-
Ezin gozoago Arantza
Aspaldi ez nuen bere berri. Baina Josu Orbek bere blogeko sarrera zabaltzeko bota duenean, irakurtzen hasi eta Zornotzako Arantza etorri zait burura. Blogean murgildu, irakurtzen hasi, argazkiak ikusi… eta, bera da ta!
Urteak dira ikusten ez nuela, badakit Estatu Batuetara joana zela, ez nekiena zen horrelako saltsatan zebilenik. Janari argazkilari, erreposteria erreportari edo. Blog eta webgune izugarri politak ditu: arangoyoaga.com eta cannelle-vanille.
50 of the world’s best food blogs
Hau ezustekoa Timesonline aldizkari digitalean, munduko food blog onenen artean bigarrena izendatu dutela jakitean. Arrazoi du Josuk, ez da albiste. Nik uste interesgarria dela kontua, euskal talentua hedatu beharra dagoela. Eta jatekoak tartean direnean, estilismoa ere badugula euskaldunok. Batzuk behinik behin bai.
Musika kontzertuak gogoan
Nik Zorrontzako neska hura dut gogoan, power pop musika izugarri gustatu eta kontzertuetara beti joateko prest zegoena. Ingelesez ondo mintzatu eta taldekide guztiak ezagutzen zituenak. Egin genituen kontzertu batzuk elkarrekin, erosi nituen pastel batzuk ere bere amaren gozotegian. Eta orain twitter bidez jarraituko ditut bere gozoak. Eta Yo la tengo taldearen kantu bati play sakatuko diot. Gogoratzeko. -
Goenkaleko presoen omenaldia
Errepresioari, debekuei eta judikaturari tururu! egitea ere badago.
Amnistiaren aldeko gestorek, ziri ederra sartu diote oraingoan, Arralden presoen aldeko ekitaldia deituta.
Aski izan da kartela askatu.org webgunean zintzilikatzea, Dignidad y Justicia talde faxistak, bere debekua eskatzeko. Gero etorri da judikatura, eta prentsa espainola. Jugada konpletoa. Zer, nola eta zergatik egiten duten agerian utzi dute.
Arralde ETBko herri garrantzitsuena zela bagenekien euskaldunok. Horrenbeste denboraldi eta gero ezagutu ditugu bertako herritarrak, GARA irakurtzen duten ertzainak, txantxuiloak dituzten alkate inongo alderditakoak, gazteen problematika drogazalea, senideen arteko arazoak, harremanen korapiloak…. egia esan Goenkalek, urte hauek guztietan askorako eman du.
Azkena baina, fikiziorik onena izan da. Imajina ezin genezakeen lekura eroan dute Arralde: Audientzia Nazionalera.
Dignidad y Justicia, Garzon, ABC, La Razon…. guztiek amua jan eta lotsagarri geratu dira, zer eta kartel bat agertu delako sarean, Arraldeko presoen aldeko ekitaldira deituz.
Futbito edo mus txapelketak debekatu, kantaldiak suspendituarazi, manifestazioak jipoitu, etxeko presoen argazkiak zituzten tabernak Audientzia horretara deitu ostean…. edozer imajinatu genezakeen.Askatu.org gunean baina, balizko ekitaldiko irudiak ere jarri dituzte. Goenkaleko aktoreak atxilotuta, protestan…. denetarik.
-
blog arkeologia egiten
Ez, ez naiz Aranzadin sartu. Ez naiz gerra zibilean fusilatutako gudari eta errepublikarrak lurpean bilatzen hasi. Ez naiz aspaldiko garaitara joan, ez dut dinosaurorik topatuko nire saiakeran.
Bloga sortu nitueneko testuen xerka ibili naiz, eta archive.org gune ezin miresgarriagoak eskaini dizkit 2004ko abendutik idatzi nituenak. Geroagokoak, hemen dituzu, eskumako zutabean hilez hile eta urtero sailkatuak.
Aspaldiko irudi bat | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi2004ko abenduan hasi nintzen blogari moduan idazten, eta a ze martxa hilabete hartakoa. Josu Landa lagunak ere ederrak bota zituen lubaki honetatik.
Ez dakit asko edo gitxi den bost urteko tartea. Ez dakit, niri atoan joan zaizkit… denetarik bizi izan dut gainera bost urteotan, eta bizitako asko eta asko letra eta bit artean jaurti ditut gainera. Beste asko gorde ere egingo nituen, eta isilpean oroitu, edo ezin konta daitezkelako, edo lotsagarri arituko nintzatekelako beharbada. Bost urte, idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta entzuten. Ikusten eta ikasten. Bost urte lubaki digital honetan.
gaztelumendi.org 2006ko irailean edo… | gaztelumendi.org berriagoa © cc-by-sa: gaztelumendi
Eta garrantzitsuena dena, jarraitzeko gogotsu. Idazteko, ikasteko, sortzeko ilusioarekin. i+g departamentuan, kalean, lagunartean, mendian, kortan… edonon ikasten delako, sortzen delako, asmatzen dugulako.pottdata: apurka apurka orduko post zaharrenak be ekarriko ditut hona blog honetara; 2004ko abenduko post haietako batzuk ekarri ditudan moduan. Eskumako zutabean dagoz ikusgai.
-
5 urte hemen idazten
eta ez gara nekatzen. IDazten, irakurtzen, zuzentzen, erantzuten, aldatzen, frogatzen, ikusten, ikasten.
5 urte blogeatzen. Eta ez gara aspertzen.
Eta ilargipean, kanpoan euria ari duela, sarean ibili eta itxura berria ematen diozu zureari. Badakizu edozein unetan alda zenezakela, eta berdin dizu horrela mozorrotzeak.
Eta irakurleen esanari jaramon egingo bazenio bezala, aurpegi hori jarriko duzu.
zertan ari da hau?
gustatu zaizue?
itxura hutsa da?
zer aldatuko zenukete? -
Do the reggae
hiztegia
Sare sozialak ikasteko be balio dute. Lagunen esanei so, beti ikasten da zeozer, neuk bai behinik behin.
Badut Zarautzen lagun bat, reggaezale amorratu izateaz gain, sukaldari ona be ba omen dena, abesten aritzen da 12 Tribu taldearekin, eta Revolutionary Brothers anai iraultzaileekin ere reggae sound system sesioak egiten ditu.
Esan dizuet, laguntzat dut facebook sare sozialean, eta reggaearen inguruko albiste, kantu hunkigarri, bideoak eta bestelakoak sareratzen dizkigu. Eta egia esan, gozada bat da bere mezuei erreparatzea.
Reggae hitza kantu batean erabili zen lehen aldia noiz izan zen esan berri digu. Toots & The Maytals taldeak egin zuen, 1968an datatua dagoen kantu honetan.Bideoa bera, lekzio bat da.
Mila esker, King Konsul. -
A gripea baino A eredua kaltegarriago omen
Ikasturtea hasi da gure eskoletan. Euskal Herriak bere eskola ekimenekoek, A gripearen txertoa jarri gura izan diote eskolari. A ereduaren kontrako medizina behar delakoan gurean. CelaA gripea izango da agian, Tontxu Camposek eta aurreko euskal erdiko Hezkuntza sailburuek osatu ez zutena.
- Kontua da, oraindik zenbait eskolatan A erdu malapartatu hori hor dagoela. Ez du euskalduntzen, eta eredu euskaldunetan ordea, hizkuntza guztien jabe egiten da ikaslea.
- Polita ekimena, pena prentsarako baino ez dela izan. Hobe, txertaketa hori herriz herri, eskolaz eskola hedatuko balitz. Ekimen polita litzateke.
-
Isilik, zintzo, zuri
Isilik, zintzo, zuri. Debekuak, isunak, legeak. Maitasuna, hitza eta jarrera. Aurrez aurre. Audientzia den arren ez gaituzte entzun nahi, antza.
Elorriokoa da argazkia. Jaietan jarri ziren jendaurrean. Egin asmo zituztenak debekatu zizkieten Madrileko Audientzia Nazionaletik.
Ez ziren geldirik lotu. Irudimenez erantzun zioten behintzat debekuari.
Esan ezin direnak esan ez arren, esanda geratzen da.
Debekua eta jarrera.
Isiltasuna eta salaketa.
Zuria eta zurikeria.
Elorrio eta Audientzia Nazionala Madrilen. Ezin elkar entzun, ezin entzun, ezin esan. A zer audientzia gorra, gogorra. -
Kanpainak eta kanpainak
Sarean egiten diren kanpainei so ematen ditugu orain egunaren zenbait tarte.
Iragarkiak, kanpainak, mezuak jaso eta irensten ditugu.
Gustatu ezkero gainera, lagunei ere igortzen edo aholkatzen dizkiegu. Nolabait sinpatiko zaiguna hedatzen laguntzen dugu. Modu biralean.
Eta hartzaileak, kontsumitzaile, edo sikiera partehartzaile izan gaitezkenez, zenbakiak baino gehiago bilakatzen gara horrelakoetan.
Nork zer zelan sortu ere interesgarri da. Irudimena baliatuz, gauza politak ikusten ditugulako. New Yorken moduan, Abaltzizketan sortu daitezkelako ideia politak. Edo NewYorkeko grafitilari edo sortzaile baten irudi hori, hemen ere baliatu dezakegulako gainera… hemengo gaztaia, han ere ezagutzera eman dezakegu.
Lotsa gitxi behar da, eta dirua barik bestelako ideia izatea buruan… sarritan.
Euskararen inguruan aspaldion oso ideia estatiko, korrekto eta ez oso ausartak ikustera ohituegi gaituzte euskaltegi/aekademietako buruek, hizkuntza apolitikako arduradunek edo telebista ezberdinetako aurkEZleek. Gasteizeko irudi hauek baina, zer pentsatua eman didate… ez dute beste munduko ezer asmatu ziurrenik… baina hizkuntza zelan sentitzen, zelan bizi, zelan goza dezakegun adierazten du… bere apalean. Ausartu eta zabaldu. Mugi edo busti, edo jantzi, edo atera plazara… Etxepareren idatzi zaharrenak Gasteizko plazarat ekarriak balira bezala.. hori bai Youtubeko bideo batean. -
No time for …
Udan bihotzak jartzen omen dira sutan. Taupadek azkartzen dute sentimenduak adierazteko premia, eta gausentian, argitu aurretik esan ohi ditugu berbarik politenak.
Eztirik ez dakit, baina euli eta erle mordoa ibili da gure zeru gainetan. Ez dugu izan aski denborarik antza, maitasun kontuetarako.
Debekatuta gura dutenez, ez da biderik okerrena antza.
Zer ez dugun ikusi uda honetan. Zer esan, zelan adierazi….
Ez naiz demokrazian asko sinesten duen hoietakoa… telebistako bertsio ofizialak ikusi baino, gurago dut kanpora jo eta kalean ibiliaz ikusitakoarekin konformatu.
Uda honetan, Ares bezala, kaskogorriek bereak eta bi egin gura izan dituzte.
Egurra banatu dute, eta uste dut txistuak eta harriak ere jaso dituztela ordainetan… ta oraindik uda amaitu barik. Jairik jai, sanjuanetatik hona giroa berotu egin da, eta ez termometroengatik soilik…
Epaitegietako zerrendak loditzen ari, zitazioak izango dira negu hurbileko eguneroko… porrak berotu dizkigute gainak, eta dantzan jarraitu du ordea jendeak. Alai, kementsu.kaskogorriak kaskagorrin No time for love
-
Palestinan Checkpoint Rock aurkezten izan da Fermin Muguruza
EHZ jaialdian ikusi genuen dokumentala, euskarazko azpitituludun estrenaldian. Heletara hurbilduak ziren zenbait musikari ere.
Lehenago Donostian izan ginen, diskoa aurkeztu zutenean. Filme dokumentalaren aurkezpenerako hainbat musikari hurbildu ziren orduan ere Gipuzkoako hiriburura.Baina hunkigarria da askoz ere, Palestinako aurkezpenaren irudiok ikustea. ETB3k beste erreportaia interesgarri bat damaigu oraingo honetan, sareratu eta guztion eskura jarri du. Ez dakigu telebistan noiz botako zuten, botako duten, dagoeneko bota duten… baina sarean jarri eta berehala ekarri dugu blogera.
Mahmud Darwish omenduz hasten da Muguruzaren dokumentala, eta palestinarren lantzat du egileak ere sorkuntza hau. Musika eta historia, konpromezua eta sorkuntza, herriak eta harriak uztartzen dituen ikusentzunezkoa.