-
sare sozialak hizpide
Iruri Knörr eta Katixa Agirre izan dira gurekin. Berbaz. Elkarrizketa digitala izan da gaurkoa. Sareari buruz. Sare sozialak. Facebook, tuenti, twitter… sare sozialak dira. Interesgarria da fenomeno hau. Eta hor ari gara gu ere, sartuta. Eta sekulako azalpenak eman dizkigute bi neska gasteiztarrek. Badakite zertaz ari diren. Eta elkarrizketan murgildu gara… oso oso gustura. Jabik eta biok, asko ikasi dugulakoan gaude.
Baina polita izan da saioa, gu berbaz. Gure entzuleak twitter eta facebook bidez erantzuten, edo adibidez Fakun-ek Koska irratiko lagunak, estudiora deitu digu, bere iritzia emateko. Gaiari buruz facebook bidez jakin du, eta irratia entzuten jarri eta deitzea otu zaio. Beste batzuk, leku ezberdinetatik ibili dira iritzia ematen. Ttirritt Baxe Nafarroako Ortzaizetik, Aiora Kataluniako webgune bat diseinatzen ari zen bitartean, Garoa liburudendako lagunek apal berriari buruz berbetan, eta ohiko gure entzuleak twitter bidez (Igortxu, Mikel…).Gaur ere, saioa egin, eta asko ikasi dugu. Entzun gure baduzue, hor dago irratsaioa, maketa moduan.
-
Komiki azokan
Igande euritsua herrian.
Erromon komiki azoka dagoela eta bertara joan gara, etxekoak eta lagun bat. Bi plaza eta bi karpa. Sarrerak ordaindu -2,50 euro- eskumuturrekoa jarri eta barrura.
Inpresioa egiten du, Durangok inoiz joan ez direnei egingo dienaren antzera.
Gero barruan atseginagoa da kontua. Ibilgarriagoa, ikusgarriagoa, koloretsuagoa. Leku pausatuagoak daude, hormara begira egoteko modukoak, komikiak irudiak eskegitako koloreak… denetarik.
Komikia, liburugintza bezala anitza da. Denetarik dago… hasi umeen liburuetatik, eta zientzia fikzioz marraztutako kontaketetara. Argitaletxeak, banatzaileak, dendak, fantzineak… denetarik.
Erakusketak, artistak sinatzen, kamiseta frikiak, mahai jolasak…. benetan goiz pasarako -zein egun pasarako- aproposa azoka.
Lagunak eta ezagunak ere topatzen dituzu bertan. Agurtu, berba egin, komentatu eta denetarik.Manga gunea
Handik metro gutxira dago manga gunea. Eskumuturrekoa erakutsi eta Japon bertan. zer da hau? jendea mozorrotuta, jendea alai, jendea jolasten, jende mordo bat. Manga estetika, manga komikiak, pertsonaiak, elkarteak, bideojokoak, gitar hero zaleak… mundu bat, Japonen eta Getxon batuak.
Eta gune hau askoz ere frikiagoa da. Konplexurik gabe, baina mangak jendea erakartzen du, negozio berriak sortu ditu, zaletasuna modu ezberdinetan adierazi daiteke: Bideo proiekzio erraldoi baten aurrean dantzan, mozorrotuta, japoniar kulturaz interesatuak egonik, bertako janaria dastatuz edo bideojokoetan olgetan. Ah! eta manga komikiak irakurriaz, hori ere badago eta.Badago non ibili
Getxoko komiki azoka, oso gune polita. Erakargarria. Euskal kulturgintza bertan ere ikusi ahal izan genuen. TMEOren 101. zenbakia erosi eta Matxitxakoko guduari buruzko komikiarekin ere bueltatu ginen etxera. Milaka lagun batu ditu asteburuan zehar, Euskal Herrikoak eta Euskal Herritik kanpokoak ere. Gu joan bezperan egon omen ziren bertan Olariaga, Asisko eta beste zenbait euskal sortzaile…. -
hackintza ikastola
I’m PC. Ubunturen alde, inoiz ikusi dudan iragarkirik onena, duda barik. Ingelesez eta euskaraz sortua, gaztelaniaz azpititulaturik…. ikastolako ikasleek, beraien ordenadore ttikia eskuartean dutela, egin eta sortu duten bideoa itzela da.
Jakintza ikastola, jakintza eta informazioaren gizartean aitzindaria dugu. Blogak, partehartzea, hizkuntzak, software librea… uztartzen ari dira urteotan, ta gainontzekook ere gure zoriona eta begirunea zor diegu irakasle eta ikasle taldeari.
Ikerketa eta garapena (negozioa eta txantxulloak) hizpide dira egunotan, jeltzale eta sozialisten negozi(o)azioen harira… badugu bada, non so egin. Goierriko ikastola honek, informazioaren gizartean, hezkuntzan, jakintzaren sozializazioan…. zer esateko asko dauka. Biba zuek!
ikteroak > euskaljakintza > jakintzazu > jakinstein > -
software librea gura dugula, jode!
Sinadurak gora doaz software librea nahi dugu gunean. Milatik gora dagoeneko, eta gorantz. Kezka sortu da, eta keza hori hedatzean hasiko dira arduradunak arduratzen. Batzutan ez dakigu axolagabekeriaz, edo benetan jakitun direlako hartzen dituzten erabaki hoiek agintariek.
Software pribatiboa bultzatzeak, beraien eredu neoliberalarekin bat egiten du, dudarik gabe. Baina hala ere, guk, herritarrok, badugu kritikatzeko, aldarrikatzeko, purrust egiteko eskubidea eta beharra ere. Eta oraingoan argi eta ozen esan gura diegu gure agintariei, administrazio lokal eta handiagoei software librea gura dugula.
Hedatzen doa mezua. Medio guztiak baliatu beharko ditugu. Nik neure aldetik, Info7 irratiko asteroko neure tartera eroan dut kontua. Entzuleak gonbidatuz sinatzera. Software librea zer den apur batean ez bada be, azaltzen saiatuz.
software librea euskaraz ikastaroa
Lantokian ere, ikastaroa antolatu dugu software librea euskaraz izenburupean. 8 sesio bi ordutakoak, Ander Elortondo irakasle librezalearekin. Sarrera bat software librera, Firefox nabigatzaile arrakastatsua, Open Office 3 progra berria, eta azken bi egunetan Ubuntun barneratzeko aukera izango da.
Ikastaroa Arrasateko KulturAten izango da, ostegun arratsaldetan.
Software librea sozializatzeko holangoak egin beharko dira maiz. Erabiltzaileari erraztu egin beharko zaio erabilera librea. Euskarazko programak dira denak, txukun eta ondo euskaratuak. Anderren laguntzarekin ondo ikasiko dugulakoan nago ni ere. -
Hasi gara eta ez da gitxi
Urriarekin, martxan dago martxan egon beharreko guztiak. Normaltasuna, ordutegi berriak, promesak gauzatzen edo ez… eta batez be erritmoa. Musikaren erritmora mugitzen hasi gara… eta holan hobeto ezta?
Lagun batek esan dit, blogak twitter itxura hartu duela, what are you doing? galderari erantzuten nabilela etengabe… eta agian egia izango da. Agian bai. Blog hau, zuekaz harremanetan jarraitzeko, kontatzeko, iritzia emateko baliatzen dut. Kazetaritza eta informazio gitxiago ei dago, iritzi eta hapenning gehiago, momentukoagoa beharbada. Arrazoi izango du, baina bloga norberak gura duena denez…Â gorputzak hau eskatzen dit. Eskuek hori idazten dute. Hala beharko du.
Eta musikaren erritmora, abiatu dugu ikasturte behar duena. Ikasi gitxi beharbada, baina zer ikusi asko egon badago. Gaur irratia.com 121. saioa egin dugu Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Dena bere lekuan. Hango esatariak. Hango lagunak. Gure teknikaria, beti lez, jenial. Txuma Murugarrenen berri, Jabi Zabalaren adiskidantza… eta zer gehiago.
irratia.com hasi dugu, eta ez da gitxi. Ekainean laga gendun 120. saioagaz. Eta etenaren ostean, 121. saioagaz berriro hasi. Gogotsu hasi ere. Software librea aipagai hartuta.
Eta irrati emankizunekin hasteak, asetu egin nau. Musikari sentitu, esatariarena egin, dj-ak bagina lez. Ordu betez, lainotan egotea dakar irratigintzak. Itzela da, eta asterokoa laburrago eta intentsoago egingo digu.
Podcast bat da irratia.com eta oso gustura egiten dugu. Entzun gura baduzu, sarean dago online.
-
Alderdi eguna bai ta EZ!
Goizean oinez, erdi lo. Kartelari begira, futbol kamiseta bat afitxean. Selekzioa? Liga? Orain? Aibala, Alderdi eguneko kartela. Ez da txarra. Eta irakurtzen hasi eta baietz…. baina badirudi ez esaten duela. Tipografiari erreparatu, eta handiago ikusten dut EZ hori, bai baino.
Kontsulta?
Bai edo ez, zeri?
Ez dut erantzunik topatu. Bila aritu naiz, eta herrikoak autobusez joango direla baino ez dut aurkitu sarean.
eaj-pnv.eu gunean kartel gehiago, antzerakoak topatu ditut.
-
Hi, eingo juk ala?
Ointxe leidu baino etzoat ein, antza hikaz eiteko ohituria galdu eingo dokela. Euskeriak hiru bereizgarri jekozak: nornorinork hirutasune, deklinabidia eta hitanoa.
Guk eiten juk arian, batzun artian sikiera be; eta alkar ulertuteko geuze bagozak. Gu baino zaharragoak dozakenak, horrek bai, horrek beti eiten jeurek, danakaz ganera.
Izen geuze polite dok, ikisteko sano gatxa be eztok, eta ahalegindu ezkero… fazil fazil manejeko haz heu be. Ikisi gurok ala?
Sarriten pentseu izen joau, berbalagunek eta eiten dozaken antzera, hikaz eiteko taldeak sortutea be ezoala geuze eskasa izingo. Lantzean baten batu, trago batzuk jo, edo hortizik txiri txiri buelta bat emon ta berbaz ibiltia.
Ondino be denboraz gauzek, hau berbamoduau desagertu orduko.Hori bai, batuaz eiten ahaleginduten bagozak, Goenkaleko aktoreak emango diagu!
postdatak:
*ARGIAn Gontzal Fontanedaren testua irakurri ostean, bapatean burura etorritakoa. Halandabe, proposamena blogean. Gurok ala?**Gurean, hiketan eitea batez be mutil/gizonon kontua da. Horren ganean azterketa egina dauka Xabier Artzibar filologoak.
-
Gasteizen txakurrak zelatan
Goizean egunkaria erosi arren, zabaldu.com dugu albisteen iragazkailurik onena. Gasteizen txakurrak zelatan harrapatu dituzte.
Kontakizunak ere, kazetaritza interesgarria, badu misteriotik. Narrazioak albistea zehatz irakurtzera gonbidatzen gaitu. Datu guztiak gogoan gordetzera. Gertaerak, gertatutakoak ileak ere tente jarriko dizkizu. Eta azkenean irrifar maltzur bat, ezta?
Baina a ze pillada egin dieten tresnarik onenekin, Kutxi kaleko gazteak, biztanleak, herritarrak eta auzokideak zelatatzen ari ziren txakurrei.
Pentsatzekoa da, dagoeneko mota guztietak txakurrak erne ibiliko direla, baina badakite jakin kantea eman ezkero, jendea ez dagoela geldi egoteko.
Herri erantzuna, hori ere bada. Azkar, isilik eta zintzo jokatzea. Ardura handiarekin, eta sekulako marroia izan arren….. lan bikaina egin dute gasteiztar auzokide hauek. Biba zuek!
Bertsio ofizialen zain geratu beharko dugu.
Albistea GARA egunkariak eman du. -
Gero eta tresna berri gehiago
Egunetik egunera, gauza berriak ezagutzen ditugu. Batek lotura bat erakusten digu, besteak frogatu du, nik hau asmatu dut, horrek bestea kritikatu.
Egia da, software garapena, aplikazioen lokalizazioa, APIak baliatuta egiten direnak, ikasi ahala sortutakoak, esperimentuak. Gero eta + daukagu erakusteko, gehiago ikasteko. Hori ona edo txarra al da?
Ona delakoan nago, eta horrelako barcamp bat egin beharko genukela iruditzen zait. Euskaraz lanean ari garenok ere, gero eta gehiago gara. Iruditzen zait gauza asko ditugula ikusteko eta ikasteko, eta gutxitan elkartzen garela.
(argazkia: flickr joshb cc lizentziapean)Apal artean Eibarren antolatutako software librearen inguruko mintegietako karpeta aurkitu dut, IEB ere bi urterik behin antolatzen du UEUk, blogak 2.0 bi edizio izan dira Bilbon, EH 2.0 antolatu zen Artelekun, Hackmeeting batzuk egin dira honezkero Euskal Herrian (Leioa, Iruñea, Gernika), blogek eta garagardoek ere elkartu gaituzten, ikastaroak egiten ditu enpresadigitalak…. denetarik dago. Iaz Tailerrak 2.0 burutu ziren.
Baina elkartu, erakutsi, ikasi eta gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait. Zabaldu, sustatu, bildu, blogosfera komunitate bat badagoela iruditzen zait. Gogoetak eragin, tresnak erakutsi, landu, ikasi… zer diozue?
Eztabaida luzatu daiteke, baina udaberriarekin lekuak eta hitzorduak jartzea litzateke onena. Gero eta errazago antolatzen ditugu kontuok Internetetik. Eta jendea gogotsu somatzen dut inguruan.
barcamp wikipedian
Hackmeeting ezberdinak
-
25.000 (hogeitabostmila) artikulu euskaraz
Euskarazko wikipediak 25.000 artikulu baditu. Entziklopedia askea da Wikipedia, eta euskaraz ere komunitate bizia dauka lanean, auzolanean. Auzolan telematikoa, jakintzaren sozializazioa. Gauzak danon artean idatzi, aldatu, erabaki, sortu eta garatze bidean, eredugarri da lan entziklopediko hau. Egunetik egunera hobetzen ari dena. Komunitate horretako mezuak jasotzen ditut posta zerrendatik, eta neuk be bertako partaide aktibo diren Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiagaren artikulua blogean jartzea pentsatu dut.
Euskarazko wikipediak 25.000 artikulu