hurrengo geltokia
gogoetak, joan etorriko bidaiak
-
Honek eman du | Hizlandia bukatu da
Iñigo Aranbarriren Hizlandian ibili denetakoa naiz. Letrak, hitzak, komunikazioa, prentsa, kazetaritza maite dugunontzat, sagardo ederra izan da Hizlandiakoa. Garratz batzutan, gozo sarri, azukera gitxigaz gehienetan… ia astelehenero irakurri ditut Iñigorenak domekako Berrian. Pena hartzen dut, dauden kazetaritza fakultate guztiak baino eskola hobea den hori desagertuko delako. Baina bestetik, Iñigo Hizlandiak bahituta egon dela somatzen dut. Iñigo idazlea, Iñigo sortzailea, Iñigo editorea, Iñigo Aranbarri.
Azkena be, gordetzeko modukoa, duda barik. Gogoeta serio bat gaurko kazetaritzaz. Hemen eta munduan.
Andoain erdialdeko jatetxe bat, orain dela bi urte pasatxo. Mahaian, egunkari honetako hiru lagun nituen zain. Proposamen bat zekarten, ez nolanahikoa. Ordura arte -esan dezadan lasai: orain arte- inguruko hedabideek ez zuten zerbait nahi zutela jakinarazi zidaten, gozorik gabea, autokritikoa, eta ea egingo nuen.
– Egunkariaren jarraipen bat nahi diagu, publikoa, errukirik gabea.
– Press ombudsman moduko bat?
– Ez, irakurlearen defendatzailea zuzendariaren defendatzailea duk horrelakoetan. Zorrotzagoa. Ez amore emaile.
Laguntza eskaini zitzaidan, blindajea etxe barruan lana behaztopa eta sostorrik gabe egin nezan. Etxearekin kritikoak izango ziren begi-eskuak nahi zituzten, beste inork eskaintzen ez zuen zerbait, osasungarri zelakoan, erredakzioan langileren bat gaitzitu arren. Berritik zuenagatik, errazegi heldu nion alaia muturreko malutari, atuna nintzen, amuan preso, eta hala irten nuen ostatutik, zeri eman nion baietza ondoegi jakin gaberik. Ez genekien une jakin batzuetakoa izango zen edo hamabosterokoa. Ez genekien nora zihoan bidea, ez zenbatean behin kaleratu ahal izango genuen. Asterokoa izateko, gehiegizko martxa neritzon. Gainera, egunkari txukuna izanik, ez zegoen hainbeste gauza ere zortzi egunean behin ahoz gora esateko. Hasi arte.
-
Bloga izotzarekin
Telefonoa joka ari da. Hartu eta irratitik ari dira. Uda da, badakizu, eta albiste lehortea dago. Txoririk ez da hil, kulturgintza geldi dago, UEUri buruz aritzeak nekatu egiten du… eta esatariari burura etorri zaio kolaboratzailea.
zer egiten du blogari batek udan? Erreportaia izan zitekeen, eta jende ezberdina elkarrizketatu. Hitz egin zitekeen tourraz, oporretaz, jaien gainean, kontertuei buruz, ekonomiaren gorabeherak, nazioarteko egoera, futbola, hondartzak edo Azkunari buruz. Baietz esan nien, duda asko barik. Kazetaritza interpretatzeko gai bagara, egoerak bultzatuta horrelakoak gertatzen dira.
Irratiko eskaleta bete behar, eta elkartasuna adierazi behar zaio uztailean lanean ari denari. Berba egingo dugu, blogari buruz. Udari buruz. Azken asteotan idatzitakoari buruz gura baduzue. Ez dago arazorik. Irratia ala hil!
Eta azken post hauetan idatzitakoaz jardun gara. Zutabelari batek, bere azken zutabeen azalpenak emango balitu bezala, baina irratitik. Bilbo live, Tourra, San Ferminak…. denetarik.
Bloga izotzarekin eskatuko dut hurrengoan. Ea zer ateratzen didaten.
-
Mikel Urmeneta zentsuratu du El Pais-ek
Egunero ari nintzen nire entzierro partikularra jarraitzen. Sanfermin.com gunetik jarraitzen ditut aurten Iruñeako festak, eta Mikel Urmenetaren blogean bere gau desfasatuen berri izaten dut. Gaztelaniaz polito idazten du, sortzailea dela ezin ukatu… eta euskaldun baten abenturak irakurtzea edo erantzunak jarraitzea ariketa polita izan da egunotan.
Baina zezenak harrapatu du. Kokarakinaren argazkia jarri zuen, harakin bat farlopa mozten… eta egun batzutara, argazkia moztu diote. Zentsuratua izan dela dio berak… ez dakigu. Hori dio argazkiak ere, baina inork ez du azalpenik eman.
-
Hasi dira San Fermin jaiak
Hala Bedi irratitik entzuten ari nintzen, zelan jaiek hasi behar zuten, Iruñearekin konexioa egin zutenean, gogoak bultzatuta telebista piztu behar izan nuen. ETB jarri nuen lehenbizi, baina ahotsa kendu behar izan nien lotsaren lotsaz. San Ferminei buruz pitorik jakin ez, eta lelokeriak baino ez dituzten esaten esatariak jartzen dituzte horrelakoetan. TVE1 jarri nuen gero, eta han jaiaz, tradizioaz, ohiturak, zezenketak…. denetarik izan zuten hizpide, jaien hasieran. Irudien kalitatea antzekoa, ez dakit gainera ikurriña gehiago ez zituzten ematen TVE1 horretan.
Kontua da hasi direla. Lagunak ere, kafea hartu ostean joan ziren Lesakara. Eta ni hemen. Ez dakit luzaroan aguantatuko dudan. Aurtengo hasiera ederra izan da, aurtengoa ere, eta aurretik jaiak beste astebete luzea dauka, tartean Tourra igaroko da Euskal Herritik, eta mundu guztia, planetaren txoko honetara begira dagoela ematen du…
Nik, Mikel Urmenetaren bloga hautatu dut, jai hauek jarraitzeko. El Pais egunkariak aukera hori eman dio Kukuxumusuko sortzaileari, eta berak bere erara kontatuko dizkigu Iruñeako karriketan bizitakoak. Argazkiak ere eskaintzen ditu.
SanFermin.com gunean ere, argazki asko, kronikak, encierrometroa, kamisetak, denetarik. Iruñeara joateko gogoa pizten badakizue
-
Javier Clemente botako dute
Harrigarria da, iritzia eman eta kanporatu. Pirinioetako alturak, kalte gehiago egin dio presidenteari, beste inori baino.
Javier Clemente, Athletic-eko entrenatzailea gaur arratsaldean botako dute.
Kazetarien artean bolo bolo dabil albistea, batzuek zuzendaritzaren eskutik jaso dute berria, beste batzuei izkutatu egiten diete… baina arratsaldean zuzendaritza batzartuko da, ostean jakingo dugu ofizialki.
Athletic taldeak, krisi berri bati egin beharko dio aurre orain, beste behin. Entrenatzailea botatzeak gainera, ezer onik ez.
Meñakar bat, Lotina, bera izango omen da Athleticen hurrengo entrenatzailea. Apusturik egin nahi?
Nork esango luke, blog honetan ere, mundiala hala nola igarota… futbolaz jardu beharko genukenik… baina albiste bonba honi, ezin eutsi!
A todo Clemente le llega su San Fermin! esaera barria.
Gotzon Garateri beste hau irakurri diot: ohore izateko, Premin (Fermin), gutxi ta ondo itz egin. Badu zer ikasia hemen ere gure Clementek, ondo gogoan izango du aurtengo San Fermin eguna ere.
-
Bizkaiko sagardaoa, ona eta gozoa
Edari zaharra da sagardoa, aspaldikoa. Baina halako egunetan, sargori danean batez ere, ondo sartzen dana.
Eta atzo, Bizkaiko sagardogileek, aurten botilaratutako sagardoa aurkezten zuten Bilbon. Bilbon nintzen atzo, gora eta behera. Kale artetik, beroagaz ito beharrean, eta Kalderapekora joan nintzen. Bazkaltzeko asmotan. Freskuraren bila.
Atzo eguerdian egin zuten deskortxea, eta trikitilari eta bertsolariekin, alde zaharrean Bizkaiko sagardoa duten tabernetatik poteoa egin zuten kantuan. Lantzean lantzean, tragoa joz. Kantuan barriro.
Tarte hori aprobetxatuta, eta eurak Kalderapekora bueltatu aurretik hartu nuen lekua tabernan. Bazkaltzeko. Eta sagardo freskoa edateko. Zelan ez.
Bizkaiko sagardogileen elkartearen panfletoa eskuan hartuta jakin nuen dagoeneko 13 baserri badirela elkartean. Hasi Berriatuan eta Dimaraino; Ajangiz, Mungia, Gizaburuaga, Markina, Mendexa, Gernika, Gatika, Muxika, Zornotza eta Lezaman. Nik Uxarte baserrikoa eskatu nuen, Zorrontzako Jose Antonio Zamalloa Txanpiren sagardaoa.
Sagardotegia ezagun dot, leku polita. Etxeko oilaskoa eta EHNEko baserritarren okela egoten da normalean jateko, bera be sindikatukoa da, eta gauza hauek ondo zaintzen dituena. Eta Kalderapekon be, bazkaltzeko oilaskoa sagardotan. Itzel gozoa. Postrea gero eta kafe hotza barran.
Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes bertsotan ibiliko ziren artean, Zazpi kale beroetatik gora eta behera. Sagardoagaz freskatzen beharbada. Bertsotan epeletan egon baino, gurago Kalderapekon bakarrik bazkaltzen, batekoagatik.
Bizkaiko bitsez eta
Bizkaiko lurraren
sagardao alegrea
naukazu pozarren
zelan zeuk jaten dozun
sagarrak nakarren
ez dozu izango gatxik
lartxo edan arrenXabier Amuriza
-
Irudi bakar batek adierazi dezakena
Zer ikusten duzue hemen?Bizikleta bat iluntzean izan zitekeen, edo bizikleta bat zutunik, edo non dago bizikleta zeramana? Zertarako geratu da? Nora doa? Norekin?
Argazki bat dela esango didazue… bai badakit, baina gehiago ikusi daiteke hor. Hobeto asmatzerik bai?
Ez dago dudarik, horrelako hamaika argazki egongo dira Interneten. Nik hau topatu dut gaur, iluntzen ari den une honetan… zerura begiratu eta ez da ilunago, ordulariak kontrakoa dioen arren.
Argazki hori bera egin nahi nuke, hor bertan, orain posible balitz. Lagunduidazue argazkilaria topatzen bestela…. bizikletatik jeitsi berri da eta. Nora ote doa? Zertarako geratu da, argazkia egiteko ez bada? Zer ikusten duzue zuek hemen?
-
Montenegron bizitakoa
-
Eslobeniatik Montenegrora
-
Abiadura Handiko Trenari buruz