musika
entzun!
-
Audiolab | soinua eta musika baino haratago
Aspaldian nago harpidetuta Xabi Erkiziak bideratzen duen audiolab blogera. Soinuaren laborategi izatetik, musika esperimentala, audioa eta inguruko berrien topaleku, esperimentazio gune eta albistegi digitala ere bada Artelekun sortzen den bloga.
Euskaraz eta gaztelaniaz, mundu bat biltzen du bere baitan. Loturak, soinu berriak entzuteko eskaintzak, jaialdien berri eta eztabaidarako proposamen erakargarriak.
Xabi Erkizia aspaldian ari da musikaren inguruan esperimentatzen. Baina horrez gain, audiolab ekimenetik, artxibo interesgarria bildu du Artelekuko mediatekan, kontzertu interesgarriak programatzen ditu, ikastaroetan musikari eta musikazale mordo bat bildu ohi du eta munduan zehar ari da, Euskal Herriko musika modernoenaren ordezkari gisa.
-
Gazte eguna ( larrabetzu )
Heldu da, gaur da Gazte Eguna Larrabetzun.
Kartela programa eta argazkiak
Gure herria, Larrabetzu pozik jartzen da, alai, gogotsu egun honi aurre egiteko. Hori Bai gazte elkarteak antolatutako jaia da, gaztetxetik herrira, herritik Euskal Herrira. Jende asko, giro ona, musika, rock&rolla, garai bateko debekuek PNVren jarrera itxia agerian utzi zuten. Debekuen gainetik, gaztetxeak jai hau antolatzen jarraitu zuen, normaltasun guztiarekin. Antolaketa ona, Euskal Herriko zein atzerriko taldeak ekarriaz 1500 biztanle ez zituen herri txiki honetara.
1998tik, gaztetxea ere irekita egoten da gazte egunean. Disko jartzaileak egoten dira bertan, eta gaur ere aukera egongo da Makala eta Aritz sound system entzuteko. Musika ona, giroa, dantzarako uneak gaurkoak. Gonbidatuta zaude zu ere.
Argazkiak atara eta larrabetzu org gunean zintzilikatuko ditugu. Kronika bat zuzenean. Eta hemen daude, orain arteko lehenengo argazkiak.
-
Ben Harper ez ikustearen penaz
Hasi da Bilbo live jaialdia. Pena eta amorruz gustatzen zaizkidan talde batzuk ikusi barik geratuko naiz. Hasteko lotsagarria iruditu zait Bilbon egin dutena, baina eraberean, ikusteko moduan egon diren kantari eta talde batzuk ez ikusteak pena ematen dit. Kontraesanak.
Atzo arratsaldean hasi zen, Gatibuk irekitzen omen zuen jaialdia. Baina, atzo besteak beste Ben Harper kaliforniarra izan zen Kobetamendiko zelai horretan. Eta gaur, bere webgunean kantuak entzun eta entzun ari naizen honetan, horren pena daukat. Aurretik zerbait entzuna nuen, orain gehiago gustatu zait.
-
Eskaera eta eskaintza euskal kulturan
Kontzertu ttikiak ematen ari da Ruper Ordorika. Aurrekoan gurean izan zen, txukun, benetan, berbatsu, gogo izugarriagaz. Hiztun egon zen kontzertuaren ostean ere… eta mila eta bat kontu aipatu genituen garagardoak edanez. Kontzertuaren gainean idatzi zigun Julen Gabiriak, eta irakurgai duzu larrabetzu org gunean.
Berak esanda genekien Lou Reed Azkaraten egotekoa zela; eta musikagintza, kulturgintza, txirrindularitza, garai bateko kontuak… denetarik izan genuen hizpide. Garagardo batzuk edan genituen herriko Foteri tabernan.
Iruñean jo behar du gaur. Eta elkarrizketak egin dizkiote medio ezberdinetan. Batean, industria diskografikoaren harira gogoeta batzuk egiten ditu… baina txiki izatearen ideiaren gainean egin dituen gogoetak gustatu zaizkit, batez ere.Krisialdi baten erdian gaude, eta ganoraz jokatu behar dugu, ongi pentsatuz. Batzutan, minoriak garenok, gure tranpetan erortzen gara. Gutxiengoa izaki, are minoritarioago nahi dugu izan, oso selektoak gure alorrean. Eta gero edozein kolpe hartuta, hondoratu egiten gara. Oso erabaki sendoak hartu behar ditugula uste dut.
Euskal alorrean eskaintza eskaeratik oso gora dago. Idazten da irakurtzen dena baino askoz gehiago, grabatzen dira sekula entzungo ez diren diskoak, eta abar luze bat. Oso zaila da merkatu hori oinarri horietan mantentzea. Baina aldi berean badago egarri bat, interes handikoa eta oso kualifikatua den minimo bat. Gure gauzak arretaz hartzen dituena, eta hori egilearentzat oso gauza handia da. Industria minimo bat eusteko indarra izatea da gure erronka.
-
Fermin Muguruzarekin berbetan
Fermin Muguruzak duela hilabete aurkeztu zuen Euskal Herria Jamaika clash diskoa. Donostian aurkeztu zuen jendaurrean, prentsa ere bertan zela. Gero Bartzelonan egin zuen astebeteko beste aurkezpen bat, elkarrizketak, harremanak… denetarik. Madrilen aurkezten, elkarrizketak egiten -tartean El Pais, TVE 2 Miradas, El Mundo…- ari zenean jaso zuen bere aitaren osasun egoera txarraren berri. Irunera itzuli, eta aitaren aldamenean eman zituen Fermin Muguruzak haren azken uneak.
Parisera eta Berlinera joan behar zuen, baina lehenbizi gurekin egon da, irratia.com emankizunean lagun izan dugu. Eta elkarrizketa luze eta sakona, ordubetez, egiteko aukera baliatu dugu. Musika, Euskal Herria, Jamaika, Nazioarteko egoera, politika, kultura… zer ez dugu aipatu elkarrizketa horretan! Beti bezain zorrotz, gogoetak behin eta berriro eginez, balorazioak, azken hamarkada hauen errepasoa… diskoa atera eta hilabetera eman dizkigu bere iritzi hoiek Muguruzak. Elkarrizketa sakona da, eta une batzuetan sentimendu guztiak jarri zituen Ferminek mikrofonoaren aitzinean.
Hamaika lotura, erreferentziak -musikalak zein artistikoak, munduko tokiak zein borrokak- aipatu dizkigu… Hitzjario izugarria dauka Irungoak, eta tartean gauza oso interesgarriak bota dizkigu, abesti tarteetan. Adi entzuteko moduko elkarrizketa, zinez.
Elkarrizketa gustura entzun dut beste hamaika aldiz ere. Sakontasunetik musika bezala beste hamaika bizipen eta kontakizun dauzka kontatzeko gure musikari nazioartekoenak… Entzuteko jartzen dut blogean ere. Hartu denbora, eta egin komentarioak. Blogetako jarraitzaile sutsua dela aitortu digulako Ferminek berak ere.
Entzun gura baduzue:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom060606.mp3]Blog berri honetara audio artxiboak ekartzeko asmoa daukat, balizko podcast saio baten aurrekari gisa. WordPress-ek audio plugin mordo bat dauzka, eta zenbait frogatzen ari naiz gainera.
-
Bob Marley eta reggae musika
Atzo, 25 urte betetzen ziren Bob Marley hil zela. Irratia piztu, edozein, eta ez zen beste konturik inon. Denek jarri zituzten bere kantuak, Jamaikan 24 orduz aritu ziren irratiak Marleyren kantuekin… baina gaur?
Bob Marley musikari handia izan zen, ez daukat dudarik horretaz. Gustura irakurri nuen Aritz Usandizaga Hernaniko disko jartzailearen liburua Bob Marley, begirunea, maitasuna eta askatasuna (Txalaparta, 2002ko abendua). Eta atzo, antzera idatzi zigun Aritzek Berria egunkarian.
Reggae musika gaur
Baina gaur ere bada reggae musika entzuteko eguna. Eta bihar, etzi. Reggae musikak, besteak beste kultura hau maitatzen laguntzen digulako. Posible da, erraz lortzen du mugitzen jartzea. Izan Bob Marleyrena edo beste askorena. Esaten dute, esan ohi da, kantsagarria dela, beti berdina dela… baina entzuten hasten zarenean, konturatzen zara ezetz, gauza ederra dela, konturatu barik oso gauza modernoak egiten zituztela duela 20, 25, 30 urte, Jamaikan bezala, Londonen.
Eta gaurkotasun hori ez du sekula galdu musika honek. Urteurrenak urteurren, milaka jarraitzaile ditu gure artean ere. Euskal Herriko irrati libre eta euskaldunetan gero eta reggae saio gehiago entzuten dira, gure musikarien artean berba gozoak entzuten ditugu Jamaikako musikaren alde…. eta iPod txikietan zein mp3 entzungailuetara kantu piloa igotzen ditugu… -
Gaur ez da inor oroituko
-
Dokumental gerrilero bat
-
“Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen, kulturaren kaltetan”
Larunbatak eman du harritzeko moduko konturik, prentsa irakurtzen hasi ezkero. Larunbatean argitaratu zen, GARAren Mugalari kultur gehigarrian, elkarrizketa Jose Mari Sors Elkar enpresaren kudeatzailearekin.
Hainbat larunbatetan agertu dira elkarrizketak liburugintzaren inguruan dauden eragile ezberdinekin: editoreak, enpresarioak, kritikoak… Denetarik.
Baina titular deigarria izaten da kazetariaren asmoa. Eta honek behintzat begian ondo jotzeko modukoak bota zituen. Esatea be. Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen dio, esaten du; Elkar megadendetako erakusleihoak ikusi eta gero botako zuen, beharbada. Diot nik. Erakusleihoak metafora polita zatekeen.
-
Jamaika ikusteko jaio gara
Disko berria aurkeztu du Fermin Muguruzak. Donostian egin du, KM kulturunean, lagun eta ezagunez betetako areto batean. Kazetariak, musikariak, adiskideak, senitartekoak.. denetarik batu gara txiki geratu den gunean. Bad soun systemeko disko jartzaileak reggaea jarri du, aurkezpena hasi aurretik. Atzekaldean pantaila erraldoia prest, albo batean Jamaika eta Euskal Herria lotzen dituen hormairudi handi handi bat. Haritza eta palmondoa, toki bateko zein besteko dantzariak, eta diskoaren izenburuak, letra handietan. Single argitaratu berrian ikusia genuen irudi-muntaia.