teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    neke digitala

    Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
    Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!

    Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.

    Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.

    Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.

    Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.

    Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Gero eta tresna berri gehiago

    Egunetik egunera, gauza berriak ezagutzen ditugu. Batek lotura bat erakusten digu, besteak frogatu du, nik hau asmatu dut, horrek bestea kritikatu.

    Egia da, software garapena, aplikazioen lokalizazioa, APIak baliatuta egiten direnak, ikasi ahala sortutakoak, esperimentuak. Gero eta + daukagu erakusteko, gehiago ikasteko. Hori ona edo txarra al da?

    Ona delakoan nago, eta horrelako barcamp bat egin beharko genukela iruditzen zait. Euskaraz lanean ari garenok ere, gero eta gehiago gara. Iruditzen zait gauza asko ditugula ikusteko eta ikasteko, eta gutxitan elkartzen garela.

    Barcamp
    (argazkia: flickr joshb cc lizentziapean)

    Apal artean Eibarren antolatutako software librearen inguruko mintegietako karpeta aurkitu dut, IEB ere bi urterik behin antolatzen du UEUk, blogak 2.0 bi edizio izan dira Bilbon, EH 2.0 antolatu zen Artelekun, Hackmeeting batzuk egin dira honezkero Euskal Herrian (Leioa, Iruñea, Gernika), blogek eta garagardoek ere elkartu gaituzten, ikastaroak egiten ditu enpresadigitalak…. denetarik dago. Iaz Tailerrak 2.0 burutu ziren.

    Baina elkartu, erakutsi, ikasi eta gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait. Zabaldu, sustatu, bildu, blogosfera komunitate bat badagoela iruditzen zait. Gogoetak eragin, tresnak erakutsi, landu, ikasi… zer diozue?

    Eztabaida luzatu daiteke, baina udaberriarekin lekuak eta hitzorduak jartzea litzateke onena. Gero eta errazago antolatzen ditugu kontuok Internetetik. Eta jendea gogotsu somatzen dut inguruan.

    barcamp wikipedian

    EH 2.0
    tailerrak 2.0

    IEB 07

    blogak 2.0

    Hackmeeting ezberdinak

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    25.000 (hogeitabostmila) artikulu euskaraz

    25.000 wikipedia Euskarazko wikipediak 25.000 artikulu baditu. Entziklopedia askea da Wikipedia, eta euskaraz ere komunitate bizia dauka lanean, auzolanean. Auzolan telematikoa, jakintzaren sozializazioa. Gauzak danon artean idatzi, aldatu, erabaki, sortu eta garatze bidean, eredugarri da lan entziklopediko hau. Egunetik egunera hobetzen ari dena. Komunitate horretako mezuak jasotzen ditut posta zerrendatik, eta neuk be bertako partaide aktibo diren Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiagaren artikulua blogean jartzea pentsatu dut.

    Euskarazko wikipediak 25.000 artikulu

  • i+g,  teknologia berriak

    Hamaika ikusteko. Fonera mugikorra

    brumm brummm wifi bidez

    Flipatzekoa. Xabik abisua jo digu twitxr bidez, klik egin eta bideoa ikusita be, ezin sinetsi.
    FONerekin denetarik ikusten ari gara aspaldion. Baina, hau flipatzekoa da. Ordenadoretik, wifi bidez kontrolatzen den autoa.

    Zer ez dugun ikusiko. FONeren inguruan, erabilpen anitz ikusten ari gara aspaldion.
    Neureak, wifi seinalea ematen du etxerako, hortik aurrera ezer gutxi, baina freaki eta hackerrak bereak eta bi ari dira egiten router zuri ttikiarekin.

    Auto horren kontrola ordenadore bidez egiten da, mugitu egiten da gero… eta gainera wifi seinalea hedatzen du. Irudimena+garapena benetan. i+g

    Bideoa ikusi gura baduzue:

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Kazetaritzaren etorkizuna: teknologia eta erabiltzaileak

    Urtero kazetaritza digitalaren inguruko jardunaldia egin bide dute Huesca aldean. Hangoa hemendik jarraitzerik ere badugunez, Juan Varela adituaren blog eta idatziak irakurtzen ditugu. Laburtuz, hango berri eta kazetaritzaren inguruko datu asko eman ohi du normalean.

    Ondorio horretara heldu berri dira aurten, eta horretaz mintzatu gura nuke. Kazetaritzaren erronkak direnak, zelan aztertu guretik. Euskal Herritik.
    Medio edo komunikabide aldetik aberatsa den, aberastu den herria da gurea. Azken 25 urteotan komunikabide, hedabide asko sortu da hemen. Garatu dira. Baina erronka berrien aurrean daude.

    Teknologia eta erabiltzaileak dira orain kezka. Zelan egokitu teknologia berrietara, zelan asmatu informazioa emateko euskarri berri hoiek errentagarri egiteko. Orain arte bezero hutsa zena, orain erabiltzaile aktibo bilakatzea zaila da. Baina aukerak sortu daitezke.

    Argi dago, informazio munduaren arreta, gero eta gehiago Internetek bereganatzen duela. Eta zaila dela Internetetik, informazio hutsarekin errentagarritasuna bilatzea. Arreta galtzea ordea, errazagoa da. Eta hori gertatzen ari zaie hemen komunikabide gehienei. Arreta galtzen ari dira, entzuleak, irakurleak, ikusleak.

    Teknologia berrien apustua argia da. Denek izan nahi dute moderno eta eraginkor aldi berean. Baina Internet ez da erakusleiho bat soilik. Internet ekoizteko gune ere bada. Ingurura begiratu, eta inguru horretaz informatu beharra dago. Eta gurean oraindik, komunikabide gehienek, teletipo eta prentsaurrekoen diktadurapean jarraitzen dute. Askatasunerako gogo gutxi adierazten dute hedabideetako profesionalek. Agintzen dutenak bezala, obeditzen dutenek.

    Teknologia eta erabiltzaileak. Erronka polita. Behetik goranzko informazio jario horretan, blogak, sare sozialak, agregatzaileak, informazioa hedatzeko tresna berriak, podcastinga… sekulako erronka dira. Audientziei eta salmenteei begiratzen egon beharrik ez daukagunez, kazetaritzaren etorkizuna, horrelako eragileetan dagoela somatzen da. Gero eta gehiago. Guk geuk ere, erronka hoiei eutsi behar diegu, eta informazioa sortu, antolatu, ekoiztu eta hedatzeko tresna berriak ezagutu eta erabiltzeaz gain, erabiltzaileak parte hartzaile bihurtzeko ardura hartu behar dugu. Eztabaida interesgarria da, baina pratikara eroatea izango da politena.

  • i+g,  teknologia berriak

    Beti frogatzen ibiltzeko aukera

    Egunetik egunera gune berriak ezagutzen. e-gunetik gunera gabiltzalako. surfin in the net. Sareak hori du, asko ikusteko, baina gehiago ikasteko. Eta beti ari gara txunditzen. Nork zer asmatu da kontua. Eta asko ari da asmatzen, itzultzen, garatzen, jorratzen. Eta sarea, gero eta aberatsagoa, anitzagoa, ezberdinagoa, gustukoagoa bihurtzen da.

    e-gunetik gunera, gauza berri asko ikusten ditugu egunero.

    Aspaldion ezagutu ditut aukera berri batzuk ere. Eta beti bezala, blogarekin, gure tresenekin frogatzen saiatzen naiz. Erabilgarritasunen bat ematen.

    Telefonoa eskuan
    Bere horretan gauza txikiak dira. Baina adibidez, bart telefonotik e-posta helbidera mezua igorri eta poztu egin nintzen. Are gehiago, webmailetik erantzun, eta telefonoko ahotsak nik euskaraz idatzitako erantzuna irakurri zidanean.

    Ikusten dut, telefonoa eta Internet sarea gero eta gehiago elkarren osagarri izango direla. Telefonoetako pantailak izango dira aurrerantzean, informazioaren pantailarik garrantzitsuenetakoak. Eta horretan naizela, aspaldi Negroponteren Mundu digitala irakurri izana gogoan dut, zelan esaten zuen MITeko aditu horrek, informazioa eskura ekartzea zela beraien erronka. Eta azkar lortu da hori. Eskuragarritasuna, eskura ekarri dute eta.

  • teknologia berriak

    Fonera bat gura duzu?

    irratia.com egiten dugunok ez gara oso iaioak marketing kontuetan. Saiakeratxo bat egin genuen gure Bilbo Hiria irratiko 100. saioarekin. Bideoa(k), promozioa, ardiak, saio berezia, kafe antzokia… eta oihartzun apur bat eragin genuen gure komunitatetxoak.

    Astero irratsaio emankorra egiten saiatzen gara, gerora podcast moduan eskaintzen duguna irratia.com gunean bertan. FM zein Internetetik emititzeak ez gaituelako asetzen.
    foneraEta egiten ditugun harremanetan, jendea ezagutuz goaz, inguruan bezala, kanpoan ere. Azken emankizunean, besteak beste Xabi del Rey arrasatearra elkarrizketatu genuen Dublinetik. FONeko marketing sailean ari da egun Xabi. Eta fonera batzuk eskaini zizkigun, gure entzuleen artean ere Fon komunitatea hedatzeko helburuarekin.

    Zuk ere, Fonera bat gura bazendu, badakizu, idatzi erantzun bat, iritzi bat, kritika bat irratia.com blogean. Trukean, fonera bat jasotzeko aukera asko izango dituzu. Eta guk, gure entzuleen sarea sendotuko dugu.
    109. saioa entzun gura baduzu: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom080312.mp3]

  • teknologia berriak

    irratia.com frogak egiten

    Podcasting garaia bizi dugu. Euskaraz gutxi dago, eta promozionatzea ere ez da txarra izango.

    Euskara eta mp3 formatua ez zaizkigu arrotzak, baina hala ere emaitza gutxi ikusten da.

    Frogatxo hau egin dut, sarean ikusi dudan gune bati erreparatuta.

    Saiatu naiz, egin ditut klik batzuk, eta hona hemen emaitza:

  • info 7,  teknologia berriak

    Diaspora eta Internet

    info7 irratiaAspaldian hasi ziren euskaldunak atzerrirako bidea hartzen, herbestera, lan bila, Euskal Herritik ihes batzuk, ekonomiak bultzatuta, bidaia luzeak egitera, bestelako mundu berrien bila. Guztiek osatzen dute euskal diaspora. Eta badira diasporako partaide berriagoak ere, aspaldiko joandakoen belaunaldi berriak, aspaldi honetan joandako ikasle eta irakasleak, lan bila XXI. mendean alde egindakoak.

    Azken hauek izango zituen buruan Joseba Gabilondok, bere diasporako tresnen gabezia nabarmendu dituenean. Eta egia esan, gauza gutxi dago maila horretan. Facebook-en euskaldunak batzen dituen saretxoak badira, Euskosare ere badago, baina 2.0 izango den tresna berri eta erakargarri bat falta dela, dudarik ez.

    Gai hau jorratu gura izan dut aste honetako Info7 irratiko tartean. Gogoetarako, aitzaki bat kanpoan direnak gogoan hartzeko. Eta jakin dugunez, ari dira zerbaitetan dagoeneko mutilmediaren bat, japoniar_euskaldunen bat, eta beste… jarraitu gura izan ezkero danbolinerokua blogean galdetu.

    Diaspora eta Internet entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/03/20080311_563.mp3]

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    komunikazio alternatiboa eta teknologia berriak

    martxoak 1. Gasteiz

    Hala Bedi irrati libreak antolatuta Komunikazio alternatiboaren eragin soziala goiburu zuten jardunaldiak burutu ziren aurreko asteburuan Arabako hiriburuan. Kurdistango gonbidatuak ireki zituen eztabaida eta hitzaldi saioak, eta larunbatean, eguerdi aldean Fermin Sanchez (Saregune.net) eta bioi egokitu zitzaigun komunikazio alternatiboa eta teknologia berriak hizpide hartzea.

    Hala Bedi erreferentzia ona da komunikazio alternatiboaren eremuan. Euskal Herrian bezala, gure mugetatik kanpo ere. Gogoeta eragitea zen asmoa, eta entzuleen partetik sortu genuen halako harrera bat. Jendeak parte hartu zuen, eta jakin berri dudanez, Gasteizen -irratiaren inguruan bereziki- oraindik gaiari buruz berbetan jarraitzen dute.

    Gasteizko partehartzerako lagungarri izan nituen irudi eta berbak hemen eskaintzen dizkizuet. Sakonago okasiorako sortutako txorionak.org gune txukun bezain eraginkorrean.