hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Enric Duran ekintzailearekin berbetan

    Iruñean gosaldu, egunkaria irakurri eta alde zaharretik mugitzea, dena bat. Karriketatik oinez, lagun bat, ezagun hori, norako, harako. Eta Eguzki irratiaren estudio berrietara.

    Zuzenean ari da Fertxu Izquierdo, Pasealeku bere magazine interesgarrian. Eguzki irratiak gogotsu ekin dio denboraldi berriari, eta goizeko apustua da magazinea. Ordu beteko Iruñerriko edukiak eskaini ostean Hala Bedi irratiaren Suelta la olla entzuten da FMko 107.0an, eta eguzki.net webgunean.

    Giro onean, estudiotik Enric Duran atera den arte. Aupa! aupa! eta berbetan hasi arte. Zer moduz? -zer galdetuko diozu, kartzelatik atera den berriari, sekulakoak eta bi egin ostean-.
    Bartzelonako giroaz, Berlinen ezagutu ginenekoa, gerora burutu diren zenbait proiektu, egokitu beharrean diren software eta gune batzuk, burruken norabideak…. elkarrizketa arin eta atsegina. Tipoa bezala.

    Burrukalari nekaezina da Enric Duran. Eta atzo hitzaldia eman zuen Zabaldin. Gainezka aretoa, emankorra hitzaldia. Pantaila handi bat eta guzti baliatu behar izan zuten, eta jendea pozik, Kapitalismo barik bizi daitekela amesten.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    “Gurea bezalako hizkuntza minorizatu batentzat beste garrantzi bat hartzen du euskarazko irratiak”

    Argia.com
    Argia.com

    Jakoba Errekondoren berbak dira. Euskadi Irratian 25 urte eman ditu landarei, loreei, inusketei eta solo, jardin eta arbola kontuen ganean berbetan. Astero.
    Gogoeta ordea ez da bere jardunaren gainekoa, hizkuntzaren eta irratigintzaren inguruan aspaldion entzun dudan gauzarik zentsuzkoena dela iruditzen baitzait.
    Hego Euskal Herrian, nago garrantzia gitxiegi ematen ote zaien oraindik irratiei. Telebistaren ondoan apal, egunkarien alboan arin. Baina orduro orduro, hor izaten gaituzte albistegiek engantxatuta, ordu hiletan gure musikaz aspertuta behar izaten ditugu irratiok.


    Komunikazio alternatiboaren eremuan
    , oso tresna garrantzitsuak izan dira irratiak, irrati libreak batipat.
    Interneten aroan, gauza ikusgarriagoei jarri zaie arreta guztia. Baina nago, gurea bezalako herri, kultura eta hizkuntza batentzako, garrantzitsuak direla oso, uhinetan bezala sarean ere.
    Jakoba Errekondoren elkarrizketa entzun nuen Euskadi Irratian, baina gerora be, emango digu zer pentsa gogoeta txiki eta ausart honek.

  • hurrengo geltokia

    Aldaketak beharrezkoak direlako, eguneratzen

    Ikasturtea hasi eta jo ta fuego gabiltza aldaketak eskatzen. Eta batzuk somatu eta guzti egiten dira, nabaritu, nabarmen.

    • Euskal erdiko (aupa apo!) gobernua aldatu eta egunetik egunera bizi ditugu aldaketok, eta ez beti txarrerako. Jeltzaleenak oposizioan eta bestela bizi dute politika; oposaketetan.
    • Ezker abertzaleak iparrotzari astindu bat eman nahi, eta Euskal Herrirako dituzten helburuak, patio batean zehaztu beharko dituzte beharbada.
    • Ekonomian ere, aldaketa garaiak. Krisiak astindu du poltsikoa baino gehiago kontzientzia. Eta urteotako mozkin, aberats izan gura eta deputamadre bizitzeak langa gainditu duelakoan…. norabide aldaketa hemen ere. Alderdi kontsumistenak bizi gaitu.
    • Internet ere aldaketen gune da sortu zen unetik beretik. Informazioaren aroan baino aldaketa etengabearen garaian bizi garela ematen du. Egun osoa ematen dugu softwarea eguneratzen, unean uneko orrialdeak berritzen, refresh botoia sakatzen.
    • Bizitzak ere beharko du zerbait agian, baina horretarako ez daukagu gidalibururik irakurri beharrik, goizean leihotik begiratu eta eguraldiari erreparatu ostean, dakigu gitxi gora behera egunak zer ekarriko duen.
    • Finean aldaketok beharrezkoak dira. Egokitu, eraberritu, berriztu, sortu, asmatu.

  • hurrengo geltokia,  literatura

    Literatura eta futbola

    Gaur sentsazio arraroa daukat. Literaturzalea naiz, baina jabetzen ari naiz sariketen arabera gorabehera gehiegi dituela fikzioan oinarritzen den kultura, edo arteak.
    Literatura, euskarazkoa bereziki, apala da, intimoa, norberak bere bakardadean bultzatzeko modukoa. Ez da masa akontezimendua, ez du izan beharrik gainera…
    baina hara non, zozketaren bonbotik zenbaki bat, titulu bat ateratzen dute, loteria nazionala bailitzan, eta medio guztiak zoroan pare jartzen dira.
    Euskaldun bat, euskarazko liburu bat epaitu dute Madrilen. Epaimahai guztitik, ziurrenik irakurle euskaldun bakarra zuen sari horrek, eta beti irakurle bera da, gu guztion izenean. Horrek du ebazten sari nazionala, ulertu bedi sari espainola.
    Kirmen Uribereren  literatura ez dut ezbaian jarri nahi, ez gaur bederen. Sariaren logikak kezkatzen nau ordea.
    Atxaga, Elorriaga eta Uribe. Agian entzutetsuenak gurean, ezta? Zerk batzen ditu? Sari bakarrak, Espainiako sari nazionalak. Eta horrek kezka sortzen dit.
    Esan dizuet, literatura ez da futbola, edo bai?

    • Selekzio nazionalean jokatzea da euskal futbolariaren ametsa?
    • zein da gure literaturaren Tourra?
    • eta Tourmalet? Gailurra?

    Urkiolatik ibili nahi nuke gure letren irakurtzen, hemengo baso lainotuetatik gure fikzioa gezurra ez dela sinesten.
    Literatura, rockanrolla, burrukak pozointzen ari zaizkigu, eta gu kontent, beti kontent!
    Tira, liburua hartu eta komunikabideak amatatu beharrean nago. Agian orduan, literaturarekin egingo dut topo, fikzio sinesgarriarekin, lotuko nauen hariarekin, euskarazko kondagintza ederrarekin, munduko gertakari historiko/fiolosofiko/psiko emozionalekin…. agian,  edo amets egiten jarraituko dut bestela. Nork jakin.
    Zorionak irakurle!

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  software librea,  teknologia berriak

    Pragatik bueltan #eumozcamp09 itzel baten ostean

    Mozillaren Europako bilkuratik etorri berria naiz. Garatzaile, lokalizatzaile, garapen eta marketing arduradun, kolaboratzaile eta beste askok bat egin dugu asteburu batez Txekiar errepublikako hiriburuan. Mozilla Camp 09.
    Asko ikasi, gauza interesgarriak ezagutu, eztabaidatu eta ekimen berriak proposatu ostean, orain nork bere komunitatean jarraitu beharko du lanean.


    Nik neuk hainbat gogoeta dakartzat handik, eta apurka apurka apunteetan botako ditut, Pragan twitter bidez aletu ditudanak. Apurka apurka, han jasotako guztia barneratu eta buruan argitzen joan ostean.

    Hitzaldi interesgarriak, Kaliforniatik etorritako arduradunen proposamenak, komunitate ezberdinetako kideen iritziak… denak batu dira mozillacamp honetan.

    Hitzaldi interesgarri bat: Drumbeat
    Drumbeat Mozilla fundazioak Web irekiaren alde abiatuko duen ekimena izango da. Sozializazioa, ezagupena, web irekiaren defentsa, ekitaldiak, newsletter ezberdinak… gurean ondo ulertzeko Zaindu maite duzun hori bat izango da, hirulau berbetan eta euskarazko adibide batekin azalduta.

    Mark Surman Mozillako arduradunetako batek oso hitzaldi polita eman zuen honen inguruan. Gero tailer batean garatzen jarraitu genuena, adibidez hornitzen, burua nekatzen… ariketak egiten. Hitzaldia sarean jarri du, mozcamp honetan emandako hitzaldiaren audioarekin batera.

    Firefox nabigatzaileak 5 urte
    5 urte egingo ditu aurki Mozilla Firefox nabigatzaileak, eta euskaldunok lehenengo bertsiotik daukagu euskaraz. Hori zelan ospatu pentsatzen hasi beharko genuke, besteak beste. Baina tira, komunitatea indartzeko neurria eta ezagutzera emateko ekimenak izango dira hoiek .

    Badakizue lagunok, ideiak ongi etorriak, asmoak gauzatzeko dira eta.

  • 18/98+,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    zenbat da asko euskaraz?

    Gaur, batetik eta bestetik euskarazko hiru webgune -nire ustez garrantzitsu- ezberdinen bisita datuak jaso ditugu.
    Kazeta.info agerkari digitalak albiste bat egin du goizean horren inguruan.
    Twitter saretxoan horretaz mintzatu garenean, Sustatuko datuak erakutsi dizkigute -berez publikoak dira- mezu batean.
    Eguerdian edo Berria.info guneak Zinemaldi sasoian izan duen hazkundearen berri izan dugu.
    Eta nire kezka, ondo ari dira/gara?

    • Zenbat da asko euskaraz?
    • Gehiago behar genuke, gutxiago…
    • Euskarazko webgintzak asetzen du euskaldun erabiltzailea?
    • Kioskoa behera doan heinean doaz gorantza euskal guneak?

    Galderak bota  ditut, guztion artean berba egiteko modukoak. Nik ez dut erantzun bakarra eta magikoa. Nik ere eztabaida horretan parte hartu nahiko nuke. Zuokin batera. Horra hor galdera.

    Zenbat da asko?

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Trena gelditzeko zuhaitzetan eskegita

    Goierrin -Itsasondoko baso baten- zuhaitz gainera igo eta bertan ematen dituzte egunak eta gauak Abiadura Handiko Trenaren kontrako ekintzaile batzuk.

    Goierrin, telebistak eman du albistea, AHTaren kontrako komunikatua oso osorik eta irudiekin eskainiz.

    Goierrin, hainbat herritan galdeketak egin eta herritarrek trenaren kontrako jarrera argia azladu dute.

    Goierrin, zuhaitz gainetik esango diote orain ezetz basoak, azkar, arin, abiadura itzelarekin suntsitzeari.

    Goierrin
    < Tokiko telebisten webgunetik hartutako albistea.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Udazkenean murgilduta

    Eroriko dira hostoak, paisaia berriak parez pare.
    Ikasturteak normaltasunean murgilduta.
    Telebistak eta ikusleak futbol ligak zelan ordaindu pentsatzen.
    Ziklo politiko berria hasi nahi dute batzuek eta egurra zelan eta non banatu petsatzen besteak.
    Udako eztabaida bukatu du ETAk eta udagoienean besteek zer egingo/esango begira.
    Ikurriña batekin estali du burua alderdi jeltzaleak, eta Ibarretxe urrutitik mintzo da.
    Bidasoa igerian igarotzea errazagoa da Beratik Hendaiara bitarte dauden polizia kontrolak pasatzea baino.
    Arrasaten dena dago debekatua lana izan ezik. Eta Maritxo Kajoik milagro bat egiten ez badu, bera ere egurtuko dute.
    Mundua gero eta okerrago dagoela diotenek, sinesgarritasuna irabazten dute unetik unera.

    Gurean, salmenta ona plazan. Porruak eta tomateak gora, piperra ere erretzeko moduan dago.
    Astelehena da, eta aldaketa klimatikoari esker fraka laburrekin ibiltzen gara kalean.
    Esandakoa, udazkena badator, eta korteingelesaren iragarkirik ez dugu behar.
    Bihar jai. gora Aralar! gora san miguel!
    gora gu, eta beste asko!

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  maitatasunetik

    A gripea baino A eredua kaltegarriago omen

    Ikasturtea hasi da gure eskoletan. Euskal Herriak bere eskola ekimenekoek, A gripearen txertoa jarri gura izan diote eskolari. A ereduaren kontrako medizina behar delakoan gurean. CelaA gripea izango da agian, Tontxu Camposek eta aurreko euskal erdiko Hezkuntza sailburuek osatu ez zutena.

    • Kontua da, oraindik zenbait eskolatan A erdu malapartatu hori hor dagoela. Ez du euskalduntzen, eta eredu euskaldunetan ordea, hizkuntza guztien jabe egiten da ikaslea.
    • Polita ekimena, pena prentsarako baino ez dela izan. Hobe, txertaketa hori herriz herri, eskolaz eskola hedatuko balitz. Ekimen polita litzateke.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Kanpainak eta kanpainak

    Sarean egiten diren kanpainei so ematen ditugu orain egunaren zenbait tarte.
    Iragarkiak, kanpainak, mezuak jaso eta irensten ditugu.
    Gustatu ezkero gainera, lagunei ere igortzen edo aholkatzen dizkiegu. Nolabait sinpatiko zaiguna hedatzen laguntzen dugu. Modu biralean.
    Eta hartzaileak, kontsumitzaile, edo sikiera partehartzaile izan gaitezkenez, zenbakiak baino gehiago bilakatzen gara horrelakoetan.
    Nork zer zelan sortu ere interesgarri da. Irudimena baliatuz, gauza politak ikusten ditugulako. New Yorken moduan, Abaltzizketan sortu daitezkelako ideia politak. Edo NewYorkeko grafitilari edo sortzaile baten irudi hori, hemen ere baliatu dezakegulako gainera… hemengo gaztaia, han ere ezagutzera eman dezakegu.
    Lotsa gitxi behar da, eta dirua barik bestelako ideia izatea buruan… sarritan.
    Euskararen inguruan aspaldion oso ideia estatiko, korrekto eta ez oso ausartak ikustera ohituegi gaituzte euskaltegi/aekademietako buruek, hizkuntza apolitikako arduradunek edo telebista ezberdinetako aurkEZleek. Gasteizeko irudi hauek baina, zer pentsatua eman didate… ez dute beste munduko ezer asmatu ziurrenik… baina hizkuntza zelan sentitzen, zelan bizi, zelan goza dezakegun adierazten du… bere apalean. Ausartu eta zabaldu. Mugi edo busti, edo jantzi, edo atera plazara… Etxepareren idatzi zaharrenak Gasteizko plazarat ekarriak balira bezala.. hori bai Youtubeko bideo batean.