teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • gaztelumendi.eus,  pasahitza,  teknologia berriak

    BECetik zuzenean, entzuten eta editatzen

    Bertso txapelketak jarraitzen urte batzuk egindakoa izanagatik, Internetek bertsolaritzari eskaintzeko dituenak, oraindik asko eta asko direla konturatzen ari naiz, non eta finalean.
    Bertsoak zuzenean entzun eta zertan ari garen be imajinatuko bazenute?!
    Zuzenean ari gara twitter, flickr, facebook, blog komunitate eta abarrerako. Ez gara bakarrak gainera.
    unaietxahun
    Larrabetzutik, ordenadore batzuk, argazki kamara batzuk, mp3 grabagailua ekarri ditugu… eta eitb-k berak baino eraginkortasun handiagoa izaten ari gara.

    Urko argazki kamara hartuta ari da klik eta klik. Guk bere memoriak hartu, eta klik eta klik jarraitzen duen artean, guk ordenadorera deskargatu eta flikcr-era igo. Dana bat. Bitartean, 53R61k twitter-etik gaiak eta komentaten ditu. Mp3 grabagailua soinua hartzen ari da bitartean, ta gero audio zatiak be sarean jartzeko asmoa dugu.
    Facebook, twitter, flickr, bloga… dena da posible. Gainera bertsoak entzun, txalo egin eta hemen bizi duguna itzela delako.
    Bec bec bec…. y cuentalo!

    gure bapateko gaurko kronikak:
    gaztelumendi.org | 53R61 | larrabetzu 2.0 | iPtx

    azkenean Igor Elortza barriro be, Bizkaiko txapeldun.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    sare sozialak hizpide

    Iruri Knörr eta Katixa Agirre izan dira gurekin. Berbaz. Elkarrizketa digitala izan da gaurkoa. Sareari buruz. Sare sozialak. Facebook, tuenti, twitter… sare sozialak dira. Interesgarria da fenomeno hau. Eta hor ari gara gu ere, sartuta. Eta sekulako azalpenak eman dizkigute bi neska gasteiztarrek. Badakite zertaz ari diren. Eta elkarrizketan murgildu gara… oso oso gustura. Jabik eta biok, asko ikasi dugulakoan gaude.


    MixwitMixwit make a mixtapeMixwit mixtapes


    Baina polita izan da saioa, gu berbaz. Gure entzuleak twitter eta facebook bidez erantzuten, edo adibidez Fakun-ek Koska irratiko lagunak, estudiora deitu digu, bere iritzia emateko. Gaiari buruz facebook bidez jakin du, eta irratia entzuten jarri eta deitzea otu zaio. Beste batzuk, leku ezberdinetatik ibili dira iritzia ematen. Ttirritt Baxe Nafarroako Ortzaizetik, Aiora Kataluniako webgune bat diseinatzen ari zen bitartean, Garoa liburudendako lagunek apal berriari buruz berbetan, eta ohiko gure entzuleak twitter bidez (Igortxu, Mikel…).

    Gaur ere, saioa egin, eta asko ikasi dugu. Entzun gure baduzue, hor dago irratsaioa, maketa moduan.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Facebook blackout, greba bat sarean

    Gaur, arrastiko 18:00etarako deialdi bitxia daukagu facebook erabiltzaileok. Sare sozialean, erabiltzaileen indarra utzi gura da agerian. Asko garela, eta gurekin ez dutela nahi dutena egingo. Milioitik gora erabiltzailek esan du blackout egingo duela. Alegia, itzali egingo duela facebook.

    Bitxia da deialdia, baina interesgarria ere bai.

    Aspaldi honetan, gero eta gehiago dira facebook bezalako sare sozialak erabiltzen dituztenen lagunak. Han ikusten ditugu aspaldikoak, han mintzo gara gure kontuetaz, bertan erakusten ditugu azken berrikuntzak, eztabaidatzen dugu bizitzaz, softwareaz edo kexatzen gara albokoaren zarataz.

    Sare sozialen garaia bizi du Internetek. Eta erabiltzailea da nagusi bertan, ikusiko dugu. Itzalaldiaren ostean, beharbada.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Twitter eta bloga uztartzen

    WordPress blogak kudeatzeko software askeak, aukera asko eskaintzen ditu. Gero eta gehiago gaur egun. Pluginak, themeak, aukerak, denetarik..
    Orain arte plugin batzuk instalatuta eta martxan izan ditut. Oraindik asko daukagu ikasteko, garatzeko… eta gaurkoan twitter plugina frogatzen hasiko gara.
    Ea zelan doakigun.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    Astea zelan badoan

    Asteon idatzitako apunteak garbira pasatzen

    Blog guztiak irakurrita daudenerako ari naiz berbok idazten. Bazkal aurretik, eta etxeko une lasai bat profitatuz. Ez dira asko izaten gurean, eta horregatik azkar azkar idatzi beharko ditugu bota beharrekoak.

    Asteak joan asteak etorri, blogak badirau. Laster dira zenbait urte blogari ekin niola, eta perspektiba horrekin idazten ditut orain honek kontuok. Batzutan bape lotsa barik, beste batzutan ardura gehiagogaz… baina beti badago zer kontatua. Zertaz jardun. Zeri egurra emon. Eta zergaitik iritzia emon. Hori du blogintzak. Eremu librea da, eta askatasuna maite dugunok… ezin lehertu barik iraun.

    Musikari erreparatzen
    Egia esan, eta atzera begira, egun hauek musikero itxura hartu dute. Bideoak, kantuak, aipamenak, elkarrizketa musikala… ezin afizioari hutsik egin. Durangoko azoka etorri dator, eta aprobetxatu egin behar da musikaren olatua ere. Irrati komertzialetan bezala, gurean ere gora egin du musikak egunotan. Baina ez da dana musika gurean, badira beste kontu batzuk be.

    irratia.com gogotsu
    Bistan denez, esku artean ditugun proiektuen artean, ezagunena eta potenteena irratia.com da, duda barik. Ikasturtea gogoz abiatu dugu, eta elkarrizketa onak egin ditugulakoan gaude. Aurreko astean Fermin Muguruza gonbidatu genuen gurera eta asteon gu joan gara gonbidatu Tagzaniara. Ferminek bere grabatzeko estudio mugikorraren berri eman bazigun, gu gitxiago ez, eta gure estudioa mundura atara dugu.
    Maletak hartu eta hor goaz, mundua ezagutzera. Zuzeneko emanaldi bat eskaintzera, Internet bidez. FM bidez. Tagzaniako hiriburua Eibar da. Eta bertaratu ginenean zain genituen tagzaniarrak. Luistxo Fernandez, Gari Araolaza eta Mikel Lizarralde. Guk gure trasteak motxiletatik atara eta mahai gainean jarri genuen gure tresneria guztia -gutxi egia esan, mahai txiki bat, cd erreproduktore bat, bi mikro eta ordenadoreak- eta wifi bidez  skype erabilita konexioa egin genuen Bilbo Hiria irratiko estudioarekin. Bat, bi eta hiru. Sintonia jarri eta zuzenean….

    Argazkiak.org | Irratia.com Tagzanian © cc-by-sa: garaolaza
    Tagzania berria sarean jarri zuten bezpera gauean, eta eibartarren lehenengo elkarrizketa zen. Mamia bazegoen. Gaiak ordea askorako ematen du, Tagzaniatik hasi -mundutik- eta gure ingurura hurbildu ginen apurka apurka, mapak, gps-ak, blogak… denetarik. Berbatarako hiru aditu. Hiru lagun atsegin moldatu zirenak. Entzuleena da hitza orain.
    Entzun gura izan ezkero, hemen duzue saioa:


    MixwitMixwit make a mixtapeMixwit mixtapes

    Albistea Indian dago ordea
    Eibartik lanera, lanean lanekoak eta etxera buelta. Egun normala. Euskal Herrian bederen. Goizero eskolako atean agurtzen dudanarentzat ordea, bestela dira gauzak. Jarri zuen burua une batez Indiako hotel bateko jatetxean. Jaione eta Karmelo afaltzen ari dira. Euskal Herritik Indiara joanak, lehen eguna bertan. Afaltzen ari direla tiroka hasi dira batzuk, lehenengo hildakoak, odola, eskuko granadak, leherketa gehiago. Kontatzen dutenez, handik, hoteletik ihes egin eta azpikoaldera joatea lortzen dute. Hotel baten azpiak, bestearekin lotzen du. Eta handik parking batera. Beraien lagunak hotelean geratu dira, harrapatuta. Ezin ihes egin. Parkingean bueltaka eman dute gaua, eta gero ezagun batzuen etxera edo. Goizez berba egin dute Euskal Herriko irratiekin. Osteguna da Euskal Herrian.

    Zerbait aditu dut goizean dendan, ez dut elkarrizketa osoa harrapatu ordea. Ez dakit zertaz ari diren. Mumbai albiste da nonbait. Sarean dena dator kontatuta. Irudiak, bideoak, kontaketak. Indiako demasa izan da. Bi larrabetzuar bertan. Bi lagun. Bi auzokide. Larrabetzuko blogetan be aipatzen da kontua.

    Horrelakoetan barruak buelta ematen dizu. Pelikula. Atzo goizean agurtu duzuna, munduaren beste aldetik ari zaizu hizketan irratian. Herriko hizkeran. Bere berbek oihartzun egiten dizute etengabe, Interneteko play horri sakatu…eta ezin sinestu gertatutakoa. Ezin lotu. Argazkiak, kronikak, irudiak… sinestezina.

    Larragetxo sound
    Musika jarri lasaitzeko, musika entzun burua beste zerbaitetan jarduteko. Egunkariak irakurri. Sarean ibili. Twitter mezu laburrak kateatu. Baina ezin. Hegazkina noiz iritsiko. Noiz dena baretuko. Herrian beste berbagai bat hartu beharko. Kasurako, gaur kontzertua dago gaztetxean. Erromoko talde gazte batek, 15 urte betetzen ditu. Gazte? Oraindik bai. Izenik ez. Gurean ospatuko dute. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Ondoan izango dituzte Alproja taldekoak. Aspaldi desagertuak. Errautsetatik baina, garai bateko kantuak aurkeztuko dituzte, barriro be. The Clash taldearen bertsio orijinalenetako bat, 90. hamarkada hasierako rock algortarra. Larragetxon gaude baina. XXI mendean.

    Astea zelan badoan, gogoetarako tarte gitxi. Iritziak biharamuneko kafearekin urtzen dira. Solasaldiak astun. Berbak ez ditu baina haizeak eroango. Keinu bat nahikoa izango da guztia ulertzeko. klik. play. off.

  • info 7,  teknologia berriak

    Internet aldaketarako tresna

    info7 irratiaInfo 7 irratirako tarte bat prestatzen egon naiz egunotan. Estatu Batuetako hauteskundeetan Internetek eta hedabideek izan duten garrantzia aztertzea eskatu didate.

    Gehiago ala gutxiago, guztioi eragin digute hauteskundeek. Mezuak, twitter, facebook… presente izan ditugu hauteskundeei buruzko tresnak, aipamenak edo mezuak. Paso egitea ere erraza izan da. Telebistan ordea, aspalditik ari zitzaizkigun txapa ematen. Primariak lehenbizi, eta kanpaina oso osorik gero. Azken egunotakoa be, ez da broma izan.

    Interneti begira baina, flipatzekoa iruditu zait Obamak -batipat- sare sozialetan egin duen inbertsioa, lana, apustua. Eta sare sozial hoietatik etorri zaizkio militanteak, laguntzaileak, diru sustengua eta eztabaida soziala.

    Adibiderako, zenbait zenbakia sareotakoak:

    • facebook Barack Obama lagunak: 879.196 kide
    • myspace.com/barackobama  841.020 lagun
    • youtube.com  lagunak 25.225 channel views 18.579.445 (bai, 18 milioi)
    • flickr.com 296.346 argazki obama etiketarekin (hori atzo, gaur irabazi ostean 331.019

    Hauek adibide xume batzuk baino ez dira, irrati aipamenerako baliatu ditudanak. Jendetza bat, jarraitzaile asko… eztabaida sozialean, politikoan zer esan badutenak. Tresna sozial hauek baliatuta, dirua batu du Obamak -inoiz egin den kanpaina garestiena sustatu du laguntzaileen diruarekin-, jarraitzaileak baliatu ditu. E-posta mezuak, gutunak, deialdiak… guztia Internetetik.

    obama streetart

    Aldaketa/change izan da mezu nagusia Yes, we can ahalguztidun horrekin batera. Eta lortu du.

    Saioa entzun gura baduzu: Kalegorria magazinea

    audioa: kalegorrian
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/11/20081105_1772.mp3]

    Eta gaur, jolasean… propaganda kanpainari so, kalean egiten dituzten streetart lanei begira geratu naiz. Kaletik ere asko izan duelako kanpaina honek. Eta zer ikasi asko dago, oraindik:

    baduzu minutu bat? pintadak, grafitiak, kartelak…. topatuko dituzu argazki bilduma honetan.

  • teknologia berriak

    20001101 irratia.com sortu genuela 8 urte

    Erraz esaten da. 2000ko udazkenean hasi ginen irratia.com egiten. Horretan jarraitzen dugu, eta hiruzpalau irudi ordukoaz akordatzeko.

    • Tas Tas irrati libreko faxaren linea baliatu genuen iMac bat eta modema sartzeko
    • irc kanal bat sortu eta entzuleak alboan izan genituen, txateatzen
    • asteazkena zen, eta fermin muguruza elkarrizketatu genuen
    • euskarazko irratigintza digitalari ekin genion, gure 2000efektua izango zen, agian.

    Eta oraindik, Bilbon jarraitzen dugu, estudiora astero joan, sintONia entzun eta gure emankizun digitala egiten. Gogotsu dihardugu Bilbo Hiria irratiko lankideekin batera…. entzule aktiboak ditugu… eta aste honetatik aurrera aktiboago gura ditugu. Edukiak sortzen, loturak elkarbanatzen, mezua zabaltzen, gaiak proposatzen…

    Irrati publikoak atzetik ditugu, abantaila gure alde. Wifi patxadazkorik ez dagoen egoitza modernoak dituzten arren, gure eredua irrati libre eta euskaldunak dira. Eta hori sortu gura dugu sarean ere, irrati libre euskaldun digital bat. Partehartzailea, irekia, alaia eta zirikatzaile.

    Bide horretan, asteroko podcast saioarekin saiatzen gara… irratigintza ezberdin bat egiten saiatzen, sortzen, asmatzen… laguntzen.

    Facebook sare sozialean ekimentxo bat ere abiatu dugu, urteurrenaren karietara jendearen artean egiteko. Sartu zaitez gure sarean, eta esaiguzu…

    html hutsarekin egindako irratia.com zaharra

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    hackintza ikastola

    I’m PC. Ubunturen alde, inoiz ikusi dudan iragarkirik onena, duda barik. Ingelesez eta euskaraz sortua, gaztelaniaz azpititulaturik…. ikastolako ikasleek, beraien ordenadore ttikia eskuartean dutela, egin eta sortu duten bideoa itzela da.

    Jakintza ikastola, jakintza eta informazioaren gizartean aitzindaria dugu. Blogak, partehartzea, hizkuntzak, software librea… uztartzen ari dira urteotan, ta gainontzekook ere gure zoriona eta begirunea zor diegu irakasle eta ikasle taldeari.
    Ikerketa eta garapena (negozioa eta txantxulloak) hizpide dira egunotan, jeltzale eta sozialisten negozi(o)azioen harira… badugu bada, non so egin. Goierriko ikastola honek, informazioaren gizartean, hezkuntzan, jakintzaren sozializazioan…. zer esateko asko dauka. Biba zuek!
    ikteroak > euskaljakintza > jakintzazu > jakinstein >

  • info 7,  teknologia berriak

    basquecamp bigarren edizioa zapatuan

    info7 irratia
    Info7 irratian teknologia berrien inguruko gaiak hizpide hartuta, ezin aipatu barik utzi basquecamp-2 edizio berria.

    Urrunan du egoitza nagusia Info7 irratiak, eta handik kilometro gutxira ospatuko da zapatu honetan basquecamp2. Ekainean Larrabetzun egin bagenuen, udazkenean Lapurdin burutuko da euskaldunok batzen gaituen barcamp berezi hau.

    Irrati kolaborazioan, horretaz mintzatu gara. Barcamp bat zer den, nortzuk antolatu dute oraingoa… hau eta beste.

    Bidarteko zita interesgarria suertatu da. Joatekoak gara gutako batzuk… zuek ze asmo daukazue asteburu honetarako?

    infozazpi irratiko kolaborazioa.

  • ikusi eta ikasi,  info 7,  teknologia berriak

    software librea gura dugula, jode!

    Sinadurak gora doaz software librea nahi dugu gunean. Milatik gora dagoeneko, eta gorantz. Kezka sortu da, eta keza hori hedatzean hasiko dira arduradunak arduratzen. Batzutan ez dakigu axolagabekeriaz, edo benetan jakitun direlako hartzen dituzten erabaki hoiek agintariek.

    Software pribatiboa bultzatzeak, beraien eredu neoliberalarekin bat egiten du, dudarik gabe. Baina hala ere, guk, herritarrok, badugu kritikatzeko, aldarrikatzeko, purrust egiteko eskubidea eta beharra ere. Eta oraingoan argi eta ozen esan gura diegu gure agintariei, administrazio lokal eta handiagoei software librea gura dugula.

    info7 irratiaHedatzen doa mezua. Medio guztiak baliatu beharko ditugu. Nik neure aldetik, Info7 irratiko asteroko neure tartera eroan dut kontua. Entzuleak gonbidatuz sinatzera. Software librea zer den apur batean ez bada be, azaltzen saiatuz.

    software librea euskaraz ikastaroa

    Lantokian ere, ikastaroa antolatu dugu software librea euskaraz izenburupean. 8 sesio bi ordutakoak, Ander Elortondo irakasle librezalearekin. Sarrera bat software librera, Firefox nabigatzaile arrakastatsua, Open Office 3 progra berria, eta azken bi egunetan Ubuntun barneratzeko aukera izango da.
    Ikastaroa Arrasateko KulturAten izango da, ostegun arratsaldetan.
    Software librea sozializatzeko holangoak egin beharko dira maiz. Erabiltzaileari erraztu egin beharko zaio erabilera librea. Euskarazko programak dira denak, txukun eta ondo euskaratuak. Anderren laguntzarekin ondo ikasiko dugulakoan nago ni ere.