• literatura

    Euskadi sariak, ipuinak eta beste

    Arretaz irakurri nuen Jon Alonsoren iritzia ARGIAren urtekarian. Mezua igorri nien lagun ditudanei; idazle, editore, kazetari, literaturzale. Asko idazten da gurean, asko esaten da, baina gutxitan -nire uste apalean- berba egiten dugu kulturgintzaren barruetaz. Berba egiten dugu Durangon, Durangoz, berba egiten dugu irakurle kopuruaz, salmentaz, eskubideak… eta orain gai bat jarri du mahai gainean Alonsok: Euskadi sariak.

    Hautsak harrotu ditu. Esaterik badago. Artikulu gogoangarria izango da, gogoratuko duguna, berriz irakurriko duguna. Inprimatu ezkero, 6 orri aterako zaizkizu pdf horretatik. 6 orrialde dira ARGIAko urtekarian ere. Baina tinta joan da gero. Argian bertan elkarrizketa Jon Alonsori, iritziak BERRIA paperezko egunkarian, iritzi gehiago sarean…

    Ipuinak. Baina bitxiena Koldo Ordozgoiti Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko prentsa buruaren ateraldia. “Jon Alonsok eskubide osoa du nahi dituen ipuinak idazteko eta sinatzeko “. Ejem… egin nuen egunkaria irakurtzean. Zer esan behar du politikarien aholkulari den honek? Errua onartu? Autokritika egin? Barne ikerketa? Ez, fikziogile gisa onartu du idazlearen lana. Gezurra da berak dioena, gezur apaina, gezur sinesgarria… hori da fikzioa.

    Eta dena egia balitz? Jon Alonsok epaimahaiko kide izandako garaiko pasarteak kontatzen ditu artikuluan -duela hiru urteko kontuak- eta artikuluaren azken zatian Sua nahi, Mr. Churchill? ipuin liburua eta Koldo Izagirreren ofizioa ditu hizpide. Esan dizuet, interesgarria da artikulua. Ipuinak maite dugunontzat egina. Eta interesgarria delako, sinesgarria delako harrotu ditu hautsok. Hautsa atera die harroei.

    Sareko ARGIAk orain jarraipena egin du afera guztiarena. Euskal prentsak orain arte erreparatu dio gehien gaiari. Interneten oraindik gutxi irakurri dugu kontuari buruz, eremulauak.com gunean zertxobait. Zabaldu.com-en berriz, hedatzeko baino ez da aipatu, normala denez. Baina helduko da hori ere, lekuko izango da Interneteko euskal komunitatea.

    Idazleen agerraldia. Utikan Euskadi sariak manifestua aurkeztuko dute zenbait idazlek barikuan Donostian. Ipuina, manifestua, sariak… etiketa berriak literatura irakurri eta ulertzeko. Ipuinak maite ditugulako.

  • gaztelumendi.eus

    Ezagunak ez diren bost gauza *

    Jabik pasa dit meme_lokeri_a eta erantzun beharrean nago:
    Bide batez, blogari astindu ttiki bat emateko baliatuko dut, sarriago idazteko, olioztatzeko, barre egiteko, gogoetak eragiteko…
    Beraz, lotsa apur batekin, hona hemen bizitzako bost gertaera edo, ezagunak ez diren arren… bizi izan ditudanak.

    * Txikitan Larrabetzuko PNVren egoitzan txistua jotzen ikasi nuen. PNVren txistu bandakoa nintzen beraz, txistulari jeltzalea gura baduzue. Jaietan jotzen genuen urtero, eta Batzokian pintxoak jaten genituen. Gogoan dut behin, kalejiran atera aurretik, pastelero bat gelditu zela gure ondoan, eta pastel piloa jan genituela txistua jotzen hasi aurretik.

    * 14 urterarte Eguzki Begi ikastolan egon ostean, BUP eta COU Derioko Seminarioan egin nituen. Zazpi aldiz bota ninduten etxera lau urtetan. Egun baterako, bi egunetarako… eta baita aldi luzeago baterako ere…. Euskarako delegatu izan nintzen urte batez, eta klasekoa urte “gatazkatsuago” batean.

    * 1991an Irlandan nintzela, lehenengoz sartu nintzen espetxe batetarra, H Block haietako batean izan nintzen IRAko bi preso bisitatzen. Bidaia hartan, besteak beste indabak jan genituen Gerry Adams errepublikarrarekin. Euskadi-Irlanda futbol partida bat ere jokatu genuen, nik irlandarrekin jokatu nuen, euskaldunen kontra. Gerry Adamsen anaia, preso zegoena, oso ona zen futbolean. Astebeteko baimenarekin atera ziren 100 preso inguru orduan.

    * Bi aldiz egonda nago Sabin Etxeko laugarren solairuan. Xabier Arzallusen bulegoan. 1996an Europa Press agentzian ari nintzen lanean. Besteak beste bi elkarrizketa egin nizkion EBBko nagusiari; elkarrizketatu nituen ere Jaurlaritzako Mari Karmen Garmendia eta Iñaxio Oliveri, PSEko Jesus Egiguren, EAko Carlos Garaikoetxea eta PPko Carlos Iturgaitz. Euskaraz egin nituen elkarrizketa guztiak. Euskaraz argitaratu ziren gainera, medio ezberdinetan.

    * Kazetaritza lana sobera maite dut. Asko. Munduan zehar ez naiz asko ibilia, baina iaz Montenegron, independentziaren erreferemduma bertan bizitzeko aukera izan nuen. Handik idatzitako kronikak, han bizitakoa, handik kontatutakoa… ez dut sekula ahaztuko. Herri bat independentziaren bidean ikusi, eta bertatik kontatzeko aukera izatea izugarria da. Ez da erraz ahazten. 2006. urtea oso garrantzitsua izan da nire bizitzan.

    Eta hariari eusteko, lanean jarriko ditut Teketen, boligorria, 53R61, Imanol Murua eta Hasier Etxeberria.

  • agit/prop

    milaka bilaka, Bilbon

    Izan gara batzuk bai. Erreka ondotik oinez, astiro. Multzo luze bat, milaka esango dugu. Aldarrika.
    Tartean, disko jartzaileek (DZ eta FM) milaka bilaka kantua eskaini digute, behin eta berriz.
    [audio:http://www.info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/magazina/kalegorrikoplazan/20070202_eus_1021.mp3&sekzioa=musika&id=1021]

    Milaka bilaka. Bilbon. Elkarrizketa, bakea, errespetua, Euskal Herria zioten hango afitxek.

    Hau hasi besterik ez da egin. Eta jarraitzeko asmoa daukagu han bildu, oinez batu garenok.

    Egongo da zer egitekorik. Jarraitu dezagun bada….

  • agit/prop

    [Jarrai-Haika-Segi] Auzipetu iheslariak bideoan

    Gara egunkarian elkarrizketa eskaintzeaz gain, Interneten batetik bestera dabil gazte auzipetu iheslarien bideoa.
    Guk ere, mezua entzun, ikusi eta zabaltzeko aukera daukagu orain.
    Ibon Meñika (Zamudio) eta Olatz Dañobetia (Lekeitio) mintzo zaizkigu:

    Errepresioa indartsua da, baina indartsuagoa da herri honen borrokatzeko grina

  • gaztelumendi.eus

    Ez daukat gogorik

    Ez daukat idazteko gogorik.
    Eta eguna begira ematen dut.
    Leihotik begira, pantailari ekin beharrean.
    Herriari begira, oinez noanean.
    Jendeari begira, berbaz daudenean.

    Ez daukat idazteko motiborik.
    Isilik ere egon daiteke.

    Irakurtzeko aprobetxatuko dut aldi hau.
    Gaur gauean, ametsetan pasako dut gaua.

    Eta biharamuna, izan dadila hobea. Egunsentiarekin….

  • agit/prop

    129

    Ez dut inor salatzen somatu. Garrasi isilak ez dira antzematen. Bakearen izenean mintzo direnak mutu daude. Hemengoak dira, tartean hona lanera etorritakoak.

    Lanak hil ditu, lanean hil dira. Lan egoerak, edo kondizioek. Edo kondizio ezak. Lanak hil ditu Hego Euskal Herrian, urte bakarrean.

    Ez dago dardara politikorik. Ez da lehendakariaren hitzik. Imaz, Otegi, Zapatero, Rubalcaba, San Gil, Azkarraga… 129.

    Sindikatu batek jo du hilotzenkanpaia. 129 aldiz.

    Lanera? Gurago etxean gelditu. Baina bizirik.

  • su-etena | ceasefire | tregua

    ETAren agiria Euskal Herriari

    ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, ekintza armatuen etenaldia iragarri genuenetik bederatzi hilabete luze igaro direnean, egoera politikoaren inguruan egiten duen irakurketaren berri eman nahi die euskal herritarrei.
    ETA Euskal Herriari mintzo

    Prozesua usteltzen uzteko asmoa al dute? Abuztuan gizarteratu genuen hausnarketan, galdera hauxe egiten genuen. Zoritxarrez, urte luzetako gatazkaren gainditzea ekarri behar duen prozesua blokeo egoeran dago, ez aurrera eta ez atzerako egoera larrian.

    Blokeo egoera horrek arduradun zuzenak ditu. Espainiako Gobernua eta PSOE dira prozesu demokratikoari etengabe oztopoak jarriz oraingo egoera larria eragin dutenak. Euskal Herriaren eskubideak aitortuko dituen eta gatazkaren gainditzea ekarriko duen marko juridiko-politiko berri baten oinarriak adostu beharrean, Espainiako Konstituzioaren eta legalitatearen mugak jarri dituzte prozesuaren tope bezala.

    Espainiako Gobernuko agintariek jakin beharko lukete ezingo dela bake prozesu bat eraiki gatazka eragin duten muga politiko berdinak mantenduz. Aitzitik, Euskal Herriaren zanpaketa politiko, militar eta ekonomikoa bermatzen duten muga politiko horiek aldarrikatzea, gatazka elikatzeko eta enfrentamendu aro berriak zabaltzeko besterik ez du balioko. Orain artean, jarrera horretan tematurik aritu dira Espainiako Gobernuko eta PSOEko arduradunak.

    Euskal Herriaren zanpaketa justifikatzen duen praktika politiko horrekin batera, Espainiako Gobernuak ez du oraindik urratsik egin bere gerra eta errepresio mekanismoak indargabetzeko. Espainiako Gobernuak bere su-eten konpromisoak bete gabe jarraitzen du.

    ETAk azken urte honetan, prozesuak aurrera egiteko urrats sendoak eman ditu. 2006ko hastapenean Roberto eta Igor burkideak Espainiako sarraski kartzeletan hiltzen ikusi genituen; ETAk ordea, eta Euskal Herrian baldintza politiko askiak zeudelakoan, lurrikara politikoa sortu zuen ekintzen etenaldia abian jarri zuen. Ordainean ordea, Espainiako Gobernuak ETAren ekintzen etenaldia berifikatzeari ekiten dio. Prozesua eta elkarrizketaren inguruko filtrazioak argitaratzera mugatzen da. Presentzia eta presio poliziala areagotzen da. Alderdien legeak indarrean jarraitzen du, zuzenbide printzipio ororen aurka. Ezker abertzalearen jardueraren aurkako erasoak etengabekoak izaten jarraitzen dute. Jarduera politikoa, herri eragileen jarduera ezinezkoa da Euskal Herrian. Ehunetik gora ekitaldi galaraziak izan dira, isun, atxiloketa eta jipoiez lagundurik. Tortura, ehunetik gora atxiloketa, indar polizial ezberdinen eskutik, ETAk bere ekintzen etenaldia iragarri zuenetik. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako salbuespen neurrien mantentzea, Parot doktrina delakoaren sorrera, 185 euskal preso politiko bahitu eta bizi osorako birkondenatuak direlarik. Edota Iñaki de Juanaren aurkako epaian fiskalak erakutsitako mugarik gabeko krudelkeria, trukerako txanpon gisa erabiltzeko intentzioarekin hiltzera kondenatu dutelarik. Hauxe da, bederatzi hilabetetan zehar inolako unetan eten ez den errepresio estrategia baten kronika krudela. Gutxi ez balitz, Espainiako Gobernua, barne-arazoetako ministroa eta fiskalak buru dituelarik, harrokeriaz agertzen zaigu agerkari hauen kontakizunetan.

    Bide beretik, Imazen PNVk azken hilabetetan erakutsitako jarrera salatu nahi dugu, ezker abertzalearen aurka Espainiako Gobernuaren ildoa elikatuz aritu baita. PSOE eta PNV prozesuari buruzko ikuspegi eta estrategia berdinean aritu dira, sinatu dituzten aurrekontu eta proiektu ekonomiko erraldoiak izanik bide horretan biak lotzen dituen hari nagusia.

    Halaber, ETAri ustezko «tutelaje»en inguruko oharpenak eginez edota herri erantzun espresioen aurrean salaketa oportunistak errepikatzen aritzen diren eragile edota buruzagiek, hobe lukete Euskal Herria eta herri mugimenduen aurkako errepresio sistema ez-demokratikoaren aurrean oldartuko balira. Inora ez garamatzan hitz-jarioa alboratu eta determinazioz egiazko demokraziara eramango gaituen norabidean lan egitera gomitatzen ditugu.

    Irtenbiderik gabeko eta porrot egin duten formula polizial eta politikoak ez berreskuratzeko deia egiten diegu honetarako tentaldia izan dezaketen eragile politikoei. PP-UPN eta Espainiar Estatuko eskuin faxista alboratu eta Espainiar Estatuaren bigarren erreforma egitera ausartu beharko lirateke indar demokratikoak. Urte luzeak pasa dira Euskal Herriaren aurka bide errepresiboa erabiltzen aritu direnetik eta sufrimendua besterik ez du ekarri Euskal Herria eta Espainiar Estatuarentzat.

    Egoera horren parean, ezker abertzaleak etengabe errepikatu eta euskal jendartearen gehiengoak bere egin duen proposamen politikoan dago gatazkaren irtenbidea: Euskal Herriaren nazio eskubideak aitortzea, euskal herritarrek beren etorkizunari buruz erabakiko dutena errespetatzea eta gaurko egunean inposatzen den lurralde zatiketa gainditzea. Horretarako, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarrituriko marko juridiko-politiko berri bat adostu eta eraiki behar da Euskal Herriarentzat.

    Euskadi Ta Askatasunak bide horretatik ikusten du prozesu demokratikoa garatzeko aukera, Euskal Herriari zor zaizkion eskubide eta minimo demokratikoak bilduko dituen akordio politiko baten bidez hain zuzen. Hauxe da Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragileek luze gabe landu eta adostu beharko luketena. Horrek eragin dezake gaur eguneko egoeraren aldaketa eta urratsez urrats gatazkaren konponbidera doan bide berria egiteko aukera irekitzea.

    Horiek dira gaurko egunean Euskal Herriak zabalik dituen aukerak. Orain artean, PSOE aukera horiek faltsuan ixteko saiakeran aritu da, prozesua usteltzen utziz eta irteerarik gabeko bide itxietara eramanez.
    Euskal herritarren eta eragileen esku dago herri presioa egitea arduradun politikoek zabaldutako aukera beren kalkulu eta interesen arabera galtzen utz ez dezaten, arriskuen gainetik aukerak nagusitu daitezen borrokatuz. PSOEk, gatazkaren oinarrian dagoen mami politikoari heldu behar dio horretarako, berandu baino lehen.

    ETAren erabaki eta erantzunak, Espainiako Gobernuaren jokabidearen araberakoak izango dira. Prozesuaren alde egin eta berau indartu eta sustatzeko gure borondatea argiki adierazi nahi dugu; aldiz, gaur eguneko Euskal Herriaren aurkako eraso egoera mantentzen den heinean, abuztuko agirian adierazi genuen bezala, ETAk erantzuteko erabakitasun osoa daukala ere adierazi nahi du. Alta, ETAk bere gain hartzen du 2006ko abenduaren 30ean, Madrileko Barajas aireportuan kalte handiak eragin zituen lehergailuz buruturiko ekintza. Ekintza armatu honen helburua biktimarik eragitea ez zela irmoki adierazteaz gain, lehergailuaren kokagune zehatza azalduz hiru dei egin ondoren, ordubete luzeko denbora tartean parkingaren aterarazte edo hustea egin ez izana salatu nahi dugu. Honela, gure doluminik sentituenak helarazi nahi dizkiegu ekintza honetan bizia galdu duten Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacioren senide, lagun eta Ekuador herriari.

    Aldi berean, martxoaren 22ko Adierazpenean agertutako helburuak berresten ditugu gaur euskal herritarren aurrean. Norabide horretan urrats sendoak egitetik zabalduko zaizkio ate berriak Euskal Herriaren etorkizunari.

    Azkenik, ETAk martxoaren 24ko 00:00etan abiaturiko ekintza armatuen etenaldi iraunkorra indarrean dagoela adierazi nahi du.

    Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo eta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte! •

    Euskal Herrian, 2007ko urtarrilean

    Euskadi Ta Askatasuna
    E.T.A.

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    Blog barriak larrabetzu.org komunitatean

    Abenduan hasi ziren bere lehenengo frogak egiten. 2007ko nobedade dira, duda barik. Beste bi blog barri daude martxan larrabetzu.org komunitatean.

    Hori Bai Larrabetzuko gaztetxeak martxan jarri du berea. Bertatik gabonetako kultur ekitaldiekin hasi eta gaztetxeko dinamika erakusteko leiho bat gehiago izango da. Kalean duten presentzia, Interneten ere izateko. Bizi bizi dago gaztetxea, eta blogean ere nabarituko da hori.

    Otzara izeneko bloga sortu du Gorkak. Euskaraz eta gaztelaniaz, bere iritziak botako ditu aurrerantzean, batzen duena erakutsiz. Perretxikotan ibiliko balitz moduan. Orain arte erakutsi duenez, luma zorrotza eta oso kritiko ageri da herriko errealitateari buruz. Ikusteko dago, ze martxa hartzen duen blogak.

    Bitartean, 53R61-k bere wii berriarekin jolasten dihardu, Kukubel saiorik saio ari da, Literatura Eskolakoak liburu artean galduta…

    Larrabetzu.org oraindik, komunitate txikia da. Baina apurka apurka teknologia berriak, herrietako informazioa, norberaren iritziak eta argazkiak eta bideoak plazaratzeko aukerarekin…. gauza asko egin daitezke, nahiz eta herri txikia izan gurea. Bizirik dagoen seinale.