-
kazetari independentista
Kazetaritza, informazioa eta komunikazioari lotuta bizi naiz, bizi dut.
Irratian, telebistan, prentsan eta Interneten aritu naiz luzez. Ari naiz.
Independentista naizela esango nuke, txiki txikitatik. Banaiz oraindik.
Nazioarteko berriak jarritzen ditut, munduari so nago, leihoak irekita.Eta Internetek aukera ederra ematen digu, kazetari izan, informatzeko, independentista jarraitu eta munduari begirik ez kentzeko. Ametsok bizi naute, izarrik ere.
Mundua begiratzeko modu bat da idaztea eta komunikatzea. Modu aktiboan esan nahi dut. Kontatuz bizi duguna, ikusten duguna idatziz, azalduz sentitzen dena. Irrati uhinetatik, pantailetatik edo aurrez aurre.
Informazio kanal independienteak maite ditut horregatik. We the media liburua irakurri nuenean (2005 urtean edo…. ) argi ikusi nuen grassroot journalism mota honek ainguratuko ninduela komunikazio mundura luzaz… eta horretan jarraitzen dugu, batean eta bestean.Orain albistea zer, non… horretaz ari gara sarean, paperean, irratietan, telebistetan. Bizi dugu. Zenbat eta hurbilagotik, zenbat eta aktiboago orduan eta hobeto. Eta horretan jarraitzen dugu. Eta bizitza eder honek, aukera asko ematen digu horrelako okasioetarako… beti nahi dugu scoop bat edo elkarrizketa bikain bat egin, baina gero konturatzen gara jendea maite dugula, edozein txoko, gertaera bitxiak…. eta albistea elkarrizketa xume batetik sortzen dela, notizia bilakatzen dela edozein lerdokeri, batzuen esanek besteen ekintzek baino gehiago balio dezakete agian…. baina informazioaren munduan jarraitzen dugu, oharkabean.
Montenegrotik Kataluniara
Gauza on asko gogoratzen ditut kazetaritza esperientzietatik. Baina egunotan duela 7 urte Montenegron bizitakoa dut akorduan. Autodeterminazio erreferenduma bizi izan genuen, zuzenean, han bertan. Iñaki Sotok gonbidatuta -gaur GARAko zuzendari dena- erreferenduma jarraitzera joan ginen lau lagun Euskal Herritik. Argazkiak, iritzi artikuluak, kronikak eta harremanak egitera. Hegazkina hartu eta alokatutako autoa biziz, ezagun berrien etxeak eta bertako bizipenak izan ziren gure egunerokoa aste erdi labur batez. Eta independentzia prozesu baten eztanda bizi izan genuen. Eta zuzenean kontatu hemengo medioetan.
Orain begiratuta, poz itzela nabari da gugan letra haiek irakurtzean. GARAko artxiboan daude egun haietako kronikak eta bizipenak.
- 1992tik gaurko egunaren zain (Patxi Gaztelumendi, 2006ko maiatzaren 22an)
- Agur Solana! Iñaki Sotoren kronika laburra
Blogek ere eztanda egin zuten 2000. hamarkada horren hasiera/erdialdean, eta sortu genuen bat beren beregi horretarako: Montenegro.mundua.com
Informazioa emateko modu berriak, berrienak ziren. Mugikorrak, portatilak, wifi sareak profitatuz idatzi genituen gure kronikak, eta erreferendumaren gauean ere, Podgoricako Karver kulturgunetik, emaitzak zuzenean jarraitu eta Euskal Herriari eskaini genion zuzeneko informazioa, edozein prentsa agentziak baino lehenago gainera. Iñaki Sotoren gogoeta propioekin, hango lagunen testigantzekin, eta guk geuk egindako argazkiekin.
Oso oroitzapen onak, duda barik. Gordetzekoak.
#viacatalana zuzenean
Azken urteotan bizi bizi dago Kataluniako bidea ere. Iazko Diadak urrats handia suposatu zuen, aurretik herriz herri burututako erreferendumek herri mugimendu nazionala antolatzea ekarri zuten, eta emaitzak denon bistan daude. Aurtengo irailaren 11 ere historikoa izango da, ari da izaten. Eta horregatik, informatzeko eta bizitzeko asmoak uztartuta, asteazkenean Bartzelonan eta Katalunian izango naiz, zuzeneko testigantzak jaso eta Euskal Herrira igortzen. Saretik, uhinetatik zein bestelako euskarriak baliatuz.
#viacatalanaUste dut informazioa, bizipenak, gogoetak eta bestelakoak uztartzen narratiba eta kontaera berri bat eskaini behar dugula. Eskura ditugun tresnak baliatuta, denbora errealean kontatzen dugunak garrantzia berezia daukala, eta gero guzti hori beste euskarri eta baliabideekin uztartuz kontatu behar dugu, denon artean, ahots askotara. Eta horretan, gutako bakoitzak egiten duen ahaleginak indar asko dauka.
-
visca zuek!
#viacatalana
Harridura eta miresmenenez gaude Kataluniara begira.
Badira urte batzuk hango mugimenduak (hizkuntza eta kulturaren aldekoa, CAT dominioaren lorpena, mugimendu independentista eraberritua) jarraitzen ditudala. Beti izan ditugu loturak, eta azken 7 urteotan areagotu egin dira.
Irailaren 11a data historikoa da bertan, Diada eguna. Eta iaz eztanda egindako mugimenduak, oraingoan are gorago joko du. Horren prestaketan aritu dira azken hilabeteotan, eta datorren asteazkenean izango da ikusgai, mundu osoan.lanketa etengabea
Etengabeko lanketa egiten ari dira Katalunian. Independentziaren aldeko herri mugimendu zabal, sendo, anitz eta iraunkorra ari da saretzen, hedatzen, bultzatzen. Eta bat egin dute helburu horrekin milaka eta milaka pertsona eta eragilek. Modu espontaneo eta antolatuan, benetako mugimendua sortuz. Etengabea, eta etenik gabekoa. Helburua lortu artean, gelditzerik ez dagoena.
Irudimena, partehartzea eta batez ere ikonografia eta diseinu oso landuekin. Mugimendu berritzailea eta irekia erabat. Bideotan nabari den moduan
400 km independentzia eskatzeko
Herrialde Katalanak zeharkatuko dituen katea eginen da datorren irailaren 11an, alderik alde. Milaka eta milaka pertsona independentista batuko dira Katalunia osoan, kalera, errepidera aterata. Ekintza ikusgarri, partehartzailea, edonorontzeko moduan…. orain arteko manifestazio guztiek txiki utzi duten Bartzelonatik haratago.
Sarean ere sendo
Beti izan da teknologia berrien zala katalana. Ausartak. Aurrerazaleak. Orain arte ondo profitatu dituzte hedabide, mugikor, diseinua eta teknologia oro. Orain ere trebe ari dira. Lekzio dira.
Erabat txunditu nau, tresna sinple honek. Instagram argazkiak eta twitter sareko mezuak bere baitan batzen ditu 11s2013.cat guneak.Euskal Herrian elkartasuna baino gehiago
Eta gurean, elkartasun keinuetatik haratago doan ekintzak izango dira, zorionez. Independentistak sareak, kalejirak dietu ditu herrialde ezberdinetan zapatu eguerdi eta iluntzerako. Hemengo hedabideak arretaz ari dira jarraitzen Kataluniako berri, eta jende uholdea hurbilduko da Kataluniara bertara hurrengo astean, herrialde ezberdinetatik antolatutako autobusetan.
Elkartasuna baino gehiago, dudarik gabe. Lekzioak, elkarrekintza, elkartasuna, bide amankomunak…eta begirunea.
-
Hurrengo geltokia
Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…Norabide aldaketa
Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.Eta orain zer?
Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..
Horretarako zer?
- Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
- Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)
Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.
-
Nelson Mandela handi egiten duten zazpi esaldi
Nelson Mandela euskarazko wikipedian.
- Denak ezinezkoa ematen du, egiten den arte
- Lorpenik handiena ez da inoiz ez erortzea, baizik eta beti berriro zutik jartzea
- Â Hezkuntza (formazioa) da mundua aldatzeko dagoen armarik indartsuena
- Â Ondo hezitako (formatutako) pertsona bat ezin da zapaldua izan, bere kabuz pentsatzeko gauza delako
- Â Etsaiarekin bakeak egiteko, berarekin lan egin beharra dago
- Â Demokraziak gutxiengoen eskubide politikoak babestea eskatzen du
- Â Hegoafrika eta nire herriarekin nuen beharrarekin bete dut. Badakit jakin etorkizunean nire errugabetasuna aldarrikatuko dela, eta eraberean, auzitegi honen aurrean egon behar luketen kriminalak gobernuko kideak direla baieztatzen dut.
Nelson Mandelaren Invictus filmea ikusi nuenean, pentsatu nuen euskaldunoi komeni zitzaigula Hegoafrikaren inguruko xehetasun gehiago izatea. Irlandarrek ere, arretaz jarraitu zituzten apartheidaren aurkako borrokaren eta batez ere konponbidearen inguruko afrikarren lekzioak. Irlandatik jaso dugu guk Hegoafrikako historia. Eta gerora etorri diren bestelako irakaspen asko ere, konponbidearen bidean ikasten ari garenak.
Esaldiok La informacion gunetik hartu ditut, twitter bidez irakurri ostean, euskaratu eta Juanjo Olasagarreren Mandelaren Afrika bidaia kronika irakurtzeari ekin diot berriz ere, gomendagarri delakoan.
Mandelaren Afrika
Juanjo Olasagarre
Susa literatura -
Euskal Herria 2.0 topaketatik puntuEUS dominiora
2006ko irailean burutu genituen Euskal Herria 2.0 topaketak Donostiako Artelekun. 2013ko udaberriaren azken egunotan ospatuko dugu puntuEUS dominioa eskuratu dugula Bilbon. Tartean… bide luzea egin du dominioaren aldeko lan isil eta malguak, irekiak eta zabalak, temati eta sutsuak.
Euskal Herria nazioartean |
euskararen herria munduanLokalizazio eta Internalizazio estrategiak genituen aztergai Artelekun batu ginenean. Eta urratsak ematen jarraitu dugu bitartean. Software librearen eremuan eman ditugu urratsik handienak, baina komunitatea osatzean ere aurrera egin dugula esan dezakegu. Gero eta gehiago gara euskarazko tresnak, hedabideak, guneak eta mezuak darabiltzagun erabiltzaileak. Eta gero eta ozenago da gure oihartzuna; gurean bezala, gure mugetatik kanpo ere.
Funtsezkoak izan dira horretarako, Kataluniatik eskainitako aholku, laguntza eta sustengua. 2006an Vicent Partal gurera gonbidatu izana, eta ostean irekitako bide emankorrak, urratsez urrats, ibilbidea erreztu eta bideragarri egin du. Ondo gogoan ditugu oraindik Vicent Partalen hitzaldia eta gogoetak.
Eta orain, puntuEUS dominioa eskuratuta, berau martxan jartzeko dinamikan murgilduko da euskararen herria. Lorpen handia, tresna izugarri garrantzitusa eta abadagune aproposa nazioartean gure hizkuntza, kultura eta herria erakustera emateko, gure ekonomia, gure jarduna, gure adierazpenak oro.
Zorionak mundu guztiari. Aurrea doan herria da gurea, euskararen herria.2006ko kronikak garaiko guneetan
- gaztelumendi.org  EH 2.0 abiapuntu bat
- sustatu.com Euskal Herria 2.0 II jardunaldiaÂ
- Mikel Iturria Pedradas Jornadas EH 2.0 en Arteleku
- Vicent Partal: Euskaldunek ez duzue zuen burua asko estimatzen
- Vicent Partal GARA egunkarian elkarrizketatua
- Josu Landa idazlearen hitzaldia youtube bideo batean
EuskalHerria.bipuntuzero.org gunea, argazkiak, egitaraua eta kronikak
-
Elikadura burujabetza eta tokiko garapena Euskal Herrian
Eraldalab ekimenaren antolatzaileek aurten be hitzalditxo bat prestatzeko eskatu zidatenean, Esnetik kooperatiba eta Larrabetzuko eskolako jantokiaz berba egitea pentsatu genuen.
Testuinguruan kokatu, tokiko garapenaren kontzeptua sozializatu eta ekonomia iraunkorra bezalako terminoak gure komunitatean aurkeztea nuen helburu. Hitzaldia prestatu, baserri mundua eta kontsumitzaileena zelan elkartu pentsatu eta irudi bidezko “beste” aurkezpen bat egiteari ekin nion. Gogotsu eta Donostian batu behar zirenak buruan izanda. Mezua, ekonomia sozial eta alternatibora lerrotuko nuen, gure kontraesanak areagotuz, nabarmenduz eta alternatiba errealak eta tangibleak eskura ekarriz.
Elikadura burujabetza eta tokiko garapena
Eraldalab ekimena bere horretan oso arrakastatsua suertatu da; jende eta gai aldetik, aurkezpenen mailagatik, ikusi eta ikasteko izan dugun aukeragatik, eta orohar eraldaketa soziala eta ekonomiaren inguruan saretzen ari garen ekimenen ikuspegitik ere.
Olatu talka honek… olatukoop bezalako mugimendu ekonomikoa ekarriko duelako. Gu ere itsasoratzen ari gara…. -
#askegunea Aspaldian ezagutu dugun desobedientzia zibil ekintza handiena
Herri Harresi kolpeka hautsi dute, ondo kostata.
Egunak eman ditu Askegunea eremuak erresistentzia lantzen, elkartasuna hizki handiz idazten, komunikazio eremu librea sortzen… Donostiako bulebarrean.
Gau eta egunez, gazte mugimendua eta herritarrak elkarrekin.
Urkulluren ertzainek, Iñigo Cabacas hil zuten gorputz polizialeko kideek, bi ordu eta erdi luzez… banan banan atxilotu eta kanporatu dituzte bertan batutako milatik gora lagunak.- Goizeko 6:00ak jo dutenetik, Info7 irratia ere zuzenean aritu da, Donostiatik, herri harresi barrutik, estudioetatik… eredugarri.
- Sare sozial handi bat bilakatu da #Askegunea bera ere.
- Mugimendu berri bat ari da sortzen une honetan, kalean eta gizartean. Eskubide guztien alde, konponbidearen alde, gazte mugimenduaren alde… Euskal Herriaren alde finean.
-
Nazioarteko antzerki eguna – World Theatre day
Martxoaren 27an, urtero ospatzen da nazioarteko antzerki eguna. Gurean ere bai.
Eta urtero antzerkigile ezagun batek manifestua idatzi ohi du. Aurtengoan Dario Fo egileari suertatu zaio langintza hori. Eta mundu osoan zabaldu da bere mezua, eta hainbat hizkuntzatara egokitu dira bere adierazpenak. Euskaraz ere badago nazioarteko antzerki eguneko manifestua, eta zenbait antzerkilarik manifestua bera bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.Nazioarteko antzerki eguna – Dario Fo
-
Sare sozialak berbagai gaztetxean
Sare sozialak izan ditugu mintzagai Larrabetzuko gaztetxean. Dozena bat lagun batu eta dinamika parte hartzaileak egin ditugu.
- watxap
Gaztetxean gehienek erabiltzen dute telefono bidezko mezularitza azkar sistema modazkoa. Gaztetxeko taldea daukate antolatuta, eta mezu azkarren bidez kordinatzen dituzte gauza asko. Erabakiak hartzeko ez dutela erabiliko adostu dute, batzar batean. Erabilgarritasuna ikusten diote.
Gehienek egun osoan erabiltzen dute, maiz. - twitter
Ez daukate denek, baina gero eta gehiago erabili edo kontsultatzen dute. Gaztetxeak berea dauka @horibai23 eta erabilpen kolektiboa ematen diote, batek baino gehiagok kudeatzen du. Twitter beste sare batzuk baino serioagoa dela aipatu dute. - facebook
Hori Bai gaztetxearen orrialdeak 150 lagun baino gehiago ditu, eta batez ere ekitaldien hedapenerako erabiltzen dela ohartuta, beste ekimen batzuen berri emateko ere baliatzea pentsatu dugu tailerrean. Gaztetxeak, herriko gauzak… - gaztetxeko blogahoribai.org
Gehienek gutxi baliatzen dute, eta dauzkan aukerak aztertu ditugu. Bloga gaztetxea da, sare sozialak kartelak. Horibai.org indartzearen garrantzia, eta sare sozialetarako traktore funtzioa bete dezake. Komunikazio lantaldekoek bloga erabiltzen ikasi behar dute oraindik. - komunikazio tailerra
Datorren hilabetean komunikazio tailerra egingo da gaztetxean, irekia eta partehartzailea. Gaztetxeko dinamika, gazte egunera begirako komunikazio lana, sare sozialak, bideoak…. landuko dira. Facebook sarean talde bat sortu da, kordinatzeko eta tresna berriak erabiltzen ikasteko, frogak egiteko, eztabaidatzeko…
Pozik gaurko esperientziagatik. Dinamika partehartzaileek konfiantza sortu dute, guztiok berba egin eta parte hartu dugu, ideia berriak atera dira… eta batez ere, gure herrian gauzak egiteko gogoa eta aukera landu dugu. Pozgarria eta etorkizuneko tresnak erabiltzeko prestutasuna. Sare sozialean kontraesanak, mugikorren menpekotasunak…. holangoak ere izan ditugu hizpide, baina gogoratu… gauza onenak gogoratuko ditugu. Zorionak Hori Bai! aupa gazteak!
- watxap
-
Konprometitu gaitezen!
Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA
Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info