hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • hurrengo geltokia,  info 7

    ahtgelditu.org herri mugimenduak eta sarea

    info7 irratiaAstearteroko mikrosaiora ahtgelditu.org ekarri dut asteon, eta abiadura handiko trenaren kontrako webgune azkarra deitu diot. Abiadura handiko trenaren inguruko eztabaida azkartzen ari den honetan, Elorrixoko herritar eta lagunak izan ditut gogoan. Aitortu dezadan, aurretik.

    Herri mugimenduak astiro

    Astiro, oraindik astiro, geldo, trakets ikusten ditut inguruan Interneten inguruan. Kezka sortu da, baina kezkatik haratago, eredu ere izan daiteke Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak, elkarlanean sortu duen metagune hau. Webgune azkarra deitu diot nik ahtgelditu.org honi. Bideoak, bloga, google earth… eskura dituzten tresnak oro baliatu dituzte, zer eta informazioa zabaltzeko, sentsibilizazioari euskarri berriak eskainiz.

    Polita iruditu zait, egungo garaietara egokitua beraien auzolan egitasmoa ere. AHTren ibilbideko argazkiak, bideoak, iritzia, informazioa eskatuz. Partehartze modu berriak eta ingurugiroaren aldeko burruka eskutik. Itzel ondo.

    aht gelditu elkarlana

    Asteroko kronikak
    Entzuleen artean, lantzean behin gune konkretuak eskaintzea, ondo dagoela adierazi dit Antton teknikariak Urruñatik. Berak ere, kronika grabatu ostean, maiz klikatzen omen ditu guneok. Eta eskertzen ditut Anttonen erranak, ez delako audio teknikari hotz eta arrunta, solasean aritzen gara, kronika grabatu aurretik, edo kronika egin ostean. Eta berotasun horrek, hurrengo asteko kronikatxoa prestatzeko laguntzen nau. Asko gainera.

    Kronika entzun gura bazenu:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071127_eus_2039.mp3]

  • hurrengo geltokia

    Terrorismoaz


    Carlos

    Bi argazki. Bi heriotza gehiago. Baina hau ez da terrorismoa. Hildako guztiak ez dira berdinak. Lanak 106 lagun hil ditu dagoeneko Euskal Herrian. Elorrioko Txaber 105. hildakoa izan da 2007 urtean. Beste hildako bat biharamunean Donostian.

    Carlos berriz faxista batek, militar batek, ultraeskuindar batek hil zuen domekan Legazpiko metroan, Madrilen. 16 urteko mutikoa. Arrazakeriaren kontra, faxismoaren kontra oihu egin asmo zuen kalean. Faxistak aurrez aurre metroan. Eta gazteena hil zuen pareko militar ankerrak. Ez da biolentzia politikoa. Reyerta bat dela diote sasikomunikabideek. Ez dute lotsarik.

    Heriotzak heriotzaren gainetik. Hipokresiak astintzen du gure lurraldea. Gizartea gaisorik dago, eta ez kondenatzea da kondenarik handiena. Ez dute lotsarik. Eta gu, bakea nahi dugunok ilegalak baino ez gara.

    Anoetako proposamenak 3 urte bete ditu, eta inork ez du bakerik gura hemen eta orain. Eta? Zer egingo dugu askatasunaren alde? Gure eskubideen alde.

    Terrorista hitzarekin ahoa betetzen zaien demokrata guzti hauek non daude? Ez ditut ikusten Elorrixoko argazkiotan, ez ditut ikusten Madrileko plazan. Non dira esku zuri garbi hoiek denak?

    Amorrua ezin gordeta, faxismoari eta kapitalismoari aurre egiteko garaia da. XXI. mendean, heriotza oso merke dago munduan. Nor izango da hurrengoa? eta errua ETArena dela esango dute, lotsabakook.

    Mintza gaitezen etikaz, biolentziaz, humanitateaz… gura duzuenaz. Baina gelditu dezagun dinamika hau, hilerriak toki barik itxi baino lehen.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    irratia.com: 100. saioa prestatzen ari gara

    2.0 bertsioarekin hasi ginen duela urte batzuk Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Podcasting garaiari heldu genion orduan. Euskarazko lehen podcastak egiten hasi ginen, lehenagotik antzeko kontuak egiten genituen arren.

    2000. urteko azaroan abiatu genuen irratia.com egitasmoa, Tas Tas irrati libreko estudiotik. Fax linean, modemaren kablea sartu genuen -etzegoen Internetik irrati librean- eta telefonoz Fermin Muguruza geneukan Irunen FM 99/00 dub manifest diskoari buruz berba egiteko. IRC kanal batean, zenbait entzule, galderak egiteko prest. Partehartzean sinesten genuen ordurako, eta entzuleek zenbait galdera bota zituzten, sineskaitz… eta Ferminek erantzun, zuzenean, on_line mundu guztirako.
    Luze joan zen abentura hura, asteazkenero Jalgi hadi dantzarat! saioa egiten nuen estudiotik, eta Jabik etxetik emititzen zuen irratitik jasotakoa. Ni alde zaharrean gora, eta bera Indautxun. Entzuleak nahinon, eta baita FMko 97.0an, Bilbon batez ere.

    Isildu egin ginen gero. Ez genuen saiorik egiten astero, baina irratia mantentzen genuen, gure esperimentuak egiteko. Ikasten jarraitzeko. Baina berehala ekin genion Bilbo Hiria irratian. Euskarazko irratia, gugandik gertukoa, aurkezpenak egin, proiektua gustatu eta aurrera. 97. saioa egin dugu asteon. Eta hasierako ilusio bera edo handiago daukagu.

    Eta abenduaren 5ean (asteazkena) 100. saioa egingo dugu Bilboko Kafe Antzokitik. Bai, ondo ulertu duzue, 7. solairuko estudiotik behera goaz. Antzokian egingo dugu, jendaurrean, jendearekin, gonbidatuekin, musikariekin, giro onean. Eta zu ere gonbidatu gura zaitugu, zelan ez.

    Jendea gonbidatzen ari gara, ideia ugari dauzkagu, eta falta diren asteetan zarata apur bat egin asmo dugu. irratia.com gure proiektu xumea da. Internet, kultura eta irratigintza uztartzen ditugu azken 7 urteotan, eta pozik ari gara, ondo ustez, eta gogotsu ziur.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    A ze astea!

    info7 irratiaInfo7 irratian wikipediari buruz mintzatu nintzen aurreko asteko martitzenean. Asteleheneko Jimmy Walesen hitzaldia aitzaki hartuta. Wikipedia sozializatu asmoz entzuleen artean. Horrarte ondo. Berba onak Estatu Batuetatik zetorren Jimboren eskutik. Entzuleen artean Juanjose Ibarretxe eta Paulino Luesma. Ez da gutxi. Eduki libreak.. hau eta beste.

    Eta asteak aurrea egiten du. Eta hortik aurrerakoa… desastre. Wall Street Journaleko mobida lehenbizi, eta albistetzar hori, Microsoft Arrasatera (Microsoft Corporacion Cooperativa… ;-))

    Gogoeta azidoa egin dut gaioi buruz. Euskarak munduan duen lekuaz, leku ezaz… ardikeriaz edota software pribatiboaz. Nahaste bat, aste osoan gaiok blogean ez baitut aipatu ere egin. ¿Tu por que no te callas? galdetuko du agian bateronbatek… ez dakit. Baina irratia berba egiteko da, eta gustura egiten ditut agerpen hauek.

    Internet bidez zain FM bidez entzuten ahal duzue info7 irratia.
    Bizkaian 102.3
    Gipuzkoa eta Lapurdin 99.2
    Araban …
    Nafarroan …

    Info7 irratiko  Talaiatik kronika entzuteko: [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071113_eus_1957.mp3]

  • hurrengo geltokia

    Zer iruditu zaizue EL PAÍS berria?

    El PaísAsko berba egin da Espainiako egunkari salduenaren -onenaren?- diseinu berrikuntzaren gainean. Gaztelaniazko blogosferan be aipagai dute askok eta askok. Euskaraz be saiatu da bateronbat, zeozer esaten.

    Nik, domekan El País erosi nuen. 2 eurogaz, koloretako egunkari bat, El Pais semanal berritua eta eskuan daroadan erloju zuribeltzezkoa. Publico ere inoiz erosi barik neukan… eta egunerokoa baino doblea ordaindu arren -euroa- hori be eroan nuen. Gure kioskoetako egunkaririk garestiena ere –GARA– eroan nuen besapean. Paper mordoa, asteko egunik hotzena igarotzeko.

    Eta bueno, Kazetaritza fakultatera joan nintzenetik, egunkarietan egunkariena zena, dena, izango dela entzun izan dut beti. Eta aldaketak aldaketa, holangoetan gustatzen zait begiratzea. Irakurtzea. Erreparatzea. Ahal dala, zeozer ikastea.

    El País azentu eta guzti diseinatu behar izan dute orain, gaztelaniazko Euskaltzaindiak maiuskulaz ere hala behar duela izan delako. Eta horixe, hain zuzen gustatu zait gutxien.

    Asko gustatu zaidana, globalaren kontzeptua. El periodico global en español. Hor asmatu dutelakoan nago. El País egunkari handia da, handi egiten dakite, hankasartzeak ere egingo ditu, baina eredu da kazetaritzan. Eta eredu izaten jarraitzen du. Farol ona da periodiku globalarena. Bizi ditugun garaien neurrira.

    Baina, gaurkoan, nire iritzia eskaintzea baino, gehiago interesatzen zait ikusi duzuenona, ildo editoriala albo batera utzita, Cheren kalapita… eta guzti hoiek aparte, zer iruditu zaizu gure kioskoetan -Euskal Herrikoetan esan nahi dut- gutxi saltzen den arren, garrantzitsua baino garrantzitsuago den egunkariaren berrikuntza.

    El Paisek, Interneten ere blogaren bitartez gaiaren jarraipena egiten dihardu. ¿Que os parece el nuevo EL PAÍS?

    postdata. Nik, El Paisek oparitutako erlojua zotz egingo dut erantzuna ematen duzuenon artean, begirunez.

  • hurrengo geltokia

    ZU genheim?

    10 urte bete ditu Bilbon kokatuta dagoen museoak. 10 urte joan dira, erreka ondoak itxura barria hartu zuenetik. 10 urte kultura edo artea, edo modernitatea edo nik zer dakit zerk Bilbo zipriztindu zuenetik.

    gugenheimTitanioak kolore berria ekarri zion Bilbori. Itxuraldatu zaigu hiriburua, erakarri ditu turistak, artistak, bankeroak eta kongresu nazioartekoak.

    Bilbo ez da berdina. MCDk ezingo luke orain Bilbao, mierda, rock&roll diskorik egin. Bilbo, titanioa eta POPy dira orain gure eredu.

    Iritziak irakurtzen ari naiz, iritziak entzuten. Artistak ez dira ausartzen museo estatubatuarra kritikatzen, garai bateko kultur kezkak behera egin du, museoaren arrakastak itzali egin du kritikotasun artistikoa, kulturala. Eta hala ere, iritzi interesgarriak batu dira museoaren karietara. Hasier Etxeberriaren gogoetak gustura irakurri ditut, eta horrelako iritzi gehiagoren bila murgildu naiz.

    Berriak ere garrantzia emandio gaiari, egunero ari da zerbait plazaratzen. Eta bitartean vasco universal saria eman diote museoari, txakurrari ematea zuten, bisualago agian.

    Museoa hor dago, 10 urtez, frankizia garestia euskaldunontzat. Baina euskal herritarrak pozik gaudela ematen du. Titanioaren lilurak zoratzen gaitu. Eta kale borrokari buruzko artelanek ere tokia dute bertan… zer gehiago behar du ba euskal museo batek?

  • hurrengo geltokia

    Behiak, bertsoak eta abar

    Ferian izan naiz gaur, urriko astelehenez. Gernikara joan gara etxeko hiru belaunaldi. 64-35-01. Azokara lehenengo, eta Santanapeko feriara gero. Pirenaika arrazako behi, txahal eta zekorrak. Ederrak benetan. Garbi garbi, handiagoak ezin eta itxura oso onekoak. Basoan baino denbora gehiago kortan egiten dutenak ziurrenik.

    Eguerdia izango zen, Egaña eta Lizaso, Lujanbio eta Enbeita kantuan hasi direnean. Librean lau bertsolari. Ordu erdiko bertso teman. Bertsoak entzutera joan aurretik Kalitateko okela jan dugu, ardaoagaz batera. 3 eurogaz bi okela zati txukun, eta ardao basokada bat. Gozo. Kalitatea k-rekin.

    Eta bertsoak ostean. Bertsoen ostean sariketa. Behiak multzoan atera, nor bere jabeagaz eta itzulia jendaurrean. Epaileak so. Eta sari banaketa. Behi ederrena, zekorrik txukunena eta etxalde onena -zekorra, eta txahaldun behi parea- saritu dituzte Gernikan. Danak pirenaika arrazakoak.

    Bertsotan aritu direla, hau eta beste, baserria eta feria, bertsoa eta abarra…. gaia aldatu du Lizasok. Garzon ekarri du hizpidera. Eta gero eguneko bertsorik txalotuena bota du Egañak. Pirenaika arrazako behiak ere atxilotzeko zorian dagoela Garzon, Espaina eta Frantzia artean sortutakoak izaki.

    Behiak, bertsoak eta abar. Urriko astelehenak bereziak dira Gernikan. Ez da jendetsuegi izan, baina ondo igaro dugu goiza. Giro onean, euskaldunean. Atzoko beste ondo bai, behintzat.

  • hurrengo geltokia

    biba zuek!

    Eta bueltatu naiz normaltasunera. Bizitza normala, egunkariak kioskoan erosi, erosketak egin, paseatu, bazkaria prestatu, autoa hartu eta lanera.

    Lana, alta. Seguruak. atestatuak. Oraindik ahaleginak egiten ditut gertatutakoa burutik kentzeko, baina egunero erantzun beharrean naiz, azalpenak eman beharrean, gogoratzen edo akordatzen.

    Baina bizitzak aurrera darrai. Eta guk berarekin. Aurrera goazen seinale. Ez dago lotuterik, ez dago geldi egoterik. Patxadaz hartu eta aurrera.

    Mila esker, ezer idatzi dostezuen guztioi, mila esker aipamen guztiei, itaun guztiei… bihotza hunkitu zait, eta ez daukat berba asko jaurtitzeko indarrik.

    Maite zaituztet oraindik!

  • hurrengo geltokia

    A8 …eta bizirik nago!

    Hondarribira nihoan, lan kontuak tarteko, egun osoko bilera batera bertako Gazte aterpera. Itziarren gasoila bota, egunkariak erosi, eta lasai nihoan. Euria ari zuen, zarra zarra, eta arretaz gidatzen nihoan. Bereziki zaindu ditut Itziarko bihurguneak, Zumaiara heldu aurretik dagoen aldapa beherako bihurgunea ere mantso hartu dut, Donostian Amaratik atera beharrean aurrera jarraitu dut, eskuinerantza. Irungo norabidean.


    Bapatean joan egin zait autoa, -aitaren 4×4 asto bat- ni baino gehiago izan, eta ezin izan dut kontrolatu. Eskuin hegala jo dut lehenbizi, bueltak ematen hasi naiz gero, ezkerraldera igaro arte. 5, 10, edo nik zer dakit zenbat segundu izan diren, buelta, itzulika… eta ni geldi jezarlekuan, mugitu ere egin barik, baina bueltaka. Gelditu denean, askatu dut gerrikoa, eta aurreko leihotik atera naiz, zutunik. Oinez.

    Auto ilara geldirik zegoen atzean. Harrituta, ez zuten espero nonbait. Eta nire gauzak biltzen hasi naiz… ez dakit zenbat metro atzerago. Idazten dudan ordenadore hau, motxilan zegoen bide ertzean. Nire jaka beltza ere zikinduta haren ondoan. Egunkariak lurretik sakabanatuta, aitaren makila, neurriak hartzeko metroa, telefonoa autoaren ondoan…

    Izugarria! Uste dut tarte batean ez dudala ahantziko. Eta bizitzak buelta eman didala une batez. Second life. horrela idatzi diet lagunei. Ohetik. Baina ondo nago, zauri txikiak egin ditut bapatean ateratzean, belarrian, eskuetan…

    Gogoan hartuko ditudanak:

    • Zeinen txarto dagoen prestatuta autopista hau horrelako, edo are larriagoak izan daitezkeen, istripu eta ezbeharrentzat. Ez dago irteerarik, ez dago non buelta eman, ez da polizi auto edo anbulantzientzako bide berezirik.
    • Tokatu zaizkidan bi ertzainen jatortasuna. Euskaraz mintzatu zaizkit denbora guztian, bai istripua izan eta gutxira, zein atestatuak egiterako unean. Hikaz berbetan, tono hurbila, konfiantzazkoa… eta atestatua ere euskara hutsez erredaktatu dute. Oiartzungo ertzain etxean egondakoan, pertsona bezala tratatu naute, abegikor gainontzeko atezain, zaindari eta guztiek ere. Hamarra benetan.
    • Donostiako erietxean ere, erdiak baino gehiago euskaraz atenditu nau. Eta egia esan, larritasun momentuetan asko eskertzen da hori. Barrutik atera behar dituzu berbak, zer duzun, zer gertatu den kontatu behar duzu, kontatzeko beharra duzu… eta berotasun hori asko eskertzen da. Mediku batek, bi erizainek eta beste zeladore batek euskaraz egin didate. Itzela.

  • hurrengo geltokia,  musika

    Euskadi gaztea zoriontxu

    Pako Aristi hots egin zioten, astero bezala. Prentsaren azterketa berezi bat egingo du aurrerantzean idazleak. Kritikoa, zelan ez! Eta Euskadi gaztearen azkena jarri zioten, entzungai. Mesedez kentzeko eskatu zion berak Maite Artola esatariari. Eta broma zela pentsatu honek. Serio ari zen Aristi, Itoizen kantuari inoiz egin zaion bertsiorik txarrena esan zuen, han, non eta antenan, zuzenean.

    Gorrituko zen esataria, gorrituko lirateke, entzule balira, euskaldunak balira, kantua abestu zutenak ere. Ni ez nintzateke ausartu beharbada, autozentsura oso goian daukagulako, baina Pako Aristik pentsaten zuena esan zuen, han, antenan.

    Eta poztu nintzen. Ez dut irratiformula kate komertzial publikoa entzuten, baina albisteak euskaraz entzutea beharrezko dudanez, promozioa sartu didate ahotik ere, bihar goizeko bederatziak hamar gutxiagotan lauteilaturen bertsioa entzungo duzue…. eta segundu batzuetako aurrerapena.

    Donostiako abeslari españolenak jarri dituzte kantuan, a ze lorpena! integrazioa dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Euskara ikasiko balute sikiera, ahalegin minimoena egingo balute, es la cancion en euskara que mas me gusta Amaia Monterok. Zenbat gehiago entzungo zituen? esaten zidan lagun bertsolari batek. Eta ahoskatu txarto -hori euskaraz entzuteko gai den edonork daki- eta kantatu ere txarto -Urrestilako organujoleak halan dio behintzat-.

    Euskadi kaltea
    Egaztea irrati formula hori ez dut sekula maite izan. Ñoñoa iruditen zait, pijoa baino umekeria galanta, Edurne Ormazabalen kapritxoa, Joseina bezalako adituak dituena, oso broma atseginak egiten dituzten plantela… eta musika programa onak faltan dituen irratia. Gainera, Ilaskirena bezalako ahotsak galtzen dituena… zoritxarrerako. Ziur naiz prekario portatzen dela langileekin -zeozelan deitzearren-, bertikala erabakietan, zentsura pratikatzen duena -Xabier Montoia gustuko dudan aldetik dakit hori, gogoratzen denok gara Xabier Montoia hura?!- . Eta galdetzen diot neure buruari, zertan laguntzen duen irrati horrek gure musikaren panoraman, zertan egiten dion on, eta zertan kalte.

    Nik argi daukat, zuek?