musika

entzun!

  • agit/prop,  musika

    Sorkun abeslariaren kantu berriak zentsuratuta

    adierazpen askatasuna!Ematen du ezetz, baina zentsurak oraindik gurean dirau. Gaztea deitzen diote, baina kontserbadore jokatzen du. Musikari buruzko irrati monografikotzat du bere burua, baina gazteenak anestesiatzeko moduko teknikak baliatzen ditu Ibarretxeren gobernuaren morrontzapean den irrati publikoak.

    Musikoak maiz kexu ageri dira, baina gero single guztiak, zoroan pare igortzen dizkiete. Kalitaterik ez du, musikaz gutxien dakitenak geratu dira irratian, eta esatari onenak bota dituzte -sarritan protestatzeagatik-, baina tira, beste bat. Beste zentsura kasu bat.

    Sorkun Estatu Batuetan izan da, Vicepresidentes taldearekin diskoa grabatzen. Pozik itzuli dira handik, eta aurki lan berria plazaratuko dute. Orain single bat entzutea gura dute, eta irratietara ere bidalia dute.

    Berrian elkarrizketa irakurri eta zabaldu.com bitartez haizeratu da albistea. Euskadi Gazteak ez du Sorkunen singlea onartu.

    sorkun & vicepresidentesUste dut, inoiz baino gehiago entzun beharko litzatekela Goiz zen kantu hau. mp3 hori zabaltzea dagokigu. Jendeari erakustea. Nik neuk, bideoa ikusi dut myspace.tv delako horretan, txukuna da, oso iparamerikarra, kotxeak, gasolina geltokiak, basamortua eta rockanrolla. Kashbad ikutua somatu diot kantuari. Rockanrolletik gertuago dago, Oreretako abeslariaren azken bi diskoetatik baino. Eta gustatu egin zait. Eta entzuten jarraituko dut.

    Sorkun & Vicepresidentes - Goiz Zen


    Añadir a mi perfil | Más Videos
    Adierazpen askatasunaren alde, irrati libreak. Gaztea hipokrita!#Eguneraketak 

    Sarean oihartzuna izaten hasi da kontua. Bideoa zabaltzen, post ezberdinak blogetan, eztabaia hariak, Sustatun ere agertu da idatzitako gogoetatxo bat.
    Egazteak ere, jarrera aldatu du zelanbait, bideoa jarri dute eta beraien gunean.
    Badakite jakin, Internet sareak, sekulako haize erauntsia sortu dezakela Sorkunen kantu honen aitzakian.

  • info 7,  literatura,  musika

    herrikultura.org

    info7 irratiaAktualitateari so, Durangoko azokak ekarri duen eztabaida iragarri gura izan dut aste honetako Infozazpi irratiko kronikan. Internet lekuko baino ez da izango, posta zerrenda bat delako finean herrikultura.org guneko egitasmo nagusia.

    Posta zerrendan jende asko ari da izena ematen, eta alde horretatik eztabaida interesgarria suertatuko dela atzeman daiteke. Baina hori, egunerokoak esango du. Kultura, merkantilizazioa, merkatua, herri kultura… parametro interesgarrietan kokatu da eztabaida bera.

    Musikherria bezalako ekimena, txalogarria da hasieratik. Musikariak batu, eta disko ekoizpenetik haratago, ekimen ugari ari baitira bideratzen. Eztabaida hau ere, Musikherriatik etorri arren, modu zabalago batean planteatu dutenez, aldekoak baino ez ditu niretzat.

    Durangoko azoka, merkatu handi bat da. Hiper Eroski batetik gehiago du, bestetik baino. Han batzen gara denok. Baina helburuak ez luke izan behar saltzea bakarrik. Nork helduko dio katuari buztanetik? Hori da koska hori. Horretan gabiltza.

     Herri kultura .org  Infozazpi irratian entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2007/12/20071211_57.mp3]

  • literatura,  musika

    Azokak EZtaBAIda piztu du Durangon, ez da gitxi

    Sarritan mintzatu gara horretaz. Lagunartean, idazleekin, musikariekin, kolektibo ezberdinetako jendearekin. Orain eztabaidak funtsa hartu du, eztabaidatzeko marko bat –posta zerrenda bat hasieran- sortu da.

    Ez da gutxi. Eztabaida beharrezkoa da. Kulturaren merkantilizazioa nabarmena da. Azokaren kolore bakarrerako joera honek -ia dena da ELKAR– kezka ere sortu du askorengan. Euskara eta beste hizkuntzen arteko aferak bere buruhausteak ematen ditu.

    Liburuak diskoak eta zenbat gauza gehiagoren azoka da Durangokoa? Urtero ari gara horretaz, baina titularretan zer den salduena baino ez dugu irakurtzen ahal.

    Ondo etorria izan bedi eztabaida, eman izena posta zerrendan, eta jarraitu dezagun berbetan, erosi ditugun bideo, disko, jostailu, kantu, liburu, komiki eta aldizkariak irakurri entzun ikusi eta pratikan jartzen ditugun bitartean.

    herrikultura.org Eztabaida interesgarri bat.

  • musika,  teknologia berriak

    kaixo.mp3 kaixo.com 10 urte ospatzen

    Orain jeitsi dut, entzuten hasi… Maixa Lizarribar (maixa eta itziar) eta Ines Osinaga (Gose)… a ze parea! Trikia gustuko baduzu, elektronika apur bat, erritmo dantzagarriak, kaixo.com atariari jarritako koplak… eta gazteenak dantzan jartzeko moduko doinua.

    gustatu egin zait, txatean sartzera gonbidatu nau… eta Kaixoren 10 urteko ibilbidea laburbiltzeko kantu ederra. Zorionak Aitor, Zorionak Kaixo! eta biba zuek neska musikariok!

    kaixo.mp3 [audio:http://larrabetzu.org/musika/kaixo.mp3]

  • musika

    kashbad

    beste gau zoragarri bat.

    Zenbat denbora ikusi barik? 90. hamarkadako indarra, gogoa, gaztetasuna.
    Herritik 20 lagun edo joango ginen Bilbora. Hori Bai gaztetxean jo zutenean, gazteegiak ziren batzuk ere gurekin joan ziren, Kashbad beti gustatu zaigulako.

    Kafe Antzokia bete beteta. Eta bat batean, eskenatokian kitarra doinuak… bat bi eta hiru, Gabon Bilbo! dio Sorkunek eta festa hasi da.

    Kashbad
    Koldo Otamendik, kontzertu bezperan Oreretan egindako argazkia. Xirika (mila esker Koldo)

    Hiru disko -Esan Ozenki aroa- eta abesti bat izan da dena, etenik gabe, gelditu barik, jo ta ke eskenatoki gainean.

    Jendea pozik, musikariak pozago.

    90. hamarkada berriz bizi dugu. Bizi poza, taldeek berriz ere taulatu gainera gura dute. Krisi askoren sorburu zen 80tik gentozen. Dena bukatua zirudien, Historia, ideologiak, izarrak, mitoak… eta talde belaunaldi berri bat zen eskenatoki gainean. Dut, deabruak, Ama say, Kashbad… Esan Ozenki osoa berba baterako. Negu Gorriak aitzindari, eta bide berriak irekitzen talde berriagoei.

    Joan ziren, utzi behar izan zuten, amaitu zen. Baina egunotan 90. hamarkadaren zurrunbiloan murgildu gara, eta rockak hori du, eroan egiten zaitu, lehen akordetik azken bateria kolpera. Doinuek, melodiek, giroak, kanutoek, eskuan darabiltzagun garagardoek…. dena da beltza, dena da argia, dena da kea… rockaren ilusioa.

    80. hamarkada gehiegi mitifikatu da, eta gutxi goraipatu 90koan izan ditugun talde apalagoak. Rocka maite izan duen belaunaldi oso bat, errepresioa, kaleko borrokak, suspertze bat, gaztetxe berriak, errepresio gehiago, disketxeak, Internet… hori dena da 90. hamarkada niretzat. Eta pozik aitortzen dut. Bart bat batean, guzti hoiek burutik igaro zaizkidalako, buruarekin baietz baietz esaten nuen bitartean… zoragarria izan dela, gustatzen zaidala guzti hau, musika, giroa, gaua, rocka, borroka… eta askatasuna!

    Kashbad itzuli dira, agur esateko. Gorka Lazkanok zelan pasatuko zituen ziegako gauak rock kontzertuak gogoratuta, zelan bizi du musikari gazte batek espetxea? pentsatzen nuen kantuen bitartean, bere irrifarreari so eginez.

    Aupa zuek! ederra izan da. Mila esker.

    postdata: gaur gauean Gasteizko gaztetxean jo behar dute. Eta Hala Bedik zuzenean eskainiko du, uhinetatik eta Internetik, adi beraz.

  • musika

    deabruak teilatuetan

    gaur kaleratu da 1973 diskoa, aspaldian -berria jaso genuenetik- entzuteko horrenbesteko gogoa izan dudan diskoa.

    deabruak teilatuetan, eta ilusioa, irrifarre ttiki bat, aspaldiko akorduak.

    Pasa dira urte batzuk, unibertsitatean genbiltzan orduan. ARGIAko musika kritikak eta El Tuborako elkarrizketak egiten nituen orduan. Eta maketa erakutsi zidaten. Nik oraindik ez nituen ezagutzen bikiak. Beraiek aurkeztu zuten bere burua, Imanolek eta Jon Anderrek.

    Maketarekin El Tubora joan nintzen. Orrialde oso bat eskatu nuen, baina ez zidaten utzi nahi, diskorik ez zutelako. Oso onak zirela esan nion Belen Mijangosi. Eta utzi egin zidan. Orduan gutxik idazten genuen euskaraz El Tubo musika aldizkarian, eta kasu dexente egiten ziguten. (Akordatze haiz Kojo?)

    deabruak Bonberenean

    Diskoa kaleratu zuten gero, Esan Ozenki disketxearekin. Aurkezpenerako testu bat prestatu nuen, atera zuten zuribeltzezko fantzine batean. Eta jarraitu genituen. Kontzertuetara joan. Entzun. Kontzerturen bat antolatu… denetarik.

    1973Orain disko berria, horrenbeste urte elkarrekin jo barik, eta diskoa egiteko elkartu dira. 1973 diskoa entzuteko gogoz nago. Eta erosi egingo dut, noski. Eta entzun. Eta kritikatu. Eta saiatuko naiz kontzertu bakar hoietako batera joaten. Eta bitartean diskoa entzun, diskoaz eta musikaz gozatu. Bonberenean jo behar dute. Joango gara. Eta agurtu. Eta besarkatu. Eta bizitzaz berbetan jarraitu. Aspaldi bezala. Atzo bezala.

    Behin eta berriz kantua.

    [audio:http://www.bonberenea.com/mp3/1973.mp3]

    deabruak teilatuetan, 1973. Bonberenea ekintzak.

  • hurrengo geltokia,  musika

    Euskadi gaztea zoriontxu

    Pako Aristi hots egin zioten, astero bezala. Prentsaren azterketa berezi bat egingo du aurrerantzean idazleak. Kritikoa, zelan ez! Eta Euskadi gaztearen azkena jarri zioten, entzungai. Mesedez kentzeko eskatu zion berak Maite Artola esatariari. Eta broma zela pentsatu honek. Serio ari zen Aristi, Itoizen kantuari inoiz egin zaion bertsiorik txarrena esan zuen, han, non eta antenan, zuzenean.

    Gorrituko zen esataria, gorrituko lirateke, entzule balira, euskaldunak balira, kantua abestu zutenak ere. Ni ez nintzateke ausartu beharbada, autozentsura oso goian daukagulako, baina Pako Aristik pentsaten zuena esan zuen, han, antenan.

    Eta poztu nintzen. Ez dut irratiformula kate komertzial publikoa entzuten, baina albisteak euskaraz entzutea beharrezko dudanez, promozioa sartu didate ahotik ere, bihar goizeko bederatziak hamar gutxiagotan lauteilaturen bertsioa entzungo duzue…. eta segundu batzuetako aurrerapena.

    Donostiako abeslari españolenak jarri dituzte kantuan, a ze lorpena! integrazioa dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Euskara ikasiko balute sikiera, ahalegin minimoena egingo balute, es la cancion en euskara que mas me gusta Amaia Monterok. Zenbat gehiago entzungo zituen? esaten zidan lagun bertsolari batek. Eta ahoskatu txarto -hori euskaraz entzuteko gai den edonork daki- eta kantatu ere txarto -Urrestilako organujoleak halan dio behintzat-.

    Euskadi kaltea
    Egaztea irrati formula hori ez dut sekula maite izan. Ñoñoa iruditen zait, pijoa baino umekeria galanta, Edurne Ormazabalen kapritxoa, Joseina bezalako adituak dituena, oso broma atseginak egiten dituzten plantela… eta musika programa onak faltan dituen irratia. Gainera, Ilaskirena bezalako ahotsak galtzen dituena… zoritxarrerako. Ziur naiz prekario portatzen dela langileekin -zeozelan deitzearren-, bertikala erabakietan, zentsura pratikatzen duena -Xabier Montoia gustuko dudan aldetik dakit hori, gogoratzen denok gara Xabier Montoia hura?!- . Eta galdetzen diot neure buruari, zertan laguntzen duen irrati horrek gure musikaren panoraman, zertan egiten dion on, eta zertan kalte.

    Nik argi daukat, zuek?

  • musika

    txin txin- txin txin! diruaren rocka

    Diruaren hotsa. Musikaren norabide berria. Instrumenturik preziatuena. Ahotsak itzali dira, mikrofonoek kutxazain automatikoetan baino ez dute soinurik egiten. Argi gorriak piztu dira, baina bbk-ko iragarkikoak dira. Bideo pantailan ez da besterik ageri. Nola izan bezero. I like rock & you? How are you.

    Bukatu da rocka. Hasteko dago borroka. Musika iruzurra da, eta zu dantzan zaude. This is bbklive, eta gu ez gaude bizirik, hau da gure patua. txartelgorria eskaini dizute… baina badago egon, txartel gorria zeini eskaini.

    Ehundaka milioi euro, musikaren, kulturaren, ikuskizunaren… alde. Eta alde egiteko gogoa pizten zaizu. Alde egiteko, hori bai, Bilbobusa prest duzu, ea bidean gauza txarren bat okurritu eta kutxazainetako diru guztia hustu edo erreko duzun… badaezpada.

    Rockarenak egin du, multinazionalak izan ziren lehenago, banketxeak orain, pelotazoa egin gura duten antolatzaileak beranduago… beti dago norbait. Taldeetako ameslariak ere, abestu eta aberastu, dena bat. Eta zer egin behar du entzuleak? Konformatu? Aldatu, kantatu, ordaintzen segi?

    Rocka hilda dago, eta ez naiz ni izan. Osteguna eta ostirala Kobetamendin eman ostean, erabaki dut ez naizela berriro joango… ez dudala harako gogorik. Izarrak, nahiago zeruan ikusi….