• Euskal Herria 2.0
    agit/prop,  EUS,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Euskal Herria 2.0 topaketatik puntuEUS dominiora

    2006ko irailean burutu genituen Euskal Herria 2.0 topaketak Donostiako Artelekun. 2013ko udaberriaren azken egunotan ospatuko dugu puntuEUS dominioa eskuratu dugula Bilbon. Tartean… bide luzea egin du dominioaren aldeko lan isil eta malguak, irekiak eta zabalak, temati eta sutsuak.

    Euskal Herria nazioartean |
    euskararen herria munduan

    Lokalizazio eta Internalizazio estrategiak genituen aztergai Artelekun batu ginenean. Eta urratsak ematen jarraitu dugu bitartean. Software librearen eremuan eman ditugu urratsik handienak, baina komunitatea osatzean ere aurrera egin dugula esan dezakegu. Gero eta gehiago gara euskarazko tresnak, hedabideak, guneak eta mezuak darabiltzagun erabiltzaileak. Eta gero eta ozenago da gure oihartzuna; gurean bezala, gure mugetatik kanpo ere.

    Funtsezkoak izan dira horretarako, Kataluniatik eskainitako aholku, laguntza eta sustengua. 2006an Vicent Partal gurera gonbidatu izana, eta ostean irekitako bide emankorrak, urratsez urrats, ibilbidea erreztu eta bideragarri egin du. Ondo gogoan ditugu oraindik Vicent Partalen hitzaldia eta gogoetak.

    Eta orain, puntuEUS dominioa eskuratuta, berau martxan jartzeko dinamikan murgilduko da euskararen herria. Lorpen handia, tresna izugarri garrantzitusa eta abadagune aproposa nazioartean gure hizkuntza, kultura eta herria erakustera emateko, gure ekonomia, gure jarduna, gure adierazpenak oro.
    Zorionak mundu guztiari. Aurrea doan herria da gurea, euskararen herria.

    2006ko kronikak garaiko guneetan

    EuskalHerria.bipuntuzero.org gunea, argazkiak, egitaraua eta kronikak

  • #olatutalka #eraldalab
    agit/prop,  baserritik mundua,  Elikadura burujabetza,  ikusi eta ikasi

    Elikadura burujabetza eta tokiko garapena Euskal Herrian

    Eraldalab ekimenaren antolatzaileek aurten be hitzalditxo bat prestatzeko eskatu zidatenean, Esnetik kooperatiba eta Larrabetzuko eskolako jantokiaz berba egitea pentsatu genuen.

    Testuinguruan kokatu, tokiko garapenaren kontzeptua sozializatu eta ekonomia iraunkorra bezalako terminoak gure komunitatean aurkeztea nuen helburu. Hitzaldia prestatu, baserri mundua eta kontsumitzaileena zelan elkartu pentsatu eta irudi bidezko “beste” aurkezpen bat egiteari ekin nion. Gogotsu eta Donostian batu behar zirenak buruan izanda. Mezua, ekonomia sozial eta alternatibora lerrotuko nuen, gure kontraesanak areagotuz, nabarmenduz eta alternatiba errealak eta tangibleak eskura ekarriz.

    Elikadura burujabetza eta tokiko garapena

    Eraldalab ekimena bere horretan oso arrakastatsua suertatu da; jende eta gai aldetik, aurkezpenen mailagatik, ikusi eta ikasteko izan dugun aukeragatik, eta orohar eraldaketa soziala eta ekonomiaren inguruan saretzen ari garen ekimenen ikuspegitik ere.
    Olatu talka honek… olatukoop bezalako mugimendu ekonomikoa ekarriko duelako. Gu ere itsasoratzen ari gara….

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  info 7

    #askegunea Aspaldian ezagutu dugun desobedientzia zibil ekintza handiena

    Herri Harresi kolpeka hautsi dute, ondo kostata.
    Egunak eman ditu Askegunea eremuak erresistentzia lantzen, elkartasuna hizki handiz idazten, komunikazio eremu librea sortzen… Donostiako bulebarrean.

    Gau eta egunez, gazte mugimendua eta herritarrak elkarrekin.
    Urkulluren ertzainek, Iñigo Cabacas hil zuten gorputz polizialeko kideek, bi ordu eta erdi luzez… banan banan atxilotu eta kanporatu dituzte bertan batutako milatik gora lagunak.

    • Goizeko 6:00ak jo dutenetik, Info7 irratia ere zuzenean aritu da, Donostiatik, herri harresi barrutik, estudioetatik… eredugarri.
    • Sare sozial handi bat bilakatu da #Askegunea bera ere.
    • Mugimendu berri bat ari da sortzen une honetan, kalean eta gizartean. Eskubide guztien alde, konponbidearen alde, gazte mugimenduaren alde… Euskal Herriaren alde finean.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Nazioarteko antzerki eguna – World Theatre day

    Martxoaren 27an, urtero ospatzen da nazioarteko antzerki eguna. Gurean ere bai.
    Eta urtero antzerkigile ezagun batek manifestua idatzi ohi du. Aurtengoan Dario Fo egileari suertatu zaio langintza hori. Eta mundu osoan zabaldu da bere mezua, eta hainbat hizkuntzatara egokitu dira bere adierazpenak. Euskaraz ere badago nazioarteko antzerki eguneko manifestua, eta zenbait antzerkilarik manifestua bera bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.

    Nazioarteko antzerki eguna – Dario Fo

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    korrika Euskal Herri osoan

    Andoainen hasi zen, duela hamar urteko Egunkariaren itxiera gogoratuz, atzo gurean, gaur beste nonbaiten, bihar han… eta domekan azkenik Baionan bukatzeko.
    Gaur denok horretaz mintzatu gara, pozik, alai. gogoan ditugu herriko uneak, irudiak, koloreak, giroa, gogoa eta ilusioa. Korrika hori dana delako. Eta gehiago. Korrika zazpi Euskal Herriak dira, hamaika herri, amets ugari…. emozioa.
    Txikienek, gazteagoek, guk, beraiek, denek parte hartzen dugu, dute…

    Larrabetzuko irudiak 11amaika Telebistan

     
    Teknologia berriak eta Korrika aspaldidanik eskutik

    Info 7 irratian gogoetatxo hau bota nuen, Korrika eta teknologia berrienen arteko harremanaz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  i+g,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Sare sozialak berbagai gaztetxean

    Sare sozialak izan ditugu mintzagai Larrabetzuko gaztetxean. Dozena bat lagun batu eta dinamika parte hartzaileak egin ditugu.

    • watxap
      Gaztetxean gehienek erabiltzen dute telefono bidezko mezularitza azkar sistema modazkoa. Gaztetxeko taldea daukate antolatuta, eta mezu azkarren bidez kordinatzen dituzte gauza asko. Erabakiak hartzeko ez dutela erabiliko adostu dute, batzar batean. Erabilgarritasuna ikusten diote.
      Gehienek egun osoan erabiltzen dute, maiz.
    • twitter
      Ez daukate denek, baina gero eta gehiago erabili edo kontsultatzen dute. Gaztetxeak berea dauka @horibai23 eta erabilpen kolektiboa ematen diote, batek baino gehiagok kudeatzen du. Twitter beste sare batzuk baino serioagoa dela aipatu dute.
    • facebook
      Hori Bai gaztetxearen orrialdeak 150 lagun baino gehiago ditu, eta batez ere ekitaldien hedapenerako erabiltzen dela ohartuta, beste ekimen batzuen berri emateko ere baliatzea pentsatu dugu tailerrean. Gaztetxeak, herriko gauzak…
    • gaztetxeko blogahoribai.org
      Gehienek gutxi baliatzen dute, eta dauzkan aukerak aztertu ditugu. Bloga gaztetxea da, sare sozialak kartelak. Horibai.org indartzearen garrantzia, eta sare sozialetarako traktore funtzioa bete dezake. Komunikazio lantaldekoek bloga erabiltzen ikasi behar dute oraindik.
    • komunikazio tailerra
      Datorren hilabetean komunikazio tailerra egingo da gaztetxean, irekia eta partehartzailea. Gaztetxeko dinamika, gazte egunera begirako komunikazio lana, sare sozialak, bideoak…. landuko dira. Facebook sarean talde bat sortu da, kordinatzeko eta tresna berriak erabiltzen ikasteko, frogak egiteko, eztabaidatzeko…

    Pozik gaurko esperientziagatik. Dinamika partehartzaileek konfiantza sortu dute, guztiok berba egin eta parte hartu dugu, ideia berriak atera dira… eta batez ere, gure herrian gauzak egiteko gogoa eta aukera landu dugu. Pozgarria eta etorkizuneko tresnak erabiltzeko prestutasuna. Sare sozialean kontraesanak, mugikorren menpekotasunak…. holangoak ere izan ditugu hizpide, baina gogoratu… gauza onenak gogoratuko ditugu. Zorionak Hori Bai! aupa gazteak!

  • agit/prop,  Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Konprometitu gaitezen!

    Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
    Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
    Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
    Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
    Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
    Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
    Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
    Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA


    Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info

  • literatura

    gure belaunaldia

    Beñat Sarasolaren poema bat.
    Gure belaunaldiak ez du deus balio, gure belaunaldia Aginako zero bat da. Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte, eurek lotutako txirriak erre ditugu, gure alde jarri, gure bandora pasa dira. Irakasleek ikastoletan heziketa teknika modernoenak erabili dituzte gurekin; jolasak egin ditugu, drogen inguruan mintzatu gara, larrutan egiten irakatsi digute ia. Gu iristerako Historia amaiturik zegoen eta Artea, berriz, gure aurrekoek hil zuten. Dena dago honezkero idatzirik, ez da existitzen eskola literariorik haien kontra joateko, baina hala ere ezin konta ahala literatur sari eta beka antolatzen dizkigute gure karrera literarioak promozionatzeko. Utopia eta ideologiek ere, bestetik, ez dute lekurik gaur egun. Gure belaunaldiko inor ez da eromenez, gosez akabatuko. Modelo eta futbolariek tatuajeak eramaten dituzte euren errebeldiaren erakusgai, C&A-k Che Guevararen irudia erabiltzen du udaberriko denboraldirako. Ez dugu katekesirik egin, ezin izan gara apaizen kontra oldartu. Lanean, Giza Baliabideen departamentuak laguntzen gaitu, langileek brainstormingak egiten ditugu enpresaren kudeaketa hobetzeko, sindikatuek babesten gaituzte euren konbenio kolektiboen bitartez. Gure belaunaldiak, gainera, ez du diktadurarik ezagutu, ez dugu demokrazia besterik bizi izan. Gure belaunaldiak erreklamazio orriak ditu eskura bere kexak bideratzeko. Gure belaunaldia…

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    irakurtzeko gogoa

    gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
    gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
    oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
    ikasitakoa.
    eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
    erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
    bizi garela adieraztea. bagarela.
    Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
    Euskal Herria.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    hipoKrisiaz

    Egia esan, gezurra da nagusi.

    Egunkariak piztu, sare sozialak sintonizatu edo auzoan berbetan hastea besterik ez dago, bizi dugun giro kutsatuaz jabetzeko. Hiru lau nota, gainditu-ta gaudela ohartzeko. Sinatuta bueltatu, arren.

    Sobresaliente

    Barcenas delako horren sobreek mezu asko zalapartatu dute. Dimisio hots hitz ezinezko hori gauzatzea lortzen ez duten arren. Baina Rajoy -edo Raxoi?- eroriko da, eta hori dute helburu, berak baino gehiago agintzen/ordaintzen dutenek.

    No tablet

    Gertuago, angulak eta kutsatutako interes tipoak nahasten zaizkigu, erotutako arraultze batzuekin. Eta GARA egunkariko pdf-ak wikileaks gogorarazten digu, gure eremuan, sukaldaritza elitezko batean, to elikadura burujabetza! #ondoegina

    Bien

    Bien bitartean zintzotasuna neurtzeko, Gerediaga elkarteak gida berezia aterako du, aplikazio bat mugikorretarako, Azkue fundazioak finantzatua. Eta fundazioan bertan, kudeatzaile berria behar dute, baten batek alderdian jauzi handiagoa -oraindik- egin duelako. Bere burua hor aurkez dezake, agian, Durangoko azokari beste toke bat ematen saiatu denak, oraingoan baina tokea berari eman diote, eta deskolokatuta geratu da mundu guztia. Denak? Gerediaga eta azoka azken 30 urteotan ezagutu duenak ez du arrangura askorik hartu, ondo finkatutako estiloa da hau. Nirekin edo nire kontra. –Ez du zintzo jokatu. Harrapazank txiribiton! Egiptokoak baino mezu kriptografikoagorik… poker aurpegia somatu dut gaur goizeko kafe orduan, inguruko egunkari guztietako titularrak gosaltzean.

    Ondo egina lagunok, pantaila itzaltzeko gogoa piztu zait. Off!
    hipokrisiari stop!
    http://youtu.be/pMYdaFcUgQU