hurrengo geltokia

gogoetak, joan etorriko bidaiak

  • hurrengo geltokia,  info 7

    Durango

    Azoka, azoka, azoka, durangokoazoka.com

    ez da beste berbarik, ez da beste hitzik
    liburuak, diskoak, erosi, joan, montatu, stand

    durangon azoka, feria Durangon.

    liburuak eta diskoak, jostailuak, bideoak, egutegiak… durangon.

    jendea, jendea, milaka jende, egunotan durangon.

    erosi, azoka, liburuak, diskoak, ordaindu, montatu, durangon.

    milaka, euroka, kiloka, batzuk.

    eta azoka durangon.

    euskal herrian kultur produkzio handia dago, liburu bakoitzeko 100 garagardo salduko dira gauero durangon,
    milaka pertsona ibiliko da durangon, gau eta egunez, ferian

    baina gurean, diskoak eta kultura, liburuak eta papera bizirik da orain, salgai dago oraindik
    irakurtzeko moduan dago

    eta horregatik, udazkena orriz orri etorri da durangora. eta boltsak beteta itzuliko gara negura, gure negutegira.

    apalak beteko ditugu liburuz eta diskoz
    eta jarraituko dugu pantailari begira

    azoka azoka azoka, durangokoazoka.com

    nobedadeak, egileak, artistak, bertsolariak, durangon
    ikasleak, irakasleak, gurasoak durangon
    mundu bat durangon
    durangokoazoka.com

    Entzuteko info7 irratia:
    [audio:http://www.info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.euskalherria.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20061205_eus_801.mp3&sekzioa=talaiatik&id=806]

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Aberri txikia bai

    …baina txikitua ez dut nahi!

    Poema ederra topatu dut sarean, eta sarea bera ere kritikatzen duen poema, kantua.
    Abiadura Handiko Trenaren kontrako aldarrikapena.

    Abiadura Handiko Trenari EZ!Egunotan, herritarren iritziari bape jaramonik egin barik, Urbinan eta hasi dira txikizioarekin.

    Eta bertara, obrak gelditzera batu da jendea. Poliziak, Gobernuaren esanetara. Eta betikoa…. biolentzia esango dute gero.

    Jarri gaitezen minutu batez pentsatzen. Zer balio du Arabako herri txiki hoietan esan dutenen iritziak? Zer entzuten da Lakuan? edo legebiltzarrean?

    Zergatik ez da kontutan hartzen herri galdeketetan emandako hitza?

    Nor da hemen demokrata?

    Aberri txikia bai, baina txikitua ez dut nahi… [audio:http://www.arrosasarea.org/bitakora/wp-content/uploads/2006/11/aht-aberritxikia.mp3]

    Gaztesarea informazioa eskaintzen ari da  zuzenean, AHT EZ Gunetik.

    AHT EZ gunea   blog berezia, erresistentzia guneetatik bertatik.

  • hurrengo geltokia

    Ostruka baten lezioa

    Gogoan dut, aspaldi egon nintzela lan honen estrenoan, Bilboko Arenalean. Ez dok hiru bikoteatrokoak asko maite ditut, asko gustatu zaizkit beraien azken lanak. Baina hau, bere gidoitik aparte dagoen lan bat da. Bernardo Atxagaren lezio bat hartu, eta beste irakaspen handi bat eman digute.

    Bidelagun hartu zuten horretarako Elorrioko Imanol Garaizabal; Logela multimediako bideojokei, animatzaile, flash programan jantzia, grafitigile eta artista aparta. Bideoa ikustean gogoratu dut lana. Itzela.

    Hitzak: Bernardo Atxaga
    Musika: Les Mecaniciens
    Irudiak eta animazioa: Imanol Garaizabal
    Bideoa, antzerkia: Ez dok Hiru Bikoteatroa (Mikel Martinez & Patxo Telleria)

  • hurrengo geltokia

    Lurrama feria Baionan


    Izugarri harrituta geratu naiz, gaur arratsaldean Glain elkarteen azoka honetan Lurrama feriara barneratu naizenean. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen ekimenez feria edo azoka hau zinez interesgarria iruditu zait. Baionan, Lapurdiko hiriburuan; kostaldean antolatu feria hau, ez da astean zehar herri ttipietan ikusten ahal duzun merkatu hoietarik bat, ez. Goi mailako azoka duzu, herri ekimenez antolatua.

    Bea gure lagunak, modu grafikoan irudikatu du asteburu honetako arrakasta: –Aski duzu lau behi ekartzea, milaka bisitari ukaiteko. Baluke arrazoi piska bat Baionako hautetsi abertzale honek, hirian jendeak ez baitu ezagutzen baserria, laborarien mundua, natura edo jaten dugunaren sorterria. Baina, Laborantza Ganbararen hautua haratago doa, eta irriak albora utzita hortaz jabetua da Bea ere, horregatik eman du asteburua lanean, auzolanean, Azoka hau ondo bururatu dadin.

    Bost mila edo sei mila lagun espero zituzten asteburu guztian. Eta horra hor harridura; lehen egunean 7.000 bisitari izan zituen Lurramak. Hurrengo egunetan ere, milaka izan dira hurbildutakoak. Zer ikusteko? Erosteko? Ezagutzeko? Denetarik bada hemen, badira baserrietako abereak -pottoka, behor, txerri, ardi, txakur, ahuntz, behi eta astoak-, badira ere laborarien produktuak, sagardo edo eztia… denetarik. Eztabaida eta mintzaldiak ere izan dira. Eta musika, kontzertu eta mutxikoak, emanaldi eta gaiteroak.

    Oso inpresio ona, eta antolaketa itzela. Datorren urtean gehiago.
    (Larrabetzura itzultzean, argazkiak ikusgai)

    Baiona Lurrama barrutik.

    Laborantza ganbararen egitekoak. Lurraman afaltzen.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  su-etena | ceasefire | tregua

    Europako berri hemen

    Gaur egun garrantzitsua dela ematen du. Eta egunak mereziko du gogoeta bat ere. Gaur, bihar, etzi. Euskal Herriaz ari dira Estraburgon, Europa Euskal Herriari so. Eta gu hara begira. Kazetariak, komunikabideak denak hara begira jarrita daude, eta asko handik bertatik ari dira.

    Bideoz zuzenean jarraitu daiteke ekitaldia Internetetik. Hizkuntza hauta dezakezu, baina ez gurea, noski. Telebista askok ere emango du.  Albistegietan ez da beste ezer aipatuko ziurrenik. Edo bai. Nork jakin.

    Euskal Herriko komunikabideek ere Europarako bidea egin dute. Normala den bezela. Eta Interneten topatzen ditugu goiz erdirako hango kronikak, hango iritziak, adostutakoak, eztabadiak, kaleko inpresioak.

    Gara eta Berriaren edizio digitalak irakurri ditut, eta info7 irratiko webgunean zintzilik daude hango kronikak ere: parlamentukoa zein kalekoa. Interesgarria bide hau ere, FMtik eta Internetetik zuzenean eskaini, eta sarean denbora errealean ia ia eskuratzeko eskaini.

    Europako eztabaidaren oihartzuna baina, helduko al da gure blogetara? Nazioarteko blogosferan ziur erantzuna izaten duela, gurean baina, ematen du gai hauetatik ihesean gabiltzala. Ez dugula prozesuaren gainean jardun gura, busti nahi. Eta blogetan sortu daitekeen giro onak, eztabaidak aberastu dezake maila batean hori ere.

    ETAren ekimenak Interneten eduki zuen isladaren ostean, abian jarri beharreko prozesuak ere merezi luke arreta piska bat. Eztabaida gehiago.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Orhipean, Renotik Euskal Herrira

    Renoko irakasle bat izan dut asteburuon bidailagun. Bada mende bat, bere aitona zena, Jose Elkano, sorterritik Bartzelonara joan, eta handik Renorako bidean abiatu zela. 1909. urtean utzi zuen bere jaiotetxea Lintzoaingo semeak. Emaztea ere, Francisca Villanueva berarekin joana zen. Auritzberriko neska gazte bat zen orduan Francisca.

    Ostegunean heldu zen Euskal Herrira Joe Elcano. Arbasoen lurra ez zuen ezagutzen, handik, Estatu Batuetatik, irakurria ez bada. Aitona eta amonaren lurraldearen berri ukan nahi zuen, eta Londonen izandako konferentzia bat profitatuz, hegaldi laburra egin zuen gure artera. Lau egunez izan da Euskal Herrian. Eta gu izan gaitu bidaide, gidari, aholkulari eta lagun.

    Iñaki eta bion zeregina izan da Elkanotarren eta Villanuevatarren berri izatea. Lintzoain eta Auritzberrin duela mendea utzitakoa berreskuratzea. Eta Euskal Herria erakustea, eta gure kultura, gure hizkuntza, herri eta hiriak ezagutaraztea.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Euskal Herria 2.0 | abiapuntu bat

    Euskal Herria 2.0Jardunaldiak bi egunetan burutu ditugu. Zenbait hilabete pasa dira hasierako asmoaren berri Donostiako itsasertzean izan nuenetik. Eta egia esan, ez nuke lortu duguna hasiera horretan horrela imajinatuko. Baina olatuaren gainean gaude orain.

    Nora heldu nahi genuen? Zer bilatzen zuen EH 2.0 egitasmo honek? Nik uste, iragan ostegunean Donostiako Artelekun batu ginenon artean sortu zen giroak ondo islatzen duela gure orduko asmoa. Abiapuntu bat daukagu, aurrerantzean Euskal Herria eta Internet batuago ikusteko, gauzatzeko, plazaratzeko. Herrigintzan, euskagintzan, edukietan, software librearen inguruan, Interneten, komunikabideetan aritzen garen jendea batu gara bi egunez. Eta oinarri bat jarri dugu, eztabaidarako, gogoetarako, ekimenarako, auzolanerako. Eta alde horretatik pozik egoteko motiboak dauzkagu.

    Euskal Herriko domeinuaren beharra azaleratu dute EH 2.0 jardunaldiek irakurtzen genuen Berrian, jardunaldiaren biharamunean. Eta bai, horra ere heldu behar ginen. Modu naturalean, eztabaida piztu da. Vicent Partal gomitatzeak, .cat adibidea gertutik ezagutzeak, gurean gaiarekiko interesa piztu du. Eta besteak beste ondorio horretara heldu gara. Antzeko kontuak adierazi zituzten Josu Landak eta Josu Amezagak. Edukiak, nortasuna, kultur ondarearen bahiketa, lizentziak, ikurrak…. izan zituzten hizpide bi hitzaldi ezin argigarriagoetan –Info 7 irratiak zintzilikatu ditu sarean – eta ostean Partalek ekitaldia biribildu zuen. Argi eta garbi.

    Orain, Partalen bloga irakurtzen dugunean, oraindik flipatuta jarraitzen dugu. Tipo argia, adibideak ematen azkarra, umorea galdu barik, eta bere nortasunari uko egin barik, besteona begirunez ikusten duena. Komunikabide berrien eremuan aitzandari Europa mailan, eta euskaldunon lagun. Abiapuntu honetan bidaide izango dugu. Katalanak eredu zaizkigu Interneten, hizkuntzan, kulturan, digitalizazioaren aroan. Jarraitu egin behar ditugu, ezagutu, ulertu, begirunez beraiengandik ikasiz. Eta horretara goaz.

    Ondorioak tag edo etiketetan bildu genituen, eta pantailaratu. Hemen ikusi daitezke. Gutako edonork badu zer egin nahikoa aurrerantzean: edukiak sortu, argitaratu; euskara eta gure kultura, gure nortasuna sarean erakutsi eta bultzatu; ikur berriak asmatu; software librea lokalizatu, sozializatu eta erabili. Asmo on guzti hauek gauzatzeko. Euskal Herria Interneten izan dadin. Eta Internet Euskal Herrian. Areago, gehiago. Abiapuntua.

    EH 2.0 ondorioak

  • hurrengo geltokia

    Luis Goia joan zaigu

    Luis GoiaZinema produktorea. Euskararen laguna. Euskaldunon EGUNKARIAko kide arriskutsua, atxilotua eta Madrilera eramana. Orduan, Madriletik bueltan ikusi genuen Andoainen. Neke aurpegia, ondo orraztu bako uleak.
    Badakit, hainbat ekoiztetxe antolatu zituela. Euskarazko film batzuk ere atera ziren aurrera, bera produktore zela. Ke arteko egunak, Off-eko maitasuna nik gogoan ditudanak.

    Nik, askatu ondorengo Andoaingo bere irudia gordetzen nuen. Eta Pablo Maloren filme arrakastatsuan ere produktore lanetan ibilia zela ikusi nuen. Madrilen ez zuten gogoko agian, baina lanean jarraitu zuen.
    Egunero hartan egindako elkarrizketa.

    Bilbon azkenekoz
    Aurreko astean berriz ikusi nuen Bilbon. Azkenengoz. Hamaika telebistaren aurkezpenean zen. Andoaingo aurpegi berarekin ikusi nuen. Beharbada pozik egongo zen. Beharbada triste. Inork ez zion ezer galdetu. Egunkarietako kroniketan ez zen bere izenik agertu. Produktoreak, bigarren planoan egoten dira, batzuetan hori ere ez. Baina beharrezko ditugu horrelakoak, egin, antolatu, kudeatu eta ekoiztuko dutenak. Kulturan. Herrian.

    Agur Luis, neguko eguzki hotz hori.

    Eguneraketa>

    BERRIA

    GARA

    URTZI URKIZUREN BLOGA 

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Blogari edo kazetari

    Duela gutxi irakurri diot Eduardo Perez Orueri -tipo interesgarria, ekonomilaria, eyeOS egitasmoan ere ari da, webgune pila baten sortzaile eta garatzaile- honako esaldi hau. Asko gustatu zait. Arrazoi osoa dauka. Euskaraz ere antzera ari gara.:

    Periodistas y bloggers

    15 septiembre 2006

    La diferencia entre un periodista y un blogger es que el blogger no sabe escribir, pero sabe de lo que habla; y el periodista sabe escribir, pero no sabe de lo que habla.

    Así, con una sola frase, he perdido unos cuantos amigos ……


    Kazetariak eta blogariak

    Kazetari baten eta blogari baten arteko ezberdintasuna: blogariak ez daki idazten, baina zertaz ari den badaki; kazetariak idazten dakien arren, ez daki zertaz diharduen.

    Horrela, esaldi bakarrean, hainbat lagun galdu ditut….

    Adibideak lokalizatzen
    Kinka berean ez ote gauden gu, euskaldunok ere. Kazetaritza tradizionala gero eta urrunago sentitzen dut, bizi dut. Eguneroko irakurle naute hemengo egunkari gehienek, kioskoan bi egunkari gutxienez erosten ditut ia egunero, irratiak entzun ohi ditut oraindik, telebista ez dut askorik jasaten… baina Internetetik urruti samar ikusten ditut gremiokoak. Ez direla enteratzen ez dut esango… baina irakurleari ez diotela asko argitzen esatera ausartuko naiz. Behintzat.
    Atzo abiatu ziren Euskal Herria 2.0 jardunaldiak, Artelekun (Donostia). Nire aurrean ikusten nituen kazetariak. Hainbat zeuden. Berriak bi kazetari igorri zituen -kazetari multimedia aldarrikatu zuen alferrik Iban Arantzabalek- edizio digitalerako eta paperezkorako bana. Garak bakarra igorri zuen, bi kronika egin zituena, zein zein baino gehiago gainera!

    Eta hombreloborekin nago… sentitzen dut.

    BERRIA edizio elektroniko jarraitua | paperezko edizioa

    GARA edizio elektroniko jarraitua | paperezko edizioa

    Errua gurea, prentsari dena idatzita ez ematearren. Zuek esango didazue. Blogarion kronikaren zai nago orain. Niri gogoak joan zaizkit. Ez blogari ez kazetari, une honetan Obabako musker gura nuke.

  • hurrengo geltokia

    Hamaika ikusteko jaioak

    hamaika telebista hedatzeko taldea

    Bilbo. Asteartea. 11:30.

    Gran Via. Euskaltelium.

    Aurkezpena. Komunikabideak. Jende ugari.

    Ezohikoa. 6 egitasmo ezberdin bateginda. Euskarazko telebista -lokalak, digitalak- sortzeko egitasmo handiago batean. Hamaika izena aukeratu du talde berriak –Euskaltel, Elkar, Ekhe, Ekt, Bainet, Cmnt– ekimen berrirako.

    Hamaikaren berri jakin nuenean, poztu egin ninduen urrats berri honek. Apostu teknologikoen gainetik, unean uneko komunikabide bat sortu baino, haratago zihoan estrategia bat atzeman niolako ekimenari. Aliatu teknologiko bat -Euskaltel-, kioskoetako prentsa abertzale guztia –Gara, Berria, Deia, Diario de Noticias, Le journal-, euskal kulturako erreferentzia nagusia –Elkar-, eta orain arte telebistan esperientzia handia duen -Bainet- enpresa. Izugarria iruditu zitzaidan orduan, eta gaur nire begien aurrean ikusi dut.

    Euskararen inguruan inoiz sortu den ekimen handiena da duda barik. Euskaraz sortu da, euskara hutsez aurkeztu dute, eta euskarazko proiektuak sortu gura dituzte ikusentzunezkoen alorrean. Orain arte, euskarazko telebistak bi hanka zituen: ETB1 eta herri telebista zenbait. Aukera aniztasuna izateko sortu da talde berri hau, lizentzia berrien aukeran abiatuko dena, eta telebista digitalaren alorrean buru belarri sartu gura duena.

    Eta aurkezpenean ere jende ugari batu da. Horren kronikak, argazkiak batuko dira paperezko egunkarietan. Hizlarien aipamenak ikusi ditut ETBko albistegietan. Euskara hutsez, bi kateetan. Prentsa eta komunikabide munduko jendea, unibertsitateko irakasleak, politikariak, blogari zenbait, kulturgile batzuk eta bakoitzak gonbidatu dituenak egon dira. Normalean baino -ni egoten naizenetakoak behintzat- jende gehiago. Aniztasun zabalagoa.

    Euskal Herrian egiteko ditugu proiektuen artean, bide hau interesgarria izan daiteke. Adostasuna bilatu, proiektu erakargarriak mahai gainera ekarri eta etorkizuneko apustuak egin behar dira, baina orain. Bide zailenak orduan hasiko dira. Baina bidea egitea da afera. Bideak erakutsiko digu tamaina, luzera, erronkaren zaila.

    Hamaika ikusteko jaioak benetan; izan be sei lagun mahai baten gainean, bostekoa emanez, zazpi Euskal Herriei begira bat eginda.

    hamaika eta bostekoa

    Eguneraketa:

    | Sareko Argia hari@-k beti bezain ondo egin du prentsa bilduma.
      | Erabili.com gunean, Hamaika telebistakoak zabaldutakoa argitaratu dute.

      | zabaldu.com beti bezain adi eta partehartzaile.