hurrengo geltokia
gogoetak, joan etorriko bidaiak
-
irratia.com nickdutnik telebista saioan
zer da podcast bat? galdetzen dizu telebista aurkezleak, eta wikipediako definizioari adibide pratikoa jartzen dio gero. irratia.com bota dute telebistatik. Elkarrizketa eta zuzeneko irudiak. Nickdutnik euskarazko telebistan lehenengo Interneti buruzko saioa da, eta gugana ere jo dute.
Asko gustatu zaigu erreportaia-elkarrizketatua.
Mila esker Sara, Garazi, Arantza eta Ruben! -
gaztetxeen marketing estrategiak
fotokopietatik sare sozialetara
Sare sozialen garaia bizi dugu, Internet esatea gitxi da. Irudi animatuak, logotipoak, bideoak, musika uztartzen dira gure eguneroko konexioetan. Mezuak bidali, jaso eta errepikatzen ditugu. Agenda bete deialdi ditugu, eta sarritan zeinera joan ez dakigula aritzen gara.
Gaztetxeetan, zuri beltzeko fotokopiekin jokatu izan da sarritan. Baina ari da aldatzen hori ere. Ikasi ahala, pratikatu ahala. Batzutan ez dakigulako ez dira jartzen metodo berriak abian. Ignorantziak ausart egiten gaitu, buff… hori ez da ona. Hori sistemaren tresna da. Bestetan, uste dugu tresna batek edo makina batek dena egingo duela…. eta jendea, ideiak, partehartzea ahazten zaigu.Autogestioaren inguruan, kanpaina polita egin dute Gernikako ieup! gazte asanbladakoek. Astra gaztetxea.
Bideo/spot hau ikusteak zer pentsatua emango digulakoan:
Nok dino ezin danik?! from astragernika on Vimeo.
Baina sarean badaude aukera anitz. Sareak aukera ezberdinak erakusten dizkigu. Ikasteko, frogatzeko, saiatzeko…. eta ondo egin ezkero, baita lortzeko be.
Gerrila marketing, marketing soziala, e-marketinga edo beste hamaika.
Kontua ez da saltzea. Jendearengana heltzea baizik. Gure mezua zabaltzea. Partehartzea bultzatzea. Eta kanpainaren ostean, guztion burmuinetan zeozer geratzea.Ez dira iragarkiak, baina ez da propaganda hutsa ere. Beste zerbait da, eta asmatu egin behar dugu.
Fotokopietatik sare sozialetara azpititularra, Unai Maleskik proposatu du facebook sarean. Mila esker, Unai!
-
webtv
ez da besterik entzuten aspaldion.
telebistaren aurrean ordu gitxi pasatakoa naiz. txikitan bezala geroagokoetan.
ez naiz inoiz oso ikusentzunezkoa izan. aitor dut hori aurretik.
prentsa ta irratia maite izan ditut beti gehiago, sortzeko zein jasortzeko. kontsumitu esaten da?kontua da baina, aspaldion sarean bideo irudiak ari direla etengabe nagusitzen. Internet kontsumo azkarra. eta irudiak lilura dakar; irudien kudeaketak ere bai.
ni neu be, horrelako proiektu, egitasmo eta zereginetara jarria nago aspaldion.
albisteak 2.0 eraberritzen ari gara Ibaizabal Telebistakoekin batera, greba orokorraren inguruko telebista sortzen laguntzen ari naiz, herriko bideoei beste ateraldi bat zelan emon pentsatzen dugu tabernetako poteoetan, irudiak zuzenean ematea erraztu den honetan, irratigintza eta letrak horrenbeste maite dituen honek, aukera berriak ditu buruan. begien aurrean.webtv hitz arrunta da. telebista egitea beti izan da garesti, boteretsuenen kontua. eskurago dago orain, baliatzeko ordua da beraz.
webtv, telebista interaktiboa, partehartzailea, zabala bultzatu gura duenetakoa bazara, maizago elkartuko gara, izango dugu elkarren berri.
kontua da, egitasmoak egitasmo, sarean zer egin franko dagoela oraindik. baina, egin egingo ditugu.
aste honetako irratia.com emankizunean kontua hauek guztiak izango ditugu aipagai. kezkak badirauelako. egunean jarri beharra dagoelako. ikuspegi kritikoarekin landu behar delako hau guztiau. -
checkpoint rock irratia zuzenean Donostiatik
Ikusten duzun hau, irratia.com emankizunean egin asmo dugun froga berri bat da. Urrats bat ikusentzunezkoen alorrean. Irratia eta webtv-a uztartuko duen esperimentu digitala. Fermin Muguruzak Checkpoint rock film dokumentala aurkeztuko du. Bertan izango dira palestinarrak, filmeko errealizadore ezagun Javier Corcuera eta beste.
Guk emankizuna bertatik egingo dugu zuzenean, baina gainera bideo formatuan eskainiko dugu. Zuzenean hori ere.
albisteak 2.0 multimedia plataforma bilakatuko dugu apurka apurka, eta astez aste berrikuntza gehiago izango ditugu. Joango gara aplikatzen, apurka apurka.
Euskara ahotsa da, soinua, euskaldunak irudia gara. Ahotsa, soinua, irudia, musika… uztartu gura genituzke aurrerantzean ere. Eta bidelagun izango zaituztelakoan, saiakera hauek bultzatzen egongo zaretelakoan. Mila esker aldez aurretik.
Urduri gaude, 2000ko azaroaren 1ean egon ginen beste, edo gehiago beharbada.
Gaur, apirilak 29 (asteazkena) Euskal Herrian eguerdiko 13:00ak direnean. -
dispertsioak 20 urte
Egunotan, herriz herri ibili dira preso politikoen senitartekoak, guri, herritarroi gogorarazteko.
- Egunotan gogoan hartu dugu dispertsioak 20 urte bete dituela. Gogorarazi digute, senitarteko izate hutsagatik, pairatzen ari direnek.
- Egunotan, gogoratu ditugu zelan milaka kilometro egiten diren astero, hona eta hara. Bisitetan. Ikusteko. Berba egiteko.
- Egunotan, pentsatzen aritu naiz, zigor gogorra dela urruntasuna, bakardadea, isolamendua, distantzia, kristala, bisita, asteburua, autobusa, trena, urruntasuna.
- Egunotan, aintzat hartu dugu 20 urteotan, astebururo astebururo, edo astean zehar sarritan, presoa nor bisitatu beti izan dela. Lagunak, auzokoak, ondoko baserrikoak, gutun bidez ezagututakoak…. bisitatu du, kilometro luzeen ostean, polizia askoren begiradapean, kamara, grabazio tramankulu guztien artean, bisitatu du, bisitatzen du euskal presoa.
- Urteak pasa dira, baina astero egiten den zeozer da. Astero joan etorrian, urrutira. Astero. Egunotan
Barikuan izan ziren Etxerat elkartekoak herrian. Domekan egon ginen gu Durangoko ekitaldi jendetsuan. Jendetsua dio, domeka goiz batez mila pertsona Euskal Herri osotik hurbildu zirelako Durangora. Asteburu honetan ez da bisitarik izan.
Komunikazio greba
Presoek erabaki dutelako, ez inor hartzea bisitan. Ez agertzea bisitara. Eta senide eta lagunei deia Durangora joateko. Eta Durangoratu ziren milaka hoiek. 700 baino preso gehiago. Zenbat etxe, zenbat lagun, zenbat egoera ezberdin. Preso politikoen senitarteko eta lagunen sarea horregatik da anitza, handia, zabala, eraginkorra.Durangoko ekitaldia
Eta bi orduz Etxerat elkartearen esanetara jarri ginen. Adi adi. Mezu sakona, luzea, pausatua, gogoetatsua. Euskaraz eta gaztelaniaz. Bi orduz edo, bideoak, gogoetak, kantuak, zalantzak eta bizi izandakoaren agerpena. Eragile sozialen agiria -LAB, ELA, herri mugimenduak, elkarteak, kristauak, Esait, EHNE…-Eta gogoratu zizkiguten tarte guzti honetan kartzeletan hil diren euskal presoak. Kartzelara bidean hil diren lagun eta senideak. Bi orduz zaude han, eta 20 urteotan zer bizi izan dugun/duten pentsatzen duzu une labur batez. Ikaratzeko modukoa.
Ekitaldia hunkigarria izan zen, luzea, sakona, emozioz betea, jendetsua, ondo antolatua, ikusentzunezko tresnarik erangikorrenez hornitua, euskalduna eta atsegina, dinamikoa eta partehartzailea.
Etxerat elkarte eraginkorra iruditzen zait. Sufritu arren, gainditzeko borondatearekin. Urrutira joan behar izan arren, presoen alde direnak eta bi egiteko jendez hornitua. Etxerat ez da guraso elkarte bat, Etxerat erakunde dinamiko eta bizi bat da. Adin guztietako jendearekin, pentsaera ezberdinetako senideek osatua. XXI. mendeko Euskal Herrian, gatazka gainditzeko, eta giza eskubideen alde jokatzeko eratu den tresna eraginkorra. Etxerat etorkizuneko barik, garrantzi handiko egungo erakundea iruditzen zait, eraginkorra, saiatua eta prestatua. Begirune osoa merezi duena. Ez sufritzen dutenagatik bakarrik, egiteko gai direnagatik baizik.
-
Greba orokorra martxan
maiatzak 21 greba orokorra
greba deialdia egin dute gurean sindikatu nagusiek. erantzuteko beharra somatzen zen bazterrotan.
eusko jaurlaritzako jabe berriek beraien kontra delakoan, abertzaleak astintzen hasi direlakoan.
kapitalismoaren kontrako greba euskalduna gura nuke nik. mobilizaziotik alternatibak eskaintzera pasatzeko. eta ez geldirik egoteko.
pausu bat da greba. mobilizazio orokor eta handi bat. xxi garren mende honetako lehen greba handia izango da euskal erdian. bidasoaz haratago badaramatzate batzuk. bai horixe.
tira, apuntatu agendan. m21. greba orokorra. #grebaorokorra etiketa sortu da jadanik sarean. ari gara zerbaitetan.
grebaorokorra.info gunea ere guztion artean eraikiko dogu, modu partehartzailean. sindikatuek egin dute bere deialdia. langileok, langabetuok, ekintzaileok, prekariook… sarean arituko gara, jo ta gehiago… -
Blog proposamenak
Goizero, kafearen ostean irakurtzen ditugu gure blogak. Nork zer idatzi duen, loturak jarraitu, rss jarioari kasu apur bat egin, eta aritzen gara gure kioskorik kiosko.
Goizero baina, zerbait ez irakurri izanaren sentsazioa ere badaramagu. Eta posta txekeatu, twittereko mezutxoei jaramon egin eta eguneraketa deiei itxaroteko esan ostean, gune berriren bat ezagutzeko irrika pizten zaigu.
Egunero blog berri bat ezagutu nahiko genuke, edo software aplikazio interesgarriago bat, edo auskalo zer… berritasunaren berritasunez… dena zaharra da hamabost minutu barru.
- Baina, blogak irakurtzen jarraitu gura dudala esango banizueke?
- Proposatuko zenukete blog barririk?
- Hori du asmotzat post honek, blog barriak ezagutzea, ezagutaraztea.
- Ea zenbat batzen ditugun, gero proposamenekin post luzeago bat egiteko.
grafikoa: robinhamman creative commons
post-oharra: post hau twitter eta facebook bidez ere iragarria izan denez, handik jasotako proposamenak ere gehituko dira hurrengo post batetara.
-
zer esan?
Zita bat daukat bihar, neska batekin.
Zer esan ez dakidala nago, horrelakoetan ez baitut jakiten zelan erantzun, zer galdetu, nola moldatu.
Hasiberriaren urduritasun horrek harrapatzen nau, zelan esan, zelan adierazi…
Kafe Antzokian gaude zitatuta… eta, tximeletak sabelean.
Izan ere bihar Anhitz elkarrizketatuko dugu, lehenengo errobot euskalduna. Neska da, eta euskaraz erantzuten ditu zientzia eta teknologiari buruzko galderak.
Zer esan, zer galdetu ez nagoela nago ni. Lehen aldia baita errobotarekin zitatzen naizela bizitza osoan. Tximeletak sabelean, badakizue…
Eskertuko nuke zuen laguntza, zuen galdera proposamenak….
irratia.com saiorako da, asteazkenero 13:00etatik 14:00etara egiten duguna Bilbo Hiria irratiko estudioetatik, sarean mundu osoan entzuten dena, podcast bidez hedatzen dugun hori bera.eguneraketa>
AnHitz ezagutu eta elkarrizketa, dana bat. Kalabazak tarteko, entzuteko moduan dago irratia.com gunean.
-
Abiapuntua
Martxan da puntueus elkartea. Abian da euskara eta euskal kulturaren eremua sarean ordezkatuko duen dominioaren aldeko lana.
Asko idatzi da bart, gaur, bihar… honetaz, baina gehiago da egiteko dagoena.
Bistan da lantalde ederra osatu dela. Eitb bezalako komunikazio talde bat, Inaki Goirizelaia telematika injeniaria eta UPVko errektorea, Hey_neken bezalako hacker euskaltzale baten ondoan orpoz orpo lanean, Iratxe Esnaola irakaslea Andoni Sagarna euskaltzainaren ondoan…..
Asko dago egiteko, ekiteko. Baina abiapuntua ondo jarrita dago. Helburua gertuago. -
splitweet euskaraz #splitweet
Badakizue, txikian ari gara. Laburrean. Luzerako ez digu ematen, hor ari gara… esan, konta eta irakurtzen. Emozioak azkar zabaltzen dira. Gogoetak, fast think baino gehiago dira hala ere.
Asteon gertatutakoa orain, labur labur.
Galdetu zuen Igorrek. -Inork ezagutzen du twitter kontu bat baingo gehiago kudeatzeko tresnarik?
Erantzun zioten azkar -Splitweet sortu dute katalan batzuek…
Esan zuen beste batek -nik frogatu dut, ondo dago. Euskaratuko dugu?
Erantzun zuten berehala splitweetekoek, inork lokalizatu gura izan ezkero… jartzeko harremanetan.
Ez zen ordua igaro, euskaraketa egiteko 5 lagun prest eta splitweet abenduan sortu zutenek euskaraketarako materiala sarean jarri zutenerako.
Biharamunerako splitweet osoa euskaraturik, eta programa erabilgarri Aitorren hizkuntza zaharrean.
zer da splitweet?
Splitweet funtsean, twitter kontu ezberdinak kudeatzeko programa bat da. Sarean dagoena. Abenduan aurkeztu zuten Badalonako hiru mutilek. Hirurek Albert dute izena.zertarako erabili?
Guk twitter kontuak euskaraz kudeatzeko baliatzen dugu. Baina horrez gain aukera gehiago ematen ditu. Adibidez hitz edo marka zehatzen jarraipena egiteko. Sartzen diozu hitz bat, marka bat, izen bat, tag edo etiketa bat…eta haren jarraipena monitorizatuko dizu. Itzela da alde horretatik.Marketing arloan ezagutzen duzu euskarazko tresnarik?
Brand edo marka ezberdinak jarraitzeko ezagutzen dudan euskarazko tresna bakarra da. Marketingak merkatuak aztertzen ditu, merkaturako estrategiak zehazten ditu… eta orain arte, nik behintzat, ez nuen tresnarik ezagutzen euskaraz. Bat orain. Sortuko dira berriak.
Mikrobloginak zeresana emango du aurrerantzean. Twitter bezalako tresna libreak ere sortzen eta hedatzen hasi dira. Eta hoiekin gainera aukera izango dugu euskaratzeko, proiektuak lokalizatzeko eta gainera twitter eta dagoeneko ezagunak direnekin partekatzeko.
Datozen egunak interesgarriak izango dira alde horretatik, eta euskaldunok erakutsiko dugu zertan ari garen, zelan auzolanean gauza handiak lortu daitezkeen; eta ez dela behar ez partner garrantzitsurik, ez Jaurlaritxaren subentziorik… tresna euskaldun eta txukunak sortu eta ezagutzera emateko. Euskarak baditu tresnak, baditu boluntarioak, badu software librea, eta jarrera irekia. Guzti horrek, bat eginda indar ikaragarria dauka. Libre eta euskaldun, badakizue. Jarrera pro aktibo bat.
Guzti hau geldi ezina da, haize erauntsi handienaren antzo. Murgildu zaitez zu be!