hurrengo geltokia

biba zuek!

Xabier Amuriza, 2360 kilometroa Iruñean
argazkia: Jagoba Manterola | Argazki Press

Aizkenean amaitu da Korrika. Iruñean izan ginen atzo, Lakarre, Ainhize eta Lartzabalen barikuan. Zapatuan bidean ginen arren, ez genuen Donibane Lohitzunera joateko gogo nahikorik izan. Eguzkia hartu genuen Donibane Garazin, Kalakan.

Iruñeakoak duela lau urtekoa ekarri zigun gogora. Gaztelu plaza bete jende eta euria zarra zarra. Korrikarik bustiena. Heldu barik, Busti euskararen alde!, izan da Korrikaren mezua aurten. Badakigu hurrengorako.

Flipatu egin dut dana dala. Gauza askorekin. Kanpotik ezberdin ikusten delako, sarritan… arrastian jarraituko dut, kontatzen.

Goizean idatzitakoa arrastiz jarraitzeko

Hasi naiz goizean kontatzen, baina baserrira bazkaltzera joan behar, eta astirik bez amaitzeko. Bloga denbora tarteen arabera kudeatzearen katramailak. Baserriko sutondoan ondo bazkaldu ostean, berriro naiz hemen, ordu batzuk beranduago, atzokoaz berba egitera.

Flipatu egin dudala aipatu dizuet arestian. Flipatu dut, kanpotik begiratuta, oraindik eta itzelagoa egin zaidalako Korrika. Azken urteotan, karreran murgilduta izan dut burua, begiak, ahoa, belarriak… eta barrutik kontatzen idazten esaten nituen ikusi eta sentitutakoak.

Kanpotik ere gauza asko ikusten da. Gauza asko gertatzen da. Hala ere, herrialde ezberdinetan Korrika jarraitzeko aukera izan dut. Zuzenean zein Internetetik. Irratiz zein korrika. Gasteiz, Debagoiena, Larrabetzu, Lakarre-Ainhize-Lartzabalen edo Iruñean. Aldapan gora, herrian zehar, pattarrari ezin eutsiz, eta euripean beti ere. Flipatzekoa esan dizuet.

Interneten 10 egunez egin daitekenak harritu nau gehien. Hala ere.

AEK-k galdu duen aukera batetik. Korrika.org ez da bizi dugun garaiaren neurrira egindako gunea. Euskarazko gune zaharrenetakoa dena –Eusnet.org elkartearen eskutik sortua aspalditxo- gaur egungora aldaketa gutxi dago. Oraingoa eskasa iruditu zait, oso estatikoa, ofizialegia, ahots bakarrekoa, lentoa, erori eta erori ibili dena. Argazkiak berandu eta gutxi eskaini dituena…

AEK-ko batzuek egindako lan izugarria. Euskaltegietako mundutik Karrajua.org bere osotasunean ikusi dugu. Zabaldu egin da, hazi egin da, sekulako lana egin da. Eredugarria.

Herritarrek erakutsitako gogoa bestetik. Korrika AEK gainditzen duen ekimena da, AEK-k ondo, gogor, gogoz, ilusi guztiarekin antolatu eta kudeatua. Eta Interneten ere, partehartze handia egon da, gauza ikaragarri interesgarriak egin dira korrika15 etiketarekin bildu daitezkena. Argazkiak, albisteak, etiketatutako guneak, youtubeko bideoak… denetarik.

Zabaldu.com eta bildu.net gune dinamikoenak direla ikusi dugu beste behin ere. Lehen egunetik, ordua eta lekukoa ematen zuen script bat sortu zuten. Orduz ordu Korrikaren benetako lekukotasuna emanez, eskainiz. Horrez gain, bai zabaldu.com eta bildu.net korrikaren inguruko albiste, kontakizun eta abarren gune izan dira. Dinamikoenak esan dizuet. Ez da kasualitatea korrika15 izatea bildu.net-eko tag lainoan, etiketarik handiena.

Harritu egin nau bestalde, egun hauetan Korrikari buruzko post-ik ez irakurtzea Sustatu.com gunean. Ez duzu zuk ere idatzi! aipatuko zait beharbada. Baina, harritu nau, zer gura duzue esatea?! Egon dira bideoak, egon dira aipamenak… baina ez da albiste sakon, edo arin, albiste osagarri, albiste kritiko, albiste deigarririk suertatu. Aipamenak del.icio.us bidez, eta beste ezer ez. Harritu nau. Komunitatearen izaerak krak egin duelakoan Sustatun. Aztertzekoa da. Kezkatuta nago horregatik.

Twitter.com izan da beste berrikuntzetako bat azken hamar egunetan. Horri buruz berbetan hasi ginen batzuen artean Korrika Karrantzatik atera baino ordu batzuk lehenago. Eta euskarazko mezuak joan etorrian dabiltza smsetatik twitter webguneetara. Lagun artean irakurgarri, frogak egin ditugu zuzenean, frogak egin dira twitter mundu erakargarri honetan. Twitter hitza euskaldundu dugula iruditzen zait, eta Korrikarena froga polita izan da. Izango dugu horretarako aukera gehiago ere.

Eztabaidak ere izan dira korrikaren inguruan. Mezularian entzundakoak oihartzuna izan du gero blogetan. Karrajua.org lehenebizi eta Piperrautsa blogean gero. Osasuntsu ari gara beraz. Eztabaidatzeko ere hartzen dugu denbora, korrika egiteaz aparte.

Tagzaniako mapak ikusgarri eta eredu. Korrika15 etiketarekin ere, Tagzaniako mapetan Korrikako kilometroak ageri dira. Eta Korrika etorri ahala, Tagzaniako garatzaileek hobekuntzak egin dituzte. Gauza eta aplikazio berriak gehitu dituzte oso azkar, eta oso txukun. Korrikak eragin du i+g dinamika beraz. Poztekoa hori ere.

Korrika 15 txorierritik, bigarren zatia map – Tagzania