hurrengo geltokia
gogoetak, joan etorriko bidaiak
-
zertarako amestu?
-
Kazetaritza berria, kazetaritza ona da @gara_isoto
Iñaki Soto entzuteko parada izan dut, saretik.
Ordu laurden inguruko elkarrizketatxoa da, xumea, baina eduki interesgarriz hornitua. Ezagutzen duenak, badaki mutil argia dela Soto. Azalpenetan bezala, lantzean behin botatzen dituen txinparta hoietan. Azkue fundazioak antolatutako mahaingurua jarraitzeko modurik ez dut izan. Lan ordutegia izateaz gain, ez dute zuzenean eskaini, edonondik entzuteko moduan. @filmatu egiten duen Alvarok behintzat, dagoneko bere iPhone mugikorrarekin egindako zenbait lan plazaratu ditu.
Iñaki Sotok, kazetaritzaren inguruan bota dituen batzuk, interesa piztu didate. Entzun ostean, jarraitu dezakegu berbetan.
naiz: kazetaritza berria eskura
Barikutik aurrera naiz: ezagutuko dugu, teoria guzti hauek praktikan jartzeko gunea. Informazioa eta gauza gehiago (iritzia, agenda, informazioa eta komunitatea).
Eta esan bakarrik ez, hedabideek eredu berriak bilatu beharko dituzte aurrerantzean. Interakziorako, ekonomikoki sustengarriak izateko, kioskoaren ordezkoak bilatzeko, belaunaldi berrietan informazioa hedatzeko, komunitatearen partehartzea ziztada ekonomikoetatik haratago eramateko, eztabaida politiko kulturalean parte aktibo izateko, bestelako eredu informatiboa eta ekonomikoak bultzatzeko. Gauza guzti hoiengatik ere, itxaropentsua naiz. Egiteko asko dagoelako.
Bilbon da aurkezpena, ni ere han izango naiz: -
Ezkerreko ezkontzak
Gaindegiari eskatu beharko diogu, azken urteotako datu soziologikoak -Euskal Herri osokoak, hori bai- eskainiz ikerketa bat eskatu diezaiokegu; baina bitartean, ene begiek, aspaldi honetan ikusi eta bizi izan dutenari erreparatuta, joera bat badago, azken asteotan areagotu egin dena -neure inguruan, behinik behin- euskal ezkontza zibilen -ezkerreko, abertzale, euskaltzale….- bikoteen artean.
Ezkontzak areagotzen ari ez ote diren susmoa daukat. Zer diozue zuek?
- ezkontza abertzaleak
Euskal Herriko ohitura zaharrei erreparatuz, idi parea alokatu, trikitilariak kontratatu, diren euskal jantzirik garestienak erosi -mozorrotu- eta euskal ezkontzak areagotu egin dira Euskal Herriko mapan. Badira abadeekin egiten direnak -joera jeltzalea- baina badira ilegalizazioa gainditu duten ezker abertzaleko alkate berriekin -Bildu joera- egiten dituztenak.
- murrizketen kontrako ezkontzak
Azken aldi honetan, Wert hezkuntza ministroak, Celaa hezkuntza sailburuak eta enparauek daramaten joera ikusita. Ezkon egunak galduko dituzten beldurrez, asko dira epaitegietara jo duten bikoteak. Opor egun hoiek galtzearen beldurrez, bidai agentzietara jo dute, udaletxeetan ezkondu dira, eta aste santuko zein aste santu osteko oporrak luzatu dituzte.
Datu gehiago biltzen saiatuko gara, jatetxeak, soziedadeak, dj-en kontratazioak, bidai agentziak… ekonomiari buelta emateko modu alternatiboa izan daiteke. Kontsumoan oinarritutako gizarte kapitalista amaitu daitekelako beldurrez… zeozer egiteko hautua. Bitartean, munduak bueltaka darrai.
Gora ezkon berriak!
Zelan edo halan, izan zaitez zoriontsu!
-
Ziztadak edo euskalgintzaren pintxazoa?
Eredu ekonomiko berri bat euskalgintzarako
EZtaBAIdarako apunteak
Ziztada eske ari zaizkigu hemendik eta handik.
Hiru egoeraren berri izan dugu oso denbora gutxian.- Berria taldearena
- Nabarra aldizkaria
- UEU
…eta honek guztiak, gogoeta egitera narama. Hala beharrez. Eta uste dut, egoeraren azterketa egiteko puntu asko jarri behar direla. Eta asko apropos ezkutatzen direla, beste asko gainditutzat ematen ziren, eta gehiago etorriko dira eztabaidaren ondorioz. Ea jendeak, guk guztiok gogoeta egin, ondorioak atera, eta aterabide orokorrago bat planteatu beharko genuke, alternatiba integrala. Gurpil berria agian, pintxazoari partxea jarri aurretik.
Aurrekariak
Garai emankor batzuetatik gatoz, sozialean. Euskalgintzak dena zuen egiteko, eta frente horretan gauzak sortu eta eraikitzeari ekin zion duela hamarkada batzuk. Gau eskolak, ikastolak, euskararen aldeko dinamika herritarra, euskal prentsa, elkartegintza, herri hedabideak, kulturgintza, diskogintza, hiztegigintza, liburugintza…. zer ez dugun jaso gure aurreko belaunalditik?
Nolabaiteko instituzionalizazio bat gauzatu da kulturgintzaren eremuan ere, profesionalizatu egin zaigu herrigintza zena. Lanpostuak sortu, profesionalak, adituak, lantalde teknikoak han eta hemen, Euskal Herri osoan.
Normaltasun itxura bat hartu izan du guztiak, eta batez ere Arregi-Garmendia jaurlaritzetan, akordioen bidea urratu zenetik; ordukoak dira irudirik gogoratuenak, Iñaki Uria Joseba Arregirekin Euskaldunon EGUNKARIAko azalean, Erramun Osa eta Mari Karmen Garmendia akordioa sinatzen (AEK HABE), -nik gogoan ditudan erretratuak, izango dira beste batzuk- eta nolabaiteko normalizazio instituzionala ere eskuratu zuen euskalgintzak. Adostasun osorik ez, baina bide berri batzuk.
Eta euskalgintzan horrek bere ajeak utzi ditu. Ez dira beti plazaratu, ez dira azaldu. Baina hor egon dira. Menpekotasunak, mugak, egin nahi eta ezinak, faboritismoak… denetarik.
Egungo politika
Jaurlaritza aldaketa posibleak beldurra eragin zuen, otsoa ba omen zetorren, eta Ibarretxek inoiz lehendakari batek inoiz eskuratu duen boto zaparrada handiena jaso zuen. Euskalgintzako sektore asko ere, lerrokatu ziren horretara. Nik neuk, oso gertutik bizi izan nuen. AEK-ko irakasle zirenak, Ibarretxeri botoa ematen, ETBko LABeko sindikalistak ezagutu nituen horretan. Eta otsoarenak funtzionatu zion alderdi jeltzaleari. Eta beldurra nagusitu zen gure etxeetan. Eta normala izan zitekeen agian. Eta ezker abertzaleak ere, Mayor Orejaren aukerari, ez zion alternatiba sinesgarririk erakutsi. Eta Ibarretxerekin lasaitasuna. Eta ezker abertzaleak Gasteiztik kanpo jarraitu zuen, erdizka, eta udaletatik kanpo gero, ia osorik… eta urteak aurrera.
Mayor Orejaren ordez, Lopez Basagoitik eskuratu zutenean Gasteizko gobernua, ez zen beste munduko dardararik suertatu. Eta Lopezek euskaldun zenbait jarri zituen gobernatzen, eta tartean Lurdes Auzmendi, Ramon Etxezarreta…. euskaltzaleak, ezagunak, askoren lagunak.
Eta horregatik, besteak beste ez zen euskalgintzaren oldarraldirik egon. Eta subentzioek iraun zuten, eta bermatu, eta Iparraldeko ikastolak, zein Nafarroakoak, eta euskaltegiek, eta prentsak… eta suak irauten zuen piztuta, baina kandelarena, ez barrikadarenak. Lasaitasun demokratikoa deitzen ahal diogu. No pasa nada. Denak bere horretan jarraitzen du.
Baina krisiarenak amigo, dena justifikatzen ahal du. Eta garai aproposa da artaziak martxan jartzeko. Eta nahi dugun lekuetatik prakak mozteko. Eta hasi da errekortea. Hasi dira beheraldiak. Eta gora begira harrapatu gaitu, tupustean, ezustean edo.Hemendik eta handik mozten hasi direnean, gure negarrak, gure malko lehorrak. Horrenbeste niri, horrek beste guri, hau eta zera…. ez daukagula, beharko genukela, ez dagoela, itxaron beharko dela. Eta ziztadak zeinek lehenengo eskatu, azkarrago bermatu. Baina ez dut uste, orain kontu guztiak ziztatzen jarrita konponduko dugunik txolopote hau. Estrukturala baita arazoa, gurea bezala haiena.
Euskalgintzak eredu berri bat behar du.
Erronkak eta etorkizuneko kulturgintza
Euskalgintzak eredu berri bat behar du. Hemen eta orain. XXI. mendeko euskalgintzak ezin du inoren morroi izan behar. Ezingo du subordinatua izan. Ez jeltzale, ez sozialista ez abertzale, ez deus. Euskalgintzak bere bidea bilatu behar du.
Eta autogestioa da oinarri oinarrian bilatu behar duena.
Kudeaketa eredu berri bat, irekia, parte hartzailea, zabala, anitza eta batez ere emankorra.Gure zerbitzuak oro ezin ditugu kapitalaren menpe jarri, argi dago hori. Baina subentzioen politikak hona ekarri gaitu. Eta aurrera egiteko gaitasunik gabe ez ote garen geratuko, hori dugu orain guztiok zalantza. Kiosko eta buzoitik erori da aldizkari bat. Ez da deus gertatzen. UEUri bere jardunaren %25 suposatzen duen dirulaguntza kendu diote egun batetik bestera, ez da grebarik izango euskal unibertsitateetan, irakasleek berdin berdin jarraituko dute nominak jasotzen, ikasleek ez zeukaten horren berririk, agian horren beharrik ere ez. Ondorioa da guzti hau. Berriak, bere plantila ezin dezake mantendu. Ez da erreala. Ez da Erreala. Badakigu.
Gestio mota berriak bilatu behar dira, hala beharrez. Lan eredu irekia, alternatiboa martxan jarri behar da. Pentsatu dugu, genituen ereduetara gure jarduna egokituta, aski zela. Eta orain ondorioak. Militantzia edo profesionala, dikotomia horretara mugatu dugu gure operatibitate guztia.
Eta munduan, milaka proiektu daude, euskalgintza bezain garrantzitsuak direnak, eredu ekonomiko berriekin funtzionatzen dutenak: eta jasotzen dituzte laguntzak; mikrolaguntzak, kudeaketa irekia dute; sponsorizazioak, parte hartze irekia, erabaki ahalmen handiagoarekin, kudeaketa ireki eta garden batekin. Eredu dira, eredu zaizkigu.Euskal Herriak, bidegurutzean den honetan, bideari heldu eta gurutzeak gainetik kendu beharko ditu.
Erronka berriei ausardiaz eta ilusioarekin heldu. Ez dago egun handirik. Egunerokoa da gure jarduna, gure egitekoa, gure lorpena eta gure emaitza. Gutako bakoitzak behar du ziztada bat, aurrera egin dezagun.
Ikasgai eta lotura zenbait:
- open economy wikipedian
- open economy Las nuevas reglas de la economÃa de la participación
- Wikimedia fundazioa, besteak beste mundu osoko Wikipedia proiektua sustatzen duena
- Mozilla fundazioaren wikia, antolaketa eredua, egungo eztabaida irekiak.
- Julen Iturberen azalpenak funtsezkoak izango zaizkizue, enpresa irekia, ekonomia irekia eta antolakundeen eredu berrien gainean.
Ekonomia ireki eta parte hartzaile bat euskalgintza eta kulturgintzan. Non euskaltzaleok, ez garen kontsumitzaile soil. Non badugun boza, badugun poltsikoa, badugu ere bihotza eta eskuak, batez ere. Ez gugana eskatzen soilik etorri. Guk, egin nahi dugu. Eta egiten ari gara, bidenabar.
-
kultura digitalaz
Kultura digitalaz aritzeko baliatzen dugu asteroko tartea Info7 irratian. Eta sarean gertatutakoak, ikusi eta ikasitakoaz aritzen gara. Maiz, irratiko edukiak sarean ere hdatzen ditugu, eta eztabaida sortzen ere saiatzen gara, gaiak garrantzia duenean.euskal kulturaz, GAUR
behatoki digitalaHuheziko fakultatean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin ostean, euskal kultura eta kultura digitala arreta gehiagorekin begiratu eta jarraitzen dut. Eta ekultura.net gunea bera, gogoetarako eta zabalkunderako baliatzen dut. Ikasketa prozesu etengabea, egoera jarraitzeko talaia ezin hobea da; hizkuntza, kultura, sorkuntza, sarea eta orohar kultura eta teknologia berriekin zerikusia duten gaiak lantzeko.
Hemen eta orain, aztertu eta ikasi, erakutsi eta hedatu. Eztabaida sustatu eta sareko joerak arretaz jarraituz badugu nahiko lan. Ikusi eta ikasi, arreta galdu barik eta sozializatzen saiatuz.
-
Parte hartzea bultzatzeko dinamikak
Aste honetan parte hartzearekin zerikusia duten ekimen baten baino gehiagotan aritu eta jardungo naizenez, horren inguruko gogoeatxo bat botatzea pentsatu dut.
Parte hartzea gora egingo duen dinamika izango da. Berdin du ze motatako prozesuetan den: izan dinamika sozialean, politikoan, instituzionalean edo profesionalean.Larrabetzuko udalean
aurrekontu parte hartzaileakUdalak Larrabetzun, 2012ko aurrekontuak jendaurrean eta jendearekin prestatzeko asmoa agertu du. Eta horregatik, asteon bi herri batzar deitu ditu. Egoera ekonomikoaren berri eman, eta jendearekin batera hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko. Alkateak berak, herriko blogari eta elkarteetako webguneetara gonbidapen mezua bidali du. Herriko etxe atari guztietan deialdiko kartela dago, eta udal paneletan eta panel elektronikoan deialdiaren berri dago. Garaiz informatu, eta ahalik eta parte hartze handiena bermatze aldera.
Estatu mailan badago aurrekontu partehartzaileen inguruko informazio gune eta sare bat, eta uste dut, aurrerantzean sarriagotan begiratu beharko dugula.
Larrabetzuko dinamika honek, itzelezko harrera izan du sarean, lokal mailan. Baina sarea be, bada parte hartzerako tresna interesgarri bat. Agian, sarea eta parte hartzea zelan uztartu ikasi beharko genuke orain, maila lokalean. Eta esperientzia berritzaileak abiatu.
Larrabetzuko aurrekontu parte hartzaileak sareanMinutu bat berrikuntzarako
Lantokian, komunikazio zereginetan nabilenetik, baserri munduan gauzatzen diren esperientziak bisibilizatzea da nire arduretako bat. Eta berrikuntza sozialaren gaia interesez jarraitzen ari naiz. Horregatik EHNE Bizkaian ere Innobasque berrikuntza agentziak bultzatutako minutu bat berrikuntzarako ekimenean parte hartu dugu.
Erronka bat jarri diogu gure buruari 70 erakunde ezberdinetan. Guk, baserritarren (ekoizle) eta kontsumitzaileen arteko harremana zelan erangikorrago egin pentsatzen aritu gara. Eta lankide eta baserritar ezberdinek nork bere ekarpenak egin dituzte. Orain batu, eta ebaluatu egin beharko ditugu denak. Eta hoiek martxan jarri. Minutu bateko ideiak, handiak eta erabakiorrak izan daitezkelako aurrerantzean.
EHNE Bizkaia
Minutu bat berrikuntzarako.
-
Herria eta hizkuntza 1220 eurotan
Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…
…
Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe daizkela bizi.Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.
-
#rubajoy ekimena sarean
21:45etan abiatu da ekimena sarean. Kataluniako ezkerretik abiatu dena, ERC eta inguruetatik. Euskal Herrian ere jarraipena izaten ari dena, eta dagoeneko oso minutu gutxian sarean hedatu dena.
#rubajoy etiketa asmatu da, biak ala biak berdina direla esateko… ohartarazteko.
Euskaraz, galegoz eta katalanez idatzitako eskaera ondoren: #independentzia
Hemen jarraitu daiteke etiketaren jarioa eta martxan.
-
Itxaropenerako 3diak
Itxaropena, etorkizuna, erronkak eta beste. Irribarrearekin begiratzen diot etorkizunari. Gogotsu, ilusioarekin.
Euskal Herriaz ari nintekeen, baina batipat herrian, inguru hurbilean ikusten ditudan irudiak dira.
Lanean ari da jendea, auzolanean. Gogotsu ari gara, ilusioarekin. Eta etorkizuna marrazten, oso koloretsua.
Hona hemen asteburuko hiru bideotxo, gure errealitatearen irudi.Herriko baserriak, plaza, merkatua eta bertso poteoa
Garmitxa elkartearen alde, auzolanean
http://youtu.be/3_LE33CUVCA
Etorkizuneko erronkak, bake prozesuan
iturriak:
-
gure umeen irribarrea
Maiz egoten naiz pentsatzen, eta berriro pentsatzen jartzen naiz, non gauden eta nora goazen, zer den herri hau, zer izan gura duen…. eta zelan lortu daitekeen.
Txikitatik amestu dugun hori, posible ote? Zelan gauzatu daiteke? Egingarria delako ibili gara honetan, gauzatu nahi dugulako, besteak beste…Eta horrelakoetan, behelainoak menperatzen du gure gogoeta guztia. Lainotu eta ez dugu argi ikusten, lausotu egiten da gure pentsamendua.
Askotan gorrotoarekin, maiz maitasunarekin…. ibili gara urte guzti hauetan.
Eta halako batean, Nazio Batuetako ordezkaria, Irlandako errepublikako lehendakaria, Sinn Feineko Gerry Adams, Norvegiatik etorritako anderea, Britania Handiko gizonik garrantzitsuena…. Donostian ikusten dituzu. Eta entzun. Eta adierazpena irakurri, eta… pentsatzen jartzen zara.Inoiz, inon Euskal Herria dela kausa egon ahal da horrelako argazkirik? Halango gertaerarik? Historikoa al da bizitzen ari garen hau? Zer gogoratuko dugu gaurkoaz etorkizunean? Nola bizi izan zenuen egun hori? Internet piztuta egon da egun guztian, pantailetan mezuak, #konferentzia etiketadun mezu andana bat, bideoak zuzenean Aieteko Bakearen etxetik, Donostia munduko hiriburu… zenbat hitz, jario, adierazpen, gogoeta, mezu eta abar….
Eta halako batean, arrastian adierazpena jarraitu dugu. Ondoegi ulertzen zen ingeles batean. Mezu argia eta zuzena. 5 puntu, behinolako KAS alternatibak zituen bezala. 5 puntu egingarri direnak borondate politikoa egon ezkero. Bost puntu lorgarri, pausorik pauso.
Bide berriak aurkitzen ari da herri hau. Maila handiko kudeatzaileek hartu dute iparrorratza, eta norabide egokian jarri. Altsasu, Brusela, Gernika, Iruñea… eta Donostiako adierazpen hau. Norabidea eta bidea, dena bat.
Arrrazoi zuen Bobby Sands irlandarrak, gure mendekurik, gure lorpenik handiena gure umeen, seme alaben irribarrea izango da. Hala bedi, gure eguna ere helduko da.