gaztelumendi.eus
Agit/Prop 2.0
- albisteak 2.0, gaztelumendi.eus, hurrengo geltokia, ikusi eta ikasi, software librea, su-etena | ceasefire | tregua, teknologia berriak
zelan urtea badoan
Milurtekoa izan zen, hamarkada, eta hau ere badoa.
10 urte 2000an, XXI. mendeon… eta hau ere badoa.
2011 dator, bihar, edo etzi. Eta urtea badoa, negua joaten den bezala. Egunak datozenlez.
Ez gara zaharragoak, bizkorragoak, jakintsuagoak… atzokoak gara, bihar. Ere.
Tokatzen da esatea, gogoratzea, oroitzea, agurtzea, eta ondo ondo geratzea.
Urteak askorako eman du, beste buelta bat eman du gure mundu arrano honek. Eta buruari ere buelta asko eman dizkiogu, ideia txoro asko izan ditugu buruan, eta batzuk gauzatzeko aukera suertatu zaigu. Eta ez da gutxi. Pentsatzen jarrita, asko, askotxo… larregi inoiz ez. Baina badoa, eta oroimenean geratzen dira. Egunerokotasunean.
Azkar, urteko hiruzpalau flash.
euskalherrian.info proiektuan murgildu gara aurten. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdera horrek, badu erantzuna sarean. Bizkor ari da hedatzen. Proiektu berriak, irekiak, partehartzaileak ari dira sortzen. Eta batzutan, harritu ere egiten gara, abiadurarekin. Indarrarekin. Kemenarekin. Ausardiarekin. Irudimenarekin. Eta egia esan, Euskal Herrian gauza asko ari da gertatzen. ZoriONez. Eta ari gara kontatzen. Eta zabaltzen. Libre, partehartzaile, zabal, ireki, euskaldun. Hori da nahi duguna, horrela nahi dugu, horrela kontatzen dugu. komunikazioa, Informazioa, Teknologia (sarea + euskal herria)albisteak 2.0 webtv libre eta euskalduna sortu gura genuen, eta ikasten ari gara, sortzen. Astero. Eta asteko berri ematen dugu albistegi teknologiko bitxi batean. Bi lagun, lantalde itzela, medio onak, giro aproposa eta gogoa batipat. Eta urtean egindakoa biltzen hasi, eta ematen du zeozer aurreratu dugula. Balio izan duela. Merezi duela saiatzeak, aurrera egiteak, ikasteak, egunean jartzeak… baina batez ere ahalegintzeak.
#albisteak2010
Teknologia berriak hizpide hartzen ditugu, tresna moduan erabiltzen ditugu, komunikazio kanal dira. Internet, irratigintza, mezu libreak uztartzeko parada ematen digute. Berdin Info7 irratian, Hala Bedin edo beste nonbaiten. Zebrabidean geldi geratu barik, oinez ibiltzen gara, Bilbon bide gorritik baina isilik inoiz ez.
ekultura.net Euskal kulturgintza hizpide izan ohi dugu, eta berba egiteko jakin egin behar da. Kulturgintzan euskaldunzaharra naizen arren, alfabetatzeko beharra ikusi nuen. Eta horretarako eskolara jo behar. Hartu ninduten. Eta gustura ari naiz, eguaztenero Eskoriatzan, HUHEZIko EKT ikastaroan. Nire koadernoa da ekultura.net eta nire lanaren ardatza izan nahi du. Euskal kultura digitalaz mintzatu nahi dut, eta formazio fasean nago. Apunteak hartzen. Baina izango duzue lanaren berri, ikerketaren emaitza, ikasitakoaren ondorioak. Sintesi bat. www.ekultura.net
Sabin Intxaurraga ere joan da, Lete bezala, Bidador bezala, gertukoak bezala, urrunagokoak bezala… eta Sabinen egoeraren berri izan nuenetik, bueltaka ibili zait ideia bera. Zenbat lan isil egin duen, ikusi gura lukeena besteok ikusi dezagun. Bizi dezagun. Lagun nuen Sabin, bertsoa hizpide. Eta batez be, zaletasunak batzen gintuen. Herria, kultura, hizkuntza. Eta batez be, plazan batzen ginen. Plazak batzen gintuen. Txapelketa, saioa, antzokia… azkenekoz irailaren 11an izan nintzen beragaz, eta oroitzapen horregaz geratuko naz, duintasunaren irudia. Zor diogu, ikusi behar dugun hau. Beste guztia historia izango da.
Independentistak sarea, abian den prozesu politikoa, egoera, aldaketa, urratsak… bada zerbait, eta pozik nago horrekin ere. Eta urte hau, garrantzitsua izan da bide horretan. Altsasu, Brusela, Gernika…. toki izenak, mapa bat osatzeko. Mapa horrek, Euskal Herria du helburu. Ni neu, herrigintzan ari naiz. Pozik. Baina nazio mailako edo nazioarteko ekimenetan parte hartzeko sarea badut, eta sareak ematen digu aukerarik.. ekimenak zabaldu, ireki eta antolatzeko. Horra hor nire eskuhartzea. independentistak.net
Argazkiak.org | Independentzia lip dub koloretsua © cc-by-sa: gaztelumendi -
Txinaurri lana
euskal kultura gaur, eta bihar
Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendiDurangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.euskal kultura eta sarea
txinaurri lana
Iñaki Perurena eta
Zuzeu Komunitatea
Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!lip dub Euskal Herrian
beste zita bat
Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
-
#Azkuefacts
Waka waka! ari gara aste honetan sarean. Ezin errazago jarri digute Azkue fundaziokoek. Egia esan, ez dakigu zertan ari diren… baina barregura ematen digu batzutan, pena bestetan, amorrua be bai, lantzean behin. Milioiak eta milioiak ari dira eskuratzen instituzio publikoetatik euskara sarea josteko, eta azkenean besteok ari gara euren kontura, sarea euskara, umorez eta alegrantziaz betetzen.
Aurreko baten, gauerdian facebooken argazki hau ikusi ostean, hau idaztea otu zitzaidan. Eta jendeak umorez ere, hartu duenez…
- … #azkuefacts ezberdinak idazteari ekin zion. Aurretik Patxi Lopezen aipamen leloekin egin izan den moduan, umoretsu, alai… eta kritika kutsuarekin. Sareko logikan eta hizkuntza. Eta labur.
- Eta horrez gain, jendeak, modu espontaneoan gauza gehiago idatzi ditu, bai Zuzeun, bai Facebook eta twitter sare sozialetan… ikusgai daude sarean.
- Baten batek gainera, joko bat ere ekarri du pantaila aurrera. Waka waka doinuarekin, makinetara jolasteko moduan. Libre, doan, alai eta… gustagarri. Frogatu dozu? ba wakatu enter!
-
Lanez lepo
work in progress
Gertatzen da, eta batez ere ikasturte hasiera hauetan. Ekin beharra dago, zeregin ezberdinei eutsi, eta berrietarako gogoa be pizten da sasihasiera hauetan. Eta horrela gabiltza. Batean eta bestean. Neurria eman nahi, baina pasatu barik.
Ikasturtearen hasierak baditu gauza onak, planak burutzea, egitasmoak fintzea, eginbeharrak zehaztea…. baina hasiera fasean, denak batera abiatu behar direnean, elkar ere jo dezakete. Denbora ordenatu, pausatu, ikusi, aztertu eta ekitea da ziurrenik aproposena.
Eta horrelakoetan, blogak ez du izaten lehentasunik. Konturatuta nago, zenbat eta denbora libre gutxiago, blogak nabaritzen duela gehien. Lana dela, ardurak direla, proiektuak… hau eta beste, Interneteko proiektuetan eman arren denbora, azkenean blog pertsonala ateratzen dela galtzaile. Horregatik dute, hain zuen, horrenbeste arrakasta sare sozialak, mikroguneek eta ostantzekoek. Denbora gutxi eskatu arren, besteen arreta azkar bereganatzen dute.- Baina sareotan, ikusten eta irakurtzen ematen dugun denbora, sarean sortzen emango bagenu?
- Zelan uztartu, neurri txikia eta ertaina? Zer esanik ez, luzera handiko artikulugintza, ponentziak, hitzaldiak prestatu behar izan ezkero
- Denbora eta espazioa, dedikazioa eta ardura. Proiektu kolektiboak eta pertsonalak, hor dago koxka.
Aurrera goaz hala ere, irakurleek honezkero badakite/badakizue hemen ez bada, nondik nabilen, zertan nabilen… ezta?
Astea programatzen duzu, eta astean zenbat aldiz daukagu horrelakoei ekiteko astia? Gauari zenbat kenduko diogu? Lagunei? Etxekoei? Ahal dala, ahalik eta gitxien.
Eta twitter bidez, edo facebooken, telebista programan edo irratietako tarteetan harrapatuko duzue hemen gutxiago ageri den hau. Gainera unibertsitatean Euskal kulturgintzaren gaineko ikastaroetan murgilduta eta asteburuetan Literatura Eskolako dinamikari berriz heldu nahian…Â gaztelumendi.org proiektuan hoien berri ematearekin, nahikoa eta lar.
Albisteak 2.0 -
Osteguna
Kosta egin zait ohetik altxatzea.
Gehiegi kostatzen zaigulako abuztuan oheratzea. Beti berandu, beti beste bat beste bat… espuela publica vasca maite dugulako.
Aurrera doan herria gara, eta egunsentiak maite ditugu. Jaiak eta elkarrizketak, txoznetako altabozak, oinetako bustiak, samatik eskegita daramagun zapia, ozen eta apal entzuten diren ahotsa, belarrira esandakoak…
Herriko jaien ostean, etorri dira kapitalekoak, itzelak, eta astelehena oste eguna.
Baina gaur hasten dira herrian Eleizaldekoak ere… eta, eta…. eutsi egin behar erronkari.
Aste Nagusia handia da gero! nagusiek, jauntxoek nahi baino gehiago gainera. Handi dira konpartsak ere, eta bikain demostratu dute.
Itzel pasatu dugu, egunez eta gauez, goiz eta arratsaldez, hemen eta han.
Biba zuek! Bilboko konpartsetako kideok. Gora Kaskagorri eta Txori Barrote, inoiz baino gehiago ikusi zaituztegulako jaietan.
Marijaia agurtu, eta Akermarirekin lokartuko gara gaur, eta bihar…. barriro osteguna. -
Zuk ere parte hartu dezakezu
Kanaldudek klip klap lehiaketa herritarra antolatu du.
kanaldude.org
Lehiaketa interesgarria. Euskarazko telebista zer den, euskarazko fikzioa, ikusentzunezkoak…
-
itxuraldatzen
Sasoi berriak datoz. Koloretsuagoak. Kalera ateratzekoak.
Identitate digitala astintzeko unea heldu ote da?
Beti frogatzen, beti ikasten, beti aldatzen… aldaketa konstantea delako besteak beste sarearen logika ere.Horrelakoetan, norbera gogotsu egoten da, aldaketok gauzatzeko, eragiteko… baina lagunen iritzia be eskertzen da. Komunikazioa, eta Interneten areago, bat baino gehiagoaren kontua da eta. Blogak be, elkarrizketan oinarritzen direla uste duenetakoa naiz ni.
Eta kontua ez da soilik zer idatzi, zer esan… zelan egin be garrantzitsua da. Eta horretan diseinuak, irudiak, asko lagundu dezake. Esan nahi duzun horren lagun be badelako. Hori pentsatzen duenetakoa naiz ni behintzat.
- tipografiak
- koloreak
- diseinua
- ikusgarritasuna
- edukien arkitektura
- irakurterreztasuna
- itxura
- esangura….
-
gaur greba orokorra
-
Intxortatik Euskal Herrira
Elgetako Espaloia kafe antzokia
2010ko maiatzaren 23an– egunon Iban… zelan doaz gauzak?
– Ez dok asteburu lasaixa izan. Atzo goizeko 03:00ak arte bideuaren formatua zala-eta burrukan. Gaur goizian 09:00etatik idatzi batzuk egitten, harreraguneko kontrol guztia daroian ordenagailua izorratuta… baiña denboraz larri bagabiz be etarako juau. Donostiatik jatok informatikarixa, laster helduko dok.
-Aste osoa holango izan dok. Azken baten, herri txikiak gaztetxe handiak dira guretzat. Baina ikusten da gauzak aurrera ataratzeko gogoa. Jende askok egin jok lana, eta emaitza hemen ikusikok, laburbilduta. Eguraldiak be laguntzen jok, eta eguna bikaina izangok, ikusikok. Joseba Tapia laster etorrikok, jendea be hasi dok hurbiltzen, Espaloia txukun txukun jauk, eta Harrera gunea itzela. Non jauk alkatea?
– Bai bai, ez juat sekula horretan pentsau, baiña hau gaztetxe haundi bat dok bai. Edurne, Oxel, Josuren, Juan Ramon, Iban… atzo gabekua izan zuan elkalaneko erakustaldi bat. Herri txikixaguetan ikusten dok posible dala. Alkatia ETB-kuekin juan dok. Ez dok bape erreza izan harentzako be. Ordu askoko lana jaok atzian, ikusten ez dan lana eta Edurne eta bixen artian ondo eruan juek kontua. Eskertzekua herrittarron aldetik.
Hemen jatok Maria Jesus Aranburu be.-Sarritan ez dozak ikusiko kotxe ofizialak antzoki atarian, barruraino sartu dozak. Aurkezpenak eta hire kontu Iban.
– Bai, ezagutzen juat. Oso osoko andria dok. Oxel etorri bittartian nere kontu. Luntxera bideratuko jittuau hemendik aurrera datozen OPI guztiak. Klaro, lehenengo tabakaleraz galdetuko jotsau. Hor jaok hor anabasia, Odonekin…
-Hi, hor jatok Tapia be, trikitilaria… beragana najoak. Frogatxo bat egin, eta dana prest. Aulki guztiak prest jauzak, luntxera be hurbildu da jentia, itxikok haut. Aurkezlea nor dan esan beharko dostek, etzoat ezagutzen Maider eta.
– Bai, oin kultura teknikarixa dok Bergaran, baiña GOITB-ko informatibuetako aurpegi izan zuan denbora luzian. Oso ondo egingo jok. Gaiñera ona dok beti igualok ez agertzia lehenengo lerruan.
-Hi ba dana prest jauk. Probak, pantaila, jendea, hi jezarri hadi hor, neure ondoan. Lehen lerroan jauzak Elgetako udaleko ordezkari guztiak, Diputaziñokoa, 37an hildakoen senideak, jende nagusia, Kafe Antzokian Euskal Herri osotik heldutako jendea. Egun hau historikoa dok, hemen zeozer hasten dala iruditzen jatek.
– Bai, hasieria baiño ez dok. Animo, Maiderrekin geratu gazen moduan bera hasiko dok eta gero dokumentala. Ikusiko dok txulo-txulo geratu dala. 3D-n eginddako zati batzuk, bonba zaratak… baiña batez be lekukuak. Lekukuena demasa dok, hori behin ikusi eta gero ez dok ahazten. Ohera be kontu horretxekin juango gaittuk, ikusiko dok. .
(Hasi da ekitaldia. Maider Osa aurkezle. Eta bideo proiekzioa hasi da..)
Hori Bittor Garai dok. Asko ez dala etara jittuen basarri ondotik bost lagunen gorpuak. Isiltasuna demasa dok. Ikusi eta ez galdu aukerarik lekuko hau entzuteko, ointxe jatok Antoni Teilleriarena. Ez dok denbora asko hil dala eta gustora biziko leukek berak be hau egunau… Bere ikurriña jarri juau erakusketan. Lagaik momentu baten twitteatzeia eta segi bideuai.
-Bideoa polita dok, gerra garaiko argazkiak, kontakizun historikoa, hura bizi izandakoen testigantzak, 3D animazioa, eta Euskal Herriko historiaren zati bat… orain arte inoiz kontatu ez zaigun moduan, eta euskaraz.
Argazkiak.org | Elgetako gudariak © cc-by-sa: gaztelumendi– Tapi, ezagutzen dok narratzaillian ahotsa? Ines Osinagarena dok, Gosekua. Patxi, esan bihar jotset danak batera igotzeko gero taulara, berba egin bihar daben danak batera. Bideua amaittutakuan Tapiaren txanda, pare bat kantu Agur, Intxorta maite diskokuak.
-Aupa Tapi, amaitu dok dokumentala. Oin dok hire txanda.
– Honek kantuok ez dittuk izango jende multzo haundixendako, baiña ederrak dittuk, oso ederrak. Haudixa dok Tapia. Oso kantu pare ona aukeratu jittuk. 5 banderak kantua joten zebillen bittartian igo izana be ondo. Kolore asko batera. Ondo. Lopategiren “Gaur hirurogei urte bezela” kantau jok, politta.
-Eta eskenatoki gainean Intxorta 1937 elkarteko Garai, Elgetako alkate Oxel Erostarbe, ANVko zinegotzi Edurne Alberdi eta Diputazioko ordezkari Maria Jesus Aranburu. Lau buru, kolore ugari, bi andrazko eta bi gizonezko. Hobeto ezin.
– Danak ibili dittuk ondo, bakoitzak 3 minutu jauzkan, baiña betiko letxe luzatu… Ondo egon dittuk, hala eta be. Bereziki ondo ikusi juat gaur Aranburu. Esandakuak eta esandako modua be gustau jatazik.
-Hemen esandako guztiak sinatzen ditut nik. Frente Popularra emoten jok honek. Jeltzaleak, gorriak, anvkoak eta alkatea akorduan. Barriro be etorkozak Elgetara faxistak….
– Hauxe dok herri txikixetatik gustatzen jatana. Bakoitzak jaukak bere errena, baiña batuta egin bihar danian batu eta egin egitten dok. Baitta antxitxika egin bihar bada be. Hau amaitzen jaok, Tapi berriro taulara.
-Eta Tapiari egindako txaloak, ez dozak debaldekoak. Barriro be hasiko jaku kalabazia! alai amaitu ditu gerrako ibilerak, agur Intxorta maite diskoa egin zuen trikitilariak. Orain autobusetara joak jendea, Ibilbide tematikoari ekiteko, trintxera eta lubakiak bisitatzera.
– Autobuskadia beteta. Ni bigarrenan zain geratzen nok. Hik igo megafono hori. Han joiazak Aldundiko auto ofizialian ANV, EAJ eta Aralar, ordezkatuta. Euzki begixan jaok Asentzio.
-Intxorta 1937ko ordezkariak euskaraz eta gaztelaniaz jabizek gerrako kontuak aitatzen. Lubakietatik sartu dok jendea, duela 70 urte baino gehiago dituzten lubakiak. Lurrak ez ditu berdindu, historia ahazten saiatu dan arren. Intxorta magalean, 36 eta 37ko estrategiak entzuten. Garaiok ez dira horrenbeste aldatu. Lubakiak beste batzuk dira orain.
Argazkiak.org | Intxortako lubakiak © cc-by-sa: goioarana– Egun ederrak urten jok. Gaur “La Belga” metrailladoriaren lekura ez juatia gomentatu jotset Intxorta e1936-37 elkartekuei eta udaletxekuei. Hori beste egun baterako ze 14:00ak pasau dittuk… Intxortako interesguniak hobeto seiñalizatzia falta jakuk, ibilbidia openstreetmap-etik hartzia, harreragunia zer dan ikastola eta eskola guztiei esan biharko jotseu, baitta interes minimua euki leikenai eta interesoi sortu geinken guztiai be… Hasi dok bigarren etapia.
-Hi, nik ondiño etzoat ezer hartu. Egarri nok, eta tapiatarrak be etxera joan dituk honezkero. Bazkaltzeko planik bajauk ala? Antzokia be beteta jauk baserritarrez, euren urteroko bazkaria dok ala?
– A! uste najuan Tapiakin-eta bazkaltzeko hintzala. Hori esan jostek. Guk gero kontzertu bat jakau Espaloian Or2tan eta Grupo San Juan Atxabaltarrak. Hori bai, gaur goizago ohera. Ez, ez juat konkistadoria zein dan jakingo ezta Lost-ena ikusteko jaikiko be. Gaurkua ondo urtetzia oso garrantzitsua zuan eta urten jok. Errebentauta najaok, baiña merezi izan jok.
-Niretzat be, lanean hasteko aitzakia ona izan dok. Orain bajakiat non eta zertan ibiliko noken. Hasiera ona, lana ugari, baina ekipoa be bajauk inguruan… eta ez dok gitxi. Esan duet, herri txikiak gaztetxe handiak dozak. Jarraituko joau, eztok?
::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::: :::::::::::
Iban Arantzabalek eta Patxi Gaztelumendik, dokumentu konpartitu batean idatzitako kronHika. Berbaz, nork bere lubakitik. Bere lantokitik. Bere pantailatik. Bere euskalkitik, bere ahotik eta blogetik. -
zaindu maite duzuen hori
Iritzi helduak, uste haundikoak,
Gure herriaz.
Goiz eta arrats berriketan
Gure herriaz.Ez dago irratia piztu beharrik, telebistan ikusi edo egunkarietan irakurri barik be, dagoneeko badakizu zertan ari zaizkigun, gizon jakintsuak. Gu hau eta bestea. Zertan ari garen, zertan dihardugun… dena harrapatu dute, dena da garrantzitsua, dena muntaia, sarea. Errealeko futbolaria, unibertsitateko irakaslea den artista margolaria, eskolako andereñoa, informatikari gaztea, arrantzalea… eta abokatuak. Denak dira sospetxoso. Lehenago kazetariak, zuzendaria, administrazioko kidea, pentsalaria edo zinema produktorea izan diren gisan. Edo gazte asanbladako kidea, ikasle abertzalea, militante sutsua eta bozeramaile jardueran dabilen neska. Denak dira sospetxoso, eta horretan arrazoi dute.
Nik ere nahi nituzke
Halako segurtasunak eduki.
Baina, gauzak zer diren,
kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren idatzi gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Baina uste dut jendea anestesiatzerik ez dutela lortzen. Behin eta berriro ari direla jokaldi berean, baina gu ere ez garela hain tuntunak, badakigula zer eta zertan ari den bakoitza, zergatik eta zertarako. Eta badakigu jakin ere, zer dugun aurrean. Norekin ari garen. Eta jada, ez konbentzitu, ez iraindu ez gaituztela egiten. Zugarramurdikoak ez ditugu ahantzi, geroagokoak ere ez. Zeinen gaiztoak eta ankerrak garen, beti esango dute, ziurtasun osoarekin. Zeinen herri basatia eta sugarra den gureaz mintzo zaizkigu oraindik ere, aspaldi bezala… baina badakigu jakin, gurea ez dela besteak baino hobea, ez dela gutxiago ere, apur bat ezberdina agian, baina nortasun handikoa. Eta eusten diogula nortasun horri, identitateari, eta mintzoari, eta kulturari… eta badugula gauzak egiteko manera bat, gurea, eta laket dugula hori… eta kontuok tentuz hartzen ditugula.
Hori suertea
Nonnahikoak diren hoiena!
Sasi guztien gainetikan
Dabiltza hegan.Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren esaten gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Eta hala ere garenak gara, eta goazen lekura goazela, abestuko dugu, kantatu, barre egin, umorez hartu, jolastu, joan, etorri, itzuli, agurtu, esan, entzun…. eta bost guri halakoen usteak. Ez gara atzokoak, eta badakigu zer gura dugun biharko.
Inork ez zidan esan
Euskaldun izatea zein nekeza den,
Hobe nuela hautatzea
Munduko hiritar izatea.Euskalduna izatea ez genuen hautatu, sortzez. Eta beste batzu ekarri egin zituzten, edo etorri egin ziren. Eta datoz, badatoz gehiago ere. Eta euskaldun izan gura dute, izan nahi dugu. Munduan euskaldun, garen bezalakoak. Izaten uzten ez badigute ere, eusten diogu izan nahi horri. Eta bagara, bagabiz, bagoaz.. pitike pitike. Munduko herri bat, gurea. Euskal Herri hau. Ttiki, iraindu, zigortu, aspertu, egurtu, salatutako hau. Baina ezdeusa ez, bada, eta izango.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia Ainubian denari.
Zaindu maite duzun hori.
Eta bart Ruper entzun dugu, kantuok jartzen. Eta asteleheneko sententzia, eta biharamuneko bengantzia ez ditugu ahazteko. Egunkaria libre! oihukatu dugu azken urteotan, zazpi urteko amesgaiztoa, gau iluna bizi izan dugu otsailaren 20 hartatik. Eta bitartean kantatu dugu, joan gara, batu dugu, egin dugu, izan gara… eta kantuok jarri ditugu. Baina bart, lehenengoz libre! izan osteko lehenengoz izan da. Eta halako sentimendu gazi gozoa. Naiaren atxiloketa salatzetik heldu, Jon eta Arantza, Iker eta Saioa… Erramun, David… lagunak ditugu gogoan kantuok entzutean. Libreago ote gara?  Zaindu beharko ditugu maite ditugunak, jagon beharko ditugu gure lagunak.
Hala esaten didate:
Zertan zabiltza maite kontuetan?
Elkarbizitza jokuan
Eta zu, berriz, bertso ttikietan.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia
Ainubian denari.
Astea daroagu batari eta besteari buruz berbetan. Pankarta atzeko lerroetan, mezu ttikietan, irratsaio, telebista programa eta blogetako post ezberdinetan. Libre! oihukatzen, esaten, idazten, marrazten, asmatzen…
Zaindu maite duzun hori.
Zaindu gorroto duzun hori.
Zaindu…Egunak eta gauak, Euskal Herri libreago bat, euskaldunago bat… justuago bat amesten. Gauzatzen. Zaindu eta maitatu, zuek bezala guk.
Egunkaria libre! pixelak baino ez gara albisteak 2.0
Egunkaria libre! irratia.com saioan
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100412.mp3]Egunkaria libre! elkartasun globala