gaztelumendi.eus
Agit/Prop 2.0
-
Astea astinduz
Astelehena. Atsegin handiz ekin nion asteari. Hastea kostatu ez nonbait. Gogotsu nintzen, zernahitarako. Asteburu atsegina izan nuen Karrantza aldean. Gailurretan landetxean ondo hartu gintuzten, batera eta bestera hainbat ibilaldi, txango eta halako egin ostean, asko ikasi genuen gure herriaz. 48 auzo ditu Karrantzak. Euskal Herriko herri handiena izanen da ziurrenik, eta bataz beste km karratuko 13 biztanle baino ez ditu. Atara kontuak. Egun 2.800 biztanle inguru. 1900. urtean 4.000 bueltan. Baserri auzoak, behi asko, ardiak eta bestelakoak.
Asteartea. Oraindik buruan nerabilen asteburuan Mikelek -11 urteko mutiko karrantzarra- egindako galdera. Euskaraz ikasten du berak, euskaraz mintzatzeko gai da bere arreba Maialen ere. Baina eurentzat euskara eskolako hizkuntza baino ez da. Gure herriari buruz galdetu zidan, ea euskaraz egiten ote zen… eta galdera hau bota zidan:
– Zure gurasoek ere badakite euskaraz?
Baietz esan nion. Baina berak, bere adinekoekin bakarrik egin dezake euskaraz, edo bestela irakasleekin. Bizitza arruntean ez dauka euskara erabiltzerik. Mutikoaren galderak zer pentsatua eman dit.
Euskal Herria ezagutzen dugula pentsatzen dugu maiz. Euskal Herria bere zabalean, berezia da, ezberdina da, ikasteko asko dauka… eta dena ez da sartzen geografia eta historia liburuetan. Albistegi eta egunkarietan ere ez dugu dena ikusten. Euskal Herria. Karrantza, mendebalderen dagoen eskualdea. Martitzenean ondiño akorduan.
Asteazkena. Atutxak ez du justizian sinesten. Barregura ematen dit. Ibarretxe inhabilitatzeko prest dira Madrilen. PNV gure erakundeen aldeko manifa konbokatzen. Ze erakunde? ETA? 18/98ko erakunde politikoak? Instituzioetaz ari dira? Udalbiltza ere esan gura dute? Erakundeak, erakundeak…
Osteguna. Atzo. Marian Hernaniko alkatea Madrilen deklaratzen, maite zaituztegu! ozen esateagatik. Cabo Verden 22 urtez deportatuta egon ostean Endika santurtziarra hil zen, Urruñan Villabonako gazte bat atxilotuta –el mas buscado, no iba armado, no tenia documentacion falsa…. arriskutsua zinez- , Lea Artibaiko gazteak inkomunikatuta, ostia piloa jasotzen ziurrenik. Astea ez dugu ondo amaitu behar.Ostirala. Goiz jeiki eta Azpeitia aldera. Euskararen eremua. Urola ikastolan hitzaldia web 2.0 gaiaren inguruan. 30 urolako ikasle. Irakasle batzuk. Ordenadorea sarera lotu, pantaila handian erakutsi eta berba jarioa… konbentzitu ditut. 1.0 eta 2.0 bereizten dituzte. Youtubez gain, bada mundua. Sarean ibili gara, gauzak ikusten, flickr erakutsi diet -fotolog ezagutzen dute-, blogak.com, zabaldu.com, euskaltube, irratia.com… flipatu dute apur bat. Twitter gustatu zaie, eta Txioka. Eta irakasleentzat euskaljakintza.com adibide on bat, ikastolan teknologia berriak eta hezkuntza uztartzeko. (Ikasle batzuk ezagutzen zuten, EGAko ariketak direla eta, irakasleek berriz ez). Uztarria ezagutzen ei zuten -azpeitiarrek behintzat-, hori ere 2.0 dela esan diet, 1.0 zer litzatekeen beraiek asmatu dute. Pozik itzuli naiz Urolatik.
Eta orain asteburua dator. Hori hurrengorako. Bitartean, Euskal Herria hemen da. Sagardotegi garaian. Eta bihar ARGIA sarien berri izango dugu egunkarietan. Ez dakit blogaririk gonbidatu duten… hori ez da oso 2.0 ala?
-
21.454 bisitari 2007an
Harrituta nago. Ez diot normalean, jaramon askorik egiten kontagailuari. Baina wordpress plugin bat badaukat jarrita. Lantzean behin begiratzen diot, gai batek edo besteak ze harrera duen begiratzeko ez bada be.
Egunotan begira egon natzaio. Eta kalkulagailuan datuok batzean: 21.554. Arraioa! Asko dira ba… eta egunotan gainera, milatik gora bisitari astero.. 1100, 1200… harritzekoa. Asteburuetan ez da kopuru nabarmentzekorik egoten
Eta apurka apurka, gero eta bisitari -beraz, irakurle pentsatu nahi nuke- gehiago direla ikusita… iazkoak hilez hile zenbatzeari ekin diot. Hori izan da arrazoia. Eta horrek gogoetara eroan nau.
Eguneroko bisitari kopurua
Eta egunero egunero 200dik gora zaretela jakiteak, zer pentsatua ematen dit. Azekn egunotan, 300 baino gehiago ere pasatu zarete gainera. Euskaraz baino idazten ez den gune pertsolanala izateko, asko iruditzen zaizkidalako. Kopuru garrantzitsua da dudarik gabe. Eta apurka apurka, hazten doa gainera.
Euskarazko liburuak, euskarazko prentsa, euskarazko telebistak ze oihartzun duen badakit gutxi gora behera…. eta proportzio hoietara egokituta… 300 lagunek blog hau bisitatzea… luxua iruditzen zait. Neurrian erantzuten saiatzen naiz, saiatu beharko, aurrerantzean ere.euskarazko sarea
Igoera horretan, bereziki estimatu behar ditut hiru gune: Aurki.com, Zabaldu.com eta Gaur8.info. Hiruretatik trafiko gero eta gehiago bideratzen da aspaldion. Hirurak dira garrantzitsuak… eta alde horretatik, gure sarearen onurak ikusten ditut horrela. Euskarazko sareak, elkar laguntzeko balio du. Euskarazko sarean, batek besteari eskaintzen dizkio irakurleak. Loturen bidez, aipamenen bitartez, erantzunetan, hari eta kateetan. Estimatzekoa da hori, baina lanaren ordaina ere badela pentsatu gura dut.Euskarazko blogosfera gora doa
Hori pentsatzen du nik behintzat. Egunero egunero idazten dugunak, ez gara asko. Baina egunero erreferentzia bila dabiltzanak ordea, gero eta gehiago dira. Jendeak, beste informazio mota bat bilatzen du. Zuzenagoa, subjetiboa, erreferentziak emango dizkiona, ikuspuntua nabarmenduz, ertzak estimatzen ditu gure irakurleak.
Irakurleen iritzia jasotzea ere ez da erraza. Aukera ematen diogun arren, beti ez da lortzen, baina hori bai, lortutakoan eskertzen da hori ere.
Euskarazko blogosferak, gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hori da erakargarriena. Apurka apurka, ikusmolde ezberdinetako guneak ditugu gurean. Informazio orokorra, kulturaren inguruko ekimenak, gai teknologikoak lantzen dituzten blogak, partehartzeko aukerak, ideologiaz mintzatzeko gunetxoak… denetarik daukagu. Apurka apurka, sare handiago da gurea.Tresnak ere, gero eta gehiago ditugu. Gero eta eskurago. Eta tresna bakoitzaren inguruan ere, komunitateak sortzen dira. Komunitateek irakurleak sortzen dituzte… eta komunikazioa lantzen da horrela. Joan, etorri, geratu, erantzun, sortu… badakizue.
Esan beharrik ez dago, baina mila esker, berbok irakurtzeko ahalegina egiten duzuon guztioi.
-
Ez dago geldi egoterik
Zertarako idazten dugu?
Zer adierazten dute gure letrek?
Zer diote gure hitzek?
Ez dago geldi egoterik, ez horixe…
Eta hitzen mugimenduak hori du, berba jarioa, oihua…
letra tipoa, hizkien tamainua…. horrela sortzen da mugimendua.
tipoa letraz jantzia, hitzen mugimendua…. letrak oinez, ezin lotu
Ikusgarri, irakurri ezingo dituzun adierazpenak
…Audiolab blogean ikusitako irudiak, zer idatzia eman dit. eskerrik asko. eta letrak mugitzen hasten direnean…. hitzen matxinada datorren seinale. presta zaitezte.
-
Atzera begira (2007an idatzitakoak)
Urte berria eta promesa zaharrak. Astea daramagu egutegi berriari egunak kentzen, eta negua hotzago da ordutik ordura.
Bloga izoztuta geratu zaigu, eta ezer idatzi aurretik, iazkoak gogoratzen pasa dut arratsaldea.
Hilez hile ibili naiz. Eta egia esan, idatzi behintzat irakurri baino gehiago egin dudalakoan nago. Ahaztuta nituen batzuk, baina irakurtzen hasita… a ze urtea 2007koa!
Gogoratzen jarrita.
Abendua. irratia.com emankizunaren 100. saioa egin genuen Bilboko Kafe Antzokitik.
Azaroa. Astero Info7 irratirako egiten dudan tartean, AHTgelditu.org gunearen inguruan egindako gogoeta. Ahtgelditu.org herri mugimenduak eta sarea.
Urria. Hitzak soberan, guk free batasuna esan genuen. Egoera gogortzen hasia zegoen. Ez du atertu oraindik.
Irailak 27. Ondo gogoan daukadan istripu hura. A8… eta bizirik nago eta zenbat erantzun. Lagunekin berriro hasteko aukera izan nuen. Bizitza barri bat, zeozelan esatearren.Â
Abuztua. Normalean opor hilabetea gehienontzat. Jaietarako be aproposa. Larrabetzu jaietan zenez, enuen besterik idatzi.
Uztaila. Uda izan arren, teknologia berriei ekin genien zenbait egunez Tailerrak 2.0 ekimen ikaragarri interesantean.
Ekaina. Bilbo BBK live kontzertutik bueltan idatzitako Txin txin txin txin! diruaren rocka.
Maiatza. Zer gertatu da Larrabetzun? Eta hauteskundeetako emaitzak azaltzen saiatu nintzen. Egoera berria herrian. PNV-k eta ANV-k zinegotzi kopuru berdina (4-4) eta Aralar-EBk beste bat.
Apirila. Korrika bukatu zen Iruñean. Biba zuek idazteko indarra eman zidan amaierak.
Martxoa. Bereziki gogoratzen dut Korrika 15 hori. Baina batez be race to save basque language izenburuak zerbait markatu zuen. Medio interesgarria ezagutu genuen Kanadatik.
Otsaila. Ezagunak ez diren bost gauza*Â Nik ere meme horretan parte hartu nuen.
Urtarrila. Ez daukat gogorik (ezer idazteko) eta egia esan urteari ekitea kosta egiten da holakoetan.
Urteak joan urteak etorri, gero eta gehiago gara euskaraz idazten dugun blogariak. Ea zelan ekiten diogun hasi berri dugun idazturte honi.
-
gauez bide ertzean
Lanetik etxera nihoan, lasai. Mezularia nuen entzuteko autoko irratian. Gaua da Kanpazar gainean. Ez dago bidea azkar ibiltzeko, ez nik ere gogo larregirik horretarako.
Kanpazar behera, gauez. Argi urdinak bide erdian. Polizia Nazionala omen. Kontrola. Geldi. Stop. Leihoa jeitsi eta linterna batekin begiratu dute auto barnera. Eskumatara. Stop.
Karneta. Autoko agiriak. Jeisteko. Atzeko atea ireki dute bi polizia nazionalek. Autotik aldentzeko. Nor naizen. -¿Ha estado detenido alguna vez? Ezetz. ¿Seguro? Ziur nik, ez dut jakingo ba!
Autora hurbildu naute, dena miatzen ari dira. Autotik aldentzeko berriz, furgoneta baten albora. Paisanoz jantzitako kaputxadun bat da burua. Nire gidatzeko baimena faltsifikatuta dagoela esaten dit. Lasai nago ni, dei dezala trafikora nahi badu.
Beste polizia batek besotik heldu eta urrutiratu egin nau. Autoko ate guztiak zabaldu dituzte dagoeneko. Goitik behera miatzen ari dira. Paperak, egunkariak, aldizkariak, iPoda, mp3 bat, diskoak, agenda… GARA egunkari bat eraman dute furgonetara. Ondoan geratu dira El Pais eta Berria.
Koldo Izagirreri egin nion elkarrizketa bat daukat paperean inprimatuta, gustatu bide zaie, irakurtzen aritu dira. Angolillori buruzkoa zen elkarrizketan, aspaldi Ekintza Zuzena aldizkarian argitaratua, berriki blogean jarri nuena. Adi daude poliziak. 100 urte geroago.
Gaua da. Ilun. Argi urdinak bakarrik. Auto gehienak aurrera doaz. Batenbat gelditu dute. Bakarrik nago bide ertzean. Hotz egiten du. Ez dut berotzerik nahi ordea. Luze doaz minutuak. Beldurtzen hasi naiz.
Etorri da kaputxaduna. Non bizi naizen. Norekin. Joan da berriz ere. Furgoneta barruan norbaitekin ari da hizketan. Datuak konprobatzen arituko da. Neure alde. Etorri da furgonetako gidaria. Gidatzeko baimena eta autoaren paperak dakartza. Dena zuzen. Joateko.
Ezetz beste polizia batek, eta miatzen jarraitzen dute. Geldi ni. Joateko desiatzen. Luzeago zaizkit minutuak. Hotzago orain. Urduriago. Joateko gogoz.
Azkenean baietz, joateko. Dena zuzen. Hankaz gora itxi dute autoa. Autoa martxan jarri eta banoa Elorriorantz. Telefonoz etxera deitu, eta lasai egoteko. Kafe bero bat eskatu dut Parran. Elorrioko alkatea bertan. Berbetan hasi gara. Lasaitu naiz.
Autoa berriro hartu eta lasaiago noa etxera. Non hobeto etxean baino.
Eta orain, atzokoa kontatzen dudan une honetan, etxerantz joan behar dut berriz ere. Kanpazar igo behar dut. Kanpazar jeitsi. Etxera nahi dut, lehenbaitlehen.
-
Egia bat esateagatik
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.
Gabriel Arestik idatzitako poema irakurri berri dut, beti, sarri, askotan daukat gogoan. Ematen du, iruditzen zait, inperialismoaren kontra, faxismoaren kontra, inposaketa ororen kontra be, irakurri daitekela.
-
aupa tu eitb
Beste saio bat, martitzena izanik eguerdi partean grabatu eta aste osoa izango dugu entzuteko.
Aurkeztu berri duten aupatu.com ekarri dut gogoetara. Izan be, zabaldu.com-en klon bezala, kopia txar bat zeozelan esatearren.
Ez zait gustatu, aitortzen dizuet, eta medio publikoa -eitb kasu honetan- Interneten okerreko bidetik ari dela iruditzen zait. Denbora lekuko. Arrazoiak Talaiatik emankizunean.
Irrati kolaborazioa entzuteko:
[audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070918_eus_1775.mp3] -
Ea hurrengoak (Martxelo Otamendik Berrian)
Asko gustatu zait Martxelo Otamendiren hizpidea. Gogoeta interesgarria, hizkuntzaz, komunikazioaz eta egungo politikariez. Gogoeta interesgarria euskal komunikabide batetik. Berria egunkariko artikulua blogera ekarri dut, paperik jaten ez dutenentzat, besteak beste.
Zaila dauka euskarak. Imazen aferak erakutsi duen bezala, leku zaila dauka euskarak Euskal Herriko politikan, baita eragileak abertzaleak eta euskaltzaleak direnean ere. Ez da EAJ birus hori jota dabilen alderdi abertzale bakarra; aldeak alde, denek baitaukate gaitza barruan.
Literatura politikoan sarraldi indartsua egin du Imazek uda honetan. Hiru artikulu argigarri, esanguratsu eta interesgarri argitaratu ditu hainbat egunkaritan. Horiek plazaratzeko aukeratu dituen hedabide horiek euskararekin daukaten eguneroko jarrera alde batera utzita, erraza ez den ariketa bestalde, nabarmendu beharra dago hiru artikuluak gaztelaniaz argitaratu dituela EAJko lehendakari euskaltzaleak. 2007. urtean. Ez 1977an, literatura politikoa euskaraz egitea dozena erdi zerukoargiakideren kontua zenean. Ez, 2007an. Suhiltzaileek ere euskaraz jakitea derrigorrezkoa daukaten garaian, arau hori bultzatzen duten alderdiek ez daukate hizkuntz eskakizunik gainditu beharrik gizartearekiko. Suhiltzaileek eta lurperatzaileek, bai.
Herenegungoa izan zen azkena. Imazen eskutitza, gaztelaniaz sortua nonbait, 17:00ak inguru iritsi zen erdal komunikabideetara. Euskarazko itzulpena 18:30ak inguru iritsi zen euskarazkoetara. Internet garaian, etxe honetan, erdal komunikabideetatik hartu behar izan genuen Imazen eskutitzaren informazioa. Ametsa al da planteatzea jardun bera baina alderantziz, kontuan hartuta alderdi abertzale eta euskaltzaleekin ari garela? Zergatik ez eman lehentasuna euskarari eta lehendabizi euskarazkoa bidali, hedabide guztietara noski, eta gero, ordu eta erdi beranduago, gaztelaniazko itzulpena?
Noiz larrituko ditugu erdaraz ezin erosoago bizi eta lan egiten duten kazetari erdaldunak? Noiz bukatuko dugu «euskaraz ez da ezer interesgarri esaten» uste gaizto hori? Hain gaude horretara euskaldunak ohituta, Imazek Zarautzen Xalbadorrena esan eta ia inor ez zela iragarpenaz jabetu.
-
Gogoratzen jarrita
Horrelakoetan gogoratzen hasten zara. Hedabideetatik, behin eta berriro errepikatuko dizute gaurko egunez zelan gertatu zen dena.
Gu bazkaltzen geunden, Iñakiren tabernan, Bilbon. Jabiri amak deitu zion telefonoz, ordurako mugikorra ere bazuen berak, eta New Yorken zeozer gertatua zela adierazi zion. Bazkaldu eta gero, kafea behean hartu genuen, eta horretan ari ginela, bigarren hegazkinak jo zuen Dorre bikiaren kontra. Eguerdiko albistegiek zuzenean eman zuten bigarren hori. Mundu mailako errentrasmisioa izan zuen ekintza harka. Zuzenean ia mundu osoan.
Alde zaharretik Kafe Antzokirantz abiatu ginen. Berbetan, zer izan zen, ondorioak, mundua, gerrak… eta han ron txupito bat edo beste hartu genuela gogoratzen dut. Ez ospatzearren, ez horixe, baina rona edan genuela gogoan dut. Akordatzen ari naiz.
Eta gogoratzen jartzen zara horrelakoetan. 6 urte igaro dira, baina atzo izan zen. Irailak 11, 911, New York.
Aspaldikoagoak
Gogoratzen jarri, eta aspaldiko kontuekin egin dut topo Interneten hau ikustean. Aspaldiko kontuak bai, Bilboko parke honenak. Zenbat arratsalde eman genituen han, zenbat atrakzio… zenbat une atsegin. Itxita dago aspaldiko urteetan, eta orain bisita gidatuak egingo ditu Saioa del Olmok bertara. Joateko gogoa piztu zait, gogoratzen jarrita.
-
Iraila
Hasi da, hasi dugu.
Urte berri on! esanez agurtu ditut goizean, eguerdian arratsaldean lagunak. Zeozer hasten da berriro ere irailean. Lanera batzuk, ikastetxetara beste batzuk, jolastokiak husten hasten dira, tabernetan iraileko aldapa, kolorea zuritzen hasten da azalean… oporrak argazkietatik gogoratzen dituzu eta berriro zurrunbilo berri batean murgiltzen zara. Iraila.
Uda honetan berriro entzun dut Balerdi Balerdik inoiz egin duen abestirik hunkigarriena. Iraila. Gaur reggaea entzungo dut hala ere… gorputzak martxa eskatzen dit oraindik, eta reggaeak, martxa eta deskantsua uztartzen dituela pentsatu dut autoan nentorrela.
Iraila da, eta euskal Interneta bizi bizi ikusi dut. Jarraitzen ari naiz. Aplikazio berriak, blogari ezezagunak, proiektuak.. zer ez den sortu uda honetan.. gu geu ere martxan jarri beharko gara orduan. Burua bero bero, boltsikoak hustuta… irudimenari ekin behar. Ea ba.
EuskalTube. Bideoak eta ikusentzunezkoak.
Txioka.net Euskal Herriko twitter zaleak biltzen
Teknopata. Joxe Rojasen blog ezin interesgarriagoa.
Zabildu. Aplikazio sozial bat.