teknologia berriak

software librea | blogak | Internet | copyleft

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    Ardiak, artzainak, musika, Bilbon

    Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
    Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
    Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
    Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
    Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
    Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
    Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.

    Bideoa ikusi gura baduzu.  euskalTube>irratia.com kanala

  • teknologia berriak

    zabaldu.com 1011 erabiltzaile

    zabaldu.com mila eta hamaikaOso denbora gutxian sekulako gorakada bizi du zabaldu.com guneak. Sortu zenetik interesa piztu du euskal Internautengan. Blogosferaren eguneroko ispilu, azken albisteak komentatu eta zabaltzeko plataforma, egunero eta 24 orduz martxan dagoen informazio eta hedapen gunea da. Ez du editorerik behar, guztiok editatzen dugulako. Ez dauka bulego ordutegirik, 24 ordutan egoten garelako bozkatzen, zabaltzen, hedatzen… irakurtzen.

    Zabaldu.com 1011 erabiltzaile. Eta gora doa. Euskaraz aspaldian izan dugun tresna eraginkorrenetakoa iruditzen zait. Eta erne egotera behartzen zaitu.

    Zuek erabiltzen duzue? Zer iruditzen zaizue? mila eta hamaika arrazoi baditugu esateko.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    irratia.com: 100. saioa prestatzen ari gara

    2.0 bertsioarekin hasi ginen duela urte batzuk Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Podcasting garaiari heldu genion orduan. Euskarazko lehen podcastak egiten hasi ginen, lehenagotik antzeko kontuak egiten genituen arren.

    2000. urteko azaroan abiatu genuen irratia.com egitasmoa, Tas Tas irrati libreko estudiotik. Fax linean, modemaren kablea sartu genuen -etzegoen Internetik irrati librean- eta telefonoz Fermin Muguruza geneukan Irunen FM 99/00 dub manifest diskoari buruz berba egiteko. IRC kanal batean, zenbait entzule, galderak egiteko prest. Partehartzean sinesten genuen ordurako, eta entzuleek zenbait galdera bota zituzten, sineskaitz… eta Ferminek erantzun, zuzenean, on_line mundu guztirako.
    Luze joan zen abentura hura, asteazkenero Jalgi hadi dantzarat! saioa egiten nuen estudiotik, eta Jabik etxetik emititzen zuen irratitik jasotakoa. Ni alde zaharrean gora, eta bera Indautxun. Entzuleak nahinon, eta baita FMko 97.0an, Bilbon batez ere.

    Isildu egin ginen gero. Ez genuen saiorik egiten astero, baina irratia mantentzen genuen, gure esperimentuak egiteko. Ikasten jarraitzeko. Baina berehala ekin genion Bilbo Hiria irratian. Euskarazko irratia, gugandik gertukoa, aurkezpenak egin, proiektua gustatu eta aurrera. 97. saioa egin dugu asteon. Eta hasierako ilusio bera edo handiago daukagu.

    Eta abenduaren 5ean (asteazkena) 100. saioa egingo dugu Bilboko Kafe Antzokitik. Bai, ondo ulertu duzue, 7. solairuko estudiotik behera goaz. Antzokian egingo dugu, jendaurrean, jendearekin, gonbidatuekin, musikariekin, giro onean. Eta zu ere gonbidatu gura zaitugu, zelan ez.

    Jendea gonbidatzen ari gara, ideia ugari dauzkagu, eta falta diren asteetan zarata apur bat egin asmo dugu. irratia.com gure proiektu xumea da. Internet, kultura eta irratigintza uztartzen ditugu azken 7 urteotan, eta pozik ari gara, ondo ustez, eta gogotsu ziur.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    A ze astea!

    info7 irratiaInfo7 irratian wikipediari buruz mintzatu nintzen aurreko asteko martitzenean. Asteleheneko Jimmy Walesen hitzaldia aitzaki hartuta. Wikipedia sozializatu asmoz entzuleen artean. Horrarte ondo. Berba onak Estatu Batuetatik zetorren Jimboren eskutik. Entzuleen artean Juanjose Ibarretxe eta Paulino Luesma. Ez da gutxi. Eduki libreak.. hau eta beste.

    Eta asteak aurrea egiten du. Eta hortik aurrerakoa… desastre. Wall Street Journaleko mobida lehenbizi, eta albistetzar hori, Microsoft Arrasatera (Microsoft Corporacion Cooperativa… ;-))

    Gogoeta azidoa egin dut gaioi buruz. Euskarak munduan duen lekuaz, leku ezaz… ardikeriaz edota software pribatiboaz. Nahaste bat, aste osoan gaiok blogean ez baitut aipatu ere egin. ¿Tu por que no te callas? galdetuko du agian bateronbatek… ez dakit. Baina irratia berba egiteko da, eta gustura egiten ditut agerpen hauek.

    Internet bidez zain FM bidez entzuten ahal duzue info7 irratia.
    Bizkaian 102.3
    Gipuzkoa eta Lapurdin 99.2
    Araban …
    Nafarroan …

    Info7 irratiko  Talaiatik kronika entzuteko: [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071113_eus_1957.mp3]

  • agit/prop,  teknologia berriak

    irratia.com eta musika albisteak

    Irrati emankizun berezia egin behar dugu gaur. Bilbo Hiria irratian egiten dugun 95. saioa izango da eta gaurkoan gonbidatu bereziak izango ditugu.

    irratia.com

    Batetik gurekin izango dira deabruak teilatuetan 1973 diskoa aurkezten. Elkarrizketa egingo diegu beraien disko berria, eta aspaldiko etenari buruz berba egiteko.

    Baina gurean -estudioan esan nahi dut- egongo direnak Gernikako Audience izango dira, kitarra akustikoekin emanaldi bat eskaintzeko irratia.com entzuten duten guztiei.

    Beraz lagunok, prestatu zuen mp3 entzungailuak, sintonizatu zuen irrati zaharra FMko 96.0an edota Internet bidez entzun ezazue emankizun berri hau.

    Hurrengo asteak ere, gogo bereziarekin prestatzen ari gara… eta benetako ezustekoak aurkezteko dena prest daukagu.

  • musika,  teknologia berriak

    kaixo.mp3 kaixo.com 10 urte ospatzen

    Orain jeitsi dut, entzuten hasi… Maixa Lizarribar (maixa eta itziar) eta Ines Osinaga (Gose)… a ze parea! Trikia gustuko baduzu, elektronika apur bat, erritmo dantzagarriak, kaixo.com atariari jarritako koplak… eta gazteenak dantzan jartzeko moduko doinua.

    gustatu egin zait, txatean sartzera gonbidatu nau… eta Kaixoren 10 urteko ibilbidea laburbiltzeko kantu ederra. Zorionak Aitor, Zorionak Kaixo! eta biba zuek neska musikariok!

    kaixo.mp3 [audio:http://larrabetzu.org/musika/kaixo.mp3]

  • teknologia berriak

    irratia.com gogotsu abiatu dugu 2.3 bertsioan

    irratia.comUdazkena, euria hiriburuan. Estudiotik Bilboko zeru grisa ikusten da. Jimmy Arrabiten sintonia hasten da, eta teknikariek argi gorria pizten digute. Gure txanda da, Jabi eta biok prest gaude, nork bere ordenadorea parez pare duela. Argi gorriak, saioa hasi behar dugula diosku, eta musika, hitzak, elkarrizketak, loturak, pantailak, twitter, linkak…. hasi dugu urteroko martxa. Hasi dugu denboraldi berri bat Bilbo Hiria irratiko (FM 96.0) estudioetatik.

    Eta Interneten, podcast moduan zein Euskal Herriko beste irrati askotan ere errepikatuko dira gure saioak. Hala Bedi irratian, Eguzki irratian, Info7 irratian, Uhinak irratian, eta beste batzutan.

    irratia.com 2.3 / basque digital radio

    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom071010.mp3]

    Gaur, saioa bukatzean, teknikariak eta hirurok keinu baikor bat egin diogu elkarri. Ondo atera zaigulakoan gaude, eta entzungai duzue. Zuen iritziaren zain gaude.

  • teknologia berriak

    wordpress 2.3 bertsioa frogatzen

    wordpressDuela 15 egun jarri zuten eskuragai wordpress blogak egiteko software libre onenaren 2.3 bertsioa. Egin barik neukan, eta gaur zerbitzarian sartu eta aldaketa egin dut. Minutu gutxi batzuk izan dira, hiru klik guztira.

    Aukera berriak eskaintzen omen ditu orain, bug guztiak desagertu omen dira, eta gainera etiketak gehitzeko aukera esakintzen du, orain arte ez bezala. Etiketok ez dakit non ikusiko diren, ez dakit ikusiko diren ere… baina nahi nuke technoratik berehala harrapatzea.

    Esan beharrik ere ez dago, baina bertsio berriena ere erabat euskaratuta daukagu blogari euskaldunok, Librezale ekimenaren inguruan dabiltzanei esker, beti ere.

    Gutxitan aipatzen dut, baina wordpress software onekin oso pozik nago, eta orain arte ez dit arazo txikiena ere emon. Badira urte batzuk frogatzen hasi nintzela… eta inguruan beti gomendatzen ibiltzen naiz. Erraza izateaz gain, ona ere badelako. Sarean gero eta blog gehiago ikusten dira gainera software honekin.

  • info 7,  teknologia berriak

    Wifi sareak hizpide hartuta

    info7 irratiaAstero gai bat aukeratzeko, baina asmatzea da kontua. Horregatik, gaiei buelta bat baino gehiago eman ohi diet. Unea, entzuleak, ez oso teknikoa, ez beti webguneak… baditu nahiko buruhauste 3 minutu inguruko bakarrizketarako.

    Baserrian nengoen, Internet barik. Eta horrek gaia mahai gainean jarri zidan. Wifi sareak. Euskal Herriko wifi sare bat amets. Gunez gune, une oro, edonon sarera konektatzeko moduan. Haririk gabeko Internet esperientzia interesgarria da. Izan da, eta izango da oraindik.

    Eta horregatik wifiari buruzko gogoeta labur bat egiten saiatu naiz Info7 irratiko nire kolaborazio honetan.

    Info7 irratiko kolaborazioa entzuteko:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071002_eus_1811.mp3]