teknologia berriak
software librea | blogak | Internet | copyleft
-
Ikusgarritasuna eta komunitatea bi hitzetan
Egunotan bolo bolo dabil gaia. Batean eta bestean aditzen delako, eztabaida dezentralizatua sortu dugu, ia oharkabean. e-hizketan hasi eta guztiek erantzun ezberdinak eman dituzten arren, badirudi baietz, bagarela, badugula, badihardugula… komunitatea osatzen dugu. Horretan ez dago duda handirik.
Komunitatea edo kuadrila? kezka agertu du Joxek, eta gaztelaniaz ere itaun bera planteatu du. Horrela, galdera bera handiago eginez, erantzunak bilatuz. Eta erantzun egin diote. Ez soilik bere blogean, eztabaida luzatu delako zabaldu.com edo meneamen ere.
Ikusten al gaituzte? nork ikusi behar gaitu? kezka berriak planteatu ditu gero Arkaitz Zubiagak mutilmedia bere blogean. Hor ere erantzun interesgarriak, eta zabaldun berriro interesa areagotu egin da.
Dezentralizatutako eztabaida, gogoetak blogetan, esperientzia berria. Erantzunak irakurri, bildu eta nork bere ondorioak ateratzera.
Irratietako podcastak blogetan
Nik irratira luzatu gura izan dut eztabaida, nolabaiteko oihartzun baten bila. Gure entzuleek ea zer dioten, zer uste duten. Internet eta uhinak uztartuz, blogosferatik gai hauek ateratzeko. Antzera ari dira Gari eta Joxe ere, gure gaiak zabaltzen. Bide interesgarria hasi dugu ikasturte honen hasierarekin, eta irratiek egiten ez dituzten podcast hoiek, guk eskaintzen ditugu gure blogetan. Ez dago txarto.Gari: Faktoriako mikrosaioa
Joxe: Amarauneko 8. probintziaInfo7 irratiko kolaborazioa entzuteko:
[audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070925_eus_1793.mp3] -
Saregune sarigai
Hala Bedi irratiaren bitartez jakin berri dut. Saregune, Gasteizko proiektu teknologiko/soziala finalista hautatu dute APC elkartearen Chris Nicol software libre sarian.
Saregune, Gasteizko alde zaharrean dagoen proiektua da. Teknologia berriak auzoarekin uztartuz, alde zaharreko kultura eta hizkuntza guztietako lagunek, toki bat -toki libre bat- daukate euren zerbitzurako. Ordenadoreak erabili, software librea ezagutu, alfabetatu, ikastaroak egin, eta lana ere aurkitzen dute bertaratzen direnek.
Uda honetan, zenbait aldiz izan gara bertan. Gazteagoei ikastaroak emateaz gain, Tailerrak 2.0 ekimenean Maite Goñi eta Gorka Juliorekin ere izan nintzen.
APC Chris Nicol
APC elkartea aspaldikoa da, Internet sortzearekin batera ezagutu genuen. Komunikazioa eta aurrerakuntza teknologikoak, ikuspegi sozialago batetik lantzen duen nazioarteko ekimena da.
Chris Nicol saria, software librearen inguruko proiektuen artean nazioartean hedatzen den saria da. Bertarako hautatua izan da Gasteizko Sareguneren proiektua.
-
Iraila
Hasi da, hasi dugu.
Urte berri on! esanez agurtu ditut goizean, eguerdian arratsaldean lagunak. Zeozer hasten da berriro ere irailean. Lanera batzuk, ikastetxetara beste batzuk, jolastokiak husten hasten dira, tabernetan iraileko aldapa, kolorea zuritzen hasten da azalean… oporrak argazkietatik gogoratzen dituzu eta berriro zurrunbilo berri batean murgiltzen zara. Iraila.
Uda honetan berriro entzun dut Balerdi Balerdik inoiz egin duen abestirik hunkigarriena. Iraila. Gaur reggaea entzungo dut hala ere… gorputzak martxa eskatzen dit oraindik, eta reggaeak, martxa eta deskantsua uztartzen dituela pentsatu dut autoan nentorrela.
Iraila da, eta euskal Interneta bizi bizi ikusi dut. Jarraitzen ari naiz. Aplikazio berriak, blogari ezezagunak, proiektuak.. zer ez den sortu uda honetan.. gu geu ere martxan jarri beharko gara orduan. Burua bero bero, boltsikoak hustuta… irudimenari ekin behar. Ea ba.
EuskalTube. Bideoak eta ikusentzunezkoak.
Txioka.net Euskal Herriko twitter zaleak biltzen
Teknopata. Joxe Rojasen blog ezin interesgarriagoa.
Zabildu. Aplikazio sozial bat.
-
gazte egonaldiak
Gasteizen izan naiz azken bi egunotan. Gazteagoekin aritu naiz, 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoekin. Asko ikasi dut, belaunaldi berrien argazki bat egiteko aukera izan dut bi goizetan. 80 gazte, Euskal Herri osokoak. Nafarrak batez ere, nabarmenak direlako, bizkaitar zenbait, arabarrak, Iparraldeko batzuk, eta oharkabean igaro zaizkit gipuzkoarrak. Gasteizen, beraien gazte egonaldien karietara.
Bloga egiten, blogean idazten ikastea zen helburua. Blogak ezagutzen zituzten batzuk -ikastolan bazutelako, messengerretik ezagutzen zutelako, entzun dutelako- eta blogeatzen aritu gara.
Egia esan, ikasi eta erakutsi dena bat izan da. Bidai lagun izan ditut beraien egun hauetako begiraleak -Txomin, Nagore,…- eta Gasteizko Sareguneko arduradun Premin eta beste kordinatzaileak.
Bi blog egin ditugu batez ere: gazte egonaldiak 07 eta Soinuetan blai 1.0 Esperientzia ona izan da. Bideoak jartzeko abilezia erakutsi dute -youtuben ondo murgiltzen dira, arraioa!-, argazkiak zelan sartu, google euskaldundu dugu, testuak idatzi…
Blogak egitearekin batera, Hala Bedi irratian irrati emankizun batzuk egin dituzte, ikusentzunezko laburmetraia batzuk grabatu dituzte, grafitiak egitekoak ziren, bizikletan ibili dira, Etxeren kontzertua izan zuten aterpean bertan…. eta gehiago jakin gura baduzue, jo beraien gunera.
Saregunen egin dugunari buruzko bideoa grabatu zuen Preminek bere telefonoarekin.
-
Tailerrak 2.0
Uda heldu da.
Ikastaroak, udako kurtsoak, unibertsitate eta campusak. Master, kreditu eta enparauak.
Ikasteko gogoa bai, adituak entzuteko apetarik ez ordea.
Tailerrak 2.0 eskaintza interesgarria.
Gure komunitatea, gure Interneteko presentzia, gure jakintzan aurrera egiteko urratsak. Beharrezkoak. Bide baten hasiera baino ez, abiapuntua alegia.
- Wikipedian eduki gehiago sartzeko.
- Blogak egiten ikasi baino, blogekin beste gauza batzuk egiten hasteko. web 2.0 kontzeptua gurera egoki ekartzeko.
- Podcasting-a zer den baino, zelan egin asmatzeko.
- Ubuntu bidez, software librean barneratzeko. Jarduteko.
- Eta uda ostean, irailerako asignatura: bideogintza. Eguzki bideoak kolektiboarekin batera egin beharreko ikastaroa. Interesgarria, oso azken hau.
Izena emateko, parte hartzeko, proposamenak luzatzeko, zabaltzeko, hedatzeko, kezkatzeko… edozertarako sartu hadi wikian.
-
Kukuxumusu ere hasi da telebista kontuetan
Kukuxumusu aitzindaria da Internet erabiltzen. Nazioarteko joera da arrakastatsua da Interneteko bideoena. SanFerminak aitzaki hartuta, nazioarteko arrakasta izango du telebista proposamen honek ere. Ohikoa dute; profesionaltasuna, umorea eta Iruñeako giroa. Bejondeiela.
Euskal Herrian gero eta proposamen interesgarri gehiago dago. Begira jarri, eta ea zeozer ikasten ahal dugun. -
web 2.0 azaltzen ari zaizkigu oraindik
web 2.0 aspaldion Interneten gehien erabiltzen dugun berba hori. Azalpenak ematen ari zaizkigu oraindik. Azalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, negozioa… eta zenbait bideo interesgarri ere.
Hau ikusi dut berriki, eta hona ekarri dut. -
zer dira RSSak? (azalpen bideo euskaratua)
Mutilmedia blogean irakurri, zabaldun antzeko kontu bat aipatu dela ikusi, Benitoren beste aholkua jarraitu eta ni ere sartu naiz dotSUB.com horretan. Eta flipatu egin dut. Bideoei azpitituluak jartzeko aukera. Munduko edozein bideo -filme, trailer, spot, iragarki, manifestazio, albistegi- euskaraz eskaintzeko aukera. Gure lanak, munduko edozein hizkuntzatan jartzeko moduan.
Eta Arkaitzek euskaratutako bideoa dakart blogera. Zer dira RSSak? Zelan erabiltzen dira? Zer egin, ezkerrekoa bezalako ikono laranja bat ikustean? Bideo aproposa hau, ondo euskaratutakoa. Azalpenak balio beza Interneten hasten ari denarentzat, 2.0 garaiotan azalpen ona eta euskalduna. Basque %100
Arkaitzekin berbetan, otu zaigu zabaldu.com zabaldu eta ezagutzera emoteko bideoak egin daitezkela agian. Animatzen zara? Egingo zenuke holango bideo orijinal bat? Guk zabalduko dugu, zaude lasai. Ea hiruzpalau bideo txukun egitea lortzen dugun.
-
zabaldu.com komunitatea, ni ere bai
Egunetik egunera gehiago gara zabaldu.com egunero erabiltzen dugunak. 600 erabiltzaile baino gehiago ditu izena emanda dagoeneko.
Komunitate honetan, partehartzea garrantzitsua da, funtsezkoa. Albisteak, post ezberdinak, zurrumurruak, gertaerak, pasadizoak, bitxikeriak, gauza serioak, barregarriak… denetarik zabaltzen dugu egunero egunero. Komunitate aktiboa da, eta gure blogosferari begiratzeko modu bat da zabaldu.com
Euskarazko Internetgintzan, aspaldian sortu den tresna garrantzitsuenetakoa da Arkaitz Zubiagak euskaratu eta garatu duena. Atzetik gabiltza beste hamaika lagun. Entusiasmoa eta gogoa. Irudimena eta garapena. Funtsezkoa da hori.
Txakurtxikirik inbertitu barik, baina pelotazoen ameskeria barik, egunez egunez, euskarazko albisteak zabaltzeko tresna ezinhobea da hauxe. Horregatik, komunitatea sortu dugu.
Bide batez, komunitatekoon arteko ezagutza bultzatzeko, gure azken post-ak irakurtzeko, komunikabide laguntzaileak (Gaur8, Gara, Berria, Argia…) sortzen dituzten berriak irakurtzeko, blog komunitateetan mugitzen dena jakiteko… gauza askotarako izango da baliagarri komunitate berri hau.
-
Ubuntu tribek saria eskuratu du Bilbon
Eguna eman dugu Bilbon. Zuzenean goiz partean, eta pantailatik arratsaldez. Eta azkenean, mahainguruak bukatu eta ekitaldia bukatu aitzin, hazruido lehiaketako emaitzaren zain egon gara.
Eta hara non, gure lagun Haritzen izena aipatu duten. Ubuntutribe ekimenaren sortzailea izan da Haritz. Mundu osoan izan du oihartzuna ekimen txiki honek.
Asteartean irratian elkarrizketatu genuen Haritz. Eta orain zoriondu beharrean gaude. Lan onaren emaitza.Startup 2.0 lehiaketan berriz, euskal ekimenik ez da heldu finalisten artera, baina martxa honekin jarraitzen badugu… izango dira bai emaitza onak alor horretan be.
Gaurkoan aipatzeko, itzultzaileak-euskarazkoak-, zabaldu.com popatxata, euskaldunon komunitatea eta antolaketa ona. Ikasiko dugu gehiago. Hurrengoan.
Blogak 2.0 eta Ubuntu tribe irratia.com emankizunean. Entzuteko:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom070522.mp3]