-
zertarako irakurri? liburu bat adibidez…
Gaur ere, ospakizunetan gara. Nazioarteko liburuaren eguna. Eta, liburuz beteko dira albistegiak, larrosak, Cervantes eta Shakespeare gogoratuko dizkigute.
Eta gaur ere, mesanotxa gainean duzunari begirada botako diozu beharbada, letra artean itxiko dituzu begiak. Eta gosaritan kafesnearekin busti berririk txarrenak, eta metroan zoazela irakurriko dituzu pasarterik atseginenak, hiria geldi balegolez.Gaur ere, zenbat irakurtzen dugun esango dugu guztiok. Eta zenbat saldu gura diguten zabalduko da irrati eta telebistetako parte ofizialetatik.
Gaur ere besapeak liburuz mukuru joango dira, nor bere lantokira, ikastetxera, atseden lekura.
Baina gaur ere, inork ez du gogoeta seriorik egingo liburugintzaz, literaturaz, banidadeaz, irakurzaletasunaz… dena delako itxura, dena da agertu gurea, dena da zeruan eztanda egiten duen bolandera edo itxafero magikoa. Eta magia egotekotan letra artean dago, errealitatea gainditzen duen fikzioan, sinesgarri egiten diren asmakizun idatzietan.
Zertarako irakurri? bezalako berbok idazten ditugu, inoiz baino gehiago irakurtzen denaren ustea dugun honetan. Zertarako irakurri? liburugintza eta kazetaritzatik landa, inoiz baino gehiago idazten ei den unean.
Plazerrak dena justifikatzen du. Beraz gaur, atzo, bihar, gura duzunean plazerraren eguna izan dadila. Zer daukazu irakurtzeko? Zer gomendatuko zenioke alboan duzun lagunari?
Niri Iñigo Aranbarriren nobela irakurtzeko irrika sartu zait. Zulo bat uretan.
-
Wikipedia, idazleak eta wikiak
Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenezen ‘wikia’ landu dute alemanez
Arantxa Urretabizkaia (Koaderno gorria) eta Edorta Jimenezen (Kilkerren hotsak) liburuen alemanezko itzulpenen Frankfurten aurkeztu ondoren, bi egileon wikiak paratu dituzte Alemanian. Jimenez eta Urretabizkaiaren gaineko informazio zabala aurki dezakete bertan irakurle alemaniarrek.-zer?Â
Holan ikusi dut idazleak.org gunean. Eta albisteak erakarrita, klik egin diot Jimenez-en wikiari. Klik. Eta alemanezko wikipedian sartu. Poztu egin nau albisteak. Bi euskal idazle alemanierazko wikipedian.
Gehiago kezkatu nau ordea, albistearen erredakzioak. Wikipedian paratzea eta egileon wikiak sortzea… arras ezberdinak dira. Baina nago ni, gurea ere badela errua. Sekulako nahastea sortzen dugula teknologiaren inguruan, berriak sortzen dira, wikiak, blogak, rss… eta sekulako nahaste horren erdian harrapatuta daudela eduki sortzaileak.
Beraz wikipedia da entziklopedia librea. Euskaraz ere badagoena.
Wikia da argitaratzeko modua. Wikipedia wikian oinarrituta dago. Ulertzen da orain?
Literatura, argitaletxeak, liburuak eta egileak nahastuko ez genituzkeen moduan. -
Ez dizu onik egingo
Susa argitaletxean ezpotak egiten hasi gara. Telebista medio garestia da, baina ikusentzunezkoak egitea beti amestu dugu. Eta Susako idazle eta egile, eta lagun, eta ezagunen artean mezua pasa genuen. Egingo zenuke spot labur bat? Eta horrela hainbat sortu dira, eta astero Emailuetan pasako ditugu. Eta literaturaren kalteetaz mintzatuko gara.
Lehen bideo hau Eider Rodriguezen ideia izan da. Eta Youtubera ere igo dugunez, hemen jarriko dut. Datozen asteetan gehiago izango dira. Eta zuek ere egin dezakezue bat, ez lotsatu. Egia esan, horrek ere ez dizu onik egingo.