teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • agit/prop,  pasahitza,  teknologia berriak

    Maialen Lujanbio: norena da bertsoa?

    Aurrekoan bertso saioa euki gendun herrian, gaztetxean. Bertso saio bizia, beroa, jendetsua eta gaietan zein edukietan oso oso txukuna. Lau bertsolari eta gai jartzailea gaztetxeko eskenatokian. Eta publiko entregatua, gaztetxea txiki egin zuena. Horrez gain, -badakizue honezkero- saioa Internetetik emititu eta askok tabernatik eta batzuk etxetik jarraitu zuten saioa.
    Txapelketan, gai moduan ibili dugu batzuk norena da bertsoa? galdera hori. Etxahun Lekuek Maialen Lujanbiori jarri zion. Pozik entzun genituen Euskal Herriko txapeldunaren bertsoak.
    Maialen Lujanbio:
    Norena da bertsoa?
    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/norena_bertsoa.mp3]
    Hori Bai bertsotan
    Gaiarekin interesatuta egon ezkero, plaza baino gehiagotan aritu da bat baino gehiago honen inguruan. Txapelketa amaitu da, bertsogintza ez ordea. Gaiak hor jarraitzen du, plazarako zein sarerako.
    Eztabaida sarean
    gaztelumendi.org | Zuzeu.com | sustatu.com |
    Gaiak oihartzuna izan du Telebistan, txapelketan eta beste hainbat gunetan. Baina Maialen Lujanbioren bertsoek, bidea apur bat argitu ere egiten dutenez, zorionak eta eskerrak Maialeni berari. Eta Larrabetzuko bertso eskolari, saretik plazara gaia ekartzearren. Guk barriro, sareko plaza eskaini diogu.

    Saioa osorik larrabetzu.org plazan. Gaztetxetik sarera:
    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai091225/osoa.mp3]

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Jabetza industria

    Mikel Elorza | Berria

    Bolo-bolo ibili da gaia, Durangoko Azokan aurreneko aldiz liburu-e dei dezakeguna ikusgai zegoela. Eta atentzioa eman dit hainbat argitaldarik jabego intelektualaz azaldu duten kezka, eztabaidaren zurrunbiloan ene ustez astakeriak esateraino (lapurretarekin alderatuz artxibo baten deskarga…). Sortzaileen eskubideak errespetatu behar dira, horretan ados gaude guztiok, eta bilatu behar ditugu formulak horretarako; baina horrek ez du esan nahi beste batzuen negozioak errespetu maila bera behar duenik. Zeren eta batzuek negozioak egiten dituzte nekez aberasten diren sortzaileen eskubideen kontura, pentsua besteen pentzura maiz, eta negozioak negozio izaten jarrai dezan dute borroka latza. Eskubide, pirata eta antzeko hitzekin batera, esanguratsua da holakoetan azaltzen den beste bat: industria. Hori da indartu eta zaindu eta gorde behar dena, eta horri egiten dio, itxuraz, kalte, morroiloak kentzeak. Ez onartu nahian teknologiak aldaketak ekarri dituela, ekoizpen eta banaketa moldeak aldatzen ari direla, kontsumo eta partekatze ereduak ere bai, hedadura moldeak desberdinak direla eta horretara denok egokitu beharko dugula, baita industriak ere. Negozioa galtzeko bada ere. Baina ai, lagunok, eskubide horiek jabetza eskubideak dira, eta horien funtsa antzinako erromatarrek zuzenbidea finkatu zutenetik muinean ez dira askorik aldatu. Eta kostako da, gaur egungo erromatarrok ere —hau da, zibilizazio menperatzaile nagusia, bizimodua arautzen duena— jabetza eskubidea bizimodu eta zibilizazio horren zimentarri baitugu.
    Gaztelaniaz bada esamoldea, ezin zaizkiola zelaiari ateak jarri. Beti pentsatu dut esan nahi ederra duela, eta horren alde borrokatu behar dugula, baina mendiak atakez josita daudela, langa eta txarrantxez beteak. Interneten ere berdin: jarri nahi dizkiote morroilo eta kisketak, ari dira horretan, eta segitu beharko dugu horiek gainditze lanean.
    Ateak uste ez duzunean topatzen baitituzu. Ez dute gaurko BECeko finalean jarriko, gaia, hauxe: “Zu Amets, bertsozale porrokatua eta kazetaria zara, Interneten aritzen dena, eta kronika eder bategaz batera finaleko saioa zure webean eskegitzeko asmoa duzu. Baina Sustraik, elkarte antolatzaileko bozeramaileak, e-maila bidali dizu zeinak dioen, “Bergara eta Donostiako saioak oso osorik zintzilikatu dozuzala badakigu. Finalera begira, akreditazioa jasotzeko hitzarmena sinatzea eta bidaltzea eskatuko dizugu aurrez”. Hitzarmen horrek, jakin dezazuela biok, debekatu egiten du saiorik osorik eskegitzea, 6 bertsoaldi eskegitzen baino ez du uzten. Hiruna bertso nahi duzuen doinu eta neurrian”. Ez dute gaur horretaz kantatuko, ezta beharrik ere, baina proposatzen dut hurrengo saio baterako, txapelketatik at. Nire lagun bati gertatua baita, e-mail hori jaso egin du. Imajinatzen dut iritziak elkartean ere asko eta diferenteak izango direla, eta eztabaidak, baina hainbat lan eta ekimenetan eredugarria den eta lan eskerga egiten ari den Bertsozale Elkartearen aldetik asko harritu nau, egiaz diotsuet. Saioen erretransmisioa ere baimendu izan duelarik. Elkarteak noski ez du saioak eskegi izanagatik kazetariaren aurka deus egingo, baina abisua bera eta hitzarmenaren baldintzak…
    Ez diezaiola honek, hala ere, bertsoaren festa nagusiko argiari itzalik egin. Jabetza eskubideen harira kontatzekoa zen, ustez. Gaur besterik da: 14.000 lagun entzun eta ikusten, zortzi lagun oholtzan. Ez da iazko haizea.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Martxelo Otamendi elkarrizketatzen

    Saio berezia egin genuen zapatu arrastian Bilbotik. Hori jakingo duzue honezkero, entzungo zenuten agian. Irratitik ez bada, Internetetik agian, edo ziurrenik bafleetatik, Bilboko kaleetan.
    Manifestazioa hasi baino lehen baina, elkarrizketa sano interesgarria egin genion Martxelo Otamendi Egunkariako -gaur egun BERRIAn- zuzendariari. Madrilen epaiketa hasi da, manifestazio jendetsua Bilbon, eta urtarrilean atzera be Madrilerako bidea hartu behar dute auzipetuak.

    Martxelo Otamendi > irratia.com
    >

    Egunkaria auziaz ez ezik, oso gurea atera zitzaigun elkarrizketa. Bideoan grabatu eta eskainia Internet bidez, twitter bezalako kontuak hitzetik hortzera erabili zituen Otamendik. Audientzia Nazionalean twitter zer den badakite orain, eta gure mezuak zelatatzen izango ditugu aurrerantzean epaile, juez, magistratu, fiskal eta biktimak… aspertzen hasiak ote diren. Eta gu hemen, gure mezu laburrenak ozen jaurtitzen.

    Estudioan ikusten duzue Martxelo Otamendi, ondoan bi kazetari, behinola Egunkarian aritu eta bertan ezagututakoak. irratia.com bada, Egunkariari esker da. Hori ere ozen esan beharra dago eta. Han ezagutu genuen elkar Jabi Zabala eta biok.

    Egunkaria libre!
    irratia.com ere egunkarialibre.info ekimenean ari da, auzolanean. Hor ari gara gu guztiok, eta zuk / zuek ere baduzue tartea. Zabaldu mezua, lagundu, ireki, proposatu… urtarrilean jarraituko dugulako: Egunkaria libre! ozenago esaten, argiago adierazten, zabaltzen.
    Egunkaria libre! Bilboko kaleetan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  software librea,  teknologia berriak

    Egunkarialibre.info telebista / irratia / mezuak Bilbotik mundura

    Egunkarialibre.info ekimen hacktibista bat da.
    Komunikazio #libre baten aldeko euskaldunak ari gara sarean lanean, auzolanean.

    Telebista

    Watch live streaming video from grebaorokorra at livestream.com

    Irratia
    Egunkaria libre! irratia.com zuzenean
    irratia.com saio berezia Bilbo Hiria irratiko estudioetatik, Bilboko kaleetatik. Zuzenean mundura. Bidelagun ditugu beste hainbat irrati libre euskaldun ere.
    Twitter mezuak
    Egunkaria libre! #egunkaria #libre

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  software librea,  teknologia berriak

    Egunkarialibre.info

    #egunkaria + #libre egunkarialibre.info

    Informazioa. Egunkaria hitza, elkartasunaren berba bilakatu dugu sarean, kalean, jendartean, hemen, lanean, hor, han, Madrilen.

    Euskaldunon Egunkaria bertatik ezagutzeko parada izan zuen honek, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi lankide izan zituen honek… ozen esan nahi du sentitzen duen hori. Lehen artikulutik azken testu argitaratuetara. Iritzi artikuluak eta kronikak. Guztiak datozkit burura…Egunkaria libre!
    Egunkaria libre!

    Eta horretan ari gara sarean, lanean. Auzolanean. Egunkarialibre.info guztion artean ari gara egiten, sortzen, zabaltzen… eta zuk ere baduzu hori egiteko eta esateko aukera. Ez galdu aukera hau.

    Software librea, irudimena, gogoa, irudi batzuk, argazkiak, telefono mugikorretatik grabatutako irudiak… eta irrati emankizun baterako gidoia, kanta batzuk, hitzak, korteak… eta zu!
    irratia.com Egunkaria libre!
    Bilbon elkartuko gara!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    140 karakterreko elkartasun mezu libreak

    twitter eta sare sozialetan idatzi dugu Interneteko erabiltzaileok. twitter, identi.ca, tuenti edo facebook bezalako sareetan gure iritziak, mezuak trukatu ditugu.
    Elkartasuna, salaketa, berotasuna.
    Loturak, albisteak. Kontakizunak.

    berria edo eitb.com bezalako medioek zuzenean eta labur kontatu dute Audientzia Nazionaleko gertaera, galdera eta erantzun bakoitza.
    Eta zabaldu, hedatu egin dira sarean.

    sare sozialak dira gaur egun Interneteko gune aktiboenak, eta gaur aktibititatea Egunkariaren aldeko jarduna izan da.

    Egunkaria eta libre hitzak lau haizetara hedatu ditugu. Sarean eta munduan.

    euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez aditu ditugu berbok.

    Aski da # aurretik jarri, sare sozialetako tresnek ulertu dezaten. Eta hori idatzi dugu #egunkaria eta #libre.

    Eta sarean jarri dugu emaitza ere, esaldi eta mezu guzti hoien bilduma, horretarako beren beregi prestatutako widget batean.

    Blogetan, webgunetan… gure eguneroko tresnetan.

    Egunkaria libre! #egunkaria #libre

    Egunkaria libre esaten jarraituko dugu, mezu laburretan. Bit arteko oihu eta oharretan. Egunkaria libre, injustizia hau guztiau salatzeko.

    Ulertzen da, berriz esateko prest gaude eta.


    Argazkiak.org | Egunkaria libre! © cc-by-sa: gaztelumendi

    Irakurritako batzuk

    • Solidaritat amb els companys d’Egunkaria. La llibertat d’expressió és un dret fonamental, diuen, però per alguns val i per d’altres no tant
    • Martxelo Otamendiren txanda #egunkaria #libre
    • Martxelo Otamendiren torturari buruzko hitz bakoitzak, min ematen dit, beldurra eragiten. #Egunkaria #libre STOP tortura!
    • ‘Egunkaria’n nola sartu zen azaltzen Xabier Oleaga #egunkaria
    • RT @teketen: ¿Quieres saber más sobre Egunkaria? Video: http://www.youtube.com/watch?v=kPxyKfJNvTU #egunkaria #libre
    • Norbaitek meneamera bidali du bideoa, bozka dezagun!! http://meneame.net/story/egunkaria-libre #egunkaria #libre
    • Animo auzipetuei eta besarkada bat danei!!! #Egunkaria #libre
    • Vidéo: Egunkaria Libre! (français). Aujourd’hui début du procès Egunkaria. http://www.youtube.com/watch?v=uC6VXDV7ZjU #egunkaria #libre
    • Want to know more about Egunkaria http://www.youtube.com/watch?v=ISXil1X9Kws #egunkaria #libre
    • Hasier Etxeberriak conozco demasiado a Martxelo Otamendi, y si dice que lo torturaron, es que lo torturaron #egunkaria #libre
    • dónde estáis los periodistas e intelectuales españoles de postín? Dónde los almodovares y sabrinas garantes del progreso? #egunkaria#libre
    • Horixe bera pentsatu dut Teleberri hasi denean: Zer albiste da abenduan hotza egitea? Eguraldia estalki moduan #egunkaria

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen

    Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
    Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.

    letrARTean Andoain

    Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…

    Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.

    Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.

    Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.

    gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
    Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
    Bi hitz: beats_bits  dj kaiku

    dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    gora euskal piratak!

    Eztabaida dabil egunotan, sarean eta politikan. ZPren gobernuak, presidenteak eta gobernukideek jakin barik… ekonomiaren aldeko lege berri batean, Interneteko webguneak ixteko proposamen bat zekarren. Hautsak harrotu dira, han eta hemen.
    Euskaldunok badakigu zer den webgune bat porelmorro ixtea, baina musika deskargak direla kausa… ba ez dago hori onartzeko bat baino gehiago.
    Hemendik bi gogoeta, gora euskal piratak! gora kultura librea eta adierazpen askatasuna.

    Bi hitzetan: gora piratak! eta euskaldunak badira… ba zer egingo diogu!

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Bost urte hemen idazten

    Bloga sortu eta abiatu nuen gaur bezalako egun batean. Aspalditxo.
    Egunak astiro doaz zain dagoenarentzat, arintxoago dabilenarentzat… etorri eta joan. Badatoz egunsentiak, lainotsuk sarritan, ilun jarraitzen dugu batzutan, argi daukagula ematen du, argitzen saiatu arren aroa ez da dagoen onena… euria ari du oraindik, inetasiak ez digu parekoa ikusten uzten, eguzkitsu datorrenean, itsutu egiten gara… eta arrasti iluntzerako nekatuegi gaude sarritan.
    Ez gabiltza aroaz berbetan, baina antzeko parezido.
    5 urte
    5 urte hemen. Idazten. Hasten. Ikasten.
    Zenbat pozt? Hainbat poz. zenbat post.

    Postidazkuntza da blogetakoa. Eta nik zuekaz ospatu nahi dut. Esango dizuet zelan. Bazkalostean, beharbada. Bost. Bostetan, hemen. Euskal Herrian.

    Behinola idatzitako hartatik… joan dira poz / eta post batzuk. Gerokoak post.

    argazkia: flickr.com michael / ruiz

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Bertso txapelketarik ez dago sarean

    #btn09 etiketa on bat izan zitekeen, baina ez da askorik ageri inon.
    Sare sozialen garaiotan, bertsoak ondo hartu zezakeen olatu hau, baina keba! Ez gabiltza/dabiltza asmatzen, inondik inora.
    Txapelketak nahikoa du, aretoak bete eta areto handiagoak bilatzearekin antza…

    Argazkiak.org | bertsolari txapelketa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Txapelketa hutsa

    Bertsozaletasuna hedatzen eta indartzen
    ari den honetan, webgune ia estatiko bat sortzearekin dena egin dugula pentsatzen badugu, jai daukagu!
    Txapelketatik txapelketera berrikuntzak izaten dira, jendartean bezala, teknologietan be. Bertsoaren munduak, hoietako asko harrapatzen jakiten du, inbertsioa egiten du… teknologia berrien inguruan dabilen jendeak ere aukera izaten du bertsogintzarekin aurrerapenok uztartzeko.

    sare sozialak bertsogintzan
    Baina aurtengoan txasko handia hartu dut. Pentsatzen nuen, twitter txapelketa bat izango zela, sare sozialetan aipamen hutsa baino zeozertxo gehiago egingo zela… baina poto! beti gauza berdinak errepikatzen ari gara, ez gara gai horrelako ekimen erraldoietan, irudimen apur bat gehiago jartzeko, eta sarea bertsoaren gune natural bilakatzeko.

    edukien sozializazioaz, bi puntu
    Zer esan hedabide eta sareko tresnen gainean? Telebista eta irratiz jarraitu daiteke txapelketa, tarteka. Info7 zuzenean ari da saioz saio, Euskadi Irratiak saio bereziak egiten ditu domeketan, ETBk bere Hitzetik Hortzera dauka. Baina adibidez, domekako Gasteizko saioa entzun gura baduzu, non dago?

    • Non daude aurreko saioetako bertsorik onenak?
    • Saioak osorik entzuterik bai?

    Sareak horretarako behar du izan. Artxibo digital erraldoia batetik, unean uneko aukerak bestetik. Uztartu beharra dago. Atzera begira bezala, aurrera begira. Unean unekoa. Artxibo bezala, gordailutzat dute batzuk sarea. Momentuko tresna besteek. Propagandarako lanabes. Nik uste funtzio guztiak bete ditzakela, baina horretarako planteamendu komunikatibo zehatza behar du, eta ematen du une honetan ez duela. Eta akats larria, larriegia iruditzen zait.

    Sarean egote hutsa ez da nahikoa. Baina lau urtean behin egiten den horrelako ekimen batek, kulturgintzarako ere eredu behar luke, ez soilik sarrerak modu digitalean saltzeko ahaleginaren gainean, baizik eta bertsoaren funtsa lantzeko moduan ere. Bertsoa bizitzeko aukera berriak eskaintzen baitizkigu Internetek.

    Norena da bertsoa?

    Azkenik anekdotatxo bat. Jakingo dozue agian, baina Bergarako saioan une batez argia joan zen. Bertsolariek bere jardunean jarraitu zuten. Entzulegoak ondo erantzun zuen. Ozen abestu, isil isilik entzun. Giroa sekulakoa izan zen, errepikaezina. Telebistak off, mikrofonak huts, aparagailu elektriko guztiak itzalita. Une hori, haizeak eroan behar zuen. Bertso itzelak  izan ziren gainera.
    larrabetzu.org egiten dugunok, han geunden. Gure bertsozaletasuna bermatzen, jarraitzen, grabatzen, gozatzen… une hori ere historikoa izan zen. Guk, elkarteak baliatzen duen mahaitik barik, eskenatokian bertan jarrita geneukan gure mp3 grabagailu txikia. Bere bateriatxoarekin, pilekin… 12 bat orduko autonomiagaz. Bertsoak osorik eta txukun txukun grabatu zituen.
    Jon Martin eta Maialen Lujanbio zortziko txikian
    [audio:http://larrabetzu.org/bloga/audio/btn09/bergara/bergara_lujanbio_martin.mp3]

    Gure copyleft pentsakera eta jarrerak, saioa bukatu eta atoan Bertsozale elkarteko lagunengana eroan gintuen. Xenpelar dokumentazio zentruari eskainiaz grabazioa. Bere horretan, asko eskertu zuten. Gu ere pozik. Deusen truk. Musutruk. Bertsoa norena da? Kantatu duenarena? Elkartearena? Grabatu duenarena…. guk uste, bertsozale, kulturzale eta euskaldun guztiona dela, ezta?

    Biharamunean bertsook jarri zituzten Euskadi Irratian adibidez, baina aipamenik ez. Ez dute copyleft ulertu, ulertzen, ulertuko….. baina guk ere hobeto azaldu beharko diegu.