hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • visca catalunya lliure!
    agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    visca zuek!

    #viacatalana

    #viacatalana
    Harridura eta miresmenenez gaude Kataluniara begira.
    Badira urte batzuk hango mugimenduak (hizkuntza eta kulturaren aldekoa, CAT dominioaren lorpena, mugimendu independentista eraberritua) jarraitzen ditudala. Beti izan ditugu loturak, eta azken 7 urteotan areagotu egin dira.
    Irailaren 11a data historikoa da bertan, Diada eguna. Eta iaz eztanda egindako mugimenduak, oraingoan are gorago joko du. Horren prestaketan aritu dira azken hilabeteotan, eta datorren asteazkenean izango da ikusgai, mundu osoan.

    lanketa etengabea

    Etengabeko lanketa egiten ari dira Katalunian. Independentziaren aldeko herri mugimendu zabal, sendo, anitz eta iraunkorra ari da saretzen, hedatzen, bultzatzen. Eta bat egin dute helburu horrekin milaka eta milaka pertsona eta eragilek. Modu espontaneo eta antolatuan, benetako mugimendua sortuz. Etengabea, eta etenik gabekoa. Helburua lortu artean, gelditzerik ez dagoena.
    Irudimena, partehartzea eta batez ere ikonografia eta diseinu oso landuekin. Mugimendu berritzailea eta irekia erabat. Bideotan nabari den moduan

    400 km independentzia eskatzeko

    Herrialde Katalanak zeharkatuko dituen katea eginen da datorren irailaren 11an, alderik alde. Milaka eta milaka pertsona independentista batuko dira Katalunia osoan, kalera, errepidera aterata. Ekintza ikusgarri, partehartzailea, edonorontzeko moduan…. orain arteko manifestazio guztiek txiki utzi duten Bartzelonatik haratago.

    Sarean ere sendo

    Beti izan da teknologia berrien zala katalana. Ausartak. Aurrerazaleak. Orain arte ondo profitatu dituzte hedabide, mugikor, diseinua eta teknologia oro. Orain ere trebe ari dira. Lekzio dira.
    #11s2013.cat
    Erabat txunditu nau, tresna sinple honek. Instagram argazkiak eta twitter sareko mezuak bere baitan batzen ditu 11s2013.cat guneak.

    Euskal Herrian elkartasuna baino gehiago

    Eta gurean, elkartasun keinuetatik haratago doan ekintzak izango dira, zorionez. Independentistak sareak, kalejirak dietu ditu herrialde ezberdinetan zapatu eguerdi eta iluntzerako. Hemengo hedabideak arretaz ari dira jarraitzen Kataluniako berri, eta jende uholdea hurbilduko da Kataluniara bertara hurrengo astean, herrialde ezberdinetatik antolatutako autobusetan.
    Elkartasuna baino gehiago, dudarik gabe. Lekzioak, elkarrekintza, elkartasuna, bide amankomunak…eta begirunea.
    DIADA-KARTELA-sarerako

  • hurrengo geltokia?
    gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    Hurrengo geltokia

    Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
    Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
    Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
    Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
    STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
    Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
    Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
    Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…

    Norabide aldaketa

    Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
    Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.

    Eta orain zer?
    Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
    Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
    Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..

    Horretarako zer?

    • Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
    • Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)

    Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.

  • Euskal Herria 2.0
    agit/prop,  EUS,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Euskal Herria 2.0 topaketatik puntuEUS dominiora

    2006ko irailean burutu genituen Euskal Herria 2.0 topaketak Donostiako Artelekun. 2013ko udaberriaren azken egunotan ospatuko dugu puntuEUS dominioa eskuratu dugula Bilbon. Tartean… bide luzea egin du dominioaren aldeko lan isil eta malguak, irekiak eta zabalak, temati eta sutsuak.

    Euskal Herria nazioartean |
    euskararen herria munduan

    Lokalizazio eta Internalizazio estrategiak genituen aztergai Artelekun batu ginenean. Eta urratsak ematen jarraitu dugu bitartean. Software librearen eremuan eman ditugu urratsik handienak, baina komunitatea osatzean ere aurrera egin dugula esan dezakegu. Gero eta gehiago gara euskarazko tresnak, hedabideak, guneak eta mezuak darabiltzagun erabiltzaileak. Eta gero eta ozenago da gure oihartzuna; gurean bezala, gure mugetatik kanpo ere.

    Funtsezkoak izan dira horretarako, Kataluniatik eskainitako aholku, laguntza eta sustengua. 2006an Vicent Partal gurera gonbidatu izana, eta ostean irekitako bide emankorrak, urratsez urrats, ibilbidea erreztu eta bideragarri egin du. Ondo gogoan ditugu oraindik Vicent Partalen hitzaldia eta gogoetak.

    Eta orain, puntuEUS dominioa eskuratuta, berau martxan jartzeko dinamikan murgilduko da euskararen herria. Lorpen handia, tresna izugarri garrantzitusa eta abadagune aproposa nazioartean gure hizkuntza, kultura eta herria erakustera emateko, gure ekonomia, gure jarduna, gure adierazpenak oro.
    Zorionak mundu guztiari. Aurrea doan herria da gurea, euskararen herria.

    2006ko kronikak garaiko guneetan

    EuskalHerria.bipuntuzero.org gunea, argazkiak, egitaraua eta kronikak

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Nazioarteko antzerki eguna – World Theatre day

    Martxoaren 27an, urtero ospatzen da nazioarteko antzerki eguna. Gurean ere bai.
    Eta urtero antzerkigile ezagun batek manifestua idatzi ohi du. Aurtengoan Dario Fo egileari suertatu zaio langintza hori. Eta mundu osoan zabaldu da bere mezua, eta hainbat hizkuntzatara egokitu dira bere adierazpenak. Euskaraz ere badago nazioarteko antzerki eguneko manifestua, eta zenbait antzerkilarik manifestua bera bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.

    Nazioarteko antzerki eguna – Dario Fo

  • agit/prop,  Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Konprometitu gaitezen!

    Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
    Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
    Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
    Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
    Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
    Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
    Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
    Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA


    Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  teknologia berriak

    Eguneratzen

    aztertzen, ikasten.

    Bloga beharrezko tresna izan da azken urteotan teknologia berrien olatuotan murgilduta ibili garen bidaiariontzat. Kultura librea, software eta hardawareari buruzko ikasketa prozesu etengabea, informazioaren inguruko komunikazio ekintzak, sare sozialak, komunitatea… asko ikasi dugu. Asko eman dugu. Asko ezagutu dugu.

    oztopen gainetik irudimena lau haizetara
    oztopen gainetik irudimena lau haizetara

    Eta bide horretan jarraitu behar dugu. Sareak askorako ematen du, eta bakoitzak bere lubakian, bere trintxeran jarraitzen dugun arren, kalean maiz batzen garen arren, gure ikasketa eta garapen prozesuek jarraitu behar dute martxan.

    Ikasi dugun guztia hedatzen saiatu gara. Eta asko daukagu oraindik ikasteko. Garenaren zati garrantzitsu bat hemen dago. Hemendik sortu dugu. Hemen adierazi. Baina izaten jarraitzen dugunez, asmatu beharko dugu ere sorkuntza telematikoan irauten, gehiago sortzen, dinamika berriak pizten.

    Laburrera eta azkarrera jo dugu maiz. Mikromezu intelegienteenetan murgilduta daude gure eguneko ordurik emankorrenak. Eta pentsamendu azkarrari, gogoeta gehitu behar diogu. Irudi gehiago, irudimen loriatsuagoa.

    Behin eta berriro saiatzen garen arren, askotan ez dugu tabernarako astirik, iritzi artikulurik sakonenak aztertzen hasteko betarik, lagunekaz berba egiteko denbora hartzen, bisitatzeke daukagun toki horretarako tarte lortzen… baina saiatu beharra dago.

    gaztelumendi.org proiektuak adar asko ditu, eta ikusgarriena hau izan da luzaz. Orain nagiak astindu, eta berrosatzen abiatzea egokitzen da.

    Honetan jarraitzeko arrazoi asko dago, eta egin egingo dugu.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    supernova aroan bizi gara atzo geroztik

    Etzanda zaude eta postariarena izan daitekeen txirrin hotsa. Paketea dakar mezulariak. Eta jadanik ahantzia duzu crowfunding ekarpena egin zenuenetik
    Liburua dela diotsu berak, eta bada liburua. Bada filme bat ere, eta diskoa, eta sorpresa ugari gehiago.
    Kerobia taldearen azken Kerobia talde ausarta izan da beti, talde interesgarria. Bide berriak urratu ditu azken diskoetan, kopiak modu librean banatu, sarean zabaldu, bideklip interesgarriak egin, zuzenean jo, emankizun bereziak eskaini… eta aitortu behar dut, asko atsegin dudala. Asko.
    Orain irakurtzeari ekin diot, ikusteari, entzuteari… gero gerokoak, aro berri honetan gusturago egongo garelakoan.

  • Elikadura burujabetza lantzen
    agit/prop,  baserritik mundua,  Elikadura burujabetza,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Elikadura burujabetza lantzen


    Aurreko asteburuan EHNE Bizkaiak VIII. kongresua burutu zuen Gernikan. Eta azken hilabetean buru belarri aritu gara zeregin horretan. Ponentzia erredaktatu, zuzendu, itzuli, pasatu, landu, eztabaidatu, azaldu, komentatu, hobetu, zorroztu, laburtu, argitu, ulertu eta ulertarazten.
    Talde lanean, Abadiñoko egoitzan. Eskualdeka azaltzen batzuk, gomendioak jasotzen.
    Kongresurako baina, ponentziaz gain, beste mila gauza txiki be prestatu behar izaten dira. Erakunde txikiotan, bizkar gainera etorri ohi dira, ordurarte inoiz planteatu gabeko lan batzuk ere. Eta asko ikasten da horretan. Gehiago, ondo, edo oso ondo urtetzen direnean.
    Eta egia esan, zeregin barriotan asko gozatu dut aspaldion. Bideoak egin ditugu, ponentziak azaldu, eztabaidak zuzendu, emendakinak jaso, dekorazioaz arduratu, argiak piztu eta amatatu, mikroak banatu… eta batez ere lantzen jarraitzeko gogoa hedatu, gazteagoen artean, zaharragoen inguruan.
    EHNE Bizkaia Gernikan
    Elikadura burujabetza lantzen

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    neurri ttikiagoan, smart blogetan

    Horrela ei gabiltza. Laburrean, puntuari erantzuten, neurri ttikiagoetan.
    Sare sozialetako mezu laburrek, telefonoetatik heltzen zaizkigun albiste arinek, azkar irakurtzen diren berrietan murgiltzen gara orain.
    Sakontasuna zuloa da, zorigaitzez.
    Eta gure gogoetak azkar botatzen ditugulakoan… jarraitzen dugu gero mar marrean.
    Ez gaude kalaka edo eztabaida jantzietarako… eta hori da gero gure patua.

    Hona heldu bazara, jakizu beste hauetan dagoela egon gure jardunik loratsuena.
    gaztelumendi.org | ekultura.net | @iptx | facebook/gaztelumendi …

  • argazkia: naiz.info
    agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Gora Mari Jaia!

    Bilbo lehertu da, munduko aste luzeena, aste nagusia abian… atzo iluntzean Bilbora hurbiltzea eta jaigiroan nahastea dana zan bat… ze umorea, ze giroa…
    argazkia: naiz.info
    Mari Jaiaren atzetik, ondotik, alboan, inguruan milaka lagun festazale. Ikaragarria da andra honek ingurua astindu eta pizteko duen gaitasuna….
    Gora Mari Jaia! gora Bilboko konpartsak!