-
Delorean musika eta musikari atseginak
Asteon Delorean taldeko Ekhi Lopetegi elkarrizketatu dugu irratia.com saioan.
DLRN taldea gustukoa dut, Mikel Elortzarekin Donostiako Bilintxen lehen diskoa erosi nuenetik -Mikelek oparitu zidan, han bertan- B-core disketxeak plazaratutakoa.
Gerora, lan guztiak eta taldearen bilakaera jarraitu dut. In to Plateau bikaina iruditu zitzaidan, eta handik honako dantzagarritasunak, areagotu egin du nire zaletasuna.
Zuzenean ere maiz ikusteko aukera izan dut. EHZ, Bilboko antzokian, Durangon… eta egia esan, zuzenean ere zer egiten duten gustatzen zait. Enau harritzen, nazioartean lortzen ari diren arrakasta musikala. Benetakoa da. Zaleen artean, lorpen itzelak egin dituzte.
Atseginak
Baina, batez ere taldekideen xalotasunak txunditu nau. Igor bateriajolea aspaldi xamar ezagutu nuen, taldearen izena Makalak esan zidanean, izena bera ere txundigarria egin zitzaidan: de_lo _re _an. Igor Makalarekin zetorren gaztetxera, eta berak be pintxatu zuen zertxobait… -10 urte baino gehiago pasa dira…-
Irratia.com saioan, bigarrenez elkarrizketatu ditugu, eta Ekhi Lopetegigaz berba egitea plazer bat izan da. Elkarrizketan aritu ginen Jabi eta biok, eta txundituta. Ibon teknikari eta disko jartzailea ere pozik, baina estudioan zeuden beste batzuk ere zur eta lur geratu ziren… txunditu antzean. Tartean rockero zaharren bat be bai.Onena elkarrizketa entzutea, nik neuk esateak ez dekolako balio handirik. Baina nik sentitu dudan hori transmititu eta eskertu nahi nuen.
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
delorean biba zuek! -
liburuak eta egunak
Gaur ez da liburuaren eguna. Gaur ez dizu inork literaturaz berba egingo, gaur agian ez da irakurri ere egin behar. Telebista irrati egunkari eta egitarau ofizialetan, gauza garrantzitsuagoak dauz, gurean bederen.
Barikuan bai, barikua oso egun garrantzitsua zen, barikuan denok agertu ginen eskuan liburu bat genuela… cool_tura! you know!Liburuak izan be, bere eguna dauka, eta agerian geratzen da holangoetan gure kultura guztia. Zer garen, eta batez be, zertan ari garen.
Barikuaren inguruko erretratu batzuk grabatuta geratu dira nire burmuin nekatu honetan:
- Gure inguruko agerkari, egunkari, telebista eta irratietan, liburua zen protagonista.
- gure herrian be, ekitaldi pare bat egon ziren. Bata aspergarria, eskasa, ondo ordaindua eta txarto iragarria. Bestea koloretsua, partehartzailea, liburua/irakurketa/sorkuntzaren ingurukoa. Herritarrek antolatua, ez oso ondo iragarria baina jende asko batu zituen. Zero euroko gastua.
- Bezperan Eider Rodriguezek solasaldi bikaina eskaini zigun kultur etxean. Idazle ona dela ez genuen dudarik, pentsalari ederra izateko bidean da oreretarra.
- Eider Rodriguezen hitzaldian 14 emakumezko eta 6 ostantzeko.
- Gaur Kirmen Uriberi txakoli eguneko saria be eman diote. Idazle baten tokia, gizarte ekitaldietan.
- Zapatuan Carrefour baten, urgentziazko erosketa egin nuen. Toti Martinez de Lezearen poster handi handi bat ikusi nuen eskailera mekanikoen ondoko horman.
3dia: mattin @ euskaraz.netMundu guztia mintzo da eguraldiaz, gu ere ez.
Albisteak 2.0 wikipedia, hizkuntzak eta beste kezka batzuk…
-
zaindu maite duzuen hori
Iritzi helduak, uste haundikoak,
Gure herriaz.
Goiz eta arrats berriketan
Gure herriaz.Ez dago irratia piztu beharrik, telebistan ikusi edo egunkarietan irakurri barik be, dagoneeko badakizu zertan ari zaizkigun, gizon jakintsuak. Gu hau eta bestea. Zertan ari garen, zertan dihardugun… dena harrapatu dute, dena da garrantzitsua, dena muntaia, sarea. Errealeko futbolaria, unibertsitateko irakaslea den artista margolaria, eskolako andereñoa, informatikari gaztea, arrantzalea… eta abokatuak. Denak dira sospetxoso. Lehenago kazetariak, zuzendaria, administrazioko kidea, pentsalaria edo zinema produktorea izan diren gisan. Edo gazte asanbladako kidea, ikasle abertzalea, militante sutsua eta bozeramaile jardueran dabilen neska. Denak dira sospetxoso, eta horretan arrazoi dute.
Nik ere nahi nituzke
Halako segurtasunak eduki.
Baina, gauzak zer diren,
kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren idatzi gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Baina uste dut jendea anestesiatzerik ez dutela lortzen. Behin eta berriro ari direla jokaldi berean, baina gu ere ez garela hain tuntunak, badakigula zer eta zertan ari den bakoitza, zergatik eta zertarako. Eta badakigu jakin ere, zer dugun aurrean. Norekin ari garen. Eta jada, ez konbentzitu, ez iraindu ez gaituztela egiten. Zugarramurdikoak ez ditugu ahantzi, geroagokoak ere ez. Zeinen gaiztoak eta ankerrak garen, beti esango dute, ziurtasun osoarekin. Zeinen herri basatia eta sugarra den gureaz mintzo zaizkigu oraindik ere, aspaldi bezala… baina badakigu jakin, gurea ez dela besteak baino hobea, ez dela gutxiago ere, apur bat ezberdina agian, baina nortasun handikoa. Eta eusten diogula nortasun horri, identitateari, eta mintzoari, eta kulturari… eta badugula gauzak egiteko manera bat, gurea, eta laket dugula hori… eta kontuok tentuz hartzen ditugula.
Hori suertea
Nonnahikoak diren hoiena!
Sasi guztien gainetikan
Dabiltza hegan.Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren esaten gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Eta hala ere garenak gara, eta goazen lekura goazela, abestuko dugu, kantatu, barre egin, umorez hartu, jolastu, joan, etorri, itzuli, agurtu, esan, entzun…. eta bost guri halakoen usteak. Ez gara atzokoak, eta badakigu zer gura dugun biharko.
Inork ez zidan esan
Euskaldun izatea zein nekeza den,
Hobe nuela hautatzea
Munduko hiritar izatea.Euskalduna izatea ez genuen hautatu, sortzez. Eta beste batzu ekarri egin zituzten, edo etorri egin ziren. Eta datoz, badatoz gehiago ere. Eta euskaldun izan gura dute, izan nahi dugu. Munduan euskaldun, garen bezalakoak. Izaten uzten ez badigute ere, eusten diogu izan nahi horri. Eta bagara, bagabiz, bagoaz.. pitike pitike. Munduko herri bat, gurea. Euskal Herri hau. Ttiki, iraindu, zigortu, aspertu, egurtu, salatutako hau. Baina ezdeusa ez, bada, eta izango.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia Ainubian denari.
Zaindu maite duzun hori.
Eta bart Ruper entzun dugu, kantuok jartzen. Eta asteleheneko sententzia, eta biharamuneko bengantzia ez ditugu ahazteko. Egunkaria libre! oihukatu dugu azken urteotan, zazpi urteko amesgaiztoa, gau iluna bizi izan dugu otsailaren 20 hartatik. Eta bitartean kantatu dugu, joan gara, batu dugu, egin dugu, izan gara… eta kantuok jarri ditugu. Baina bart, lehenengoz libre! izan osteko lehenengoz izan da. Eta halako sentimendu gazi gozoa. Naiaren atxiloketa salatzetik heldu, Jon eta Arantza, Iker eta Saioa… Erramun, David… lagunak ditugu gogoan kantuok entzutean. Libreago ote gara?  Zaindu beharko ditugu maite ditugunak, jagon beharko ditugu gure lagunak.
Hala esaten didate:
Zertan zabiltza maite kontuetan?
Elkarbizitza jokuan
Eta zu, berriz, bertso ttikietan.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia
Ainubian denari.
Astea daroagu batari eta besteari buruz berbetan. Pankarta atzeko lerroetan, mezu ttikietan, irratsaio, telebista programa eta blogetako post ezberdinetan. Libre! oihukatzen, esaten, idazten, marrazten, asmatzen…
Zaindu maite duzun hori.
Zaindu gorroto duzun hori.
Zaindu…Egunak eta gauak, Euskal Herri libreago bat, euskaldunago bat… justuago bat amesten. Gauzatzen. Zaindu eta maitatu, zuek bezala guk.
Egunkaria libre! pixelak baino ez gara albisteak 2.0
Egunkaria libre! irratia.com saioan
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100412.mp3]Egunkaria libre! elkartasun globala
-
Bertsolaritza eta apustuak
Asaldatuta somatu genuen Andoni Egaña 7K-ko elkarrizketa ezin luzeagoan.
Ez da egon ez baimenik ez irabazirik, ez bertsolarientzat, ez Bertsozale Elkartearentzat. Euskaldunoi beti iruditu zaigu ekimena gauza ona dela eta batzuentzat txarra da. Geldirik egongo balira, hobe. Apustuen kontu horrek gure jarduna zabartu egiten duela uste dut. Gu ez gara ez Kaiku, ez Reala, ez Portugalete. Gu bertsolariak gara. Imajinatzen duzu apustuen makinan egotea nork irabaziko duen hurrengo Euskadi Literatura Saria?
Argiako hari@ak ideia bati heldu dio, eta hari horri jarraitu gura nioke. Luzeago, zer pentsatua emango duelakoan.Andoni Egaña, btn09 txapelketan. Argazkia: Urko Lasarte Wikipedia Commons
Andoni Egañarenak hona ekarri, eta sortu zaizkidan txinpartak botako ditut… bat batean… errima barik, baina puntua jarrita. Ahal bada zorrotz, eta neurri librean.
“Ez da egon irabazirik...”
Eta irabazirik balego bai? Alegia, makinetakoek apustuen truke bertsolariak edo beraien elkartea sarituta, zurituta legokela ihardetsi gura du zarauztarrak? Alegia, irabazien gora beherak egiten du ona edo txarra hautu bat. Hortik abiatuta, beste kontu asko ulertu ditzakegu.
Bertsolaritzaren ajeak
Nik uste, bigarren boom bat bizi duela bertsolaritzak. Lehenengoak asko izan zuen Egañaren lehen txapelaren garaian, bigarrena bere txapela galtzearen sasoian dator. Telebista, Hitzetik Hortzera, belaunaldi berri baten agerketa… izan ziren orduko arrazoiak.
Transmisioa, zaletasunaren hedakuntza, medioetako presentzia, erreferente berriak, bertso eskoletan eta irakaskuntzan bertsogintzari lotuta dauden milaka ikasle eta urtez urte horretan dabiltzanak. Elkartearen lana… eta beste daude.Eta bizi dugu sasoi neoliberal honetan, bertsogintza ere hartu du olatu horrek. Txanpon makinak eta banketxeak zertan dira ezberdin? Etikoagoak dira Kutxa eta bebeka, kirol jokoa baino? Ontzat hartzen ditugu euskal kutxen iragarki etengabekoak, euskaltelen bluetooth iragarkietaz orditu arte informatu gaituzte azken txapelketan, telefonoak itzali behar zirela esan ostean. Imajinatzen duzu tabako iragarki bat, erre ezin daiteke saio batean….?
Etekinari baino begiratzen ez diogun bizitza honetan, bertsogintza ere excell taula batean neurtzen da. Neurriak eta puntuak. Errimak eta etekinak. Eta etekinak eta neurriari, markari begiratzen dionak soilik, normala apustuarena botatzea… normal normala.
Aparraren ostean
Maialen Lujanbiori autografoak eskatu zizkioten Hernaniko udaletxean egindako saioan. Neskek badute idolo berri bat. Goazen! programatik bertsolaritzara. Telebistatik kulturgintzara.
Egun osoa telebistan, milaka ikusle… ondorioak nabarmenak.
Zaindu da zaindu beharrekoa, eta mila detaile dago hor… baina handitu handitu handitu… txikleak ere eztanda egiten du. Eta bertsolaritzari, zenbaitetan aparrak gainezka egin dio edalontzitik, nahiz eta sagardotegietako ontzirik handienak eduki… normala ere izango da. Eta hartuko du berriz ere neurria. Apurka apurka.Espektakulua
Estetika audiobisuala, Bizkaia Arena, milaka ikusle, telebista eta Internet zuzenean… Bertsolaritza izan daiteke espektakulu. Gaur BEC, eta bihar Kursaal. Antzoki eta gaztetxe. Kontzertu osteko, edo opera aurreko. Espektakulua kontsumo kultura bilakatu da, eta kontsumoak kontsumismoa dakar… bere horretan. Eta hau, ajeetako bat baizik ez da. Eztabaida sortu lezakeena… zer pentsatua emango diguna. Eta Egañak, pentsatuko du, hausnartuko du, konpartituko du eztabaida hori.herri kirola
Iragarkiak, lehia, herrikoia, popularra, euskalduna, betikoa, tradizioa… zerk ezberdintzen ditu sokatira, harri jasotzea, aizkora edo bertsolaritza. Hizkuntzak soilik? Modernotasunak?
Bertsolaritzak gertu izan du beti apustua. Eta berdin berdin egunkarietako porretan, edo lagun arteko sailkapen desafioetan. Nik neuk be, afari bat baino gehiago irabazi ditut bertsolarien kontura. Oraindik baten bat kobratzeko dudn arren… ez naiz hasarratuko.
Lehiak apustua du lagun. Apustuak dirua…. diruak… edozer.
Gure herrian lehia eta lana, lanak eta kultura, kultura eta hizkuntza… herria gertu, gertuegi. Batera sarritan.
Asegarcekoek telebista produktora ere badute, eta bati baino gehiagori pasatu zaio burutik inoiz Argiñanok ekoiztutako bertso programa bat, ezta? Argiñano bera ikusi genuen Ane Igartiburuk aurkeztutako ETB2ko saioan…. harrapatzen duzue, ezta?Bertsolaritza eta apustua gertu daude lagunok, etekinak eta irabaziak guztiok ditugu xede. Ekonomikoak, kulturalak, audientziak, sarrerak… labankorra da, eta badago zertaz jardun. Zertaz eztabaidatu.
Eta badakit jakin, honetaz bertsolariekin lasai eta zabal berba egin daitekela, eta bertsozaleek be badutela kezka franko… eta bertsogintza herritarra ere lantzen dela, eta transmisioa, eta baloreak, eta herrigintza, eta… hamaika gauza gehiago.
Zer uste duzue zuok ba?
-
grebaorokorra.info larriki saritua
ARGIA saria eman diote maiatzaren 21eko grebaorokorra.info ekimenari.
Biba zuek! pikete informatiboa egin zenuten guztiok.
gaztelumendi.org blog honetan grebaorokorra etiketarekin, m21eko grebari eta grebaorokorra.info proiektuari eskainitako albiste eta iritziak.
-
Egunkarialibre.info
#egunkaria + #libre egunkarialibre.info
Informazioa. Egunkaria hitza, elkartasunaren berba bilakatu dugu sarean, kalean, jendartean, hemen, lanean, hor, han, Madrilen.
Euskaldunon Egunkaria bertatik ezagutzeko parada izan zuen honek, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi lankide izan zituen honek… ozen esan nahi du sentitzen duen hori. Lehen artikulutik azken testu argitaratuetara. Iritzi artikuluak eta kronikak. Guztiak datozkit burura…Egunkaria libre!
Eta horretan ari gara sarean, lanean. Auzolanean. Egunkarialibre.info guztion artean ari gara egiten, sortzen, zabaltzen… eta zuk ere baduzu hori egiteko eta esateko aukera. Ez galdu aukera hau.
Software librea, irudimena, gogoa, irudi batzuk, argazkiak, telefono mugikorretatik grabatutako irudiak… eta irrati emankizun baterako gidoia, kanta batzuk, hitzak, korteak… eta zu!
Bilbon elkartuko gara! -
No time for …
Udan bihotzak jartzen omen dira sutan. Taupadek azkartzen dute sentimenduak adierazteko premia, eta gausentian, argitu aurretik esan ohi ditugu berbarik politenak.
Eztirik ez dakit, baina euli eta erle mordoa ibili da gure zeru gainetan. Ez dugu izan aski denborarik antza, maitasun kontuetarako.
Debekatuta gura dutenez, ez da biderik okerrena antza.
Zer ez dugun ikusi uda honetan. Zer esan, zelan adierazi….
Ez naiz demokrazian asko sinesten duen hoietakoa… telebistako bertsio ofizialak ikusi baino, gurago dut kanpora jo eta kalean ibiliaz ikusitakoarekin konformatu.
Uda honetan, Ares bezala, kaskogorriek bereak eta bi egin gura izan dituzte.
Egurra banatu dute, eta uste dut txistuak eta harriak ere jaso dituztela ordainetan… ta oraindik uda amaitu barik. Jairik jai, sanjuanetatik hona giroa berotu egin da, eta ez termometroengatik soilik…
Epaitegietako zerrendak loditzen ari, zitazioak izango dira negu hurbileko eguneroko… porrak berotu dizkigute gainak, eta dantzan jarraitu du ordea jendeak. Alai, kementsu.kaskogorriak kaskagorrin No time for love
-
Killtzaileak
Do you know Aurreskillers?
Sarean ari da hau bideoau zabalduten, eta beharbada ondiño eztozue ikusi ezta?
Aurreskillers, badazpada be dantzan hasi behako! -
webtv
ez da besterik entzuten aspaldion.
telebistaren aurrean ordu gitxi pasatakoa naiz. txikitan bezala geroagokoetan.
ez naiz inoiz oso ikusentzunezkoa izan. aitor dut hori aurretik.
prentsa ta irratia maite izan ditut beti gehiago, sortzeko zein jasortzeko. kontsumitu esaten da?kontua da baina, aspaldion sarean bideo irudiak ari direla etengabe nagusitzen. Internet kontsumo azkarra. eta irudiak lilura dakar; irudien kudeaketak ere bai.
ni neu be, horrelako proiektu, egitasmo eta zereginetara jarria nago aspaldion.
albisteak 2.0 eraberritzen ari gara Ibaizabal Telebistakoekin batera, greba orokorraren inguruko telebista sortzen laguntzen ari naiz, herriko bideoei beste ateraldi bat zelan emon pentsatzen dugu tabernetako poteoetan, irudiak zuzenean ematea erraztu den honetan, irratigintza eta letrak horrenbeste maite dituen honek, aukera berriak ditu buruan. begien aurrean.webtv hitz arrunta da. telebista egitea beti izan da garesti, boteretsuenen kontua. eskurago dago orain, baliatzeko ordua da beraz.
webtv, telebista interaktiboa, partehartzailea, zabala bultzatu gura duenetakoa bazara, maizago elkartuko gara, izango dugu elkarren berri.
kontua da, egitasmoak egitasmo, sarean zer egin franko dagoela oraindik. baina, egin egingo ditugu.
aste honetako irratia.com emankizunean kontua hauek guztiak izango ditugu aipagai. kezkak badirauelako. egunean jarri beharra dagoelako. ikuspegi kritikoarekin landu behar delako hau guztiau. -
EHZ festibala laister
Gero eta gutxiago Euskal Herria Zuzenean jaialdirako. Azken urteotan Idauze Mendin (Zuberoa) ospatu ostean, Heletan izango da aurtengoa, hamairugarrena jada. Arrosako oihal etxe erraldoian ospatzen hasi zenetik, urteak igaro diren arren, beti eskaini digu zerbait berezia eta emankorra festibalak. Zenbat une. Zenbat gau ahaztezin. Zenbat talde on. Zenbat oroitzapen.
Aurtengoan, talde oso interesgarriak egongo dira. Ezagunak asko, eta beti sorpresaz ezagutzen ditugun talde berriak guretzat. Beti ikasten. Beti ikusten eta entzuten.
Kanaldudekoek egin dute bideo honetan, jadanik ikus daitezke festibalaren artxibo irudiak. Atzera begira baino, aurrera begira dagoen Euskal Herriko jaialdia. Ikuspegi sozialarekin, euskara hizkuntza nagusi duen jaialdia, beste kulturei irekia eta etekinak -izatekotan- herrietako elkarte eta egitasmoetara bideratzen dituena. Ez da jaialdi komertzial bat, eta hori zinez eskertzen da, bizi ditugun garaiotan.
Rock&rolla, musika, gaua ez delako ondo pasatzea soilik.