• 18/98+,  agit/prop

    maitasunaz irratian

    info7 irratiano time for love kantuarekin abiatu dut aste honetako kronika laburra info7 irratian. Hertzainak taldearen kantua ekarri dugu gogora, baina kantua entzutea ere posible egiten du Internetek. Irrati kronika izanik… zer hobea kantuarekin hastea baino.

    No time for love kanta ederra da, eta beharbada horrek egin du hain azkar, hain ausart sarean zabaltzea. Egia esan ikaratzeko moduko abiadura hartzen dute etiketek sareen sarean.

    Salaketa bat egiteko modu polita izan da, ezberdina. Betiko lelo errepikakorretatik haratago, etiketa bat, kantu bat, mezu bat, jarri dugu hizpide. Eta jendeak erantzun egin du… bestela begiratu bildu.net honetan notimeforlove etiketarekin zenbat gune dagoen.

    Eta technorati ere jabetu da horretaz, ez da dudarik. Euskal Herritik abiatu den ekimenak, gure mugak gainditu ditu, nazioartean ari da, eta eman ditu zenbait itzuli dagoeneko, batean eta bestean.

    Maitasuna; maiteminduen eguna izango da otsailaren 14koa ere. Greba orokorra dago deitua gurean. Beraz, no time for love.

    notimeforlove info7 irratian entzun gura baduzu:

    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/02/20080212_400.mp3]

  • agit/prop

    No time for love | berriz ere

    Ez dute uzten, maiatatzen gauean

    Euskalduna izatea, abertzale jardutea, herrigintzan ekitea, militante jokatzea, ez da posible.

    Maitasunaz jardun gura nuke, baina ez dago aukerarik.

    Demokraziaz mintzatu nahi, baina ez dugu ezagutzen.

    Internet gauza handia da, gure askatasun eremu ttipia ere bada, eta horretan aritzen gara, askatasuna hedatzen, askatasuna zabaltzen, askatasunari oihu egiten, askatasuna aldarrikatzen.

    No time for love abesti bat baino gehiago bilakatzen ari da. Abesti polita da, eta une etengabeak dakartza entzuteagaz batera.

    otsailak 14. maitasun taupadak, greba EHan. otsailak 14, no time for love. otsailak 14… zuk ere kontatu zer ikusten duzun, zelan bizi duzun, zertan ari zareten zuen auzoan, zuen herrian, zuen lantokian. greba, mobilizazioak. errepresioa. erantzuna. no time for love. Euskal Herria dugu irabazteko.

    Bilbo, no time for love

    (lotsagarri Bilbon, notimeforlove)

    technorati etiketa zabaltzen. notimeforlove

    postdata:
    no time for love lehenengoz idatzi nuenetik, oihartzuna hartzen ari da sarean. pozten naiz. jarraitu dezagun horretan. azken finean maitasunaz ari gara, ezta?
    Kuña bat ari da zabaltzen sarean, greba orokorrera deituz:

    [audio:http://euskalherria.indymedia.org/media/2008/02//46329.mp3]

  • pasahitza

    Maletillen matxinada sagardotegian

    Larunbat gauez Lizeaga sagardotegian. Maletillen matxinada. Izen handiak: Egaña, Paya, Silveira eta Lujanbio. Eta beste ziento erdi baino gehiago maletilla. Maletillak dira, aurreko Gipuzkoako bertsolari txapelketaren karietara, GARAk asmatutako bertso jokoan aritu diren bertsozaleak. 300dik gora izan ziren partehartzaileak, eta batzuk saria ere jaso zuten.
    adi adi begira! maletillen bertso afaria sagardotegian

    Urteko lehen txotx gaua izango zen gutako gehienontzat. Sagardo berria genuen frogatzeko. Eta afariari ekin aurretik, kupel pare bat edo probatuko genituen. Menua betikoa. Makallo tortilla, makalloa piperrakaz, txuleta ezin gozoago batzuk, intxaurrak, gazta eta bestelako gozo batzuk. Baina ororen buru sagardoa. Gozoa, suabea aurtengoa Lizeagan.

    Eta orduek aurrera egin arren, inor ez zen bertsotan hasten. Eta halako batean, Egañak Iurretako Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariagaz hasi zen bertsotan. Hara hurbildu zen gero Xabi Paya. Zarauzko bertsolari gazte bat gonbidatu zuen Egañak. Inguruan zen Silveira ere, eta urrunago Maialen Lujanbio.
    Zaharrak berri

    Eta maletillak hasi ziren gero. Ioritz azpeitiarra izan zen lehenengoa. Azpeitiako zezenplazan dotore aritutakoa Ioritz. Txukun hasi zen Lizeagan bertsotan. Egaña bera ikaratzeko beste.
    Egañaren gazta Ioritz, maletilla aitzindaria

    Sagardoaren bila joan etorri batzuk. Eta jaiak jarraitzen zuen. Lehenengo hemen, eta gero harago. Ez zen geldi egoteko gaua izan. Silveirak batetik, Egañak asko, Maialenek batzuetan, eta Payak ahal zuen guztietan. Neurri ezberdinetan aritu ziren. Gai jartzaile barik, librean.

    Maletillen maila
    Eta apurka apurka bertsozaleak, tabernako bertsolariak, hasiberriak eta bertso eskoletatik hurbildutakoak gehitzen hasi ziren. Sagardotegi gaua. Giroa eta bertsoa, dena bat. Maletillak bertso gosez joan ziren, egiteko gogoz. Eta izan zuten aukera ederra. Hainbatek kantatu zuen, gogotsu. Eta bertsolariak harritzeko beste kantatu zuenik ere izan zen. Plazaz plazan asko dabiltzan lau bertsolari ziren han, baina maletilla bat baino gehiago ez zuten ezagutu ere egiten. Beste batzuk bai, bertso eskoletatik eta.

    Ariketa polit bat ere proposatu zuen Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagak -Maletillen jokoan epaile izan denak-. Bertsolari bakoitzak puntuak jarriko zizkion maletilla bati. 5 puntu behar zutenak, asko izan ziren gero. Mordoa. Eta maletillek ondo eutsi zioten erronkari. Oso ondo. Eta txalo zaparrada luzeak joan ziren han.

    Gauak aurrera, sagardo kupelek apurka apurka behera eta giroa gora, zelan ez. Ni neu, goizaldeko 3etan abiatu nintzen etxerantz, sagardotegiko giro ederretik. Bertan utzi nituen lagun batzuk, eta ez dakit bertso gehiago izan zen edo ez… baina gaur, egunkaria erostean GARAko zuzendariak idatzitako kronika aurkitu dut, argazki eta guzti.

    Silveira, Egaña, Paya eta Lujanbio bertsolariak maletillei so

    argazkiak: patxi gaztelumendi cc lizentzia

  • agit/prop

    No time for love

    Maite zaituztegu esateagatik justizia gainean duzunean, seinale ona ez. Maitasuna baina, ezin kartzeleratu daiteke. Ez da ziega batean, justizia jauregi batean edo epaitegi batean sartzen ahal.

    Astea atxiloketa batzuen berriarekin hasi genuen gaur zortzi. Arrasaten bi lesakar. Medikuen txostena ukan genuen astelehenean. GARAren gune elektronikotik mundura egin zuen medikuaren agiriak. Igor Portu ospitalean zen, Mattin Sarasola guardia zibilen esku oraindik.

    Eta asteak luze irauten du pikoloen eskuetan. Inkomunikazioa. Tortura. Iluntasunari lotzen dizkiogun terminioak dira. Kolpeak, presioa, mina. Eta bitartean bertsio ofizialak aldatuz doan Barne ministroa. Barre ministroa esango genioke, barre egiteko gogorik izan ezkero. Negargarri, berriz ere.

    Komunikazioaren gerra ekarri du inkomunikazioak. Bertsio ofizialak eta mediku txostena aurrez aurre. Ministro bat, Estatu oso bat, herri txiki baten kontra. Senitartekoak, Lesakako lagunak, errepresioaren kontra diren guztiak… Internet baliatu zuten besteak beste, mezuak igorri eta hedatzeko. Tortura latzak. Testigantza berriak.

    Lekuko baten bertsioa ere jakin genuen, astea bukatu aitzin. Eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren testigantzak gero, epaileen aitzinean. Hiruen adierazpenek bat egiten dute, inkomunikazioaren mugak gaindituz. Hori ulertu ezinik jarraituko du beharbada, espetxera igorri dituen Marlaska epaile bilbotarrak. Gu ere ezin konprenituta gaude. Nola tratatu dituzten Lesakako bi gazteak. Baina dagoeneko hasi gara ulertzen Espainiako demokrazia. Lege antiterrorista defendatzen duen gure demokrazia.

    Ez dago denborarik maitasunarentzat. No time for love. Herri zahar hau berritzerik ez dago. Erlojuaren orratzak gure kontra doaz. Unez une. Irlanda zuen aipatzen Hertzainaken kantuak. Ez dute uzten maitatzen gauean…

    No time for love

    [audio:http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/wp-content/uploads/2008/01/no-time-for-love.mp3]


    Hoien legea guretzat apartheid,
    gartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea

    hoien legea,
    zu ta ni heuren gisara eukitzea
    gordeak dituzu arma ta izpien
    kontrako altzeiru atzean
    eta gu negar gasen mende gaudenok
    oker omen gaude

    Ez dute uzten maitatzen gauean

    Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen,
    gutunak idazten eta bertan hil
    eutsi zioten minari baina
    bakardadeak irentsi
    gorteek justizia egin zieten
    matoi txukunen gisan
    maiz borrokatuak iraun gogoz
    baina maizago hiltzea nahi

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.

    Eraman zuten Francis Hughes gaztea
    baita haren lengusu Tom McElwee ere
    etorri ziren Patsy Ohara,
    Bobby Sands ta lagunen bila
    Bostonen, Chicagon, Saigonen;
    Santiagon, Varsovian,
    Gasteizen eta Belfasten
    eta beste hainbat lekutan
    hau zerrenda amaigabea

    Zatozte anaiei borrokan
    lagundu nahi duten guztiak
    gerrara ohitu zintezke
    baina gerra egon badago
    arrainak itsasoa behar du ta
    herriak zu behar zaitu
    gure gogoak iraun artian
    ez da beldurra nagusituko.

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.
    Sirena garraixi bakarra gauean.
    Hertzainak

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Argi geratu da, ezta?

    Arrasate AHTrik ez!
    argazkia: ahtgelditu.org

    Nahiz Guardia Zibilaren kontrolak, nahiz Miren Azkarataren kriminalizazio eta desitxuraketa saiakerak, nahiz Jaurlaritzaren oztopo eta trabak, nahiz komunikabide nagusien izkutaketa eta desinformazioa… argazki hau luzaroan izango dugu gogoan.
    Arrasateko mobilizazioa, orain arteko handiena izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako burrukan. Abiapuntu berri bat, estabaida soziala galdegiteko, inposaketari aurre egiteko… eta gizarte mugimendu herritarra bultzatzeko.