hurrengo geltokia
gogoetak, joan etorriko bidaiak
-
Kubara begira
Eta Fidelek ezetz. Bera erretiratu da, yankee-ek ezin izan dute aulkitik bota. Herritarrek hauteskundeak izan dituzte berriki, eta tropelka joan dira bozkatzera. Behartuta esango dute yankeezaleek, ez dago hauteskunde librerik entzuten da Euskadi irratian.
Kubari begira pasatzen dugu negua, hango haize epelak erakarrita. Dantza batean egongo dira han, liburua besapean Habanako malekoietatik oinez. Itsasoan murgilduta agian, edo rona edanez ospatzen, Fidelen azken erabakia.
Kubara begira egon ordez, Kubatik begira egon nahi nuke, uda antzeko negu ezin gorriago honetan. Itsasoa daukagu tartean, denbora, eta hemengo errutina. Baina han, gaur ere zoriontsu izango dira, hango irribarre bakoitzak, hemengo euriborrak baino balio gehiago duelako.
Kuba barik, iraultza barik, Fidel barik…. ezer ez litzateke berdina izango eta.
-
Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz
Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.
Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.
Loturak:
sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia) -
iPodaren arriskuak
Musika entzuten doa gaztea. Adi adi doa. Musikari adi. Ez besterik.
Argazkiak ikusten joan daiteke bera. Adi adi omen. Argazkiei so.
Agian bideoarekin lelotuta zetorren. Filme bat ikusten, youtubetik ekarritakoei erreparatuz…. agianKontua da, arriskutsua dela iPoda. Arriskutsua zaigu. Horregatik agian, gustatzen zaigu erabiltzea. Autoan, kalean, etxean…
iPod kontuetan, marketing sailekoek ere, asmakuntza ederrak sortu dituzte. Hau bat gehiago da. Etc marketing blogean ikusitakoa.
-
Lagunak behar ditut | I need friends
Urtarrilarekin berriro hasi ditut ingelesezko klaseak. Piper egin dut azken asteotan, eta goizean hasitakoan konturatu naiz desfaseaz. Gogotsu hasi naiz. Laburra egin zait orduterdia. Gustura egin ditut egin beharreko lanak. Saiatu naiz idazten, aditzak ikasten, hiztegia lantzen… eta arbelaren aurrean be txukun aritu naiz. Berba egiteko baina, zailtasun gehiago ditut. Trakets nabil.
Egunero bost minutuz bederen, ingelesez pentsatzeko esan digu Olatz titxerrak. Eta baietz nik, baina zelan 5 minutu ingelesarentzat?
Eta han nengoela, bururatu zait twitter bezalako tresnaren bat balia nezakeela. 140 karakterretako mezu laburrak idatziz, pentsamenduak, galderak, gogoeta hiperlaburrak pantailaratuz ibiltzen garenez.
Eta sarean ezagutzen dudan english irakasleari galdetuko niola. Eta Gtalk bidez Maiterekin hasi naiz berbetan. Eta aholkatu dit facebook baliatzea, eta sare sozial ttiki bat antolatzea horren inguruan. Group bat sortzea, eta izena eman dut facebook-en eta lagunak egiten hasi beharko dut. Eta inork, nirekin batera ingelesez esaldi laburrak idazten hasi gura badu… ba aurrera. Ok. Eta jarraituko dugu elkarrekin ikasten, eta noizbait bloga ere egin genezake. Edo txat gela batean geratu berba egiteko, apurka apurka.
Baina ikastolan ikasitakoa, -20 urte baino gehiago- apurka apurka globalizazioaren hizkuntza galtzen ari naizela eta, ikasteari ekin diot. Sarean hizkuntza asko dago bai, baina nagusia be komeni da hobeto jorratzea. Irakurtzeko eta idazteko gai izateko. Zer garen, nor garen, zertan ari garen azaldu gura badugu bederen.
Animatzen denarekin, ba hori, sare sozial ttiki bat antolatzeko gogoa dudula. Maite bera prest agertu da, eta tresna hauek eta hizkuntzen irakaskuntzan trebea denez… ba laguntzaile ona izango da.
I need friends… badakizu nondik nabilen. Orain facebook.
-
Urtea amaitzeko modu ugari dago
- Afariaren bueltan amaituko dugu gutako askok, erlojuari so beharbada.
- Gogoan dut, urte askotan Tas Tas irrati librean amaitzen genuela, Basauriko presoei zorion agurrak, programa berezi bat burutzen. Dispertsio basatiak hori ere eragozten digu, egun.
- Petardo, tiro hots eta su artean amaitzen duenik ere badago, gurean franko.
- Bilboko gazte batzuek, okupatu berri duten etxe eta eraikinean egingo dute.
- Kalean ere egongo denik izango da, urte amaiera eta barria zelan batzen diren, egunero bezala ikusten.
- Ihesean daudenek, etxera noiz itzuliko pentsatzen egongo dira. Ordu aldaketak ordu aldaketa, berbak noiz trukatuko pentsatzen, idazten, amesten.
- Lo emango dio batek baino gehiagok agurra urteari.
Eta urteak joan urteak etorri, hemen jarraitzen dugun bitartean, pozik egon behar. Ez da gutxiagorako. Beherapenak ei datoz.
-
Blogen eragina
Aspaldi idatzi zuen Mikelek bere itsasertzeko zubian post bat blogaren eraginaren inguruan. Orduan ez nintzen jabetu, eta berandu bada be, ohartu naiz bere idatziaz.
Ba al dute eraginik gure blogek?
Askok uste duena baino handiagoa. Gauza txikiek beti dute erauntsi handiei aurre egiteko gaitasuna. Horretan sinetsita nago. Baina blogek, bere horretan, beste barik ez dute mundua aldatuko. Baina blogak, auzolanean arituta, lagun berriak eginez, koherentziaz idatziz, kidetuz… tresna eraginkorra dira.Ni sinetsita nago horretan. Inoiz baino lagun gehiago ezagutu ditut aspaldi honetan. Blogariak batzuk, irakurleak asko. Eta lagun onak egin ditut.
Idatzi egiten dizute, edo tabernan azken mezuaz iritzia eman, hasarratu egiten dira batzuk, eta komentarioak egiten dituzte besteek.
Blogek eragina dute, ez dago dudarik. Egunetik egunera gehiago zarete blog honetara zeozer irakurtzeko hurbiltzen zaretenak ere, eta batzutan lotsa-bertigoa-harrokeria sartzen zaio norberari idazteko orduan.Beste batzutan, amorruari irteera emateko, penei aurre egiteko, zoriontasuna banatzeko balio dute. Balio izan dute. Zer esango dizuet nik?
Musikari batzuk haserretu zitzaizkidan behin, musikariak adiskidetu zaizkit. Bertsozaleak inguratu zaizkit, irakurleak ondoan somatzen ditut.Besarkadak jaso ditut, eta espetxeren batera be heldu dira blog honen fotokopiak. Tabernan gauez, etxetik urruti, ezagutzen ez nuen baten batek ere galdetu dit herriko kontuei buruz. Lan elkarrizketa batean blogik banuen galdetu zidan pertsonal burua zen batek. Polizi kontrol batean, hurrengo post baterako izenburua pentsatu nuen. Eta inoiz, kontzerturen batean ere, etortzen zaizu akorduan bloga.
Blogen inguruko azterketa psiko-soziala ez dut egin. Baina badago ezpala bai… ikerketari ekiteko.
Blogak eragina dute. Eta hori ona ere izan dezakete.
Argi daukat, eta horregatik egunero zeozer idazteko gogoa pizten zait. Batzutan mezuak pilatu egiten dira, eta beste askotan nagitu egiten naiz. Baina indar eta gogo hau nirekin diren bitartean, idazten jarraituko dut. Zuek ere ondoan nahi zaituztet… irakurle agurgarriok.
zer pentsatuko du honetaz, egunero bisita egiten diedan horrenbeste blogarik. Teketen, Jabi, Arkaitz, Joxe edo Iratxek, adibidez.
-
Argi geratu da, ezta?
argazkia: ahtgelditu.orgNahiz Guardia Zibilaren kontrolak, nahiz Miren Azkarataren kriminalizazio eta desitxuraketa saiakerak, nahiz Jaurlaritzaren oztopo eta trabak, nahiz komunikabide nagusien izkutaketa eta desinformazioa… argazki hau luzaroan izango dugu gogoan.
Arrasateko mobilizazioa, orain arteko handiena izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako burrukan. Abiapuntu berri bat, estabaida soziala galdegiteko, inposaketari aurre egiteko… eta gizarte mugimendu herritarra bultzatzeko. -
Arrasaten Abiadura Handiko Trenaren kontra
Gaur ere ez gara geldirik egongo, ez horixe. Egunero daukagu zeozer gure herri honetan. Herri hau kudeatzen dutenek atsedena hartuko dute asteburuan, soldatak igo berri dituzte eta pozik egongo dira bere atsedenlekuetan, skiatzen, paseatzen, hipermerkatuetan dirua gastatzen…
Apalagooi, Udalaitz defendatzea tokatzen zaigu, mendira joaten jarraitu ahal izateko. Abiadura bizikletaz neurtzen dugun arren, trena sarriago erabili gura genuke, Zarautzera joateko, inoiz Gasteizera joateko, Bilboko alde zaharrera hurbiltzeko… baina hori ez, hoiek ez daude berrikuntzetarako. Madrilekin lotu behar dugu, Paris dugu begiko. Baina Euskal Herrian patxada ibiltzeko ez daukagu tren egokirik.
Badirudi, inposaketaz Y hori onartu behar dugula. Halabeharrez. Eta zelan diren kontuak, herritarrek iritzia eman ahal izan duten kasu guztietan, trenaren kontrako bozak izan dira nagusi. Kontsultaz berba egingo digute gero, jario etengabean.
Abiadura handiko trenetan ibilia naiz, Frantzian, ibilia naiz Madriletik Kordobara ere. Eta? Ez dut beharrezko ikusten halakorik gurean. Gitxiago egin behar duten txikizioa ikusi ostean. Mapetara begira aritu -mila esker herri ekimenari horregatik- eta informazioa gero eta gehiago eduki, argiago daukat ez dugula behar horrelako obrarik.
Baina, aste honetan ere, gero eta nabarmenago geratu dira jeltzaleen asmoak. Praileaitzen argi ikusi da zerk mugitzen dituen, harriak eta ez herriak. Harria errepide berriak egiteko. Praileaitzen balio historikoa, artistikoak… beraiei bost. Badute Gugemheim. Badute Kursaal. Badute Y. Badute sekulako muturra. Jeltzaleek obrak gura dituzte. Makinaria ezin da gelditu. Baimenak, tramitazioak, soldatak. Abiadura. Nora joateko? Zertan gastatzeko.
Badirudi herri mugimendua asko azkartu dela aspaldion, zantzo politak ikusten dizkiot hedatzen ari den gizarte mugimendu honi. Horregatik ere, gaur Arrasatera joango gara hainbat herritar. Autobus bete. Kontatuko dizuegu, handik bueltatzean.
-
Euskal DV
Beti miretsi izan dut Rosa Diez. Beti izango dut gogoan, haren agintaldiko ven y cuentalo! Horretan ari da orain ere, Euskal Herria zelakoa den hortik zabaltzen.
Baina gure herria azaltzen, ez da erraza. Gure herria hori da, kontraesan bat. Esana eta izana ez omen dira bat, gehienetan.
Bart, Diario Vascok sariak banatu ditu. Hau, hori eta bestea. Gure lagun zenbait ere hautatuen artean. Ez diete ba saria eman Ikastola bati eta GARAko kazetari baten proiektuari?! Ondo, larriki sarituak izango dira Maite eta Haritz. Pozik egongo dira beharbada.
Baina nik ez dut ezer entelegatzen. Ez dut imajinatzen, etarrak hezteko eskola bati nola eman diezaioketen saria ABCvocentokoek (Goierri gipuzkoanoan, Artapalo guztien herrian), zelan ETAren egunkarietako baten kazetari bati… Segiko bideoak baino ez badira zabaltzen Youtuberen klon horretan. Correokoek euskal jiro bat eman dute ala?
Interneten euskaldunak aktibo gabiltzala esateko modua izango da agian. Ondo ari garela, txukun ari garela… euskarazko edukiak, hiztegiak, esamoldeak, bideoak igo, zabaldu, hedatzea dela bidea esan gura digute, bidenabar? Zer pentsatzen duzue?
Ven y cuentalo! Rosa. Euskal Herriak aldaketa behar du. Eta Joseba Arregi tertuliano EITB guztietan. Euskaraz, erdaraz, telebistan, agendan…. aupatu! Arregi.
Ven y cuentalo, euskal diario vasco. Pozten naiz sariengatik, sarituengatik baina batzutan pentsatzen dut, amets egiten dut, esan ohi dut: ni ez naiz hemengoa.
postdata: hurrengoa Euskal Hiria sutan, Euskadi saria.
-
Paris berriro sutan
Sutan esnatzen ari da goizero maitasunaren hiria. Paris sutan. Eta berba berri bat ikasi dugu, banlieues, auzoak omen. Gatazka omen. Biolentzia omen. Paris riots etiketa nabarmendu zen, aurreko liskarraldietan. Orain ere, bi gazte hil dira. Motoaren kontra egin zuen poliziaren autoak. Bi gazte hilik. Eta erantzuna karriketan da orain. Sua eta amorrua. Zer espero zuten ba?
Ari naiz, hango blogetara begira. Suaren kolorea damaite hango argazkiek, eta frantsesez irakurtzen dugu Pariseko ertzetako berri. Sarkozyk boterea berreskuratu duenetik, Barne ministrotik izatetik, presidenterakoa eskuratu duenetik… sutan dira langileak, ikasleak, gazteak… eta kea dariola dago maitasunaren hiria.
Ez dakit, baina oraindik asko maite dut Paris.
info +: Pariseko istiluei buruz, informazio interesgarriena vilaweb.cat gunean irakurri dut. Mezularian ez dute sekula vilaweb aipatuko, baina oso informazio ona eskaintzen du. Etengabe. Sarean. Katalanez. Interesgarri.
BIDEOA