gaztelumendi.eus

Agit/Prop 2.0

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    9 urtez hemen, idazten

    Urteak eta egunak badoaz, bata bestearen atzetik.
    Eta urteak 9 dagoeneko blogari ekin nionetik.
    2004ko abenduan abiatu nuen komunikazio proiektu xume hau, eta nahiko gerra emateko aukera izan dut geroztik. Nik eta beste askok. Eta hemen jarraitzen dugu, hasierako ilusioarekin ez dakit, baina zer edo zer esan adierazi idatzi kontatu edo aditzera emateko gogoarekin.

    2004ko Durangoko Azoka hura…

    durangoko azoka 2004
    Eta abenduaren 3an -apurka apurka ari zen euskararen nazioarteko eguna ospea hartzen- Egunkariako lagunak Madrilera deklaratzera joan ziren egunean -aurretik Egunkaria itxi ziguten, basatiki torturatuak izan ziren atxilotutakoak….- hasi banintzen ere, azoka sasoian idatzitako kronikatxoekin hasi zen ezagutzera ematen gaztelumendi.org bloga.
    Ordukoa da, 2004ko abenduaren 4koa kronika labur hau, tartean Zara parta poltsena bota nuenekoa- gaur sare sozialen gaian, etiketa polita izango litzateke #zaraparta gogoratzen jarrita. Orduan ere, #esanbeharnuen.

    Argazkiak.org | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi
    Eta oraindik, lantzean behin, idazteko zirikatzeko esateko adierazteko kontatzeko gogoa pizten zaigu. Eta nork irakurri badago antza, zuoi eskerrik askorik hedatuena.
    eskerrikasko

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    kazetari independentista

    Kazetaritza, informazioa eta komunikazioari lotuta bizi naiz, bizi dut.
    Irratian, telebistan, prentsan eta Interneten aritu naiz luzez. Ari naiz.
    Independentista naizela esango nuke, txiki txikitatik. Banaiz oraindik.
    Nazioarteko berriak jarritzen ditut, munduari so nago, leihoak irekita.

    Eta Internetek aukera ederra ematen digu, kazetari izan, informatzeko, independentista jarraitu eta munduari begirik ez kentzeko. Ametsok bizi naute, izarrik ere.

    Mundua begiratzeko modu bat da idaztea eta komunikatzea. Modu aktiboan esan nahi dut. Kontatuz bizi duguna, ikusten duguna idatziz, azalduz sentitzen dena. Irrati uhinetatik, pantailetatik edo aurrez aurre.
    komunikazio independentea
    Informazio kanal independienteak maite ditut horregatik. We the media liburua irakurri nuenean (2005 urtean edo…. ) argi ikusi nuen grassroot journalism mota honek ainguratuko ninduela komunikazio mundura luzaz… eta horretan jarraitzen dugu, batean eta bestean.

    Orain albistea zer, non… horretaz ari gara sarean, paperean, irratietan, telebistetan. Bizi dugu. Zenbat eta hurbilagotik, zenbat eta aktiboago orduan eta hobeto. Eta horretan jarraitzen dugu. Eta bizitza eder honek, aukera asko ematen digu horrelako okasioetarako… beti nahi dugu scoop bat edo elkarrizketa bikain bat egin, baina gero konturatzen gara jendea maite dugula, edozein txoko, gertaera bitxiak…. eta albistea elkarrizketa xume batetik sortzen dela, notizia bilakatzen dela edozein lerdokeri, batzuen esanek besteen ekintzek baino gehiago balio dezakete agian…. baina informazioaren munduan jarraitzen dugu, oharkabean.

    Montenegrotik Kataluniara
    montenegrON #independentzia

    Gauza on asko gogoratzen ditut kazetaritza esperientzietatik. Baina egunotan duela 7 urte Montenegron bizitakoa dut akorduan. Autodeterminazio erreferenduma bizi izan genuen, zuzenean, han bertan. Iñaki Sotok gonbidatuta -gaur GARAko zuzendari dena- erreferenduma jarraitzera joan ginen lau lagun Euskal Herritik. Argazkiak, iritzi artikuluak, kronikak eta harremanak egitera. Hegazkina hartu eta alokatutako autoa biziz, ezagun berrien etxeak eta bertako bizipenak izan ziren gure egunerokoa aste erdi labur batez. Eta independentzia prozesu baten eztanda bizi izan genuen. Eta zuzenean kontatu hemengo medioetan.

    Orain begiratuta, poz itzela nabari da gugan letra haiek irakurtzean. GARAko artxiboan daude egun haietako kronikak eta bizipenak.

    Blogek ere eztanda egin zuten 2000. hamarkada horren hasiera/erdialdean, eta sortu genuen bat beren beregi horretarako: Montenegro.mundua.com

    Informazioa emateko modu berriak, berrienak ziren. Mugikorrak, portatilak, wifi sareak profitatuz idatzi genituen gure kronikak, eta erreferendumaren gauean ere, Podgoricako Karver kulturgunetik, emaitzak zuzenean jarraitu eta Euskal Herriari eskaini genion zuzeneko informazioa, edozein prentsa agentziak baino lehenago gainera. Iñaki Sotoren gogoeta propioekin, hango lagunen testigantzekin, eta guk geuk egindako argazkiekin.

    Oso oroitzapen onak, duda barik. Gordetzekoak.

    #viacatalana zuzenean

    Azken urteotan bizi bizi dago Kataluniako bidea ere. Iazko Diadak urrats handia suposatu zuen, aurretik herriz herri burututako erreferendumek herri mugimendu nazionala antolatzea ekarri zuten, eta emaitzak denon bistan daude. Aurtengo irailaren 11 ere historikoa izango da, ari da izaten. Eta horregatik, informatzeko eta bizitzeko asmoak uztartuta, asteazkenean Bartzelonan eta Katalunian izango naiz, zuzeneko testigantzak jaso eta Euskal Herrira igortzen. Saretik, uhinetatik zein bestelako euskarriak baliatuz.
    #viacatalana Katalunian
    #viacatalana

    Uste dut informazioa, bizipenak, gogoetak eta bestelakoak uztartzen narratiba eta kontaera berri bat eskaini behar dugula. Eskura ditugun tresnak baliatuta, denbora errealean kontatzen dugunak garrantzia berezia daukala, eta gero guzti hori beste euskarri eta baliabideekin uztartuz kontatu behar dugu, denon artean, ahots askotara. Eta horretan, gutako bakoitzak egiten duen ahaleginak indar asko dauka.

  • hurrengo geltokia?
    gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    Hurrengo geltokia

    Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
    Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
    Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
    Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
    STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
    Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
    Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
    Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…

    Norabide aldaketa

    Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
    Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.

    Eta orain zer?
    Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
    Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
    Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..

    Horretarako zer?

    • Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
    • Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)

    Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  info 7

    #askegunea Aspaldian ezagutu dugun desobedientzia zibil ekintza handiena

    Herri Harresi kolpeka hautsi dute, ondo kostata.
    Egunak eman ditu Askegunea eremuak erresistentzia lantzen, elkartasuna hizki handiz idazten, komunikazio eremu librea sortzen… Donostiako bulebarrean.

    Gau eta egunez, gazte mugimendua eta herritarrak elkarrekin.
    Urkulluren ertzainek, Iñigo Cabacas hil zuten gorputz polizialeko kideek, bi ordu eta erdi luzez… banan banan atxilotu eta kanporatu dituzte bertan batutako milatik gora lagunak.

    • Goizeko 6:00ak jo dutenetik, Info7 irratia ere zuzenean aritu da, Donostiatik, herri harresi barrutik, estudioetatik… eredugarri.
    • Sare sozial handi bat bilakatu da #Askegunea bera ere.
    • Mugimendu berri bat ari da sortzen une honetan, kalean eta gizartean. Eskubide guztien alde, konponbidearen alde, gazte mugimenduaren alde… Euskal Herriaren alde finean.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Nazioarteko antzerki eguna – World Theatre day

    Martxoaren 27an, urtero ospatzen da nazioarteko antzerki eguna. Gurean ere bai.
    Eta urtero antzerkigile ezagun batek manifestua idatzi ohi du. Aurtengoan Dario Fo egileari suertatu zaio langintza hori. Eta mundu osoan zabaldu da bere mezua, eta hainbat hizkuntzatara egokitu dira bere adierazpenak. Euskaraz ere badago nazioarteko antzerki eguneko manifestua, eta zenbait antzerkilarik manifestua bera bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.

    Nazioarteko antzerki eguna – Dario Fo

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    korrika Euskal Herri osoan

    Andoainen hasi zen, duela hamar urteko Egunkariaren itxiera gogoratuz, atzo gurean, gaur beste nonbaiten, bihar han… eta domekan azkenik Baionan bukatzeko.
    Gaur denok horretaz mintzatu gara, pozik, alai. gogoan ditugu herriko uneak, irudiak, koloreak, giroa, gogoa eta ilusioa. Korrika hori dana delako. Eta gehiago. Korrika zazpi Euskal Herriak dira, hamaika herri, amets ugari…. emozioa.
    Txikienek, gazteagoek, guk, beraiek, denek parte hartzen dugu, dute…

    Larrabetzuko irudiak 11amaika Telebistan

     
    Teknologia berriak eta Korrika aspaldidanik eskutik

    Info 7 irratian gogoetatxo hau bota nuen, Korrika eta teknologia berrienen arteko harremanaz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  i+g,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Sare sozialak berbagai gaztetxean

    Sare sozialak izan ditugu mintzagai Larrabetzuko gaztetxean. Dozena bat lagun batu eta dinamika parte hartzaileak egin ditugu.

    • watxap
      Gaztetxean gehienek erabiltzen dute telefono bidezko mezularitza azkar sistema modazkoa. Gaztetxeko taldea daukate antolatuta, eta mezu azkarren bidez kordinatzen dituzte gauza asko. Erabakiak hartzeko ez dutela erabiliko adostu dute, batzar batean. Erabilgarritasuna ikusten diote.
      Gehienek egun osoan erabiltzen dute, maiz.
    • twitter
      Ez daukate denek, baina gero eta gehiago erabili edo kontsultatzen dute. Gaztetxeak berea dauka @horibai23 eta erabilpen kolektiboa ematen diote, batek baino gehiagok kudeatzen du. Twitter beste sare batzuk baino serioagoa dela aipatu dute.
    • facebook
      Hori Bai gaztetxearen orrialdeak 150 lagun baino gehiago ditu, eta batez ere ekitaldien hedapenerako erabiltzen dela ohartuta, beste ekimen batzuen berri emateko ere baliatzea pentsatu dugu tailerrean. Gaztetxeak, herriko gauzak…
    • gaztetxeko blogahoribai.org
      Gehienek gutxi baliatzen dute, eta dauzkan aukerak aztertu ditugu. Bloga gaztetxea da, sare sozialak kartelak. Horibai.org indartzearen garrantzia, eta sare sozialetarako traktore funtzioa bete dezake. Komunikazio lantaldekoek bloga erabiltzen ikasi behar dute oraindik.
    • komunikazio tailerra
      Datorren hilabetean komunikazio tailerra egingo da gaztetxean, irekia eta partehartzailea. Gaztetxeko dinamika, gazte egunera begirako komunikazio lana, sare sozialak, bideoak…. landuko dira. Facebook sarean talde bat sortu da, kordinatzeko eta tresna berriak erabiltzen ikasteko, frogak egiteko, eztabaidatzeko…

    Pozik gaurko esperientziagatik. Dinamika partehartzaileek konfiantza sortu dute, guztiok berba egin eta parte hartu dugu, ideia berriak atera dira… eta batez ere, gure herrian gauzak egiteko gogoa eta aukera landu dugu. Pozgarria eta etorkizuneko tresnak erabiltzeko prestutasuna. Sare sozialean kontraesanak, mugikorren menpekotasunak…. holangoak ere izan ditugu hizpide, baina gogoratu… gauza onenak gogoratuko ditugu. Zorionak Hori Bai! aupa gazteak!

  • agit/prop,  Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Konprometitu gaitezen!

    Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
    Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
    Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
    Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
    Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
    Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
    Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
    Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA


    Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    irakurtzeko gogoa

    gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
    gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
    oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
    ikasitakoa.
    eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
    erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
    bizi garela adieraztea. bagarela.
    Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
    Euskal Herria.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    hipoKrisiaz

    Egia esan, gezurra da nagusi.

    Egunkariak piztu, sare sozialak sintonizatu edo auzoan berbetan hastea besterik ez dago, bizi dugun giro kutsatuaz jabetzeko. Hiru lau nota, gainditu-ta gaudela ohartzeko. Sinatuta bueltatu, arren.

    Sobresaliente

    Barcenas delako horren sobreek mezu asko zalapartatu dute. Dimisio hots hitz ezinezko hori gauzatzea lortzen ez duten arren. Baina Rajoy -edo Raxoi?- eroriko da, eta hori dute helburu, berak baino gehiago agintzen/ordaintzen dutenek.

    No tablet

    Gertuago, angulak eta kutsatutako interes tipoak nahasten zaizkigu, erotutako arraultze batzuekin. Eta GARA egunkariko pdf-ak wikileaks gogorarazten digu, gure eremuan, sukaldaritza elitezko batean, to elikadura burujabetza! #ondoegina

    Bien

    Bien bitartean zintzotasuna neurtzeko, Gerediaga elkarteak gida berezia aterako du, aplikazio bat mugikorretarako, Azkue fundazioak finantzatua. Eta fundazioan bertan, kudeatzaile berria behar dute, baten batek alderdian jauzi handiagoa -oraindik- egin duelako. Bere burua hor aurkez dezake, agian, Durangoko azokari beste toke bat ematen saiatu denak, oraingoan baina tokea berari eman diote, eta deskolokatuta geratu da mundu guztia. Denak? Gerediaga eta azoka azken 30 urteotan ezagutu duenak ez du arrangura askorik hartu, ondo finkatutako estiloa da hau. Nirekin edo nire kontra. –Ez du zintzo jokatu. Harrapazank txiribiton! Egiptokoak baino mezu kriptografikoagorik… poker aurpegia somatu dut gaur goizeko kafe orduan, inguruko egunkari guztietako titularrak gosaltzean.

    Ondo egina lagunok, pantaila itzaltzeko gogoa piztu zait. Off!
    hipokrisiari stop!
    http://youtu.be/pMYdaFcUgQU