• musika

    Conxita irabazle Enderrock sarietan

    Enderrock katalanez argitaratzen den musika aldizkaria da.

    Conxita katalanez kantatzen duen pop taldea da.

    Helena Casas trikitilaria, Pomada taldekoa izateagatik da ezagun Euskal Herrian. Bera da Conxita taldeko abeslaria.

    Pop saria eman diote. Eta vilaweb.tv podcasta ikustean akordatu naiz, izan be, aspaldion behin eta berriro entzun dut disko hori etxean. Atsegin dut.

    Estetikoki eskuartean izan dudan diskorik atseginena da. Biniloa eta bere diseinuen garaian, diru gutxiegi neukan diskoetarako. Orain, diskoak -CD eta DVD formatuetan- eskuratzen ditugu. Estetikak indarra hartu du, besteak beste soinu hutsa Internetetik hartzea dagoelako. Eta horixe… disko izugarri polita iruditzen zait hauena. Sobre bat da, eskuz margotua… eta diskoaren kutxa barruan. Dena kopyleft gainera.

    Conxita taldearen lan hau –Amb lletra petitaGaztelupeko Hotsak zigiluarekin plazaratu da. Plazerra baduzu, entzun. Eta esango didazue gero.

    Honatx bideo ezin pop_ago bat:

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    larrabetzu.org irudimena+garapena

    feevy.comApurka apurka ari gara gure herri komunitatea osatzen. Herri txikia da, bai, baina ez gara geldi, lotuta, egotekoak. Teknologia berrien arloan be gauzak egiteko gogoa badago gurean. Blogakaz hasi gintzezan, eta horretan jarraituten dogu.

    larrabetzu.org komunitate txiki bat da. Herri mailako informazioa lantzea du helburu. Euskaraz eta grassroot journalism bat egin gurean, auzokideen komunikazioa zeozelan esateko.

    irudimena+garapena

    Eta gurean, irc bidez edo gtalk bidez i+g batzordea martxan jarri dugu. Ditugun lagun hacker eta informatikariak lanean, auzolanean jarri ohi ditugu.

    larrabetzu.org herri mailako komunitatea dala esan dugu arestian, eta orain atari nagusian, herriko blogetako informazioa batu dugu. Horretarako feevy 2.0 tresna erabili dugu. RSSak baliatu eta eskumako zutabe horretan ageri zaizkigu orain albisteak. Klikagarri.

    globala eta lokala

    Egia esan, zabaldu.com-eko albisteak batetik (globala) eta herriko blogetakoak (lokala) bestetik 53R61, kukubel 2.0, Hori Bai gaztetxea eta gaztelumendi.org batu ditugu froga moduan. Internet (globala) eta herri kontuak (lokala) uztartzen saiatzen gara. Gainera denak batean biltzea ere bada helburua.

    feevy

    Eskerrik asko teketen-i ere, aholkuak, azalpenak eta laguntzagatik.

  • larrabetzutik

    Hiru lagun gogoan

    Urtea joan da. Gaur, orain.

    Domeka, ihauterietakoa. Frontoiko partiden ostean, Morgara bidean. Han geratu ziren. Gorka, Iñaki eta Alain. Hiru mutiko, gure herrikoak.

    Domeka zen, eta ihauterietako opor txikiak herrian. Institutuko lagunak, herriko gazteak… denak kalean. Kaletik.

    Urtea joan da, eta hiru hutsune nabarmen ditugu herrian. Sarri akordatzen gara. Nik neuk gurasoak ikusten ditudanean sentitzen dut -oraindik- korapiloa eztarrian. Enkarni edo Iñakigaz berbetan, Anjelekin kalean gurutzatu eta beti broma bat egiteko prest agertzen denean, Largogaz elkartu eta kafea hartu edo berbetan hasten garenean. Beraien anaiak ikusten ditugunean, lagunak elkartzen direnean… orduko akorduak, irudiak, kezkak…

    Urtebete joan da. Errazagoa al da berba egitea? Orduko mina, amorrua ez da joan. Baina aurrera egin du Larrabetzuk. Gogoan ditugu, oso. Baina aurrera egin behar da. Erraza da esaten. Baina egunerokoan, beraien senide eta lagun hurbilekoenek eman diguten lezioak, zer pentsatua ematen du. Oihanek, Eritzek, pelota eskolako lagun guztiek… flipatzekoa.

    Urteurren omenaldia

    Meza zegoen domekan. Ez neukan joateko batere gogorik. Elizako berbek ez dute deus laguntzen. Eskuma eta ezkerra han batu zen ordea, barruan eta kanpoan.

    Askoz txukunagoa eta aproposagoa iruditu zitzaidan lagunen omenaldia. Frontoia bete jende. Leporaino. Eta 30 lagun han, kiroletako erroparekin, gorriz, urdinez, zuriz. Mutil eta neska. Kantu batzuk -hunkigarriak benetan, Amaren bularra eta Haizea-, esku pilotan gero hiru bikote, hiru hirukote futbolean, eta herri kiroletan, eta honetan eta hartan… beraiek hirurak bezala. Futbolean, herri kiroletan, frontoian, kalean, herrian… aritzen ziren hirurak. Herri txiki batean denak gara lagun, denak ezagun… eta hori nabarmendu zen batez ere domeka eguerdian. Frontoian.

    Kirolen ostean, kantua txirulaz, eta hiru bertso… eta hiru dantzari beraien omenez. Txalo zaparrada eta barruari eusten. Aupa aupa aupa. Gero arte.

  • agit/prop

    Negozioa egin behar dugu.com

    Egin egin behar dugu. Eta punto.

    Sarritan damua etortzen zaigu, hain erraz izan genuen, eta ez genuen bidea hautatu. Ez ginen jeltzale egin. Ez genuelako sinesten, edo beste amets batzuk genituelako buruan apika. Baina ez ginen jeltzaletu. Ez genuen laket.

    Ordaindu dugu. Zailago ditugu lanak, laguntzak. Ikasle fin eta jatorrenak ere ez ginenez… zailtasunak. Eta kontaktuak falta zaizkigu, ezagunak ez dira boteredunak, entxufeek kalanbrea ematen digute oraindik… eta ezin dugu kotxe hAUnDI eta txaletekin amets egin. Ez gara beraiek bezalakoak.

    Euskal Herria zer den ikasi genuen, ikusi dugu, bizi nahi dugu. Eta latza da Euzkadiren gainetik beste ezer badagoenik irudikatzea. Oraindik eskoletako liburuetan ze mapa agertzen diren ikusi eta izutu egiten gara, eta umeei Euskal Herria zerk osatzen duten azaltzen saiatzen gara. Domekan izan ginen Maulen, gaur gara Bilbon, atzo Donostian. Eta Lapurdiko hondartzetako ur gazia eta uhainak maite ditugu, oraindik. Bada herri bat kantauri magalean.

    Elkartasuna, ezkerra, baloreak, beste mundu bat, hau berau, posible dela esaten dugu. Maiz. Eta entzuten dugu. Aldatu nahi dugu. Berdintasuna, malgutasuna. Eskubideak aldarrikatzen defendatzen eskatzen ikasi genuen oso gazterik. Eta ortodoxo deituko zaitu edozein intelektual damutuk. Ezkerra zirenek egin diote mesede handian eskumarik ankerrenari. Munduko hezi eta harresiak erori zirela diote unibertsitateko Fukuyama guztiek, baina ormatzarrek baino ez dituzte banatzen zapaldu eta zapaltzaileak. Eta munduko mapari so, herri, kultura, borroka ezberdinak badirala ikasten dugu. Mundua borborka dago, goi eta behe. Eta elkartasunezko keinuak egiten ditugu. Joan etorrikoak. Eta hango eta hemengo, bertako eta bertoko uztartuz doaz. Ezker berri bat eraikitzen omen, nahi bai.

    Baina zure herriko leloenak peneuveren zerrendetan joatea onartu du, lana eskaini diote, ama udal bulegoak garbitzen jarri dute, hau egingo omen du, hori lortuko ahal du. Baina jarraitzen dute kalean pote asko hartu barik, inongo elkartetan ibili barik, ez dira ezer. Boterea eskuratu dute, baina ez dute eskurik. Ez dute besorik. Poltsiko hutsa dira.

    Jon Jauregi esaten dute. Egibarrek aitortzen du, urtean ez dituela 30 kilo baino gehiago jasotzen. Jode! Ze pena ematen duen Jauregin. Ze zintzo planta duen. 5 etxe baino ez dituzte berak eta bere familiak… Jakan bat, Ziburun beste bat, Beasainen batzuk…. PNV bertatik atera da informazioa, hori sinesten diot andoaindarrari. Baina hasi daitezela dena ateratzen… nik lagunduko dizuet gure herriko alkateak egin duen fortunatxoa azaltzen. Urtero zenbat kilo altxatu dituen porelmorro! egingo dugu.

    Obrak, lizentziak, karretera berriak, autopistako peajeak, abiadura handiko negozioak, txantxulloak, meganeopaleolitiko guztiak suntsitzeko besteko leherketak, harrobiak, subentzioak, sariak, dirulaguntzak, baserriak, unibertsitatea, zipaioak…. dirua nagusi. Eta lehendakariak bakea du ahotan. Bakea behar dugu. Noski.

    Bakea behar dugu negozioa egiteko. Horrekin ere. Armekin nahiko negozio egin dugu eta….

  • agit/prop

    Kalera, giza eskubideen alde

    zer da ba ordubete gure egunerokoan? zer dira giza eskubideak, gerra giro honetan? zer da zor zaiena? zer da egin dezakeguna? zer egiteko prest gaudena?

    Biolentziarik ez, esaten digute, baina ordu bete mugitzeko ere, biolentziaren aldekoak gehienbat.

    Presoen eskubideen alde, milaka lagun aterako dira gaur kalera, eguerdi partean ordubeteko lanuztearekin, eta iluntzeko kontzentrazioetan gero. Ordu bete euskal presoen eskubideen alde. Ni ere bai.

  • teknologia berriak

    wikiparranda Arrasaten

    wikifarar

    Wiki bidezko deialdia, izenematea eta beste. Orain arten egin izan ditugu blog&beers euskaldun batzuk. Orain blogaren ordez wikia izan da, eta garagardoak edo bestelakoak FArrasateko kdd honetan. Ni ere geldituko naiz.

    Aspaldiko lagunak ikusi, berba egin, eta proiektu berriak ahotan izango ditugu. 2.0 susperraldiari geure ekarpena egingo diogu, hori ziur. Eta bestelako gaiak ere sortuko dira. Baina, hori bai, oraingoan ordenadore barik ibiliko gara. Haririk gabe eta bestelakorik gabe. Gure artean berba egin, eta tabernarik taberna. Arrasateko kaleetan. Hala ere, gadget_zale hauek bestelako tresna mordoa ere izango dituzte eskuartean: azken belaunaldiko mugikorrak, hamaika pixeldun argazki kamerak, kantu zaharrak entzuteko mp3 berrienak, eta bestelako tramankuluak.

    Lantzean behin ondo dago, bestelako loturak sortzeko aproposak dira. http:// albo batera laga, eta aurrez aurre egoteko. Euskal Herrian bezala, munduan ere beti egin izan den moduan. Eta egingo. Zu ere Arrasatera hurbiltzeko garaiz zabiltza oraindik.

  • agit/prop

    zer egin dezakegu presoen alde?

    Aurreko bisitan arrebak esan zidan, denda batean sartu zela idazmakinen katalogo eske. Ea zein mundutan bizi zen galdetu omen zion dendariak harri-burdin eginda, idazmakinarik inork ez duela eskatzen orain. Eta horixe izango da, kontuetako bat, zein mundutan bizi garen hain zuzen. Idazmakinarena adibide polita da leku hauetako logika ulergaitza adierazteko. Pentsatzekoa da lehen ere antzera izango zirela kartzeletako eta kaleko munduen arteko ezin ulertuzko hegiak.

    kartzela

    Presoaren hitzak dira, Jokin Urainek idatzitako Errotarria liburutik ekarriak. Preso dagoenak idatzi egiten duelako. Preso dagoenak askatasuna bilatzen du hitzetan. Eta irakurri egiten du. Gutunak bezala liburuak. Edo ikasketetako apunteak. Eta halako bitxikeriak gertatzen dira gero.

    Presoek sarritan, gehiegitan ez dute ordenadorerik erabiltzeko aukerarik. Ez dizkiete lagatzen. Frantziako espetxeetan portatilak dituzte, baita euskal preso politikoek ere. Espainian zailtasunak, arazoak, debekuak. Eta makinaz ere ezin idatzi, idatzi beharrekoak. Eta eskuz pasatzen dituzte, gero kanpoan argitaratuko direnak ere. Hori ere bada kartzela.

    Eta gu, kanpoan Internet eta teknologia berrien inguruan, sutsuki lanean ari garenok; zer egin dezakegu? Zelan erakutsi beraien egoera mundu birtualean? Internet ezagutzeko, erabiltzeko paradarik ez dutenen berri, zelan eman dezakegu Interneten?

    Blogetan ezin dituzte erantzunak utzi. Ezin dituzte beraien egunerokoak argitaratu. Ez dute podcasting edo irratsaiorik egiteko betarik. Askatasuna giltzapean dago, kontakizuna ere. Izan ere, kartzeletako eta kaleko munduen arteko ezin ulertuzko hegiak dira. Zinez.

    Eta hemen nabil, guk presoen alde, beraien eskubideen alde zer egin dezakegun asmatzen. Gure hitzak, beraien salaketak, kontakizunak izan daitezen. Gure berbak askatasun taupada bihurtu daitezen.

    Errotarria, Jokin Urain

  • ikusi eta ikasi

    Bartzelonan lumak astintzen, ustez

    lumagorri gay festa Bartzelonan

    Lotsagarria, etsitzekoa, gorri jartzeko beste… Euskal etxea ez dago konforme afitxa honekin.

    Nik ezin dezaket ulertu! eta zuek?

    Afitxa berriaren zain gauden bitartean… honi eutsiko diogu, egileek kentzea eskatu arren. Adierazpen askatasunaren alde, eta homofobia guztien kontra…. ulertu gurean.

  • literatura

    Utikan Euskadi sariak

    Ez naiz idazlea. Ez naiz itzultzailea. Irakurlea eta literaturzalea naiz.

    Baina asko poztu nau idazle eta itzultzaileek hartu duten jarrerak. Literatura gogoz irakurtzen hasi nintzenetik -eta badira urte batzuk- idazleek, artistek, intelektualek sinatutako agiri asko irakurri ditut. Gaur arte, ez nituen beraien zereginari buruzko agiri baten atzean ikusten nik irakurtzen ditudan idazleak.
    Eta gaur ene begien aurrean ikusi dut. Hamaika idazle Donostiako Bulebarreko kioskoaren aurrean. Hamaika idazle Utikan Euskadi sariak esanez.

    11 idazle prentsaren aurrean Donostiako kioskoan

    Eta hamaika, 29, 37 izango dira. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen sari horri uko eginez. Txantxuiloak salatu, eta irizpide extraliterarioak agerian jarriz. Eta Euskadi Sarietaz gehiago irakurri dut, eta Interneten arakatu, eta irabazleen eta argitaletxeen, eta epaimahaikoen… eta abarren berri izan dut. Informazio asko dago, ezkutatuta sarritan, baina agerikoak dira kontu batzuk.

    Eta gaur hitzok idatzi ostean, bihar irakurtzen jarraituko dut. Egunkariak, agerkari digitalak, manifestuak eta beste. Irakurtzen jarraitzeko gogoa ematen didate idazle hauek. Eta beste askok. Irakurle hauek eta beste askoren lanak jarraituko ditut, begirunez.

    Eta hurrengoan, Euskadi Saria nork eskuratu duen, gutxiago axolako zait. Idazle gutxiagorekin, nabarmenago geratuko direlako agian, errazago izango dute beharbada… eta abar, eta abar.