musika

Ben Harper ez ikustearen penaz

Ben Harper BilbonHasi da Bilbo live jaialdia. Pena eta amorruz gustatzen zaizkidan talde batzuk ikusi barik geratuko naiz. Hasteko lotsagarria iruditu zait Bilbon egin dutena, baina eraberean, ikusteko moduan egon diren kantari eta talde batzuk ez ikusteak pena ematen dit. Kontraesanak.

Atzo arratsaldean hasi zen, Gatibuk irekitzen omen zuen jaialdia. Baina, atzo besteak beste Ben Harper kaliforniarra izan zen Kobetamendiko zelai horretan. Eta gaur, bere webgunean kantuak entzun eta entzun ari naizen honetan, horren pena daukat. Aurretik zerbait entzuna nuen, orain gehiago gustatu zait.

Beste handikeria bat

Bilboko agintariei beti gustatu izan zaie handikerietan ibiltzea. Bilbo hiria baino gehiago da bertakoentzat. Baina guk, hiria kanpotik ikusten dugunok, Bilbo geure geure bezala, Euskal Herriko hiri bezala maite dugunok, penaz hartzen ditugu horrelako jarrerak.
Iaz karreretako autoak izan ziren, lotsagarri hiria. Zarata hotsa, harrokeria, motorearen kultura eta diru galera izugarriak. Aurten, irudi berria, musika jaialdi bat, nazioartekoa ustez…

Lehiaketa publikorik egin barik, enpresa bati eman diote antolaketaren ardura guztia. Eta Bilbon azken hamarkada guzti hauetan kulturgintzan lanean egoten diren musika promotora guztiak gupida gabe alboratu dituzte. Last Tour International delako enpresak, pelotazo itzela jo du! Gasteizko Azkena Rock festibala ondo ateratzen dela eta… honek ere derrigorrean ondo atera behar duelako.

Bilboko programatzaileak

Aitortzen dut, musikaren inguruan emanaldiak antolatzen iaioak direla. Ia 20 lagun edo daude bulegoan horretara. Baina Bilbon, lehenagotik ere badira kontzertuak antolatzen eskarmentu handia duten beste enpresa asko. Rolling Stone adibez Serranok ekarri zuen. Orain alboratu egin dute. Unai Radiationek kontzertu oso onak antolatzen ditu nahinon, Juankar Mugak eta Bilbao Accion Rock (BAR) jarri zuten abian…. denen artean, auzolana bultzatuz, zerbait hobea egin zezaketeen. Nire ustez behintzat. Eta beste antolatzaile gehiago ere badago. Baina ez, atzamarrarekin agintzen den demokrazia honetan… irabazleak eta galtzaileak egon behar omen dute, derrigorrez.

Hizkuntz irizpideak

Udalak bultzatutako ekimen kulturala izanik, hizkuntzaren inguruko afera ere ezin aipatu barik laga. Ikusi duzue kartela? Izenburua ingelesez izatearena, ohiko bilakatzen ari da gure hiriburuan. BEC, live, boom! Tira… bizitzaren alde egin daiteke zerbait, zuzenekoaren alde. Eta gure hizkuntza, bizirik dagoela erakutsi behar diegu bilbaino hauei, zuzenean eraginkorra dela. Eta mugitu beharra daukagu. Tira, alde horretatik, lau gutun, salaketa txiki bat… eta deus gehiago ez. Prentsa euskaldunak ere ez du eraginik horretan, ez dago hizkuntz eskubideen aldeko jarrera bat. EITB osoa inplikatu egin da, Gara, edo Deia, edo Berriak ez dute ezer mugitu alde horretatik. Bilbon izan, edo Madrilen izan… berdina dela ematen du.

Niri mingarria egin zait. Eta bi kriterio hoiek erabili ditut ez agertzeko. Txantxuiloarena eta nire kultura ez errespetatzearena. Eta nik galdu dut gehien. Kontzertua arrakastatsua izan edo ez, antolatzaileak milioiak zituzten aldez aurretik, Bilboko udalak emana. El Correo egunkaria ere bolkatu egin da…

Bitartean, Bilboko auzoetako jai batzordeek jasotzen duten laguntzaren berri izan dut egunotan. 1.000 euro, 2.000 euro eta gainera peleatu egin behar. Bitartean, ia 200 milioi pezeta baino gehiago kostatuko da kontzertu hau. Baina zelan aurrekoan Donostian Bob Dylan egon den, ezin gutxiago izan bilbotarrak. Horrela gabiltza.

**Eguneraketa **

Bart Santutxun Sorkun ikusten egon ostean, gaur Santutxuko jaietako saguaren bloga irakurtzen egon naiz, osteari letrakaz aurre egiteko asmoagaz. Artikulu interesgarria topatu dot: live eta bizi

7 Iruzkin

  • Jabi

    Tira, joatea edo ez joatea erabateko atxekimenduaren edo adostasunaren araberakoa balitz, ez genuke kontzerturik ikusiko, antolatzaile, aukera, egoera , euskararen erabilera, leku, cachet eta beste hamaika faktoreren arabera aurkituko baikenuke kontraesanik edo gustoko ez dugun zerbait. Librea da, ordea, faktore horien garrantzia norbere balio edo jarreren arabera haintzat hartuta ez joatea… Edo joatea hala ere. Edozein modutan ados nago jaialdiaren antolaketaz egiten duzun hausnarketarekin eta uste dut Azkunaren handinahikeriak egin duela posible jaialdia, akzen finean. Hala ere, Ben Harper oso gustoko duen euskaltzaleak ere kontraesan horiek gorabehera baimena emango liokeela bere buruari bertara joateko… Ala ez?

  • patxiku

    Egia esan, Ben Harperrekiko arreta, Bilbao Live honen karietara piztu dot gehiago. Hori aitortzen dot.

    Ez dot beste gauza bat aitatu, sarreraren garestia. Ez al da garestiegia izan jaialdi hau?

    Gu ez gara pijoak, eta dirua be ez daukagu botatzen ibiltzeko aina.

    Eta kontraesanak kontraesan, hemen bota dotaz… eta aillakuidaus!

  • gorka

    Niri benetan nazkatzen nauena Donostia eta Bilboren artean dagoen lehia da: zuek Bob Dylan, guk Bilbao Live; zuek Guggenheim, guk Kuboak… eta abar eta abar. Goian aipatzen duzun El Correo egunkariak eta Diario Vascok bultzatutako dinamika da hori, bi hiriak elkarren kontra ari direnaren itxura egitea. Zeren Dylanen kontzertuari ere hainbat kritika egin ahal zaizkio (nik Heinekenen aldeko kontzertua deituko nioke, bakearen aldeko baino).

    Noizko benetazko politika hiriburuetako udaletan? Populismo merke honek, lau pezetako leiha txatxu hauek bukatu behar dute, gurekin akabatu baino lehen!

    PS: Harperren “Both sides of the gun”, zoragarria

  • Jabi

    Patxik emandako lotura jarraitu eta deskubritu dut Ben Harper, ez bainuen ezagutzen eta izena gutxi entzuna nuen, BilbaoLive etorri zaigun arte. Orduan bai, askori entzun diot Ben Harper ikustera doala… Behintzat gustoko musikari eta kantaria aurkitu dut jaialdiari esker.

  • jon

    Ben Harper orain dela bi urte Baionan izan zen, bi egun segidan jo zuen zezen plazan, bietan sarrerak agortu ziren, eta komunikabideren bat kenduta, inon ez zen haren berri agertu. Hortaz, hegoaldeko inor gutxi enteratu zen. Ze urruti geratzen zaigu oraindik mugaz bestaldekoa! Baina Frantzian aspaldi miresten dute Harper, eta zezen plaza zaletu grinatsuz bete zen, sei mila lagun egun bakoitzeko. Kontzertu ederrak eskaini zituen Harperrek orduko hartan, zati elektrikoak eta akustikoak tartekatuz, eta aurten kaleratutakoa baino hobea den aurreko diskoa zetorren aurkeztera. Baina jende askok orain deskubritu du Harper, Bilbaora etorri denean, Live bezalako izen orijinal eta kosmopolita duen jaialdi batera etorri denean, eta komunikabide guztiak haren babesean bolkatu direnean

  • blog

    Magnificent beat ! I would like to apprentice while
    you amend your web site, how can i subscribe for a blog site?
    The account aided me a acceptable deal. I had been a little bit acquainted of this your broadcast provided bright clear idea