literatura

Zer irakurtzen dugu udan?

Udan ez dut ordenadorea itzali. Saiatu naiz blogari treguarik ez ematen, mantsoago beharbada… baina idatzi, idatzi dut. Basoan eman ditut egun batzuk; Gaztelumenditik Iratira eta han ere topatu genuen wifiarekin kafea hartzeko ostaturik. Bueltan, herrian jaia eta martxa, txurundata eta patxanga… lo egiteko denborarik bez, eta nor hasiko spamak borratu eta ezer idazten. Gogo gitxi holakoetan.
Egia esan, jai giroan gauza asko pasatu ohi da burutik, eta zirriborro batzuk egitea izango litzateke agian horrelakoetan onena… baina keba! gu txoznatik gaztetxera, gaztetxetik tabernetara, egunez eta gauez jo ta ke ibili gara Andramarietan. Gure herriko jaietan.

Eta orain, gelaren bakardadean, apaletara begiratu eta buruari galdetzen diozu: – zer irakurtzen dugu udan?

Galdera kolaboratiboa egin gura nuke. Itaunari, trackback bidez, edo erantzun arrunt moduan -gurago baduzue- erantzun dakioke.

Zer irakurtzen dugu udan?
…eta zuek gura duzuena bota. Hemen edo zuen blogean, zuen koadernoan. Loturak egingo ditugu. Irakurketak gomendatuko, ariketa berri bat. Galdera erantzun kolaboratiboak, hari bat sortuz, blogetik blogera. Liburuak aipatuz, edo komikiak, edo artikuluak…. nork daki? Agian ez dugu deus irakurri, agian liburu mordoa dira… udako irakurketak, horra hor gaia.
Mesanotxeari begira egon naiz une batez; ETAren azken komunikatua oraindik hor dago… jaien biharamuna noiz pasako zain, Nabarra aldizkariaren azken zenbaki biak ere eskuetatik ihes ez egiteko moduan ditut. Eta gero liburu gomendagarri zenbait:

Miguel Unamunokoa, Mikel eta Iñaki Sotok idatzia (Elkar biografiak). Unamunoren lehen biografia euskalduna. Interesgarria oso Sototarrek egindako lana. Gustura irakurtzen da, atsegina da, eta sorpresak hartzen dira. Esandakoa; interesgarria eta atsegina.

Arana Goiriren pentsamentu politikoa, Joxe Azurmendik (Hordago) aspaldi samar kaleratutakoa, eta apaletan topatu dudana. Herriko jeltzaleek nazionalismoaz asko ez dakitela ikusita, beraiena ideologia baino estatusa dela autoafirmatzeko egin dudan ariketa. Bestetik, asko gozatu dut orduko Joxe Azurmendiren jarrera eta idazteko moduarekin. Orduko giroak erakarri nau, kontestuak…. -Azurmendirena, ez Sabinoreana eh!- baina hala ere, Arana Goirik; Unamunok baino gutxiago egin dit kili kili.

Poemas a la madre Africa, Xosé Lois Garcíak Angolako XX. mendeko poesiarekin batutako antologia bat. Angolara begira pasa dut uda hau. 30 urte dira independentzia eskuratu zuenetik. Mundialean ere, lehendabiziko biderrez izan da bere futbol selekzioa, eta Agustinho Netoren biografia eder eta txukun bat eskuratu nuen abenduan Lisboan. Orain bere poemak, eta bere garaikideenak berrirakurtzeko aukera izan dut. Lantzean behin irakurteko atseginak.
Bilduma eder bat, guk Euskal Herrian, oraindik osatu ez duguna, liburu batean. Baina etorriko da hori ere, XX. mendeko poemen antologia bat. Bere garaian, XX. mendeko poeten antologia ederra plazaratu zuen Koldo Izagirrek.

Eta zuek? Zer irakurri duzue?

23 Iruzkin

  • xiber

    Nik pare bat liburu irakurri ditut, baina batez ere interesgarria iruditu zait orain dela bi urteko liburukote hau: Mil suspiros, mil rebeliones. Kazetari estatubatuar batek kontatzen du Kurdistanen zehar egindako bidaia. Liburu zoragarria da, itzela. Kurduen borroka eta ulertzeko ezinbestekoa.

  • gorka

    Blog honetaz aparte?

    Anjel Zelaietak idatzitako Gabriel Arestiren biografia, John Reed-en “Diez días que estremecieron el mundo”, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (gauza kuriosoa liburuak galtzearena: berriro irakurtzen laguntzen du. Gozamen bikoitza. Bide batez agur bero bat galdutako liburua aurkitu duenari, goza dezala berak ere), Andima Ibiñagabeitiaren idazlan hautatuen bilduma bat…

    Baina ez zait iruditzen uda urtaro ona denik irakurtzeko. Niri behintzat kosta egiten zait. Mokadu txikitan hartzen ditut liburuak eta horrela ezin da… Beroak garuna urtzen ote digu?

  • Nahikari

    Udan ez dut askorik irakurtzen, denbora gehiago bai, baina agian alperkeria da nagusi…

    Karmele Jaioren Amaren eskuak irakurri dut. Liburu gogorra, baldin eta ama izan baduzu gaixorik.

    “Euskal Herria” eta “Nabarra” aldizkariak ere irakurri ditut. Kanpoan egon naiz ia hilabete eta hortxe nituen sukaldeko mahaian zain.

    Bitartean heldu eskutik berrirakurri dut, atera zenean erosi nuen, baina gogoak sartu zitzaizkidan poesia irakurtzeko berriro. Kirmenen idatziak izugarri onak dira.

    Azkenik… gehien irakurri dudana: bai APUNTEAK azterketetarako! Ia zortea dudan irailan (beharko dudala)!

  • txerren

    Ba nik zientzia fikzioari ekin diot aspaldian utzitako bizioa grinaz berreskuratu duen yonkiaren pare. Asimoven “The Gods Themselves” (Jainkoak Eurek), Nightfall (Iluntzea) eta Zientzia Fikzioaren Urrezko Aroaren bi tomoak aste betean irakurri nituen (nork behar du loa? :D).

    Behin maisuarekin amaituta beste erraldoi bati ekin diot, Philip K. Dick profeta lisergikoari. Lehenengo Ubik (euskeraz ere Ubik) eta gero The Three Stigmata of Palmer Eldritch (Palmer Eldritchen Hiru Estigmak).

    Ikaragarriak, aipatutako denak. Ezinbestekoak, esango nuke.

    Orain, berriz desintoxikazio fasean sartu naiz, eta Neal Stephensonen “Ziklo Barrokoa”rekin hasi naiz. Aro modernoaren historia, zi-fi balitz bezala kontatuta. Oso interesgarria, baita.

    Nire aldetik, uda= irakurtze konpultsiboa. Konprobatuta daukat. Badirudi aspaldi honetan juerga bota eta bixarramuna irakurtzen pasatzea besterik ez dudala egiten.

  • FELIPE

    Nik Aitor Aranaren Errege hilobia eta Henning Mankellen El retorno del profesor de baile irakurri ditut, eta orain Paul Austerren Brooklyngo erokeriak irakurtzen nabil. Azken hau izugarri gustora irakurtzen nabil, liburu ederra eta itzulpen oso ona egin baitu Oskar Aranak.

  • Itxasne

    Ba nik Aitor Pescadorrek idatzi duen Francisco de Xabier irakurri dut. Biografia interesgarria iruditu zait. Pertsonaia honen bizitza, beste askorena bezala, unean uneko interesen arabera kontatu da, eta Pescadorrek nahiko idatzi zintzoa idatzi duelakoan nago.

    Komandantea gaixorik dagoela eta, Ignacio Ramonetek hari egindako elkarrizketa liburua irakurri nahi izan dut. “Biografía a dos voces”. Idazlea bera ez dut oso maitatua, CIAko agente ere izan daitekeela iruditzen baitzait, baina orrialde horietan Fidelen hausnarketa sakon eta argiak ageri dira, hori bai, elkarrizketatzailea nahiko errepikakorra izan da galdera batzuekin.

    Orain berriz, Fernando Pessoaren poesiarekin ari naiz, astiro baina gustura.

    Ni ere Gorkarekin bat nator. Udan kosta egiten zait irakurtzea.

  • Olatz

    Nik dexente irakurri dot..”Requiem por Navarra” liburuarekin hasi eta benetan gustora irakurri nuela; gero Atxagaren Lekuak liburuari heldu nion; hausnarketa interesgarriak dakartza..
    Bitartean, Sua nahi, Mr. Churchill? hasi baina bukatu ez.. udan Balkanetara joan naizenez, bertako egoera politikoari buruzko dokumentazio ugari ere eskuartean izan dut eta orain Goytisoloren “Cuaderno de Sarajevo” liburuaren bila nabil baina ez dot topatzen orduan
    Marmud Darwishen “Memoria para el olvido” liburuarekin hasi naiz, interesgarria hau ere……

  • patxi lurra

    Aitatasun barriak denpora emon deusta irakurteko (gora aitatasuna!), eta Pello maiatzean jaio danez, uda hau bereziki gozagarria izan da literarioki.

    Neuk be UNAMUNOren biografia (Elkar) leidu dot. Kontu asko ezagunak ziran, baina ondo dator errepasotxoa.

    Bai eta Karmele Jaioren AMAREN ESKUAK be. Barriro gurasotasuna… Oso atsegina.

    Ganera, Paul Austerren BROOKLYNGO FOLLIES irakurteko tentaldian erori nintzan, eta asko gozatu neban. Marx jaunaren GROUCHO ETA NI liburuagaz barreak egin nituen.

    Katalunieraz ikasten nabilenez, LES LLUNES DE RUSSAFA liburua leidu egin dot, Valentzia eta Bagdadeko izen bereko auzoei buruzkoa (Russafa), eta gerrari buruz, amodioa-desamodioa,… Molt bé!

    Komikiei jagokienez, PALESTINA. EN LA FRANJA DE GAZA Joe Saccorena irakurri dot, bai eta Paul Austerren CITY OF GLASS, bitxi xamarra, galdu nintzan.

    Bestela, denpora eduki dodala esan dodanean DENPORA eduki dot, eta animau naz gaztelerazko harribitxi horregaz, orain dala urte mordoa idatzitakoa, CIEN AÑOS DE SOLEDAD García Márquezena. Bikaina.

    Irakurri dodan azkena Joseba Zulaikaren ETA-REN HAUTSA izan da. Ezinbestekoa.

  • Onintza

    Bueno, ba ez dot uste nire irakurketak hain interesgarriak izango diranik, baina uda osoa bainoa, oporretan euki dodan hilabetean hiru liburu irakurri dodaz. Bata, Las Reinas de Africa. Orain dala mende pare batetik hona Afrikara joandako hainbat emakumeren barri emoten dau bertan Kristina Moratok. Horren ostean, hemen hainbeste aitatu dan Paul Austerren Brooklyngo Erokeriak be irakurri dot, eta azkenengo, best seller bati heldu deutsat. La conspiracion del templo. Ez jat asko gustau hirugarren hori beste bien aldean, baina irakurrita badago behintzat, eta juduen inguruko hiru edo lau datu interesgarri ikasteko balio izan deust.

  • Jabi

    Bada, ni Steer-en “El arbol de Gernika” ari naiz irakurtzen. Azkenaldion nobelak ditut faltan, beti historia kontuak eta… Baina bai, literatura beharrezkoa da baina irakurtzeaz gain idaztea ere izan daiteke. Udako oporraldia baliatuz sarri egiten dute bestela lanak itota dabiltzanek.

    liburua idatzi (edo blog bat), zuhaitza landatu, ume bat izan…

    Zorionak eta musu bat etxeko guztiei osaba Jabiren partez.

  • patxiku

    Joxe Arantzabalek aspaldiko ohitura du irakurtzen dituen liburuak komentatzearena.
    Aurtengo udan irakurritakoak ere komentatu dizkigu Faroa bere blogean.

  • magabila

    “Si una noche de invierno un viajero” da amaitu berri dudan nobela/ipuin bilduma. Latza da benetan. Italo Calvinok bata bestearen atzetik euren punturik gorenean moztutako ipuinak uztartzen ditu, Mila eta bat gau-ean bezalatsu. Horrekin batera, irakurlearen izaera, faltsukeria, esperimentua eta idazkuntzaren zergati eta nolakotasunetan maisuki sakontzen du, liburutik banandu gabe mantentzen zaituen trama erdi-poliziako erdi-maitasunezkoarekin. Idazten duten guztientzat ezinbestekoa.

  • baionatik

    Ez dut hainbeste liburu irakurri uda hontan, naiz eta denbora ainitz garraioetan egon. Prentsatik kanpo, hiru liburu:
    Euskaraz Jose Uriarte “Bikila”ren “Borrokan gorriak” irakurri dut; bere biografia da, bere haurtzarotik ETA utzi arte. Testigantza interesgarri eta hunkigarri bat: klandestinitatea, ekintzak, Oreretako giroa denbora honetan, Bikila beraren gogoetak militantziari buruz… Garai honetan, dena posible zela iruditzen zen eta horek nostalgia sortarazten du…
    Anekdota bat: ez nakien “Bikila” izena nundik zetorkion…. nork daki ? Uriarte maratoilari handi bat izan da beti, eta Etiopiako Abebe Bikila korrikalaria bere idoloa zen! Behin (Lasarten uste dut) maratoi berean izan ziren.
    Bestela frantsezez Michel Tremblay Montrealdarra deskubritu nuen. Uztailan Kebeken izan nintzen, eta gida-liburuetan aipatzen zuten “auzo herritarreko idazle pitoreskoa” gisaz… liburu bat ideki nuen eta harrituta gelditu nintzen; tipoa ez da idazle folkloriko bat, ez bate. Bi liburu irakurri ditut: “un ange cornu avec des ailes de tôle” (angelu adardun bat burdinezko hegalekin) eta “la nuit des princes charmants” (printze urdinen gaua). Bere haurtzaroa aipatzen du lehenean, familia kontuak, bere irakurtzeko zaletasuna, lehen desioak… “Printze urdinen gaua” beste historio bat da: lehen gau pasa, amodioaren bila: ikuskizunean, kabaret batean, taberna homosexualetan… bai, beste mutiko bat atxemanen du eguzkia agertu baino lehen. Idazle ona, hunkigarria eta dibertigarria ere.
    Tremblayren antzerki batzuk gastelerara itzuli zituzten, baina eleberri horiek ez dakit.

    Itxasneri: Iñazio Ramonet eni ere ez zait gustatzen, baina nola erran dezakezu CIAko agentea dela ?

  • Itxasne

    Nik ez dut esan Ramonet CIAko agentea denik. Izan daitekeela diot. Idazten dituenak idazten dituela, badu bere ibilbidean zalantzagarri bihurtzen duen argilunik. Ez ezazu CIAkoarena hitzez hitz hartu (edo bai?).
    Besarkada bat Bermiotik Baionara.

  • patxaka

    Nik La Navarra marítima eraman nuen irakurtzeko asmoz, udan ez bada inoiz ez bait dut irakurriko… eta ireki gabe itzuli nuen etxera.

    Eider Rodrigezen Eta handik gutxira gaur irakurri nuen errex errex…

  • coque iphone pas cher 6

    The actual limit you aren’t managing up against are generally your own personal pre-conceived stereotypes from the websites (tablets, etc)
    [url=https://www.anten.fr/]coque iphone pas cher 6[/url]