musika
entzun!
-
RATM itzuli dira 7 urteren ostean
Denbora azkar igaro da. 7 urte jo barik, gehiago izango dira Donostian ikusi genituenetik.
click here to see more videos like this
Twitter bidez jakin dut, boligorriak ohartarazita. Bideoa ikusi eta Euskal Herrian berriz ikusteko gogoz geratu naiz. Larrabetzun gero eta jarraitzaile gehiago dituztela ohartu naiz gainera, gazteagoekin berba egin ostean. Horregatik, Euskal Herrira, edo EHtik gertu datozen hurrengoan ikustera joateko furgoneta prest daukagu.
-
Beli Txalak
Munduan ari dira. Munduko dira. Nazioarteko birari ekin, eta gurera bidean dira. Berritxarrak.net gunean irakurri dugu. Irakurtzeak merezi du. Nazioartean Euskal Herriko musika egiten dute. Eta pozik daude, pozik jarraitzen dute. Alemania falta zaie, Irlanda… Europa gehiena. Eta gero berriz gurekin izango ditugu. Hemen, Euskal Herrian.
Bitartean, hegazkina hartu eta ikustera joateko gogoa ematen du…
-
Txiripa irrati_hitzaldia eskainiko du Xabi Erkiziak
Xabi Erkizia musikariari buruz jardun izan gara hemen. Munduan gehien dabilen euskal musikaria da. Beran ERTZ jaialdia antolatzen, Artelekun Audiolab kudeatzen, Uncommonsounds nazioarteko ekimenarekin…
Leioan izango da asteon, Txiripa irrati_hitzaldia eskainiz. Transistoreak eramatea eskatu die entzuleei, entzuteko ziurrenik, hitzaldiari beste zentsu bat emateko agian. Nork daki?
Esperimentazioa, soinua, txiripa, hitzak… esperimentatzeko eta entzuteko unea izango da barikukoa Leioako Arte Ederretako fakultatean. 12:00etan gradu aretoan.
irratia.com emankizunerako ekimen interesgarria ematen du Xabirenak. Irratiari berari; tresna bezala, teknologia bezala bide berriak topatzeko une aproposa ziurrenik. Irratigintza teknologia zahar bezala, garai berrietara egokitzeko modukoa. Ikusi, entzun eta dastatuko dugu.
-
Sagarrondotik
Azpian zegoen, gerizpean. Eta halako batean mp3 bat erori zitzaion burura. Ez zuen eureka! esan, ezta euroka! ere, baina orduan konturatu zen, musika erori egiten dela, eta berriro igo… eta musikaren akordeek jendea mugitzen dutela.
Mugimenduaren teoria bat osatu gura izan zuen gero, han, sagarrondopean. Musikak mugitzen duenaz, musikak eragiten duenaren gainean… karparen azpian.
Musika bizitza da, musika kultura da.
Sagarrondotik asteburu eder bat Hernanin. Aukera zabala eta kriterio onak.
Euskal Herriko bi talde interesgarrienetakoak Delorean eta Atom Rhumba bertan izango dira. Kanpotik ere markakoak datoz… zer gehiago behar da ba?
-
Makala: music makes me free
Aspaldiko laguna da Mikel Untzurruntzaga Makala. Musikaria, disko jartzailea, musika programatzailea, musika eroslea… eta abar. Berdin jarraitzen du, zale, erosle, jartzaile, ari eta ari… musikaren inguruan.
Hainbat disko egin ditu orain arte. Javi P3Zen doinuak nahastuz plazaratu zen, Hondartzan egin zuen gero Metak zigiluarekin, Shakalaka Boom edo holango bat egin du duela gutxi Egaztearekin. Eta ez da gelditzen.
Bira hasi du orain, eta besteak beste Berlinera ere joango da Marek bere senide txekiarrarekin. Marek ere disko jartzailea da. Eta teklak ere joko omen ditu Makala sound system horretan.
Baina polita, benetan polita Makalak youtuben jarri duen bideo hau. Izugarri gustatu zait. Eta ondoko leiho horretatik beste zarauztar hoiek kentzen ditudanean -asko gustatzen zaizkit Delorean ere- Makalaren hau jarri behar dut.
Bitartean hemen Makalaren bideoa: -
Berri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean
Martxoak 2, barikua. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea.
Gaztetuta dago Andra Mari kalea. Jendez lepo gure herria. Autoetan ez da asko nabari, baina oinezkoak nagusi kalean. Gazteleku tabernan ohikoak baino bokata gehiago egin dituzte gaurkoan, plazako jesarlekuetan ere gazteak daude. Instituto adina dute. Euskara eta gaztelania barra barra entzuten da gaur.
Gaztetxea betetzen ari da. Gaurko kontzertuko sarrerak duela egun batzuk bukatu arren, jendea etorri etorri egin da. Bete da gaztetxea. Eta laister abiatu da kontzertua. Hirukotea taula gainean. Gazteak haiei begira. Bat, bi eta hiru. Hasi da dena.
Berri Txarrak | Albiste onak
Notizia dira. Europa eta Asiara doaz, Euskal Herritik. Asteburuko kontzertuen ostean munduak ezagutu behar ditu. Taiwan, Japon, Alemania, Irlanda… bi hilabete furgonetan, bi hilabetez eskenatokietatik, aretoz areto. Bi hilabete euskaraz abestu, eta gure musika jotzen. Hemengoa han. Hemen bezala edonon. Albiste onak, duda barik.
Bira horren aitzakiarekin, elkarrizketa pare bat egin dizkiet…. eta apaltasuna eta maila nabari da. Erantzunak jarrera dira. Argi dago, argiak dira… eta argi daukate bidea.
-
Conxita irabazle Enderrock sarietan
Enderrock katalanez argitaratzen den musika aldizkaria da.
Conxita katalanez kantatzen duen pop taldea da.
Helena Casas trikitilaria, Pomada taldekoa izateagatik da ezagun Euskal Herrian. Bera da Conxita taldeko abeslaria.
Pop saria eman diote. Eta vilaweb.tv podcasta ikustean akordatu naiz, izan be, aspaldion behin eta berriro entzun dut disko hori etxean. Atsegin dut.
Estetikoki eskuartean izan dudan diskorik atseginena da. Biniloa eta bere diseinuen garaian, diru gutxiegi neukan diskoetarako. Orain, diskoak -CD eta DVD formatuetan- eskuratzen ditugu. Estetikak indarra hartu du, besteak beste soinu hutsa Internetetik hartzea dagoelako. Eta horixe… disko izugarri polita iruditzen zait hauena. Sobre bat da, eskuz margotua… eta diskoaren kutxa barruan. Dena kopyleft gainera.
Conxita taldearen lan hau –Amb lletra petita– Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin plazaratu da. Plazerra baduzu, entzun. Eta esango didazue gero.
Honatx bideo ezin pop_ago bat:
-
Feria de Durango
zenbat durango ditu gure herriak?
Euskal esaten diogu, liburu eta disko azoka…
liburu eta diskoak badira, baina El corazon del sapo hobeto saldu da Sei Urte baino. Gehiago irakurriko da La brecha, Euskal Hiria sutan baino.
Euskal esaten diogu, eta disko eta liburu ez diren ekoizpen gehiago dago urtetik urtera. Joku, mahaigaineko, pegata, jertse, souvenir, ardi, gazta edo dena delako, euskal. Liburuak eta diskoak gero.
Euskal esaten diogu, eta erdarazko liburuak zenbatu dituzue? 100 razones para dejar de ser español dio Jose Mari Esparzak bere liburuan, baina oraindik espainolen hizkuntzan mintzo zaigu, Euskal liburu eta disko azokan. Arrazoi bat gehiago beharko du oraindik, euskalduna izateko.
Euskal esaten diogu, eta euskara sutan dago. Ikusiko zenuten atarian, Gure Irratiaren argazkiak salatzen du. 16.000 euro jaso dituzte, solidarioak ere bagara euskaldunak. Radio Euskadi bitartean zuzenean aritu da EITBko set ezin apainago batetik… euskal zer izan daitekeen esan eta esan. Eta Euskal Liburuen behar lukeen azoka honetan Xabier Lapitzen Por la Paz hori sartuko dizute begietatik… irrati publikoak ere liburugintzan, ze arraio.
Euskal esaten diogu, baina Gerediagak Pata Negra aurkezten du Kafe Antzokian, multikulturalak gara aizu! eta gero Rafa Rueda, Petti eta Txuma Murugarren ikustera lau katu goaz. Hauxe duk hauxe. Denak kontent.
Liburuz mukuru ditugu orain apalak. Liburu apalak ditugu mukuru. Euskara gutxiengo izaten ari da, euskal liburu eta disko azokan ere. Eta ez da ezer pasatzen, ez dago krisi berbarik horregatik.
Izan ere, gehiago saltzen du erdarak, hain gaude salduak.
Berdin du, dena ongi doa.
Krisia, what crisis?
Durangoko azoka. izenburu berria. ez euskal, ez liburu eta ez disko. Durangokoazoka.com
Feriadedurango…. libre daukate.Entzun gura baduzu: Info7 irratia
[audio:http://www.info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.euskalherria.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20061212_eus_822.mp3&sekzioa=talaiatik&id=829] -
Hiriak
Hitzak: Joseba Sarrionandia
Musika: Ruper Ordorika
Bideoa: Iker Trebiño -
Euskal Herria askatu arte
Joseba Tapia edo zelan zatarra edertu.
oharra: testu honen irakurtzeko, kantua entzutea eskatzen da. Ardoak ere ez lizuke kalterik egingo.
Real Politik [audio:http://www.josebatapia.com/mp3/RP04.mp3]
Museo bat montatzekotan geratu ginela uste dut. Artea egin nahi dugu, baina ez estatikoa. Mugitzen den artea. Mugitzen den musika. Politikoak ez zaizkigula interesatzen… eta beste asko. Horrelako ideiak trukatu genituen han, Bilbon. Lan egiteko ardoa, barre ugari,, afari goxo eta musika artean. Musikari eta musikazale. Esandakoak; afari baten bueltan sortzen diren ideia zoroak, ideia politak, ametsak baino ez diren ideiak… gure ametsen ideologia.
Euskal Herria askatzea, mahai baten bueltan. Hori da gure prozesu osoa. Kontzertu bat, eta osteko afaria. Gure elkarrizketa mahaian edonor jartzen ahal da. Ideiak behar ditugu: ideiak konpartitu, kantuak egin, koplak entzun, hauspoa astindu.. eta barre egin, ondo pasatuz. Ideologia beharrezko da, bizitzeko, irauteko, aurrera egiteko, lanean jarraitzeko. Kontzientzia eragozpenik ez dago gureak, kontzientziari ez diogu intsumisioa ametitzen. Intsumisioak, aldarriak, ametsak behar du kontzientzia, behar du ideologia.
Politika egin nahi dugu, ametsak gauzatzeko. Handiak txikitzeko. Eta gaueroko eguzki beteari, plazak eskaintzeko. Kantuak, ondo pasatzeko eta hobeto jarraitzeko behar du. Kantua barruak asebetetzeko. Kantua kantatzeko. Hauspoari eragiteko.
Mahai bete lagun Bilbon. Eta Joseba Tapiaren diskoak zertaz berba egin eskaini zigun. Atzean geratu ziren, diskoaren aurkezpena, Arestiren koplak, musika eta musikariak, musikazaleak eta musika, artea eta kultura. Komunikabideak eta komunikazioa.
Kalea da gure agertoki, gure museoa. Kantua, diskoak, elkarrizketak, bloga, agitazioa eta propaganda. Tresna guztiak ditugu beharrezko. Tregua barik. Euskal Herria askatu arte.
Eta RR ikusten baduzue, gorantziak eman, baRRe egingo dugulako! ja ja!