hurrengo geltokia
gogoetak, joan etorriko bidaiak
-
Ibarretxerenak egin du > lehen da ari
Horrenbeste entzun arren, badirudi euskal erditarrok ez dugula kontsultarik izango datorren hilean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleek ez dute ezelango zitarik edukiko lehen-dakariaren galderak erantzuteko.
Kexu da gure lagun bat ere, PNVk ez duelako gogoz hartzen Kontsultaren gaia baina, ez dago politologo jantzia izan beharrik, Europara, justizia arrotzetara begira jarri direnean, urriaren 25ekoak porrot egin duelako berealakoan.
Legebiltzarrean ozta ozta egin zuen aurrera proposamenak, Imaztarren borondatearen kontra baina Otegiren behinolako formularekin. Botoak alde, botoak kontra. Eta aurrera. Madrilen bide laburra dute oraindik Euskal Herritik, euskal erditik, doazen proposamenek. Madrilen ere, euskaldunok indar gutxi, bidean batu ezik. Maltzagaraino barik, Burgos baino haratago egin beharko lukete euskaldunek bide bera… baina tira. Beste baterako hori.
Hitza
Herriari, erdiari, hitza ematea izango da gatazka konpontzeko giltza. Orain ez bada, hurrengoan. Erdian ez bada, osoan beharbada. hiru eta lau dira zazpi. Hamaika kontu. Baina ez zaizkigu emaitzak ateratzen oraindik.
Lehen da ariEta Laudiokoarenak egin du. Gasteiztik Laudiorako bidea egin beharko du Altuben behera, berriz ere. Lehendakaritzakoak ahantzi, ta bestelako zereginei ekin beharko die. Ohi duen apaltasunetik. Eta ez da ezer gertatzen.
Sabin Etxeatik Muskizera egin zuen JosuJonek, Estatu Batuetatik bueltan. Eta San Mames ikusten dugu orain hamabostean behin, haciendo pais.
Ibarretxe dagoeneko, iragana da. Lehen da ari. -
Ufa!
astelehena.
iraila.
bat.
eta bat irailean astelehenez ufaka. lo gitxi, logurea, eta kilometro batzuk egin ostean pantaila aurrean. atzera begira baino, burutik pasatzen dira irudiak. gogoetak. ufa!
irailean abuztua gogoan. abuztuan ezebez. abuztua laua da. epela. freskoa. gaugiroa, ibilerak, kilometroak, asfaltoa eta landak.
abuztua jai da euskal herrian, herrian, etxean. lagunartean. parrandan. kalejiran.
abuztua opor da gurean, hemendik hara… oinez, kotxez edozelan… batetik bestera.
abuztuan ez dago sarerik, Internetik, konexiorik… asti askorik bez, munduko denbora guztie eukinda be.
abuztua joan da, joan da gazte eguna, andarmariek, emeteriek, aste nagusie, ahaztuta akermari, marijaia eta ez-piritu txar guztiek….
abuztuari agun, eta irailean bat. egutegiek orri barrie eta bizitza aurrera doa.
oin promesak, argazkiak eta aspaldiko elkarrizketak.
dietak, ikastaroak eta asmoak.
iraila, ufa!
-
XXI. mendeko despidoak
Bulego batera deituko zaituzte, ez dago gaiordenik, eta hitzak ohikoak dira. Neurtuak, sofistikatuak, korrektoak. Urteko plangintza aipatuko dizu parean dagoenak. Ez da gehiago. Gaitasunak ere mugatuak ditu, baina erabaki gunea kudeatzen du.
Parean dagoena ez da konturatzen patroiarekin ari denik. Gizarte erakunde bat izango da, edo lukru animorik gabeko elkarte bat, edo euskalgintzako erakunde bat, edo subentzioak jasotzen dituen enpresa bat… kontua da hilero, eta urtero zenbakiak nagusitzen direla. Eta egokitu egin behar dira aurrekontuak. Eta kalitate zigiluak eskuratu beharra dagoela, eta marketing apur bat, eta itxura gehiago.
Batzarra aurrera doan arren, ez diozu usain txarrik hartuko. Bilera bat. Plangintza aurkezpen bat.
Ohi baino motelago datoz ordea berbak. Neurtuago agian. Pozoirik gabeko geziak?
XXI. mendean gaude. Zerbitzuen aroan. Informazioa eta jakintzaren gizartean. Ez dago despidorik. Kontraturik gabeko garaia bizi dugu, kolaborazioa da oro. Asko aurrezten da kontratu barik. Harremanak arindu egiten dira mundu globalizatu honetan. Behar zaituztenean hor zaude, sarearen beste aldean.
Ez dago zure zerbitzuen beharrik. Makina batek egin dezake zuk egiten duzuna. Software egokia topatu dutelakoan daude. rage against the machine. Konturatu zara egoeraren ondorioetaz, jabetu zara erabakiaren oihartzunaz. Baina ez dago despidorik. Ez dago plastikorik margotu beharrik pankarta eskegitzeko. Ez dago patroirik. Ez da langile despediturik. XXI. mendea. Informazioaren gizartea. Dena txukun. Dena ondo. Dena Q. Kalitatea, aizu. Ez dago mobilizaziorik, eta soka eskegirik, are gutxiago barrikadarik… sutan zu bakarrik zaude. Agian zure errua izan da. Agian ez duzu zerbait ondo egin, edo ez zaie zure lan egiteko modua gustatzen, edo beste bat dute begiko. Edo gazteagoak behar dituzte. Edo bekadun bat jarriko dute zure lekuan.
XXI. mendea. Gure mundua. Globalizazioa eta neoliberalismo izkutua. Basatia. Hemen. Urteroko laguntza pegata, kamiseta eta euskararen aldeko jaietan eskatzen duten erakunde eta mugimenduetan. Horrelakoa da bizitza. Neoliberalismoaren olatuak harrapatu zaitu, eta surf taula etxean ahantzi duzu.
Agur esan diezu lankide ohiei. Agur eta ez dakizu noiz arte, agian atea jo eta gurutzatu beharko duzu berriz ere, burumakur, zure zerbitzuen berri behar dutela ebazten dutenean. Beste plan estrategiko bat. Beste urrats bat. Makina izorratu da, edo software hori eguneratzeko bi esku eta buru bat behar dutenean.
-
Josune Ariztondoren begietara
Ondarroan egin duen triskantzak asetu ez, eta Kultura sailburu bezala ere, hasia zaigu andereñoa lezioak emoten.
On Tomasen garairik ilunenetara itzulera egin du bizkaitarron diputazioak. Askok beharbada ez duzue gogoan izango, baina Anje Duhaldek orduko herriz herri jaialdi batean, torturaz hil berri zuten Gurutze Iantzi izan zuen gogoan kantu batean, Mallabian. Tomas Uribetxebarria orduko kultura diputatuak, Anje Duhalde herriz herri jaialdi zirkuitutik bota egin zuen. Kanpoan utzi. Ordukoa da Suaren gainean dantzan diskoan. Xabier Amurizak idatzi kantuetatik Anje Duhaldek sortu lana. Etxeandaukagu, eta gaur entzuteko gogoa piztu zait. … onthomastu zaitezte!
Orduan ezagutu genituen zentsuraren zantzoak hemen, Diputaziotik, Kultura sailetik zuzen zuzenean. Ez zuen gitxiago jo Anje Duhaldek. Diskoak ere arrakasta izan zuen, eta Tomas Uribetxebarriak bere fase politikoa handik gutxira amaitu zuen. Baina etorri dira berriak. Eta ez nolanahikoak.
Emakume zorrotza da Josune andereñoa. Arteza, Bizkaian esaten dogun bezala. Alderdian ardura handiak izan ditu, EBBko idazkari ere izan da Imaz aroan. Atara hortik kontuak! Orain PSOErekin akordio zabala lortu behar dela dioen Jose Luis Bilbao diputatuaren kultur ministroa da. Tatxer ondarrutar bat.
Erakusketa bat inaguratu baino bost minutu lehenago ez zaio okurritu ba bideolan bat bertatik kentzea! Diputazioaren Ertibil arte lehiaketan, 200 lan baino gehiagotatik batzuk aukeratu ditu epaimahaiak. Eta erakusketa montatu. Eta inori ezer esan barik, epaimahaiari, artistari… ri rau, kendu eta kitto. Hori da gure estiloa.
Badakit jakin, arteak, sukaldaritzak, futbolak, politikak.. aztoratu egiten dituela espainiar kazetari, txakur, intelektual eat enparauak. Baina, horren beldurrez, hemengo politikari, kudeatzaile, arduradunak hartzen ari diren neurriak ere neurrizk kanpokoak iruditzen zaizkit. Artea beti izan da transgresorea, eta ulertzen ez bada… kentzea… ez dut ulertzen. Ez dut onartzen. Argi eta garbi. Eta jeltzaleak, gauza bat kontrolatzen ez dutenean, oso urduri jarri ohi dira. Holan daude, deskiziatuta leku guztietan.Eta Josune Ariztondok hori erakutsi ohi du bere begirada sarko eta sinesgarritasun gutxidun horrekin. Herri borondatearen kontrako inposatzailea Ondarroan, eta kultur kontuetan zentsuratzailea Bilbon. A ze kurrikuluma!
Berria.info Artea eta zentsura Rekalde aretoan
-
Lagun bat Everesten
Juanrra Madariaga laguna dut, aspaldian. Poeta bezala ezagutuko duzue askok, Nontzeberri web_albistegiko kazetari moduan beste batzuk. Mendizalea da, zortzimilakoak ere egiten dituen tipoa. Aspaldi honetan.
Eta egunotan mendiak, albiste ilunak ematen badizkigu ere, gaur jakin dut, duela gutxi heldu direla Jordi eta biak Everestera, lurrean dagoen gailurrik gorenera. Poesia. Han izanik, hemen hobeto naiz, pentsatzen dugu halakoetan.
8848m. Mitikoa. Bueltan galdetu beharko diogu ia zelan. Ia zer sentitzen dan han goian, ia itsasoa ikusten den handik goitik. Ia Bilbo, botxoa faltan bota duen, ea prentsaurreko barik zer egiten ahal den han, mendi gailurretan.
Edo beharbada bere azken poesia liburua irakurriko dugu horrelakoetan: Izozmendiak.
Everest mendiko espedizioarenak blog batean kontatu dituzte gainera. Ia zuzenean, txo!
-
neke digitala
Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.
Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.
Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.
Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.
Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.
-
Kazetaritzaren etorkizuna: teknologia eta erabiltzaileak
Urtero kazetaritza digitalaren inguruko jardunaldia egin bide dute Huesca aldean. Hangoa hemendik jarraitzerik ere badugunez, Juan Varela adituaren blog eta idatziak irakurtzen ditugu. Laburtuz, hango berri eta kazetaritzaren inguruko datu asko eman ohi du normalean.
Ondorio horretara heldu berri dira aurten, eta horretaz mintzatu gura nuke. Kazetaritzaren erronkak direnak, zelan aztertu guretik. Euskal Herritik.
Medio edo komunikabide aldetik aberatsa den, aberastu den herria da gurea. Azken 25 urteotan komunikabide, hedabide asko sortu da hemen. Garatu dira. Baina erronka berrien aurrean daude.Teknologia eta erabiltzaileak dira orain kezka. Zelan egokitu teknologia berrietara, zelan asmatu informazioa emateko euskarri berri hoiek errentagarri egiteko. Orain arte bezero hutsa zena, orain erabiltzaile aktibo bilakatzea zaila da. Baina aukerak sortu daitezke.
Argi dago, informazio munduaren arreta, gero eta gehiago Internetek bereganatzen duela. Eta zaila dela Internetetik, informazio hutsarekin errentagarritasuna bilatzea. Arreta galtzea ordea, errazagoa da. Eta hori gertatzen ari zaie hemen komunikabide gehienei. Arreta galtzen ari dira, entzuleak, irakurleak, ikusleak.
Teknologia berrien apustua argia da. Denek izan nahi dute moderno eta eraginkor aldi berean. Baina Internet ez da erakusleiho bat soilik. Internet ekoizteko gune ere bada. Ingurura begiratu, eta inguru horretaz informatu beharra dago. Eta gurean oraindik, komunikabide gehienek, teletipo eta prentsaurrekoen diktadurapean jarraitzen dute. Askatasunerako gogo gutxi adierazten dute hedabideetako profesionalek. Agintzen dutenak bezala, obeditzen dutenek.
Teknologia eta erabiltzaileak. Erronka polita. Behetik goranzko informazio jario horretan, blogak, sare sozialak, agregatzaileak, informazioa hedatzeko tresna berriak, podcastinga… sekulako erronka dira. Audientziei eta salmenteei begiratzen egon beharrik ez daukagunez, kazetaritzaren etorkizuna, horrelako eragileetan dagoela somatzen da. Gero eta gehiago. Guk geuk ere, erronka hoiei eutsi behar diegu, eta informazioa sortu, antolatu, ekoiztu eta hedatzeko tresna berriak ezagutu eta erabiltzeaz gain, erabiltzaileak parte hartzaile bihurtzeko ardura hartu behar dugu. Eztabaida interesgarria da, baina pratikara eroatea izango da politena.
-
martxoaren 11 hura
Gaur, goizean sukaldera sartu eta Seaskako egutegia ikusitakoan: to! martxoak 11 du gaur egunak.
Eta dagoeneko lau urte igaroak dira.Egun hartan, mantsoago igaro ziren minutuak. Eta pantaila aurreko orduak. Eta mezuak. Eta politikarien esanak. Eta Otegiren mintzoa. Eta trenak ez ziren gehiago igaro. Han geratu ziren.
Gogoan duzu egun hura? Akordatzen zara?
Orduan ere, hauteskunde giroan murgilduta. Eta Al Qaedak egin ekintza ETAri leporatu zioten Acebesek eta Ibarretxek, batak zein besteak. Ikerketak isilarazi zituzten, eta telefono bidezko mezuek mundu bat mugitu zuten oso ordu gutxitan PPren kontra.
Eta Zapaterok hauteskundeak irabazi zituen gero.
Lau urte igaro dira ordudanik. Eta gogoratzen jarrita…
-
m9 hauteskundeak
m7: ostirala, Arrasate
zurrunbiloa modurik gordinenean nabarmendu da. ETAk PSEko zinegotzi izandako Isaias Carrasko hil du Arrasaten. Hauteskunde kanpainan zehar, ETAk beste bi ekintza apalago egin baditu ere (telebista antena eta errepetidoreen kontra Bilbon, Derioko PSOEren egoitzaren kontra) Arrasatekoan, modurik gogorrenean erasotu du. Kalean bertan, herritar bat akabatuz. Gogorra. Berriz ere, aurreko estrategiara jauzia. PSOEri mezu zuzena.
PSOEk egun berean erreakzionatzen du, mundu bat batzen du Arrasaten bertan. Gaitzezpena. Mina. Amorrua. Komunikabideak Gipuzkoako herri honetatik zuzenean emititzen. Zapaterok Malagatik Madrilerako hegazkina hartu, eta Madriletik Arrasatera egun berean. Rajoy ere Mondragoira hurbiltzen da. Lehen kalapita PP eta PSOEren artean, udaletxeko aretoan bertan. Arreta informatibo guztia ANVk kudeatzen duen herrian. ANVk ez du erasoa gaitzezten, eta komunikatu propioa biharamunean.
Gatazkaren gordintasuna, hauteskundeetako kanpainaren azken egunean.
Informazioa, etengabe eguneratzen: goiena.netm8: erreflexio eguna
erreflexio behar zuena, mobilizazio eta komunikabide handien eguna. Emakumeen egunerako deialdi zenbait debekatuta -Nafarroan batipat-. Udaletxeen aurreko bilkura instituzionalak, Gesto Por La Pazek 120 ohiko kontzentrazio. Komunikabide gehienak, egun osoko albistegiak Arrasatetik zuzenean. Bozkatzeko deia, abstentzioaren aurrean. Hileta elizkizunak eta kontzentrazio jendetsua Arrasaten.
m9: Hauteskunde eguna
- PSOEk irabazi du Espainian. PPk hala ere, sekulako boto gorakada.
- PSEk nabarmen irabazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
- Nafarroan, UPN-k zein PSN-k boto asko. NaBai mantendu egin da. (Diputatu bat)
- PNVren beste beherakada bat. Itzela. Lehen Imaz, orain Urkullu. Beheranza oraindik. Jeltzaleen blogosfera borborka dago, adibide bat.
- Ezker abertzaleak abstentziorako jarrera mantenduz, abstentzioak puntu dexente gora. Herri txiki eta euskaldun askotan, %50etik gorako abstentzioa. Ikustekoa.
- IUk, Aralarrek, EA, eta orohar alderdi txikiek, sekulako beherakada. Desagerpenetik hurbil.
Beraz, argi dago ETAren agerpenak erabat baldintzatu duela panorama politikoa. Lehenengo aldiz, PSEk Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan nabarmen irabazi du. Bilbon zein Donostian nagusitasuna erakutsi du. Orokorrean igo ditu botoak. Debagoienean ere lehen indarra, Arrasaten ere bozka kopuru nabarmena.
PNV-k beherantz egin du. ETAren ekintzarik gabe ere, beherantz egingo luke, ezker abertzaleak deitutako abstentzioak ere eragingo zukeelako ziurrenik jeltzaleengan.
Ezker abertzalearen jarraitzaileek, ETAren agerpenaren gainetik ere, bere horretan jarraitu dute. Aski da 2004ko emaitzei so egitea (abstentzioa+nuloak> gaurko abstentzioa). Orduan Espainiako hauteskundeetan boto baliogabetzat jo zuten ezker abertzalearen hautua, egun abstentziora jo du. Emaitzak hor dira, agerian.
m10 eta hemendik aurrera
- Elkarrizketa politikoak berebiziko garrantzia hartzen du, konponbide bat bilatu gura bada.
- ETAren jarduera armatua ekiditeko, Loiolako elkarrizketak bere horretan berrartu beharko lituzkete alderdi politikoek.
- Ezker abertzalea desagertarazi gura dutenek; bere gaitasuna murrizten saiatu barik, bide politikoan parte hartzeko aukera eskaini beharko liokete.
- PSOEk, PPrekiko abantaila ez du haunditu, eta balizko prozesu negoziatzaileari begira, ez du horrek asko laguntzen. Hego Euskal Herrian gora egin badu ere, are gorago egin du PPk Espainian. Eta gaur ere, gero eta nabarmenago bi Espainia irudika daitezke: Goi partean zein behean PSOE da nagusi (Katalunia, Hego Euskal Herria-ia, Asturias, Aragoi eta Extremadura eta Andaluzia). Gainontzekoa, Gaztela osoa, Valentzia eta kostalde hori, Burgos… guzti hori PPkoa da. Madrilen PPk jaun eta jabe jarraitzen du.
- Euskal Herrian bizi dugun gatazka honek, irtenbide erraza dauka. Elkarrizketa, akordioa eta gizartearen partehartzea.
Erabilitako iturriak:
- Hauteskundeetako emaitzak: Berria.info
- Arrasateko gertaeren jarraipena: Goiena.net
- Emaitzak, konparaketak, abstentzioaren grafikoak: Gara.net
-
Egun normala balitz bezala
Montenegrotik ekarritako katilua baliatzen dut goizero gosaltzeko, egunkariek Kosovori buruzko albisteak eskaintzen dizkidaten bitartean.
Irratian berriz, ez dute txintik esaten Igor Porturen argazkietaz, eta nik gosaria eztarritik barrura sartu ezinda, letra txikiei erreparatzen diet.Azken egunak mobilizazioz mobilizazio eman ditugu. Ez dago treguarik. Egun batean bai, eta bestean be bai… bada zerbait. Herri bizia gurea. Hiltzera kondenatua. Baina bizirik dirauena, zelan edo halan.
Eta hau, normal bizitzea balitz bezala hartzen dugu. Egunkaria, ilegalizazioak, atxiloketak, torturak, manifak, errepresioa, heriotzak, mehatxuak, bonbak… eta urteak doaz, urteak etorri. Ez da askorik aldatzen.
Eta normal bizi gura dugunean, hor datoz hauteskundeak. Buaa! zer izango da hori? Denak eskaintzan, denak onenak, denak hobeto, denek gehiago…. eta guk normal bizi gura.
Gosaldu dut, irakurri periodikua, albisteak entzun, pantailari begiratu… eta hau izango da normalena. Zertarako kezkatu?