalte, morroiloak kentzeak. Ez onartu nahian teknologiak aldaketak ekarri dituela, ekoizpen eta banaketa moldeak aldatzen ari direla, kontsumo eta partekatze ereduak ere bai, hedadura moldeak desberdinak direla eta horretara denok egokitu beharko dugula, baita industriak ere. Negozioa galtzeko bada ere. Baina ai, lagunok, eskubide horiek jabetza eskubideak dira, eta horien funtsa antzinako erromatarrek zuzenbidea finkatu zutenetik muinean ez dira askorik aldatu. Eta kostako da, gaur egungo erromatarrok ere —hau da, zibilizazio menperatzaile nagusia, bizimodua arautzen duena— jabetza eskubidea bizimodu eta zibilizazio horren zimentarri baitugu.
    Gaztelaniaz bada esamoldea, ezin zaizkiola zelaiari ateak jarri. Beti pentsatu dut esan nahi ederra duela, eta horren alde borrokatu behar dugula, baina mendiak atakez josita daudela, langa eta txarrantxez beteak. Interneten ere berdin: jarri nahi dizkiote morroilo eta kisketak, ari dira horretan, eta segitu beharko dugu horiek gainditze lanean.
    Ateak uste ez duzunean topatzen baitituzu. Ez dute gaurko BECeko finalean jarriko, gaia, hauxe: “Zu Amets, bertsozale porrokatua eta kazetaria zara, Interneten aritzen dena, eta kronika eder bategaz batera finaleko saioa zure webean eskegitzeko asmoa duzu. Baina Sustraik, elkarte antolatzaileko bozeramaileak, e-maila bidali dizu zeinak dioen, “Bergara eta Donostiako saioak oso osorik zintzilikatu dozuzala badakigu. Finalera begira, akreditazioa jasotzeko hitzarmena sinatzea eta bidaltzea eskatuko dizugu aurrez”. Hitzarmen horrek, jakin dezazuela biok, debekatu egiten du saiorik osorik eskegitzea, 6 bertsoaldi eskegitzen baino ez du uzten. Hiruna bertso nahi duzuen doinu eta neurrian”. Ez dute gaur horretaz kantatuko, ezta beharrik ere, baina proposatzen dut hurrengo saio baterako, txapelketatik at. Nire lagun bati gertatua baita, e-mail hori jaso egin du. Imajinatzen dut iritziak elkartean ere asko eta diferenteak izango direla, eta eztabaidak, baina hainbat lan eta ekimenetan eredugarria den eta lan eskerga egiten ari den Bertsozale Elkartearen aldetik asko harritu nau, egiaz diotsuet. Saioen erretransmisioa ere baimendu izan duelarik. Elkarteak noski ez du saioak eskegi izanagatik kazetariaren aurka deus egingo, baina abisua bera eta hitzarmenaren baldintzak…
    Ez diezaiola honek, hala ere, bertsoaren festa nagusiko argiari itzalik egin. Jabetza eskubideen harira kontatzekoa zen, ustez. Gaur besterik da: 14.000 lagun entzun eta ikusten, zortzi lagun oholtzan. Ez da iazko haizea.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Martxelo Otamendi elkarrizketatzen

    Saio berezia egin genuen zapatu arrastian Bilbotik. Hori jakingo duzue honezkero, entzungo zenuten agian. Irratitik ez bada, Internetetik agian, edo ziurrenik bafleetatik, Bilboko kaleetan.
    Manifestazioa hasi baino lehen baina, elkarrizketa sano interesgarria egin genion Martxelo Otamendi Egunkariako -gaur egun BERRIAn- zuzendariari. Madrilen epaiketa hasi da, manifestazio jendetsua Bilbon, eta urtarrilean atzera be Madrilerako bidea hartu behar dute auzipetuak.

    Martxelo Otamendi > irratia.com
    >

    Egunkaria auziaz ez ezik, oso gurea atera zitzaigun elkarrizketa. Bideoan grabatu eta eskainia Internet bidez, twitter bezalako kontuak hitzetik hortzera erabili zituen Otamendik. Audientzia Nazionalean twitter zer den badakite orain, eta gure mezuak zelatatzen izango ditugu aurrerantzean epaile, juez, magistratu, fiskal eta biktimak… aspertzen hasiak ote diren. Eta gu hemen, gure mezu laburrenak ozen jaurtitzen.

    Estudioan ikusten duzue Martxelo Otamendi, ondoan bi kazetari, behinola Egunkarian aritu eta bertan ezagututakoak. irratia.com bada, Egunkariari esker da. Hori ere ozen esan beharra dago eta. Han ezagutu genuen elkar Jabi Zabala eta biok.

    Egunkaria libre!
    irratia.com ere egunkarialibre.info ekimenean ari da, auzolanean. Hor ari gara gu guztiok, eta zuk / zuek ere baduzue tartea. Zabaldu mezua, lagundu, ireki, proposatu… urtarrilean jarraituko dugulako: Egunkaria libre! ozenago esaten, argiago adierazten, zabaltzen.
    Egunkaria libre! Bilboko kaleetan.

  • ikusi eta ikasi

    independentzia edo asperdura

    Ikerketa bat egin du Aztiker ikerketa taldeak Gipuzkoako diputazioaren enkarguz. Gazteen kezkak bildu dituzte txosten soziologiko batean.
    Prentsaren aurrean aurkeztu dute, eta prentsak guri.
    Titularrak:
    Berria
    Berria
    Independentziaren alde bozkatuko lukete Gipuzkoako gazteen ia erdiek
    Gipuzkoako gazteen eta politikaren arteko harremana ikertu du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.
    Euskal Herrian, «indarkeriaz harago, arazo politiko bat dago», gehienen ustetan
    Diario Vasco
    Diario Vasco
    La política aburre a los jóvenes
    Un estudio de la Diputación de Gipuzkoa pone de relieve la desconfianza y el escaso interés de las nuevas generaciones hacia los gobernantes. Sólo el 10% ve legítimo el uso de la violencia en ciertas circunstancias.

    Ondorioak:

    • Txosten bera irakurri dute?
    • Zer dute buruan bada, Gipuzkoako gazteek?
    • Zer pentsatua ematen du, titularren irakurketa hutsak.
    • Kazetaritza, pentsatuko duzue… horrela gabiltza.

    Gipuzkoa.net webgunean hainbat pdf daude hau guztiau azalten dutenak. Grafikoak, inkestaren laginak, emaitzak, irakurketa….

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Udazkenean murgilduta

    Eroriko dira hostoak, paisaia berriak parez pare.
    Ikasturteak normaltasunean murgilduta.
    Telebistak eta ikusleak futbol ligak zelan ordaindu pentsatzen.
    Ziklo politiko berria hasi nahi dute batzuek eta egurra zelan eta non banatu petsatzen besteak.
    Udako eztabaida bukatu du ETAk eta udagoienean besteek zer egingo/esango begira.
    Ikurriña batekin estali du burua alderdi jeltzaleak, eta Ibarretxe urrutitik mintzo da.
    Bidasoa igerian igarotzea errazagoa da Beratik Hendaiara bitarte dauden polizia kontrolak pasatzea baino.
    Arrasaten dena dago debekatua lana izan ezik. Eta Maritxo Kajoik milagro bat egiten ez badu, bera ere egurtuko dute.
    Mundua gero eta okerrago dagoela diotenek, sinesgarritasuna irabazten dute unetik unera.

    Gurean, salmenta ona plazan. Porruak eta tomateak gora, piperra ere erretzeko moduan dago.
    Astelehena da, eta aldaketa klimatikoari esker fraka laburrekin ibiltzen gara kalean.
    Esandakoa, udazkena badator, eta korteingelesaren iragarkirik ez dugu behar.
    Bihar jai. gora Aralar! gora san miguel!
    gora gu, eta beste asko!

  • hurrengo geltokia

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz

    Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
    Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
    Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
    Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
    Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.

    Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
    Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.

    Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.

    Loturak:
    sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia)