• agit/prop,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    gora Ramonzin!

    Probokazioa gustatzen zaigu, baina edukiekin. Esaten duguna, zergatik esaten dugun badakigu.
    RamonEZ! saio berezia egin genuen aurrekoan irratia.com emankizunean.

    Irratia.com egiten ondo pasatzen dugula erakutsi nahi dugu, inongo mediok egiten ez duena egiten ausartzen gara… Sgae eta enparauek zer esango pentsatu barik, -pentsatu arren, badakigu gutaz paso egingo dutela, guk haietaz egingo dugun arren…-.

    Ramoncinek berak, bere kontraesanak zelan bizi izan dituen ere nabarmen geratuko da saioa entzun ahala. Entzutekoa delako batez ere saio hau, apur bat kantatu, entzun, hausnartu, irakurketara gonbidatu… edo auskalo…


    Argazkiak.org | Gora Ramonzin! RamonEZ zuzenean © cc-by-sa: gaztelumendi

    • Gainera, euskaldun asko asko asko dago Sgaen.
    • Guai asko, bertsolari, pentsalari, musikari hiper alternatiboak….
    • Espainiatik etorriko zaizkien ogi birrinei begira, beraien edukietan mundu justua zelan egin, deuseztu, sortu, eragin esaten diguten bitartean.
    • Gora gure kontraesanak…. gora gu ta beste asko!

    Saioa entzun gura baduzu(e):
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100215ramoncin.mp3]

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza

    Bertsolaritza eta apustuak

    Asaldatuta somatu genuen Andoni Egaña 7K-ko elkarrizketa ezin luzeagoan.
    Argiako hari@ak ideia bati heldu dio, eta hari horri jarraitu gura nioke. Luzeago, zer pentsatua emango duelakoan.

    Ez da egon ez baimenik ez irabazirik, ez bertsolarientzat, ez Bertsozale Elkartearentzat. Euskaldunoi beti iruditu zaigu ekimena gauza ona dela eta batzuentzat txarra da. Geldirik egongo balira, hobe. Apustuen kontu horrek gure jarduna zabartu egiten duela uste dut. Gu ez gara ez Kaiku, ez Reala, ez Portugalete. Gu bertsolariak gara. Imajinatzen duzu apustuen makinan egotea nork irabaziko duen hurrengo Euskadi Literatura Saria?
    Andoni Egaña, txapelketa nagusian, txapel barik
    Andoni Egaña, btn09 txapelketan. Argazkia: Urko Lasarte Wikipedia Commons

    Andoni Egañarenak hona ekarri, eta sortu zaizkidan txinpartak botako ditut… bat batean… errima barik, baina puntua jarrita. Ahal bada zorrotz, eta neurri librean.

    Ez da egon irabazirik...”

    Eta irabazirik balego bai? Alegia, makinetakoek apustuen truke bertsolariak edo beraien elkartea sarituta, zurituta legokela ihardetsi gura du zarauztarrak? Alegia, irabazien gora beherak egiten du ona edo txarra hautu bat. Hortik abiatuta, beste kontu asko ulertu ditzakegu.

    Bertsolaritzaren ajeak
    Nik uste, bigarren boom bat bizi duela bertsolaritzak. Lehenengoak asko izan zuen Egañaren lehen txapelaren garaian, bigarrena bere txapela galtzearen sasoian dator. Telebista, Hitzetik Hortzera, belaunaldi berri baten agerketa… izan ziren orduko arrazoiak.
    Transmisioa, zaletasunaren hedakuntza, medioetako presentzia, erreferente berriak, bertso eskoletan eta irakaskuntzan bertsogintzari lotuta dauden milaka ikasle eta urtez urte horretan dabiltzanak. Elkartearen lana… eta beste daude.

    Eta bizi dugu sasoi neoliberal honetan, bertsogintza ere hartu du olatu horrek. Txanpon makinak eta banketxeak zertan dira ezberdin? Etikoagoak dira Kutxa eta bebeka, kirol jokoa baino? Ontzat hartzen ditugu euskal kutxen iragarki etengabekoak, euskaltelen bluetooth iragarkietaz orditu arte informatu gaituzte azken txapelketan, telefonoak itzali behar zirela esan ostean. Imajinatzen duzu tabako iragarki bat, erre ezin daiteke saio batean….?

    Etekinari baino begiratzen ez  diogun bizitza honetan, bertsogintza ere excell taula batean neurtzen da. Neurriak eta puntuak. Errimak eta etekinak. Eta etekinak eta neurriari, markari begiratzen dionak soilik, normala apustuarena botatzea… normal normala.

    Aparraren ostean
    Maialen Lujanbiori autografoak eskatu zizkioten Hernaniko udaletxean egindako saioan. Neskek badute idolo berri bat. Goazen! programatik bertsolaritzara. Telebistatik kulturgintzara.
    Egun osoa telebistan, milaka ikusle… ondorioak nabarmenak.
    Zaindu da zaindu beharrekoa, eta mila detaile dago hor… baina handitu handitu handitu… txikleak ere eztanda egiten du. Eta bertsolaritzari, zenbaitetan aparrak gainezka egin dio edalontzitik, nahiz eta sagardotegietako ontzirik handienak eduki… normala ere izango da. Eta hartuko du berriz ere neurria. Apurka apurka.

    Espektakulua
    Estetika audiobisuala, Bizkaia Arena, milaka ikusle, telebista eta Internet zuzenean… Bertsolaritza izan daiteke espektakulu. Gaur BEC, eta bihar Kursaal. Antzoki eta gaztetxe. Kontzertu osteko, edo opera aurreko. Espektakulua kontsumo kultura bilakatu da, eta kontsumoak kontsumismoa dakar… bere horretan. Eta hau, ajeetako bat baizik ez da. Eztabaida sortu lezakeena… zer pentsatua emango diguna. Eta Egañak, pentsatuko du, hausnartuko du, konpartituko du eztabaida hori.

    herri kirola
    Iragarkiak, lehia, herrikoia, popularra, euskalduna, betikoa, tradizioa… zerk ezberdintzen ditu sokatira, harri jasotzea, aizkora edo bertsolaritza. Hizkuntzak soilik? Modernotasunak?
    Bertsolaritzak gertu izan du beti apustua. Eta berdin berdin egunkarietako porretan, edo lagun arteko sailkapen desafioetan. Nik neuk be, afari bat baino gehiago irabazi ditut bertsolarien kontura. Oraindik baten bat kobratzeko dudn arren… ez naiz hasarratuko.
    Lehiak apustua du lagun. Apustuak dirua…. diruak… edozer.
    Gure herrian lehia eta lana, lanak eta kultura, kultura eta hizkuntza… herria gertu, gertuegi. Batera sarritan.
    Asegarcekoek telebista produktora ere badute, eta bati baino gehiagori pasatu zaio burutik inoiz Argiñanok ekoiztutako bertso programa bat, ezta? Argiñano bera ikusi genuen Ane Igartiburuk aurkeztutako ETB2ko saioan…. harrapatzen duzue, ezta?

    Bertsolaritza eta apustua gertu daude lagunok, etekinak eta irabaziak guztiok ditugu xede. Ekonomikoak, kulturalak, audientziak, sarrerak… labankorra da, eta badago zertaz jardun. Zertaz eztabaidatu.

    Eta badakit jakin, honetaz bertsolariekin lasai eta zabal berba egin daitekela, eta bertsozaleek be badutela kezka franko… eta bertsogintza herritarra ere lantzen dela, eta transmisioa, eta baloreak, eta herrigintza, eta… hamaika gauza gehiago.

    Zer uste duzue zuok ba?

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    nor zen Brad Will?

    * badok>eztok

    dokumentalak eta eztabaidak
    Larrabetzun


    Brad Will, beste gau bat barrikadetan. Dokumental horixe ikusiko dugu gaur iluntzean Larrabetzuko Aretxabalan. Brad Will New Yorkeko bideoaktibistaren bizitza laburbiltzen duen lana.
    Brad Will Oaxacan, Mexikon hil zuten, manifestazio eta mobilizazio herritar batzuen inguruko lanak grabatzen ari zela. Dokumentalaren hasieran, bere bizitzako azken uneak ikusten ahal ditugu, berak grabatuak… ostean, bere adiskideek, bere kideek kamara hori hartu, eta sekulako lana egin zuten.
    brad, uma noite mais nas barricadas
    Lagun brasildarren ekimena den arren, portugesa, ingelesa, gaztelania entzuten da Brad,uma noite mais nas barricadas lanean. Guk euskaraz azpititulaturik ikusiko dugu, eta atsegina egiten da gure hizkuntzan jarraitu arren, beste mintzaira guzti hoiek aditzea ere.

    Brad Will, uma noite mais nas barricadas
    otsailak 15, astelehena, 20:00etan
    Larrabetzuko ARETXABALA elkartean

    nor zen Brad Will? indymedia

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Nelson Mandela

    20 urte betetzen dira Nelson Mandela damutu barik espetxetik atera zela.
    Nelson Mandela

    Gaur mundu guztia gogoratzen da berataz, egunkari, irrati, telebista, pazifista eta enparau. Filmea ere egin diote. Takilleroa omen. Baina Hego Afrikaren egoera, bere testuingurua, bere alderdia, ilegalizazioak, apartheid-a, bizitza osorako kartzela, burruka armatua, beltzen eskubideak, bake bideak….  ez dakit aztertzen diren, ez dakit ezagutzen diren ere. Barregura ematen dit batzutan, baina gure koherentzia edo formazioaren islada ez den pentsatzen dut bestetan.

    • Nor zen Nelson Mandela?
    • Zer egin zuen bere bizitzan?
    • Alderdia, erakunde armatua, beltzen eskubideak, apartheid-a…. ezagutzen ditugu?
    • Bake prozesua
    • Hego Afrika

    Sakontzeko Wikipedia, zelan ez

    Uste dut, sakontzeko moduko gaiak direla Nelson Mandelaren figuraren ingurukoak. Biografia euskaldun bat, testuingurua, datuak, historia eta gertaerak. Artikuluak hemen, artikuluak han… baina informazio txukunena, beste behin wikipedian ikusi dut. Wikipedian irakurri dut. Euskarazko wikipedia euskaldunok dugun altxorrik baliagarrienetakoa iruditzen zait. Guk geuk sortutako informazioa izateaz gain, etengabe hobetzen dagoen proiektua da. Eta gaur ere, ondo erakusten digu bere balioa.

    Nelson Mandela gaur

    Nelson Mandela, nor gogoratuko da bihar?

    Sarean, sormena barra barra

    Bitartean, gure sarean, euskaldunon artean, sormenak ere badu lekua, umorea izan zitekeen broma ez balitz.
    Gatza free!
    Gatza askatu!

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    puntuEUS | bideo interesgarria, abiapuntu beharrezkoa

    puntuEUS ekimena aurkeztu zeneko bideoa. Sarean zabiltzala, batzuetan topatzen dituzu horrelakoak. Aurkeztu zutenean interesgarri neritzon, eta geroztik aspaldian bisitatu gabeko gunea izan da euskara eta euskal kulturaren aterpe edo dominioarena. PuntuEUS ekimenak lan interesgarria, apala, zabala eta sendoa egin du geroztik.
    Azkenekoz Durangoko azokan agertu ziren jendaurrean, baina gure komunitateak beti presente izan beharko du ekimen hau.

    Bideak jarraitzen du. Eta noizbait helduko da dominioa eta euskararen presentziaren areagotzen bat sarean. Nortasun propioarekin.

    Bitartean, balio beza gogoetarako Xabi Erkiziak zuzendutako bideo (ikusentzunezko) eder honek.
    puntuEUS.org

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Bo hizkuntza, euskara, bertsoak eta software librea

    Irratia.com ez da filologia

    null

    Irratsaio bat egiten dugu astero Jabi Zabala eta biok: irratia.com. Eta 10 urte betetzen ari gara, sarean, lanean.
    Euskal kultura digitalaz aritzen gara, gure apalean. Eta zer da ba euskal kultura digitala? Duela hamar bat urte hasi ginen termino horrekin, eta hori izan da gure iparra, hori gure egitekoa. Gure kultura digitalizazioaren alorrean murgiltzea, kultura digitala euskaldunduz, bidenabar. Eta horretan dihardugu oraindik, zalantza berdinekin, gogo itzelarekin, galderak egiten, erantzunak bilatzen. Google bilatzaileak ez digu erantzuna eman, baina software librea baliatuta igual garatuko dugu zeozer, kode irekian edo…

    Hizkuntzak, kultura, teknologia, musika, albisteak, irratiak…. ditugu hizpide eta  euskaraz ari gara, baina gurea ez da filologia, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Konturatzen gara, aspaldion eztabaida filologiko gehiegi dabilela euskal blogosferan, zelako zalaparta eta kalapitak sortzen diren hizkuntzaren inguruan, formaren inguruan batipat… fondoaz ez dugulako duda asko egiten. Eta horrek are gehiago kezkatu beharko gintuzke. Sarritan, hala ere kezka filologikoa da nagusi hala ere…

    Eta bitartean Bo hizkuntza desagertu da munduan, eta guk Ruper Ordorikaren kantuak entzuten ditugu irratitik. Eta gogoeta munduaz, globalizazioaz, progresoaz, gureaz…. pentsatu lokalki, eragin globalki esan eta play tekla zapaltzen du Ibon gure disko jartzaileak. Eta sareko berri eman, software librearen azken bilkurari buruzko elkarrizketa edota albiste teknologiko oso bat osatzen dugu, apurka apurka.

    Horrelako saioa izan da aste honetakoa, Bilbo Hiria irratian egiten dugun 169. saio hau. Fosdem-en hasi, Flandriako hiriburu Bruselan burutu den software libre garatzaileen bilkuraren karietara, Bertso egunetik pasa, eta Bo hizkuntzaren gainean filosofatzen amaitu dugu. Eta gure kezka tekno/etniko/identitarioak nabarmendu ditugu podcast batean. Eta musika, rockanrolla batez ere entzun dugu, hitzekin uztartuta…. euskara eta Bo, irratia.com saio gogoangarri batean. Euskara eta biok, irratia eta gu. Podcasting-a eta zu.

    irratia.com 169. saioa: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100208.mp3]

  • pasahitza

    nork ez du negarrik egin?

    Miren eta Arantzaren alabek, Maddalen eta Mirenek…kantuan jarri zuten Kursaal azpiko jatetxea, eta negarrez jarri dute Euskal Herri erdia.

    Bertso jarriak, amari eskainiak. Sorta alai, gogotsu kantatua, doinuz aberatsa eta estetikaz berria. Inoiz entzun bako modukoak, ondo gogoan hartzekoak. biba zuek!
    Harro egon daitezke Amuriza eta Arzallus ere.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Pablo Picasso eta Gernika: beste ikuspegi bat hiru dimentsiotan [erremix kultura]

    Sarean zabaltzen ari da. Mezuetan, sare sozialetan. Leku eta toki ezberdinetatik heldu eta irakurri dut. Ikusi dut. Eta merezi du erakusteak.
    Lena Gieseke artistak webgune berezia atondu du Pablo Picassoren lanaren gainean. Eta hiru dimentsiotako kuadroa erakusten digu gero.

    [Erremix kultura]

    Erremix kulturan txertatzeko moduko adibidea, duda barik, hemendik aurrera ohikoagoa izango dena.
    Lan bat, kantu bat, hitz batzuk hartu eta bertsio propio eta ezberdina egitea. Sareak areagotuko duen sorkuntza.

    Hona hemen Lenak egindako arte lan bikaina. Musika aproposa, artelan bikaina, gogoeta bultzatzen duen obra, duda barik.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    grebaorokorra.info larriki saritua

    ARGIA saria eman diote maiatzaren 21eko grebaorokorra.info ekimenari.
    Grebaorokorra.info

    Biba zuek! pikete informatiboa egin zenuten guztiok.

    gaztelumendi.org blog honetan grebaorokorra etiketarekin, m21eko grebari eta grebaorokorra.info proiektuari eskainitako albiste eta iritziak.

  • gaztelumendi.eus

    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa

    LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.

    [kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
    sorkuntza kolektiboa

    • Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
    • Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
    • Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…  tag bezala. Ez bakarrak ordea.
    • Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
    • Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
    • Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.

    [kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia

    Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.

    Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.

    Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.